Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4461

81/2020 EBAZPENA, urriaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, larrialdien kudeaketan laguntzeko Lurralde Historikoetako Foru-Aldundiekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua argitaratzea xedatzen duena.

2020ko uztailaren 28an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak onartu duen erabakiaren bidez, baimendu egiten da Lurralde Historikoetako Foru-Aldundiekin larrialdien kudeaketan lankidetzan aritzeko sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua, eta, beharrezko publikotasuna emateko xedearekin, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honako hau sinatzeko baimena ematen duen erabakiaren testua: Lurralde Historikoetako Foru-Aldundiekin larrialdien kudeaketan lankidetzan aritzeko sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua baimentzeko dena. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 14KO 81/2020 EBAZPENARENA
LARRIALDIAK KUDEATZEKO ARLOAN ELKARLANA BIDERATZEKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA LURRALDE HISTORIKOETAKO FORU-ALDUNDIEN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA

Gasteizen, 2020ko XXXXaren X(e)(a)n, bertaratu dira, alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa;

Eta, bestetik, ............., ahaldun nagusia, ........ko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa.

Aldeek, bakoitza bere erakundea ordezkatuz eta hitzarmen hau emateko behar besteko ahalmena izanik,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, hauxe du xede eta asmo: Euskal Autonomia Erkidegoan larrialdiak kudeatzeko sistema integratua eta bateragarria beti erabilgarri egon dadin bermatzea. Sistema hori egokia izango da babes zibileko larrialdietan jarduteko –katastrofeak edo hondamendiak– baita hain larriak ez diren egoeretan ere, zeinetan gizartean nahasmenik sorrarazten ez bada ere eta funtsezko zerbitzuek gainezka egiten ez badute ere arreta koordinatua eta eraginkorra behar baita pertsonen bizia eta osotasuna arriskuan egoteagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen barruan, ekintza hauek garatzera bideratzen dituzte beren zerbitzuak:

– Pertsonen, ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasunerako arriskua ekar dezaketen egoerak aztertzea eta ebaluatzea.

– Batetik, arrisku-eremuak identifikatzea eta horiei buruzko mapak lantzea, eta, bestetik, zer-nolako kaltea egon daitekeen ebaluatzea.

– Arrisku potentzialengatiko kalteak gertatzeko posibilitatea gutxitzera bideratutako prebentzio eta autobabeserako neurriak hartzea, eta arrisku horien gainean biztanleria informatzea eta sentsibilizatzea.

– Sortutako edo aurreikusitako ezbeharrei aurre egiteko erantzuna prestatzea, babes eta sorospenerako esku-hartze koordinatua programatzeko larrialdi-planak eta taktika operatiboak erabiliz horretarako.

– Alerta- eta transmisio-sistemak sustatu, sortu, mantendu eta kudeatzea, baita esku hartzeko eta sorosteko zerbitzuak ere.

– Katastrofeak edo hondamendiak jotako eremuak birgaitu edo berreraikitzeko programak lantzea, lehengo sare sozioekonomikoa edo ingurumena berreskuratze aldera.

– Herritarrak, enpresak eta erakundeak segurtasuna behar bezala bermatzeaz kontzientziatu eta sentsibilizatzeko programak prestatzea eta burutzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen helburuak betetzeko eta dagozkien eskumenen esparruan, larrialdiak kudeatzeko sistema integratua eta bateragarria beti erabilgarri egotea bermatuko dute. Ondorio horietarako, koordinazioaren, lankidetzaren, elkartasunaren eta leialtasun instituzionalaren printzipioen pean egongo dira beren harremanetan. Bestetik, beren jarduerak egokituko dituzte mobiliza daitezkeen bitartekoen eta baliabideen osagarritasunaren eta subsidiariotasunaren arabera, eta integragarritasunaren, gaitasunaren eta nahikotasunaren arabera jardungo dute planak aplikatzean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako Tetra, Enbor Sarea Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD) titularra. Komunikabiderik seguru eta eraginkorrenetako bat denez, azpiegitura hori da Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren barruan dauden administrazio publikoen arteko komunikazioa ezartzeko erarik egokiena.

Hori guztia dela eta, alderdi sinatzaileek erabaki dute lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea larrialdien kudeaketari eta arretari buruzko araudiak ezarritako esparruaren barruan.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen helburua da antolatzea nola sartuko diren administrazio publiko sinatzaileak Tetra Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) izeneko komunikazio-sarean, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena baita eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen baitu; eta, bestetik, larrialdietan lankidetza eta koordinazioa ahalbidetzen dituzten informazio- eta komunikazio-sistemen bitartez trukea egiteko mekanismoak aurreikustea.

Bigarrena.– Tetra, Enbor Sarerako sarbidea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak administrazio publiko sinatzaileari doan eskainiko dio Tetra, Enbor Sarea Irrati Mugikorreko Sare Digitalerako (IMSD) sarbidea, administrazio horren zereginak betetzeko beharrezkoak diren komunikazioetarako, betiere larrialdien kudeaketaren eta arretaren eremuaren barruan.

Komunikazio-ekipamenduak (walkie-talkieak eta igorgailuak) eta beren osagarriak eskuratzea eta mantentzea hitzarmen hau sinatu duen administrazio publikoaren kontura izango da; ostera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kontura izango dira bai sarearen mantentze-lanei eta egin litezkeen zabalkuntzei dagozkien gastuak baita behar diren programazioetatik eratorritakoak ere.

Irrati mugikorreko terminalen ezaugarri teknikoek eta horien ezarpenak, programazioak, kudeaketak eta mantentze-lanek Segurtasun Sailak zehaztutako estandarrak eta jarraibideak beteko dituzte, eta horiek hitzarmen honen eranskin gisa gehituko dira.

Hirugarrena.– Interkomunikazioa.

Hitzartutako administrazio publikoaren eta Tetra, Enbor Sarea Irrati Mugikorreko Sare Digitalean (IMSD) sartutako beste talde edo agentzia edo zerbitzuen arteko komunikazioa zehaztutako programazio-planen eta aurredefinitutako taldeen arabera egingo da. Plan horiek, hain zuzen, erabiltzaileen arteko akordioen bidez onartuko dira.

Laugarrena.– Geolokalizaziorako eta datu-baseetarako sarbidea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak administrazio publiko hitzartuari haren baliabideak geolokalizatzeko behar diren tresnetara sartzen utziko dio Tetra, Enbor Sarea, Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD) edo beste aplikazio batzuen bitartez, era horretan kontsultak edo bestelako izapideak egiteko. Hala ere, hori bi alderdien artean berariaz sinatutako protokoloan zehaztuko den moduan baino ez da egingo eta bakarrik larrialdien kudeaketa eta arretaren eremuan. Lehen aipatutako bitartekoetara sartzeko erabili beharreko irrati-terminalak beroriek baliatuko dituzten zerbitzuei loturik egongo dira horretarako prestatuko den erregistro baten bidez.

Horiek horrela, hitzartutako administrazio publikoak une oro eguneratuta izan beharko ditu bere larrialdi-zerbitzuei buruzko datuak.

Datu pertsonalak dauzkaten datu-base edo fitxategietarako sarbidea datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudiaren araberakoa izango da.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmena egoki aplikatzen dela bermatzeko, Jarraipen Batzordea sortuko da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bi ordezkarik eta administrazio publiko sinatzailearen beste bi ordezkarik osatuta.

Batzorde horren ardurak izango dira hitzarmena interpretatzean agertutako zalantzak argitzea, hitzarmena betetzean sortzen diren desadostasunak konpontzea, hitzarmena nola doan ikuskatzea eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko proposamenak lantzea.

Batzorde hau alderdi sinatzaileetako batek hala eskatzen duenean bilduko da, eta, gutxienez, urtean behin.

Seigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, sinatzen den egunetik kontatzen hasita. Nolanahi ere, epe hori amaitu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute beste lau urtez luzatzea, edo, bestela, hitzarmena azkentzea. Hala ere, sinatzaile guztiek aho batez hartutako erabakia izango da hitzarmena suntsiarazteko arrazoia.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridiko administratiboari jarraituko zaio, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.

Jarraipen Batzordeari emandako funtzioak bazter utzi gabe, zeina bosgarren klausulan aurreikusita baitago, hitzarmen hau garatzeko eta burutzeko prozesuan sortzen diren auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende egongo dira.

Zortzigarrena.– Eraginkortasuna.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera behartuko ditu partaideak.

Eta azaldutako guztiarekin ados daudela eta onartzen dutela frogatzeko, alderdiek dokumentu honen bi ale sinatzen dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRÓNIZ.

XXXXko Foru Aldundiko ahaldun nagusia,

XXXXX.


Azterketa dokumentala