212. zk., 2020ko urriaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (278 KB - 3 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
4491
236/2020 DEKRETUA, urriaren 20koa, zeinaren bidez 87.490,00 euroko kredituak sartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2020ko aurrekontuan, Estatuak eskola-aseguruaren osasun-prestazioak kudeatzeko bitartekoak eskualdatzearen ondorioz.
Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da. Bada, dekretu horren 75. artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatutik zerbitzu eta eskumen berriak jasoz gero, zirkunstantzia horren ondoriozko obligazioei aurre egiteko, Aurrekontu Orokorretan beharrezko kredituak sartuko dira, bai eta likidatzea aurreikusten diren eskubide ekonomikoak ere. Guztiarekin ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Transferentzien Bitariko Batzordearen Akordioa azkenekoz argitaratu zenetik harako hogei egun baliodun igaro baino lehen, Jaurlaritzak onartu egin beharko du eskumen edota zerbitzu berriari dagokion aurrekontua, ekitaldia amaitu arteko aldiari dagokiona onartu ere.
2020ko uztailaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofizialean, uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretua argitaratu zen, eskola-aseguruaren osasun-prestazioak kudeatzeko bitartekoak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. 2020ko uztailaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, uztailaren 14ko 89/2020 Dekretua argitaratu zen, aipatu arloari dagokionez Transferentzien Bitariko Batzordeak 2020ko ekainaren 25ean lortutako Akordioa onartzen duena.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 20an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zenbait kreditu sartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren 2020ko Aurrekontuan.
1.– 87.490,00 euroko gastu-egoera onartzen da, eta honako obligazio honi aurre egiteko beharrezko zenbatekoaz osatzen da: Estatuak eskola-aseguruaren osasun-prestazioak kudeatzeko bitartekoak eskualdatzearen ondoriozko obligazioak.
2.– Eskuratutako eskumen berriari dagokion sarrera-egoera 87.490,00 eurokoa da.
3.– Aurreko paragrafoetan aipatutako sarrera- eta gastu-egoerak 2020ko uztailaren 16tik 2020ko abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkio. Hona hemen nola banatzen diren:
Gastuak: 4211 programa: Hezkuntza-egitura eta –laguntza.
(Ikus .PDF)
Diru-sarrerak: 9111 Programa: foru-aldundien ekarpenak.
(Ikus .PDF)
2. artikulua.– Kredituak sartzeak zer ondorio dakarren.
1.– Ekonomia eta Ogasun Sailak integratu egingo du aurreko artikuluan aipatu gastu- eta sarrera-egoera Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko aurrekontuan, betiere dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan, eta, bereziki, egoera horien kontabilitatea, exekuzioa eta ondorengo likidazioa egoki gauza daitezen.
2.– Martxoaren 23ko 2/2007 Legearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko foru aldundiek egin beharreko ekarpenak zehazteko eta baliabideak egoki banatzeko metodologia onartu zen, 2007-2011 aldirako; bada, metodologia horretako 9.1 artikuluko xedatzen denarekin bat etorriaz, Kupoaren metodologiaren ondoriozko ekarpenei dedukzio osagarria egingo zaie, zehazki metodologia horretako 2. artikuluan zehaztua, 2020ko ekitaldirako eta 87.490,00 euroko zenbatekoarekin.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako metodologiaren 9.3 artikuluko xedatutakoarekin bat etorriaz, eta eskualdaketa berriak finantzatzearren, foru-aldundiek 87.490,00 euroko ekarpen zehatz eta osagarri bat egingo diote Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari, 2020ko ekitaldian.
4.– Aurreko 2. eta 3. paragrafoetan zehaztutako ondorioak arlo honetako eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkion egunetik aurrera aplikatuko dira.
3. artikulua.– Kupoan minorizazio bat aldatzearen ondorioak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017/2021 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologiaren –urriaren 25eko 11/2017 Legeaz onartutakoaren– 11.1 eta 11.2 artikuluko xedatutakoarekin bat etorriaz, 2020ko ekitaldiko Kupo likidoaren minorizazioaren ondoriozko emaitza hau izango da: dekretu honetako aurreko artikuluko 2. paragrafoan zehaztutako dedukzio osagarrian behin betiko zenbatzen dena.
2.– Dekretu honetan, goragoko artikuluko 3. paragrafoan aipatu Ekarpen Zehatz eta Osagarrian ere zenbatuko da dena delako emaitza.
3.– Ekonomia eta Osasun Sailari baimena ematen zaio, beharrezkoa bada, aldaketak egiteko, artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz behar diren aldaketak alegia.
4. artikulua.– Legebiltzarrari komunikatzea.
Ekonomia eta Ogasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko dio dekretu honetan xedatutakoaren babespean egindako kreditu-kontsignazioaren berri.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Nolanahi ere, 2020ko uztailaren 16tik aurrera izango ditu ondorioak, dekretuko transferentziak egun horretan gauzatu baitziren.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 20an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.