Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2020ko urriaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4575

AGINDUA, 2020ko urriaren 27koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, 2020ko ekitaldian EAEn irabazi-asmorik gabeko elkarteek joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egiteko dirulaguntzen emakida arautzen eta iragartzen duena.

Jokoa gizarte-, jolas- eta dibertsio-jardueratzat jotzen da eta joko patologiko bihur daiteke jokalariak askatasun emozionala galtzen duenean eta horrek haren jokabidean zuzeneko eragina daukanean. Oso nahasmendu ezgaitzailea, progresiboa eta kronikoa bihurtzen da eta norberaren, familiaren, gizarte-arloko eta lan-arloko narriadura eragiten du. Beraz, osasun publikoko arazo bilakatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorrak, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren bidez onetsiak, joko arduratsuaren printzipioak ezartzen ditu 10. artikuluan.

Joko arduratsua esaten zaio jokalariak joko-jarduera kontzienteki eta ingurune osasungarrian garatzen duela bermatzen duten neurrien, arauen eta informazioen multzoari, betiere jokalariaren borondateari eta erabakitzeko askatasunari murrizketarik jarri gabe.

Jokoa Arautzeko Agintaritzak jokalarien eskubideak bermatuko ditu eta joko arduratsua sustatuko du; horretarako, prebentzio- eta heziketa-kanpainak bultzatu eta babestuko ditu, eta prebentzio- eta laguntza-programetan esku hartuko du Osasun arloko sail eskudunarekin, toki-administrazioekin eta jokabide adikzioak artatzen dituzten elkarteekin elkarlanean.

Irabazi-asmorik gabeko elkarteek joko patologikoaren eremuan egiten dituzten jarduketak azpimarragarriak dira eta eraginkortasuna aitortzen zaie. Kontuan izanik Osasun Sailak diruz laguntzen dituela erakunde horiek adikzioen prebentzio selektibo, agindutako eta asistentzialaren eremuan egiten dituzten jarduerak, deialdi honen helburua da informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduketetarako dirulaguntzak ematea.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren babesean egiten da. Hain zuzen, xedapen hauetan dago bilduta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –EONALTB– onartzen duenaren) IV. titulua, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) eta aipatutako legearen erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko baldintzak eta 2020. urterako dirulaguntza horien deialdia arautzea.

2.– Dirulaguntza honen helburua da irabazi-asmorik gabeko erakundeek jokoari lotutako jokabide arriskutsu eta arazotsuei buruz egiten dituzten informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerei eusten laguntzea. Honako hau jotzen da prebentzio unibertsaltzat: biztanleria orokorrari zuzentzen zaiona eta osasunaren sustapenaren bidez egiten dena, jokoari lotutako adikziozko portaerek dakartzaten arazoei buruzko ezagutza sortzeko eta orientazioa emateko.

3.– Agindua bat dator 2020ko Segurtasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 2020ko urtarrilaren 30eko aginduaren bidez onartutakoan, ezarritako jarraibideekin.

2. artikulua.– Emakidarako baliabide ekonomikoak eta muga.

Agindu hau betetzeko, gehienez ere 200.000 euro xedatuko dira, abenduaren 27ko 13/2019 Legearen bidez onartutako EAEren 2020ko aurrekontuetan kontsignatuak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Norgehiagoka-araubidean, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak, biztanleria orokorrera zuzenduta daudenak eta joko patologikoa sor dezaketen aztura edo jokabideetarako sustagarria kentzeko helburua daukatenak, egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeek heldu ahalko diete agindu honetan xedatutako laguntzei, jarduerok 2020. urtean egiten badituzte eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dute dirulaguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburu bat lortzea sustatu behar dute. Irabazi-asmorik ezak erakundearen estatutuetan jasota egon behar du.

c) Beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dute.

d) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50.6 artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluan ezarritako betekizun orokorrak bete behar dituzte eta ez dute azken artikulu horren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako ezein inguruabarretan egon behar.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko proiektutzat joko dira xede hauek dituzten ekintzak zertzen dituztenak:

a) Joko patologikoaren arriskuarekiko kalteberatasun-egoerak detektatzea.

b) Joko arduratsuaren ezaugarriei buruzko ezagutza sustatzea.

c) Joko arazotsuan, gehiegizko jokoan eta joko patologikoan aritzeko arrisku-egoeraren adierazleei buruzko eta jokoak adikzioa sortzeko duen ahalmenean eragin handiena duten faktoreei buruzko ezagutza sustatzea.

d) Teknologia berriek jokorako dakartzaten arriskuen berri ematea.

e) Joko patologikoaren aurka borrokatzeko jarduera eta baliabide publikoak eta pribatuak zabaltzea.

2.– Proiektuek kolektibo hauek izan ahalko dituzte xede:

– Adingabeak.

– Gazteak eta nerabeak.

– Familiak.

– Hezkuntza-komunitatea.

3.– 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte burututako proiektuak lagundu ahalko dira diruz.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da jarduera bera finantzatzeko beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Administrazio honetako beste erakunde batzuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin ere izango dira bateragarriak. Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da; horren bidez, adierazi beharko da helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturririk dagoen ala ez, iturri horien zenbatekoa eta, hala badagokio, oraindik ebatzi beharreko dirulaguntzen eskaerarik dagoen ala ez, agindu honen 8. artikuluarekin bat etorriz.

3.– Lortutako laguntza eta dirulaguntza guztien batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoez egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Jakinarazpenak bide elektronikoez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/. Jakinarazpen-sistemak ahalbidetuko du egiaztatzea zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazten den egintza erakunde interesdunari edo, hala badagokio, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari, eta noiz ikusi duen haren edukia; une horretatik aurrera, jakinarazpena egindakotzat joko da. Eskuragarri jarri dela frogatuta dagoenean eta edukia ikusi gabe hamar egun natural igarotzen direnean, jakinarazpena arbuiatu dela ondorioztatu, eta izapidea egindakotzat joko da. Beraz, prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak eskatuta jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatu ezean.

3.– Laguntza hauek izapidetzeko bide elektronikoen erabilera lege hauen bidez arautuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015), Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015) eta Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua (otsailaren 21eko 21/2012).

4.– Izapidetze elektronikoa eta bide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, hain zuzen, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

7. artikulua.– Eskaeren aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.– Aurkeztutako laguntza-eskaerak eta gainerako dokumentazioa, informazioa eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, hain zuzen https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/joko-patologikoari-aurre-egiteko-dirulaguntzak/web01-tramite/eu, agindu honen 6. artikuluan xedatutako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan garatutako prozeduraren eta jarduketen arabera.

Prozedura honen izapide guztiak modu telematikoan egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos edo https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskaeraren osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Eskaerak, agindu honen 8. artikuluaren arabera erantsi behar den dokumentazio osagarriarekin batera, erakunde interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, www.euskadi.eus helbidean

Era berean, ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da; helbide hauetan atzi daiteke: https://www.euskadi.eus/representantes eta https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntzan aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskaera eta erantsi behar den dokumentazioa. Era berean, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legeak) ezartzen duen moduan.

6.– Bai laguntza ematean bai ordainketak egitean eskatzaileek tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, eskatzaileek baimenik eman behar izan gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak) 50.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahalko du baimen hori. Halakorik egiten baldin badu, dagozkion egiaztapenak aurkeztu beharko ditu.

Era berean, bai laguntza ematean bai ordainketak egitean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatuko da.

7.– Eskaeretan adierazi ahalko da laguntza eskatu duen erakundeak baimena ematen diola berariaz Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari datuak edo dokumentuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen ahalmenak.

Ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen nortasun-datuei dagokienez ez da dokumentaziorik aurkeztu behar.

8.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztietan jasotako datuak egiazkoak direla frogatu beharko dute onuradun izateko proposatzen diren pertsonek, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi baino lehen frogatu ere, dagozkien agiriak aurkeztuz edo organo kudeatzaileari dokumentazioa egiaztatzeko baimena emanez.

