217. zk., 2020ko azaroaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (308 KB - 7 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4641
EBAZPENA, 2020ko irailaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundean.
AURREKARIAK
2020ko maiatzaren 27an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat bete zuen, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundean Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partzialari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko ekainaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.
Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundean, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partziala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, lehendakariarena, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakunderako Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatuta, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Jarduketa-eremua Vitoria-Gasteizko hirigunearen hegoaldean dago eta 44,83 hektarea ditu, hainbat hirigintza-eremuk osatzen duten udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundeko hiri-bilbearen barruan.
HAPOren berrikuspen partzialak (aurrerantzean, Plana) udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundeko 5 eremuren egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua aldatzen ditu (S-16, UE-ARM1, UE-ARM2, UE-ARM3 eta UE-ARM4), baita zuzeneko jarduketako hiri-lurzoru gehienak ere. Garatu gabe dauden aukera-espazioak aprobetxatuz, tokiko sistemak eta sistema orokorrak (ekipamenduak, berdeguneak eta espazio libreak) berrantolatu nahi ditu, Armentiako hirigune historikoaren zentraltasuna indartzeko, dagoeneko artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenesteko, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala zainduz, eta paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatzeko eta hobetzeko, eta hiriaren segregazioa eta sakabanaketa saihesteko.
Honako hauek dira Planak egindako aurreikuspenak eta aldaketak:
– Indarreko HAPOn aurreikusten diren garatu beharreko bi eremuak finkatzen dira: mendebaldeko «S-16 Armentia» sektorea eta UE-ARM4 egikaritze-unitatea, gaur egun finkatu gabe dagoen hiri-lurzorua; biak hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatu dira.
– Ali errekaren ondoko korridore berdeari jarraipena ematen zaio herritik igarotzean, Armentia 2 Egikaritze Unitatea (UE-ARM2) aldatuz, hura etena egiteko eta bertako lurzoruak (gaur egun bizitegi-erabilera du) espazio libreen tokiko sistema edo sistema orokor gisa birkalifikatzeko, eta gaur egungo eraikuntza-eskubideak unitatean sartuta dagoen beste lurzati batera lekualdatuz (eraikuntza-dentsitate handiagoarekin). Zehazki, 16. sektoreko ekipamenduko lurzatiaren zati bat Armentia 2 egikaritze-unitate etenean (UE-ARM2) dago, eremuko gaur egungo eraikuntza-eskubideak hartzeko.
– Berdeguneko Tokiko Sistema gisa birkalifikatzen da Armentiako basora sartzeko sotoa (Berdeguneko Sistema Orokorra da gaur egun), sektoreko tokiko sistemen azalera mantentzeko.
– Armentia 1 egikaritze-unitatea (UE-ARM1) kendu da eta lurzoru hori jarduketa zuzeneko hiri-lurzoruan sartu da. Lurzoru horien barruan, Berdeguneko Tokiko Sistema gisa birkalifikatu da dagoeneko urbanizatuta dagoen parkea; poligonoko 310. lurzatia finkatu da, eta 11. poligonoko 282. lurzatia (11. poligonoko 283. lurzatiaren ondokoa, UE-ARM1etik kanpo) lurzati tertziario gisa birkalifikatu da, bi lurzatien artean aurreikusitako espazio librea kenduz eta 11. poligonoko 282. lurzatiaren aurrealdean, Ostatu Emaileen kalean, 5 metroko zabalerako espazio libreen zerrenda bat ezarriz.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua aldatzen ditu hainbat antolamendu-eremutan eta jarduketa zuzeneko hiri-lurzoru gehienetan. Hori onartu eta gero, dagozkion planak, azterlanak eta proiektuak garatu beharko dira. Armentia 1 eta Armentia 2 zuzkidura-jarduketak xehetasun-azterlan baten eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko dira; Armentia 2 Egikaritze Unitatea (UE-ARM2), berriz, Hirigintzako Jarduketa Plan, birpartzelatze-proiektu eta urbanizazio-proiektu baten bidez garatuko da. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: Planaren bitartez proposatutako birdentsifikazioak lurzoru jada urbanizatuaren erabilera optimizatzen du, eta, ondorioz, ez da artifizializatu gabeko lurzorurik okupatuko; era berean, Ali errekaren ondoko korridore berdeari jarraitutasuna ematea eta mugikortasuna murriztea ahalbidetzen du. Planak neurriak ezartzen ditu, halaber, eragindako eremua paisaian egokitu eta integratzeko eta Planaren ondoriozko jarduketak jasangarriak izateko; hortaz, garapen-proiektuetan txertatu beharko dira neurriok.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: zarata da Planaren eremuak duen arazo nagusia. Izan ere, kalkulatu da, eremuko zenbait zonatan, ezingo direla bete 213/2012 Dekretuan finkatutako kalitate akustikoko helburuak (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa). Nolanahi ere, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, urei eta kultura-ondareari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, baliabide hidrikoei, mugikortasunari, hondakinei, klima-aldaketari –berotegi-efektuko gasen emisioei– eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez.
2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak:
Jarduketa-eremua Vitoria-Gasteizko hirigunearen hegoaldean dago eta 44,83 hektarea ditu, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundeko hiri-bilbearen barruan; bertan egoitza-erabilera da nagusi.
Eremuan bi ur-ibilgu daude: Ali erreka, eremu osoa ekialdetik zeharkatzen duena, eta Perretxin erreka, 16. sektorearen zati bat ipar-mendebaldetik zeharkatzen duena. Bi ur-lasterrak espazio libreetan sartzen dira, eta, beraz, ez zaie zuzenean eragingo. Zentzu horretan, Planak espazio libreen sisteman birkalifikatzen ditu Armentia 2 egikaritze-unitateko (UE-ARM2) Ali errekatik gertu dauden bizitegi-lurzoruak, eta beraz, erreka horretako korridore berdeari jarraipena eta funtzionaltasuna emateko aukera ematen du.
Gainerakoan, eremuan ez dago bestelako ingurumen-balio nabarmenik. Ez dago interes geologikoko tokirik, ez dago naturagune babestuekin kointzidentziarik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Era berean, ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
Eremuko landaredi interesgarriena (batez ere Ali errekaren ibaiertzeko landaredia eta erkamezti-orban subatlantikoa) eremuko espazio libreetan dago sartuta. Gainerakoa, erruderal edo nitrofilo gisa hartzen da.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, jarduketa-eremua lurpeko akuifero baten gainean dago, edo akuiferoak kargatzeko eremu bati dagokio. Hark kutsadurarekiko zaurgarritasun handia du, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2014ko urtarrilaren 21eko Aginduaren arabera. Agindu hori nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskua duten zonetan ingurune kaltebera izendatutakoei eusteko da.
Inpaktu akustikoari buruzko azterlanean lortutako emaitzen arabera, ez dira betetzen kalitate akustikoaren helburuak, ez kanpoaldean, ez Armentia Gaina kalera eta Vitoria-Gasteizen sartzeko biribilgunera orientatuta dauden etorkizuneko eraikinetako fatxadako hartzaileetan, ezta Erromesaren pasealekuko eraikin batzuetan ere. Arazo akustiko gehien sortzen duten kaleetan abiadura 30 km/h-ra murriztea proposatzen da, Armentia Gaina kalean salbu, hirira sartzeko bidea baita. Maila akustikoak murriztea lortu arren, ez da nahikoa eremu osoan kalitate akustikoko helburuak betetzeko; beraz, ez dira betetzen Erromes pasealekutik eta Armentia Gainetik gertu dauden eremu txikietan. Eragin akustikoaren azterketak baztertu egiten ditu beste jarduketa osagarri batzuk, hala nola pantaila akustikoak edo gehieneko lerrokaduren aldaketak, ezin baitira aplikatu. Hortaz, Planean, neurri osagarriak hartu dira, barnealdean aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak betetzeko.
Lehenago adierazitakoa aintzat hartuta, eta Planak proposatzen dituen jarduketak eta izango duen eragin-eremua ikusita, ingurumen-baldintzatzaile nagusia eremuaren egoera akustikoa da. Era berean, eremuak akuiferoaren kutsadurarekiko duen urrakortasun handia izan beharko da kontuan. Halaber, Planak proposatzen dituen jarduketen ondoriozko efektuak lotuta daude etxebizitzak eraikitzeko obrak gauzatzearekin. Izan ere, obrek iraun bitartean, lur-mugimenduak eta eraikuntzako hondakinak sortuko dira, eta giza habitataren kalitatea murriztuko da, hau da, zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko dira, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorriek sortutako eragozpenak direla eta.
Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen udal-antolamenduan aurreikusitako egoera. Planak Ali errekari dagokion korridore berdearen jarraitutasuna ahalbidetzen du, baita indarrean den plangintzaren eraikigarritasuna mantentzea ere, eraikuntza-dentsitatea areagotuz; horrek esan nahi du hobeto aprobetxatzen dela dagoeneko urbanizazio-prozesu baten pean egon den lurzoru bat. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.
Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakundean Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.
Planak zaratari dagokionez hartu behar dituen zehaztapenen artean, eta Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.
Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.
Gainera, honako neurri hauek hartu beharko dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzerakoan:
a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, uretara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea. Neurri egokiak hartu beharko dira Planaren jarduketetatik hurbil dauden ibilguetan jarduketen garapenak eraginik izan ez dezan.
b) Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Inguru iragazgaiztuetan kokatuko dira horiek guztiak.
c) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.
d) Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
Induskatutako lurzoruen kontrola: Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
e) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
f) Lorategi-jarduketetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.
g) Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.
h) Biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gidan aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.
i) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakunderako Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partzialak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, onartzen ez bada udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko Armentia toki-erakunderako Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspen partziala. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.