Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4466

AGINDUA, 2020ko urriaren 14koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez atzera egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei zuzendutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2020. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko prozedura.

Eusko Jaurlaritzak urtero kudeatzen du Auzolandegien programa Gazteria Zuzendaritzaren bidez, 2020ko deialdia Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko azaroaren 5eko Aginduaren bidez egin zen, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2020. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko (2019ko azaroaren 18ko EHAA, 219. zk.).

Auzolandegi bat leku askotako gazteak biltzen diren ekimen bat da, non euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko konpromisoa hartzen duten, ekintza osagarriekin batera. Auzolandegiak programaren helburua elkartruke kulturala eta jatorri zein kultura desberdinetako gazteen bizikidetza ahalbidetzea da, gizarte-proiekzioa duen lan bat eginez, komunitatearen edo herriaren onurarako 2020ko deialdian izena ematea arautzen duen Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren plazen 2020ko deialdia (2020ko martxoaren 18ko EHAA, 55. zk.).

Aipatutako azaroaren 5eko Aginduaren esparruan, sei auzolandegi proiektu aurkeztu ziren, eta balorazio-fasearen ondoren, eta deialdiaren 13. artikuluan xedatutakoa betez, onartutako proiektuen ebazpena eman zuen Gazteriako zuzendariak 2020ko urtarrilaren 20an.

Ebazpen hori banan-banan jakinarazi zitzaien entitate interesdunei, eta proiektuen hautaketa 2020ko otsailaren 27ko EHAAn argitaratu zen (40. zk.).

Programa prestatzen zen bitartean, COVID-19ak sorrarazitako osasun-egoerak eta horren ondorioz indarrean jarritako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eta ondoz ondoko haren luzapenek ekarri dute aparteko neurriak hartu behar izatea, besteak beste, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea eta administrazio-epeak etetea. Egoera honek auzolandegien prestaketa zaildu egiten du. Era berean, egungo osasun-egoerak ez du ahalbidetzen auzolandegiak normaltasunez garatzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84. artikuluaren arabera, prozedura amaitzeko aukerak hauek dira: ebazpena, atzera egitea, eskaeraren oinarri den eskubideari uko egitea –ordenamendu juridikoak uko hori debekatzen ez badu– eta iraungitzat deklaratzea.

Bestalde, lege horren 93. artikuluak adierazten duenez, ofizioz hasitako prozeduretan, Administrazioak atzera egin ahal izango du, arrazoiturik, legeetan aurreikusitako kasuetan eta aurreikusitako betekizunekin.

Aipatutako lege-aginduak eta, oro har, horiekin bat etorriz aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Atzera egitea Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko azaroaren 5eko Aginduaren prozeduran, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2020. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 14a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala