Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
4455

AGINDUA, 2020ko urriaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusiaren lanpostua izendapen libre bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren ekainaren 28ko 98/2016 Dekretuak Ikuskaritza Nagusia ezartzen du Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa-egituraren barruan. Ikuskaritzaren plangintza orokorra, prestakuntza eta kontrola dira Ikuskaritza Nagusiaren oinarrizko funtzioak, eta, horretarako, ikuskari guztien parte-hartzea sustatuko du. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren lanpostuen zerrenda onartzen duen urtarrilaren 13ko 3/2009 Dekretuaren bidez, ikuskari nagusiaren lanpostua finkatu zen, eta haren egitekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren ekainaren 28ko 98/2016 Dekretua 11. artikuluan jasota daude.

Hezkuntza Saileko Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusiaren lanpostua betetzeko, agindu honen eranskinean aipatzen den lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia iragartzea erabaki da, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 47. eta 48. artikuluekin bat etorriz. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Exijitutako baldintzak, agindu honen eranskinean finkatutakoak, betetzen dituzten karrerako funtzionarioek eskatu ahal izango dute agindu honen bidez deitzen den lanpostua.

Bigarrena.– Interesdunek Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketarako Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskaerak, datu pertsonalak eta gaurko destinoa adierazita, eta, horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Hirugarrena.– Eskatzaileek curriculum vitaea aurkeztu beharko dute idazkiarekin batera, datu hauek azalduko dituena:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio Publikoan betetako lanpostuak.

c) Ikasketak, egindako ikastaroak, hizkuntzen ezagutza eta eskatzaileak adierazi nahi dituen merezimendu guztiak.

Eskatzaileek, gainera, exijitutako baldintzen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera.

Halaber, nahi dituzten argitalpen, txosten edo agiriak ere aurkeztu ahal izango dituzte.

Laugarrena.– Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, gehienez hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita.

Bosgarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematen den egunean jarriko da agindu hau indarrean.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: ikuskari nagusia (1. dotazioa).

– Tokia: Ikuskaritza Nagusia.

– Destinoaren tokia: Vitoria-Gasteiz.

– Titulazio-taldea: A taldea.

– Kidegoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskariak.

– Hizkuntza-eskakizuna: HE2; gainditutako derrigortasun-data du.

– Urteko berariazko osagarria: 16.603,02 euro.

Lanpostua betetzeko baldintzak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionario izatea.

– Zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan jardutea edo, seme-alabak edo senideak zaintzeko, eszedentzia-egoeran egotea.

– Halaber, honako egoera hauetan dauden lehen aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute, prozedura honen bidez zerbitzu aktibora itzuliz: derrigorrezko eszedentzian, beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuak ematen eta eginkizun gabetuak eta borondatezko eszedentziadunak, betiere egoera horietan egoteko denbora bete baldin badute.


Azterketa dokumentala