9.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

8. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak) 50.6 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 13.7 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, pertsona eskatzaileak betekizun hauek egiaztatuko ditu eskaera-orri normalizatuan:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako eskainitako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu den eta, hala balitz, horrelakorik lortu den jakinaraztea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan inolako itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta ez dagoela edo prozedura horiek amaituta daudela egiaztatzea.

Agindu honetan xedatutako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren zehapen-prozedura guztiak amaitzea.

c) Erakunde eskatzaileak dagokion epai edo ebazpen irmoak ezartzen duen aldian laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dion administrazio- edo zigor-zehapenik ez daukala edo laguntzok jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ez daukala egiaztatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa barne.

d) Erakundea legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzea.

2.– Pertsona eskatzaileak erakundea eratzeko eskritura aurkeztu beharko du, baita haren estatutuak, dagokion erregistroko inskripzioa eta erakundearen IFK ere.

3.– Erakunde eskatzaileak lehenago jokoari lotutako arazoekin zerikusia duten dirulaguntzak eskuratu baditu, hori egiaztatzeko frogagiria aurkeztu beharko du.

4.– Proiektu bakoitzeko eskaera bat bete beharko da; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, www.euskadi.eus helbidean

Eskaerek, gutxienez, datu hauek jasoko dituzte:

a) Proiektua aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak (nor den, zer erakunde ordezkatzen duen) eta kokapen-datuak (posta-helbidea, telefono-zenbakia, etab.).

b) Proiektuaren izena.

c) Erakunde sustatzailea: erakundearen deskribapena, ibilbidea eta proiektuak xede duen arloan izan duen esperientzia.

d) Proiekturako harremanaz arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Proposatutako proiekturako lantaldeko kide bakoitzaren izen-abizenak, lanbide-taldea, titulazioa, arduraldia (lanaldi osoa edo partziala –ehunekoa adierazita–, proiektuari eskainiko zaion lanaldiaren ehunekoa), lan-kontratuaren hasiera- eta amaiera-data eta lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

f) Proiektuaren garapenaren deskribapena.

g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.

i) Oinarri teorikoak: eragingo zaien faktoreak.

j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu zehatzak eta helburu operatiboak.

k) Proiektuko jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, ezarpena eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

m) Proiektuaren aurrekontua, proiektuaren kostu osoa (kontzeptuen arabera zehazturik) eta proiekturako diru-sarrerak barne.

9. artikulua.– Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak behar bezala osorik betetzen ez badira edo aurreko apartatuan zerrendatutako dokumentazioa eransten ez bazaie, errekerimendu telematikoa egingo zaio interesdunari, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo aginduzko dokumentuak aurkeztu ditzan. Halaber, jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) 21. eta 68. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, dagokion balioespen-batzordea sortuko da. Honako hauek osatuko dute: Joko eta Ikuskizunetako zuzendaria, Aitor Uriarte Unzalu jauna (batzordeburu arituko da); Pilar Etxezarreta Villaluenga andrea, Gipuzkoako Joko eta Ikuskizunen Lurralde Bulegoko arduraduna; Pablo Casado jauna, Arabako Joko eta Ikuskizunen Lurralde Bulegoko arduraduna; Jon Agirre Garai jauna, Bizkaiko Joko eta Ikuskizunen Lurralde Bulegoko arduraduna; eta Beatriz Anitua Zabaleta andrea, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako funtzionarioa. Kide anitzeko organoko idazkaritza batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du. Balioespen-batzordeko osaera parekidea izateko ahalegina egingo da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) 3.7 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Balioespen-batzordearen funtzionamenduari dagokion guztirako, osagarri moduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legeak) 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.

3.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango dira laguntzak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balioespen-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, eta egokiak diren egiaztapenak egin eta aurkeztutako datuak erkatu ahalko dituzte laguntzak ondo adjudikatzeko.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko epea 6 hilabetetan amaituko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelaniaz) edo https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskaraz).

5.– Laguntzak emateko ebazpenetan, erakunde onuradunaren betebeharrak (agindu honen artikuluan xedatutakoak) adieraziko dira eta berariaz aipatuko da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betetzean eskatzen duten informazio guztia eman behar dela.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez argitaratu ere, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun gertatu diren erakundeen zerrenda (esleitutako zenbatekoak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaienen zerrenda.

7.– Agindu honen arabera Segurtasuneko sailburuak laguntza emateko edo ukatzeko ematen dituen ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

8.– Norbaitek uko eginez gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat emango da eta, horren bidez, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta, uko-egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko da.

11. artikulua.– Adjudikazio-irizpideak eta horien haztapena.

1.– Lehiaketa izaki laguntzak emateko prozedura, aurkeztutako eskaerak alderatuz emango dira. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskaera guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Honako hauek dira balioespen-irizpideak eta haien haztapena:

1.1.– Erakunde eskatzailearen aurretiazko esperientzia (0-20 puntu)

a) Erakunde eskatzaileak jokoari lotutako arazoekin zerikusia duten jarduerak edo programak egiten daukan esperientzia. Puntu 1 emango da erakundeak Administrazio Publikoen laguntzaren bat jaso zuen urte bakoitzeko. Urte berean zenbait laguntza jaso badira, horietako bat bakarrik zenbatuko da. Egiaztatzeko, dirulaguntzaren emakidaren egiaztapen-kopia edo emakida hori argitaratu zen aldizkari ofizialeko erreferentzia aurkeztu beharko da, baita organo emaileak dirulaguntzaren betetze-mailari buruz emandako egiaztapena ere. Era berean, puntu bat emango da egindako jarduera bakoitzeko, nahiz eta finantzaketa publikorik ez eduki, baldin eta agirien bidez justifikatzen bada. (Gehienez 10 puntu).

b) Jokoarekin zerikusia duten eritasunetarako laguntzaren eta prebentzioaren eremuan duen esperientzia eta sektoreari buruzko ezagutza sakonak: puntu 1 urte bakoitzeko (gehienez 10 puntu).

1.2.– Dirulaguntzaz egingo diren jardueren balioespena (0-80 puntu):

a) Diseinuaren kalitate teknikoa: harreman koherentea egon behar du eragin nahi zaien faktoreen, lortu nahi diren helburu zehatzen, helburu horiek betetzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horien lorpen-mailaren adierazleen ebaluazioaren artean (gehienez 30 puntu).

b) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuekin, eremu sozial, sanitario, soziosanitario edo hezkuntza-eremuko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, sare-lana sustatuz. Era berean, Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin, batez ere Jokoaren Euskal Behatokiarekin, elkarlanean egin diren ekintzak balioetsiko dira apartatu honetan. (Gehienez 10 puntu).

c) Proiektuaren eraginkortasuna, hau da, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren arteko erlazioa (gehienez 20 puntu).

d) Proiektuak joko arazotsuaren prebentzioan eta joko arduratsuaren hedapenean izango duen eragina, proiektuko jardueren hartzaileen kopurua neurtuta (gehienez 20 puntu).

2.– Aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskaeren hurrenkera ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskaerei adjudikatuko zaizkie laguntzak, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta ateratzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuei dagokienez. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezingo da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

12. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Segurtasun Sailak % 75eraino finantzatu ahal izango du aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontua. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontua, zeinak eskatutako proiektuan adierazitako ekintzetara egokitua eta doitua egon behar duen.

Diruz lagungarria den proiektuarekin zuzeneko erlazio objektiboa daukaten jarduerei dagozkien gastuak izango dira dirulaguntzaren xedea. Erakundeko langileei, diruz lagundutako proiektua zuzenean egikaritzeko behar direnei, dagozkien zuzeneko gastuen barruan, haien arduraldi-ehunekoa eta lan-kategoria adierazi beharko dira. Pertsonal-gastu horiek ezingo dituzte zenbateko hauek gainditu:

a) Goi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 45.470 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 37.245 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administraria, lanaldi osoan: 30.024 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulego-materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, dirulaguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira, formulazio, jarraipen eta ebaluaziorako) ezingo dira programaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.

Proiektu bakoitzari ez zaio emango laguntza-agindu honetarako xedatutako aurrekontu-partidaren guztizko zenbatekoaren % 20 baino gehiago. Geldikina badago, ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen duen proiektu nahikorik ez dagoelako, ehuneko hori handitu ahalko da, funtsak agortu arte.

2.– Diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, subjektu onuradunek DLLOaren 29. artikuluan eta DLEOaren 68. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte. Azpikontratazioaren proportzioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 baino handiagoa. Kontratuen zenbatekoak azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian xedatutako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen erakunde nahikorik ez dagoenean izan ezik, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie, eta hautapena memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikoki abantailatsuena aukeratzen ez denean.

3.– Ordainketa zatikatua izango da: % 80 laguntza onartutakoan ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari 2021eko martxoaren 1a baino lehen dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali ostean. Memoria horretan, diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila adieraziko da, haren garapenaren balioespen kualitatiboa egingo da eta erakunde onuradunek adikzioen arloan egiten dituzten beste jarduera batzuei buruzko informazioa emango da.

4.– Justifikazio-memoriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari bidali beharko zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi beharko zaio; hor jasoko dira betearazitako aurrekontuaren laburpena eta justifikazioko kontua. Justifikazioko kontua onartutako aurrekontu guztiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat da; bertan, gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda jasotzen da eta dokumentu-mota, identifikazioa, pertsona edo erakunde igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egotzi beharreko ehunekoa zehazten dira. Aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa eta benetako zenbatekoa adieraziko dira, baita diruz lagundutako jarduera finantzatzeko xedatutako beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Justifikazioa aurkeztu ostean, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu ahalko du, baita emandako laguntza kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere. Horretarako, erakunde onuradunari telematikoki jakinaraziko zaio hamar eguneko epea emango zaiola zuzentzeko.

Organo kudeatzaileak egiaztapena egingo du, egokiak iruditzen zaizkion frogagirien ausazko laginketa egiteko tekniken bidez, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko frogak eskuratzeko asmoz. Horretarako, onuradunari hautatutako egiaztagiria bidaltzeko eskatu ahalko dio.

Gainera, dirulaguntza egokiro aplikatzen dela egiaztatzeko asmoz, finantzatutako jardueraren gastu-egiaztagiriak, lagin adierazgarri batean oinarrituta, laguntza eman eta hurrengo bost urteetan egiaztatuko dira. Gainera, Segurtasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak bidezkoak diren ikuskaritza-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak egin ahalko dituzte. Erakunde onuradunek emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen egiaztagiriak gorde beharko dituzte, eta eskura eduki, datatik aurrera bost urtez gutxienez.

5.– Egiaztagiriak bide elektronikoez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus/Nire karpeta helbidearen bidez. Informazioa eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus) egongo dira eskuragarri, 6. artikuluan xedatutako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jarduketen arabera.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 14. artikuluan adierazitako betebeharrak, aplikatzekoak diren heinean, alde batera utzi gabe, laguntzen onuradunak diren erakundeek, aginduaren gainerako artikuluek ezartzen dituzten betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Bai eskaerak aurkezteko bai emandako laguntzak justifikatzeko, agindu honetan xedatutako ereduak erabiltzea.

b) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

c) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea.

d) Segurtasun Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.

e) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko, hedatzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.

f) Diruz lagundutako jarduerak 2020ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean egitea.

g) EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean adierazitako konpromisoei jarraikiz, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) 18.4 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, laguntza-agindu honetako jardueren ondorioz sortutako memoria, proiektu eta bestelako testu idatzietan ez da hizkera sexistarik erabiliko.

h) «Datuen alta / Hirugarren alderdi interesduna» inprimakia izapidetzea. Inprimaki hori euskadi.eus egoitzan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero –dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta behar bezala justifikatuta badaude– edo aldi berean beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emanak izan–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da. Ondorio horietarako, Segurtasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta erakunde onuradunek jaso duten gehiegizko zenbatekoak itzuli beharko dituzte, agindu honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketak inoiz ez du eragingo emandako dirulaguntza handitzea.

2.– Era berean, onuradunak eskatu eta justifikatu ostean, laguntza eman zuen administrazio-organoak baimena eman ahalko du egin beharreko jardueren egikaritzea geroratzeko, alegatutako arrazoiek justifikatzen badute; horrelakoetan, dagokion laguntzaren ordainketa atzeratu egingo da.

15. artikulua.– Isiltasunaren bidezko ezespena.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko hamargarren artikuluan ezarritako epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartu ahalko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu berariaz ebazteko betebeharra.

16 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunak bere betebeharrak betetzen ez baditu, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubidea galdu dela adieraztearekin batera, jasotako kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra sortuko da; gainera, ordainketaren unetik itzultzea bidezkoa dela erabaki arte sortutako berandutze-interesa ordaindu beharko da.

2.– Agindu honen 13. artikuluan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak itzulketa eragingo du. artikulu horretan aurreikusita ez dauden kasuetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatutako itzultzeko arrazoiak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 37.1 artikuluan (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 91. artikulutik 93. artikuluraino garatzen duen horretan) xedatutako arrazoiak aplikatuko dira.

3.– Agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, kasu honetan ere izango da bidezkoa itzultzea: emandako laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa denean. Horrelakoetan, aipatutako kostua gainditzen duen zenbatekoa soilik itzuli beharko da, dagokion berandutze-interesarekin batera.

4.– Era berean, itzultzeko arrazoia izango da agindu honen 14. artikuluak hizpide duen baldintzen aldaketa. Laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera finkatzen den zenbatekoa gainditzen duen jasotako kopurua itzuli beharko da; ebazpenerako, agindu honetan dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

5.– Itzulketa-prozedura Segurtasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, egokiak diren izapide prozesalak egin ostean. Prozedura hau izapidetzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak) xedatutakoari jarraituko zaio.

6.– Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da.

17. artikulua.– Itzulketa-prozedurak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

– Prozedura hasteak, hala badagokio, oraindik egiteke dauden ordainketak etengo ditu.

– Segurtasuneko sailburuordeak itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

– Alegazioak jaso ondoren edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez.

– Itzulketa-prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetetan ebatzi beharko da.

– Ebazpenak ez-betetzeren bat baiesten badu, adieraziko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, bidezkoak diren zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.

Kopuruak borondatezko aldian itzultzen ez badira, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.

18. artikulua.– Aplikatu beharreko dirulaguntzei buruzko araudia.

Dirulaguntza deialdi honi Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) eta hori garatzen duen erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsiak) jasotako oinarrizko araudian xedatutako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak) VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak) xedatutakoa aplikatu beharko da.

19. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa (abenduaren 5eko 3/2018) eta datuen babesaren arloan indarrean dauden gainerako arauak betetzeko, jakinarazten da «Joko-adikzioaren prebentzioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla datu pertsonalak. Hauek dira haren ezaugarriak:

«Arduraduna: Segurtasun Saila. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza.

Xedea: EAEn irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio- eta prebentzio-jarduerak egiteko laguntzen eskaerak eta jarraipena kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikorako edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiltzeko egindako zeregin bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Eskubideak: datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurkaratzeko eskubidea dago, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke honako web-helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/prestatzeko-bekak/web01-tramite/eu/».

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dauden alderdi guztietarako, xedapen hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –EONALTB– onartzen duena), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) eta aipatutako legearen erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Dekretua) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak.

Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau interpretatzeko eta betetzeko behar diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 27a

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala