Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4465

AGINDUA, 2020ko irailaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzak iragartzen baitira, ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko programak garatzeko eta ikasle hasi berrien hizkuntza-errefortzuko programak garatzeko (L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta).

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan.

Hizkuntza-errefortzuko programen xedea da laguntza ematea hasi berriak diren ikasleei, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikazio-zailtasun nabarmenak izan eta hizkuntza indartzeko plangintza baten premia dutenei. Hortaz, laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza da ikasle sartu berriak egotea, eta, halakoak zenbatzeko, aintzat hartuko da ikastetxe bakoitzeko ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere ikastetxeetan nolako errealitatea dagoen argitze aldera.

Kulturartekotasuna dinamizatzeko programaren helburua da ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Asmoa izango litzateke programa hau, hemendik eta denbora batera, ikastetxearen proiektuaren beraren barruan sartzea, ohiko baliabideak erabiliz.

Ikasle etorkinak etengabe eta ausaz heltzen dira ikastetxeetara ikasturtean zehar, eta, hortaz, ikastetxeek beharrezkoak eta atzeraezinak diren sendotze-ekintzak abiaraz ditzaten, deialdi honek estaldura eman behar die halako ekintzei, ikastetxeek segurtasun juridikoa izan dezaten. Hori dela eta, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetze-araubide berezia baliatuko da, deialdia indarrean egon dadin 2020-2021 ikasturtearen zatirik handienean, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da bi esku-hartze mota sustatzeko dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea:

– Kulturartekotasuna sustatzeko programak.

– Ikasle sartu berriei hizkuntza indartzeko programak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez ezagutzearekin lotutako komunikazio-zailtasun handiak badituzte eta 2020-2021 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan bat behar badute.

Ikasle hasi berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2019ko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan behar dute 2020-2021 ikasturtean, eta 18 urte beteak ez izan ikasturtea amaitu baino lehen.

2.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko, milioi bat seiehun eta laurogeita hemezortzi mila euro (1.698.000) bideratzen dira.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042908

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/ egoitza elektronikoan, eta, horretarako, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri (I. eranskina): www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042908

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko “nire karpeta”ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuak, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa garatzeko Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuak edo udal titulartasunekoak. Ikastetxe horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta 7. artikuluan deskribatzen diren eta diruz lagun daitezkeen jarduerak egin behar dituzte.

5. artikulua.– Onuradun izateko eskakizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharretan egunean egotea. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoera hauetan dauden erakundeak:

– Dirulaguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenak, bai eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), alderdi hauek betetzen direla egiaztatuko da:

– Ez da xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

– Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta egotea edo ez egotea.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Kausaren batean erruduntzat jo izanaren ondorioz, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda ez izatea.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo ez izatea Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira:

a) Lehen Hezkuntzan eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hezkuntza-itunak dituzten ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak prestatu, zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxe horiek 6 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat matrikula-ildo bat baino gehiago izan behar dute, eta etorkinak % 17tik gora izan behar dira. Baliabide hau hiru urtez edo gehiagoz erabili duten ikastetxeak kanpoan geratuko dira.

Jarduera guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek, ...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta egongo da.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza-errefortzuko ekintzak.

2.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea edukitzeko, aurreko paragrafoan zehazturiko jarduerak gauzatu behar dituzten irakasleek indarreko araudian eskatzen den titulazioa izan beharko dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak izango dituen programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute.

a) Kulturartekotasuna sustatzeko programetan, honako funtzio hauek egingo dituzte:

– Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-komunitatea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonisten euren ekarpenak bereziki baloratuz.

– Ikasle etorkinak eta gutxiengo etnikoetako ikasleak ikasgelan integratu eta haiei hezkuntza-arreta emateko estrategia, prozedura eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak bildu eta irakasleen artean ezagutaraztea, eta irakasleei horiek abian jartzen laguntzea.

– Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.

– Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.

– Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria hartuko du aintzat, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.

– Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Horren helburua izango da baliabideak biltzea eta haiei ahalik eta etekin handiena ateratzea, lehentasunezko jarduerak finkatzea eta haien lankidetzazko jarraipen bat egitea.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza-errefortzuko programetan, berriz, egin beharreko ekintzek, orokorrean, honako hau dakarte:

– Hizkuntza-errefortzuko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

• Ikasleak ezagutzea.

• Ikasgela antolatzea.

• Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

• Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Hizkuntza-errefortzuko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

• Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

• Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

• Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.

• Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-komunitateko kide diren neurrian, hizkuntza-errefortzuko irakasleek, gainerako irakasleekin batera, honako funtzio hauek beteko dituzte:

• Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

• Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia txertatzeko jarduerak diseinatzea.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagungarritzat joko dira:

a) artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako jardueren garapenak sortutakoak,

b) artikulu honetako 2. paragrafoan jasotako irakasleen gastuak.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Eskabideekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Hizkuntza indartzeko:

– Ikastetxean garatzen diren hizkuntza-errefortzuko programen deskribapena (formulario normalizatua: hizkuntza indartzeko programen deskribapena. II. eranskina). Hauek adierazita.

• Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

• Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, maila eta jatorrizko herrialdea.

• Programaren programazio didaktikoa, eta, besteak beste, errefortzua zein egunetan ezarri zen, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Ikastetxeko eskola-kontseiluaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, programa gauzatzeko eta dirulaguntza eskatzeko hartutako erabakiaren berri emango duena.

– Dirulaguntzaren helburu den programan inplikatutako irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu-mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

b) Kulturartekotasuna sustatzeko programak:

– Ikastetxean garatu nahi den kulturartekotasuna sustatzeko programaren deskribapena (formulario normalizatua: kulturartekotasuna sustatzeko programaren deskribapena. III. eranskina), eskema honen arabera:

• Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

• Ikastetxearen hasierako egoera.

• Garatu beharreko proiektuaren plangintza:

○ 2020-2021 ikasturterako helburuak.

○ Jarduerak eta tenporizazioa.

○ Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko ardura duten irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu-mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

– Izendatzen den dinamizatzailearen konpromiso hauek –dinamizatzaileak berak sinatuta–: ez duela bere esperientzia partekatzeko eragozpenik izango, Hezkuntza Sailak eskatzen dionean; eta, hasierako prestakuntzarik eta prestakuntza jarraiturik antolatzen bada, horietan parte hartuko duela (Formulario normalizatua: Dinamizatzailearen konpromisoa. IV. eranskina).

c) Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko dirulaguntza jaso bazuen:

Iazko ikasturtean egindako kulturartekotasuna sustatzeko programari dagokion memoria, eskema honi jarraituz:

– Egindako proiektua deskribatu, eta honako hauek azaldu:

▪ Gauzatutako jarduera nagusiak.

▪ Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.

▪ Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.

▪ Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

– Helburuen lortze-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatuko dira.

– Parte hartu duten aholkulariek –horrelakorik izan bada– egindako ekarpenen balorazioa.

– Parte hartu dutenek proiektuan izan duten parte-hartzearen eta inplikazioaren balorazioa. Garatutako edukien eta hartutako erabakien zer aplikazio praktiko egitea aurreikusten den.

– Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

– Ondorioak eta jarraitzeko proposamenak.

• Kulturartekotasuna sustatzeko ardura duten irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu-mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere. Soilik baldin eta irakasle horiek ez badira aurreko ikasturtekoak.

• Izendatzen den dinamizatzailearen konpromiso hauek –dinamizatzaileak berak sinatuta–: ez duela bere esperientzia partekatzeko eragozpenik izango, Hezkuntza Sailak eskatzen dionean; eta, hasierako prestakuntzarik eta prestakuntza jarraiturik antolatzen bada, horietan parte hartuko duela (Formulario normalizatua: Dinamizatzailearen konpromisoa. IV. eranskina). Soilik baldin eta pertsona hori ez bada aurreko ikasturtekoa.

2.– Agiriak eta inprimakiak aurkezteko jarraibideak euskadi.net-en Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042908

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

Eskabidearen ondorengo izapideak, zuzenketak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

10. artikulua.– Balioespena.

1.– Eskolatzeko Lurralde Batzordeek kulturartekotasun-programaren arduradunari helaraziko dizkiote kulturartekotasuna sustatzeko programan jasotako eskabideak, 7. artikuluan ezarritakora egokitzen direla egiazta dezan. Arduradun horrek, halaber, koordinatzailearen identitatea eta titulazioa egiaztatuko du. Balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari dirulaguntza esleitu diezaiola.

2.– Eskabideak egiteko epea amaitzean, kasu bakoitzean eskudun diren lurraldeko eskolatze-batzordeek adieraziko dute zenbat diren ikasle hasi berriak. Hasi berri diren ikasleen hizkuntza-errefortzuko programari dagozkion eskabideak 7. artikuluan aurreikusitakora egokitzen diren ala ez egiaztatu beharko du, eta, balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari dirulaguntza esleitu diezaiola.

3.– Hasi berri den ikasle kopurua, goragoko paragrafoan aipatutakoa, eguneratu egingo dute ofizioz kasu bakoitzean eskudun diren Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, 2021eko urtarrilaren 31n eskura dituzten datuekin.

4.– 4. artikuluan zehaztutako mailei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko du ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere eskabideak egiteko epea amaitzean, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan diren datuekin.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak 17.460 euro jaso ahal izango ditu kulturartekotasuna sustatzeko programak betetzearren.

2.– Ikastetxe bakoitzak hizkuntza-errefortzuko programak gauzatzeko jaso ahal izango duen dirulaguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Laguntza = ikasle hasi berriak*700*(1+ ikasle bekadunen %)

Ikastetxe batek 10 IHB baditu eta ikasle bekadunak % 20 badira, hau jasoko du: 10*700*(1+0,20) = 8.400 euro. Beste ikastetxe batek ikasle hasi berrien kopuru berdina badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 10*700*(1+0,8019) = 12.613,30 euro.

3.– Ikasle hasi berri 1 edo 2 bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute jasoko dirulaguntzarik.

4.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, handiagoa baldin bada 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.

5.– Diruz laguntzeko moduko guztizkoa ez da inolaz ere ikastetxeak eskatutako zenbatekoa edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Baldin eta eskatutako diru-zenbatekoa txikiagoa bada artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoa aplikatuta legokiokeen eta diruz lagundu daitekeen guztizkoa baino, eskatutako zenbateko horrek jarriko luke diruz lagundu daitekeen muga. Baldin eta emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira azkenean justifikaturiko gastuak, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasuna.

1.– Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

Ebazpen-proposamena helaraziko dio zerbitzu horretako arduradunak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari (ebazteko organo eskuduna); han adieraziko du zein dirulaguntza ematea proposatzen duen (erakunde onuradunak eta emango diren zenbatekoak adierazita), eta zein, berriz, ukatzea (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko diren emandako dirulaguntzak, erakunde onuradunen identitatea eta emandako zenbatekoak; orobat, ukatutako dirulaguntzak jakinaraziko dira, eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko motiboak jakinarazita.

3.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, amaiturik egon behar da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean badago.

4.– Sei hileko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Ebazpen hau argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Publikotasunaren ondorioetarako, EHAAn ere argitaratuko da.

5.– Aipatutako epea bukatu ondoren, aurreko apartatuan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek interpretatu ahal izango dute beren eskabidea atzera bota dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

6.– Deialdiko dirulaguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzak informazioa eskatzen badu ikastetxean garatzen diren programei buruz, eskatutako informazio guztia ematea hari.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea zeintzuk izan diren edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta dirulaguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu ote diren ere.

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei dirulaguntzak, bi ordainketa-aginduren bidez:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 80, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 14.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaitu eta gero, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, dirulaguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango– kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– 2021eko irailaren 15a baino lehen, diruz lagundutako ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean:

a) Garatutako hizkuntza-errefortzuko programa bakoitzaren memoria deskriptiboa, formulario normalizatuekin bat datorrena: Justifikazio-memoria (V. eranskina) eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda (VI. eranskina), besteak beste zehaztapen hauekin: ikasleak zein diren, irakasleak zein diren, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, guztira zenbat ordu erabili diren eta lortu diren emaitzak.

b) Memoria horrekin batera, dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

– Hizkuntza-errefortzuko programetako pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: errefortzuetako irakasleen kostuari buruzko ziurtagiria (VII. eranskina), non jasoko baitira inplikatutako irakasleen kostuak, banan-banan.

– Kulturartekotasuna sustatzeko programan dirulaguntzarik jaso bada: pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: kulturartekotasuneko irakasle-kostuen ziurtagiria (VIII. eranskina), non inplikatutako irakasleen kostuak jasoko baitira, banan-banan.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren adostasun-ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zein egoera laboraletan dauden egiaztatzearren.

Artikulu honetan aipatutako eredu normalizatuak euskadi.eus-en Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042908

Eskabidearen ondorengo izapideak, ordainketen memoriak eta egiaztagiriak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

16. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita dirulaguntzen gaian aplika daitekeen berandutze-interesa barne, kasu hauetan:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Dirulaguntza ez bada erabiltzen hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta betetzat jotzen bada dirulaguntzaren helburua. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, han, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

18. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Agindu honetako prozeduretan aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egingo du, datuen tratamenduaren «arduradun» gisa. Datu pertsonal horien tratamenduaren xedea izango da deialdi hau kudeatu eta ebazpena ematea, eta horren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskaeran oinarritzen da xede hori.

Interesdunek beren datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa erabil ditzakete, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere; horretarako, idazki bat bidali behar dute helbide honetara: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak aurreikusitako ondorioetarako –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea–, agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira, baldin eta egokia eta nahikoa bada Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak xedapen hauen mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 29a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
Eskabidea
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASTETXEAN GARATZEN DIREN HIZKUNTZA-ERREFORTZUKO PROGRAMEN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
IKASTETXEAN GARATZEN DEN KULTURARTEKOTASUNA SUSTATZEKO PROGRAMAREN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
DINAMIZATZAILEAREN KONPROMISOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA – HIZKUNTZA-ERREFORTZUKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
2020-2021 IKASTURTEAN HIZKUNTZA-ERREFORTZUKO PROGRAMETAN PARTE HARTU DUTEN IKASLEEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMETAKO IRAKASLEEN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
IRAKASLEEN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA – KULTURARTEKOTASUNA SUSTATZEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala