217. zk., 2020ko azaroaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (352 KB - 9 orri.)
- EPUB (355 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
4639
EBAZPENA, 2020ko urriaren 20koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Sarien VIII. edizioaren deialdia egiten duena.
Orain arte, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ohorezko aitortza egin die datu babesaren kultura, zabalkundea, ikerketa eta ezagutza sustatzeko eta datu babesa gizartean hedatzeko egindako lanagatik zenbait pertsona fisiko edo juridikori, publiko nahiz pribaturi eta zenbait erakunderi. Baina, era berean, uste du euskal administrazio eta instituzio publikoek datu pertsonalen tratamenduak hobetzeko asmoz egin dituzten proiektuek ere aitortza merezi dutela.
VI. edizioaz geroztik, sariak bilakatuz joan dira, eta, ohorezko aitortzaren izaera baztertu gabe, diruz babestu izan dira praktika eta metodo berrien diseinua eta horien inplementazioa, datu pertsonalen tratamenduak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra indarrean sartzearen ondoriozko betebeharretara egokitzen laguntzeko, bai eta helburu bera duten materialen sorkuntza sustatuz ere.
Horregatik, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzeko, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Datu Pertsonalak Babesteko Sarien VIII. Edizioaren deialdia egitea.
Bigarrena.– Deialdia arautuko duten honako oinarri hauek onartzea:
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Datu Pertsonalak Babesteko Sarien VIII. Edizioaren deialdia egiten du, pribatutasuna babesteko arloko lanik garrantzitsuenak aitortzeko, eta saritzeko jarduera esparru horretan egindako lanagatik bereziki nabarmentzen diren pertsonak fisiko eta juridikoak, erakunde publikoak eta pribatuak, eta euskal administrazio eta instituzio publikoak.
2. oinarria.– Sariak.
Sariek honako kategoria hauek dituzte:
– Saria Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalari.
– Saria Datu Babesaren Ikerkuntza Arloan.
– Saria Datu Babesaren Komunikazio eta Sormenaren Arloan.
– Saria Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenei.
Kategoria bakoitzeko sari bakarra emango da. Hala ere, aurkeztutako lanen, baliabideen, diseinuen edo proiektuen kalitatea kontuan hartuta, sariaz gain akzesita ere eman ahal izango da.
Sariak eta, egotekotan, akzesitak, honako hauek izango dira: jendaurreko gorazarrea, egiaztagiria eta ohorezko saria.
Datu Babesaren Ikerkuntza Arloko Sariak eta Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Sariak 2.500 euroko zenbatekoa jasoko dute bakoitzak, eta bakoitzari dagokion akzesitak, halakorik baldin badago, 1.000 euro jasoko ditu. Saritutako pertsonek edo entitateek izaera juridiko publikoa badute, dotazio ekonomiko horiek ez dira gauzatuko.
Datu Babesaren Komunikazio eta Sormenaren Arloko Sariak 2.000 euroko dotazio ekonomikoa izango du, eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak beretzat hartuko du saritutako sormen lanaren erabilera publikoa egiteko eskubidea, nahiz eta egileek jabetza intelektualetik eratorritako eskubideak gorde.
Sariak eman gabe utzi ahal izango dira, epaimahaiaren ustez, aurkeztutako lanek, baliabideek, praktikek, diseinuek edo proiektuek gutxieneko kalitate mailarik ez badute, datu babesaren ikuspuntutik.
Epaimahaikideek, epaimahaikideen lehen mailako senideek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileek ezin izango dute sarien deialdian parte hartu.
3. oinarria.– Saria Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalari.
Sari honen xedea da goraipatzea euren lanbidean datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen eta babesten nabarmendu diren pertsonek egindako lana.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoko gobernu organoetako kideek proposatuko dituzte hautagaiak.
Ezin izango dute sari hau jaso aurreko deialdiren batean sari bera jaso dutenek.
4. oinarria.– Saria Datu Babesaren Ikerkuntza arloan.
Helburua da saritzea pertsonen pribatutasunerako eskubidea aztertzeko eta eskubide horrek gizartean, ekonomian, esparru juridikoan eta teknologikoan duen eragina ikertzeko jarduera zientifikoa eta ikerkuntza indibiduala nahiz kolektiboa.
Sari honetara aurkeztu ahal izango dira datu pertsonalen babesari buruzko lan zientifikoak edo ikerkuntza lanak, doktorego tesiak, monografiak eta artikuluak, indibidualak nahiz kolektiboak, argitaratuak ala argitaragabeak, bai eta datu pertsonalak babesteko eskubidea bermatzeko eraginkorrak diren tresna eta soluzio teknologikoak edo kudeaketakoak ere.
Deialdi honetan aurkezteko, lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, I. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
5. oinarria.– Saria Datu Babesaren Komunikazio eta Sormenaren arloan.
Helburua da saritzea datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen laguntzen duten profesionalen eta gizarte komunikabideen lanak.
«Web sozialeko» bitarteko elektronikoak ere saritu ahal izango dira, baldin eta gai nagusia eta argitaratutako edukiak, edozein ikuspuntutik begiratuta eta aztertuta, datu pertsonalak babesteari buruzkoak badira, eta oinarrizko eskubide hau zabaltzea eta hedatzea badute xede.
Saria eskuratzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan gizarte komunikabideek argitaratutako edo hedatutako programek edo atal espezializatuek eta artikuluen edo berrien segidek, bai eta erreportajeek, monografikoek edo eduki bereziek ere.
Era berean, sari honetan lehiatzeko aukera izango dute datu pertsonalen babesaren esparruan espezializatutako blog egileek, wikiek, eztabaida talde profesionalek edo bestelako baliabide elektroniko sozialek, baldin eta edukia euskaraz edo gaztelaniaz adierazita badago.
Prebentzio mezuak sortzen dituzten eta datu babesari buruzko ardurak dituzten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute sari honetan, honako modalitate hauetan:
Ikus-entzunezko sorkuntza: animazioak, spotak, bideoartea edo bestelako sorkuntza lanak, gehienez lau minutuko iraupenarekin.
Sorkuntza grafikoa: ilustrazioak, infografiak, kartelak eta marrazkiak, banakakoak nahiz seriean.
Sorkuntza literarioa: mikroipuinak, esloganak, claimak, mezu seriatuak edo antzeko edukia edo luzera duten bestelako sorkuntza lanak.
Deialdi honetan aurkezteko, lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, II. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
6. oinarria.– Saria Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenei.
Sari honen helburua da euskal administrazio eta instituzio publikoei, euren eginbehar publikoak gauzatzean, pribatutasunaren kudeaketa hobetzeko laguntzen dieten antolaketa edo teknologia arloko edo beste arlo batzuetako proiektuak saritzea.
Sari honetan parte har dezakete datu babesa hobetzeko proiektuak sustatzen dituzten euskal administrazio eta instituzio publikoek, eta, banaka edo taldean, halako proiektuak garatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek ere bai, administrazio sustatzailearen baimenarekin.
Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Proiektua azaltzen duen memoria eta egokitzat jotzen den dokumentazioa eta materiala.
– Proiektua ezarri bada, ezarpenaren gaineko txostena eta egungo egoera.
– Ikus-entzunezko aurkezpen bat ere aurkeztu ahal izango da, gehienez ere 10 minutuko iraupenarekin.
Deialdi honetan aurkezteko, proiektuek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Proiektuen gaineko dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango da. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, III. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
7. oinarria.– Parte hartzeko bete beharreko baldintzak.
7.1.– Proiekturen bat aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek, eskabidea aurkezten duten datan, bete egin beharko dituzte honako arau hauetan ezarritako baldintzak: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua.
Pertsona edo erakunde eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute esanez ez daudela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako ezein debeku-egoeratan. Adierazpena jasota dago deialdi honetan, dagokion eranskinean.
7.2.– Sarietan aurkeztutako lanen egile diren pertsona fisikoek eta juridikoek baimena ematen diote Datuak Babesteko Euskal Bulegoari esateko zein den lanaren egilea deialdiarekin zer ikusia duten zabalkunde jardueretan; baina horrek ez du esan nahi sariagatik, saririk jasoz gero, jasotzen duten zenbatekoaz aparteko eskubide ekonomikorik edo bestelako onurarik ematen dionik horrek egileari.
7.3.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.
8. oinarria.– Eskabideak.
Aurkeztutako lanekin batera, jaso nahi den sariari dagokion eskabide orria ere aurkeztu beharko da. Eskabide horien ereduak I., II. eta III. eranskinetan daude hurrenez hurren.
Eskabideak DBEBren Idazkaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, eta hemen aurkeztu ahal izango dira: DBEBren Erregistro Nagusia, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Idazkaritza Nagusia, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71 – 3. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduren bat erabilita.
Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu eskatutako baldintzak betetzen, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, hutsa zuzentzeko eta nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio, aurkeztu ezean, eskaera bertan behera geratuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 1eko 00:00etan bukatuko da.
9. oinarria.– Epaimahaia.
Honako hauek osatutako epaimahaiak emango ditu sariak:
– Epaimahaiburua: datuak Babesteko Euskal Bulegoaren titularra.
– Epaimahaikideak: datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emaileko kideak, Lege Aholkularitza eta Ikuskaritzaren arduraduna eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko datuak babesteko ordezkaria.
– Idazkaria izango da, hitzarekin baina botorik gabe, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren idazkari nagusia.
Hautagaiak ebaluatzeko, epaimahaiak, deitutako sarien jarduera-esparruetako adituen laguntza jaso ahal izango du.
10. oinarria.– Balorazioa.
Datu Babesaren Komunikazio eta Sormenaren arloko sarira aurkezten diren lanen balorazioa egiteko, epaimahaiak honako irizpide hauek erabiliko ditu:
– Fidagarritasuna eta zuzena izatea zientifikoki, teknikoki eta juridikoki.
– Landutako gaien originaltasuna.
– Lanaren, hurbilketaren edo emaitzen berritasuna.
– Ekarpenaren garrantzia datu pertsonalak babesteko esparruaren errealitatearen ezagutzari eta sakontzeari begira.
– Zenbateraino txertatzen den generoaren ikuspegia lanaren planteamenduan eta garapenean.
Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Saria honako irizpideen arabera ebaluatuko du epaimahaiak:
– Fidagarritasuna eta proiektuaren kalitate teknikoa.
– Zerbitzu publikoak ematean pribatutasunaren kudeaketa hobetzeko egindako ekarpena.
– Izaera berritzailea.
– Eragin soziala.
– Garapen maila.
– Zenbateraino txertatzen den generoaren ikuspegia lanaren planteamenduan eta garapenean.
Epaimahaiak deialdia egin ahal izango die sarietara aurkeztu diren hautagaiei, lana, baliabidea edo proiektua zuzenean azaldu dezaten, eta, hartara, epaimahaiak hautagaitza ebaluatzeko behar diren azalpenak eta argibideak eskatu ahal izateko.
11. oinarria.– Ebazpena.
Balorazio prozesua bukatu ondoren, epaimahaiak 2020ko abenduaren 31 baino lehen ebatziko ditu sariak.
Epaimahaiaren erabakia Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian argitaratuko da, eta hautagai guztiei jakinaraziko zaie.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu bere aurka.
12. oinarria.– Sari-ematea.
Sariak eta, halakorik badago, akzesitak, Datuak Babesteko Europako Egunaren inguruan berariaz antolaturiko ekitaldi batean emango dira, eta behar adinako aurrerapenarekin jakinaraziko da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian (www.avpd.eus), eta saritutako entitate eta pertsonei ere komunikatuko zaie.
13. oinarria.– Datuen babesa.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak tratatuko ditu eskabidean jasotako datu pertsonalak, eta «Prestakuntza, jarduera eta gertaeretara bertaratuak eta gonbidatuak» izeneko jarduera-tratamenduan jasoko ditu, deialdia kudeatzeko eta ebazteko. Helburuaren oinarri dira deialdiaren interes publikoa eta bertan parte hartzeko eskabidea.
Sarituen datu pertsonalak DBEBren web orrian argitaratuko dira. Diru prestazioa duten modalitateetan funtsen transferentziak egiten dituzten finantza-entitateei jakinaraziko zaizkie datu pertsonalak, funtsak izapidetzeko ondorioetarako. Era berean, datuak zerga arloan eskumena duten administrazioei lagako zaizkie, esate baterako, foru ogasunei eta, hala badagokio, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari, zerga arloko araudiak xedatzen duenarekin bat; eta zerga arloan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio organoei ere bai.
Datuak gorde egingo dira sariak emateko eta erreklamazioak egiteko prozedura izapidetzen ari den bitartean, eta dokumentu-ondarearen eta artxiboen alorreko araudia aplikatuko da. Diru prestazioa duten modalitateetan datuak gorde egingo dira, zerga arloan aplikatu beharreko legeriak xedatzen duenaren arabera.
Interesdunak eskubidea du datuak kontsultatzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen eramangarritasunaren eta datuen tratamendua mugatzeko, tratamenduei aurka egiteko, eta soilik tratamendu automatizatuetan oinarrituta dauden erabakien xede ez izateko, eta eskubide horiek bete ahal izango ditu, hala dagokionean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71, 3.a, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo avpd@avpd.eus helbide elektronikoan.
Hirugarrena.– Aplikatu beharreko araudia.
Ebazpen honek onartutako oinarrietan aurreikusi gabeko guztirako, honako arau hauek hartuko dira kontuan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege hori garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartzen duena; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; eta, horiez gain, aplikatu beharreko indarreko bestelako arauei jarraituko zaie.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 20a.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria,
MARGARITA URÍA ETXEBARRIA.