Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
4447

AGINDUA, 2020ko urriaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan eta oinarrizko osasun-eremutan sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko.

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko); bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak hau ezartzen du: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planean –Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran onartua– aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira, indarrik gabe geratuko dira kasuan kasuko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondoriozko neurriak.

Bestalde, errege-dekretu beraren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute, 5. artikuluaren ondorioetarako eta osasun- eta epidemiologia-irizpideen arabera, III. fasea gainditzea euren erkidegoko probintzia, uharte eta lurralde-unitateetan, eta, beraz, horiek «normaltasun berrian» sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoa 3. fasean sartu zen ekainaren 8ko 00:00etan, agindu honen laugarren artikuluaren bosgarren puntuan xedatutakoaren arabera: SND/507/2020 Agindua, ekainaren 6koa, zeinaren bidez zenbait agindu aldatzen baitira nazio mailako murrizketa batzuk malgutzeko eta Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 2. eta 3. faseetara zer lurralde-unitate pasatuko diren ezartzeko.

Ordutik hona, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen murrizketa-araubidea –SND/458/2020 Agindua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea aplikatuz–, geroago agindu horren testuan sartu ziren aldaketekin eta lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan aurreikusitako zehaztapen eta salbuespenekin –13/2020 Dekretua, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako–.

Ondoren, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretua onartu zen, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriena. Horren helburua COVID-19k eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko behar diren premiazko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko neurriak ezartzea da, bai eta berriz ere gerta daitezkeen agerraldiak prebenitzea ere, probintzia, uharte eta lurralde-unitate batzuek Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren III. fasea gainditze aldera, eta azkenik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoeraren indarraldia amaitzea (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).

Goian aipatutako ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako gaikuntza erabiliz, lehendakariak 14/2020 Dekretua eman zuen, ekainaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baitzen COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planaren 3. fasea gainditu zela, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa normaltasun berrian sartu zela, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.

Horrenbestez, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean (2020ko ekainaren 18ko Agindua, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero; 2020ko ekainaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 120. zenbakian) ezartzen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren III. fasea gainditu eta gero hartzekoak.

Agindu horren bosgarren ebazpen-zatian aipatzen da, baita ere, eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurriei jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo zaiela, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Eta gaineratzen du ezen «(...) Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango dituela, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango dituela».

Agindu horren eranskina hainbat aldiz aldatu da. Une honetan indarrean dago Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak eragindako aldaketa; agindu horren bidez laugarren aldiz aldatzen da agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Agindu hori uztailaren 15eko, uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko aginduen bidez (abuztuaren 19ko EHAA, 162. zenbakia) aldatu zen.

Hirugarren ebazpen-zatiak honako hau dio: «Leku desberdinetan gertatzen diren egoera espezifikoengatik, esaterako, nagusiki udalerri, eskualde edo lurralde batean hedatzen diren agerraldi epidemiologikoengatik, Osasuneko sailburuak neurri espezifikoak hartu ahal izango ditu lurralde-eremu horretan aplikatzeko, 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean jasotako neurriak osatze edo zabaltze aldera. Agindu honetan idazketa berria jasotzen da. Neurri horien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Neurri horiek ezartzeak ez du inola ere eragingo 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean jasotako neurriak ez aplikatzea; izan ere, eranskin hori aplikatuko da neurri espezifikoei buruzko Aginduan jasota ez dagoenerako».

Bestalde, Segurtasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 14ko Agindu bidez, eta Osasuneko sailburuak eskatuta, erabaki zen Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi formalki aktibatzea, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean. Lehendakariak, abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretu bidez, Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzentzeko eskumenak bereganatu zituen, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu zuen egoeraren aurrean. Plan horren barruan, urrian onartu zen COVID-19aren pandemiak Euskadin izan duen bilakaerari Erkidegoak emango dion erantzunaren balantzea eta aurreikuspena, Bizi Berri II izenarekin. Horrek COVID-19aren pandemiaren hainbat agertokitan Erkidegoaren erantzunaren Erreferentzia Panel bat sortzen du, plan horren I. eranskinean deskribatzen dena, eta pandemiaren deskribapena eta jarraipena egiteko laneko tresna gisa egituratzen da, bai eta osasun-mailako eta erkidego-mailako erantzunetan eragina izan dezaketen neurri eta xedapen berriak prestatzeko ere. Panel hori planaren egituraren bi esparruen bidez ezartzen da: Aholku Batzordea, Euskadiko erakunde-ordezkaritza nagusiek osatua, eta Batzorde Teknikoa, Aholku Batzordeari laguntza emango diona. Ildo horretan, agindu honek hartzen dituen neurriak berretsi egin dituzte aipatutako organoek, 2020ko urriaren 22an egindako bilkuran.

Ildo horretan, egoera epidemiologikoa azkar aldatu da azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko eremu jakin batzuetan. Zehazki, I. eranskinean adierazten diren udalerrietan eta oinarrizko osasun-eremuetan gaixotasun-kasuak gertatu dira, ezaugarri jakin batzuk dituztenak, eta, ondorioz, komeni da berriz ere prebentzio- eta kontrol-neurri bereziak abian jartzea, gaixotasunak biztanleengan izan dezakeen kutsagarritasuna murrizteko. Agerraldiak izan dira eremu eta udalerri horietako aisialdiko zenbait tokitan, eta, gainera, komunitate-transmisioa adieraz dezaketen kasuak azaleratzen ari dira.

Eranskin horretan jasotako udalerriak eta oinarrizko osasun-eremuak zehazteko, honako indize hauek hartu dira kontuan: biztanleria, 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa, eta osasun-agintaritzak aintzat hartutako beste adierazle batzuk, izapidetzeko espedientean jasotako txosten eta memorietan zehaztutakoak.

Agindu honek hartzen dituen neurrien arau-oinarria honako hau da: aipatutako 2020ko ekainaren 18ko Agindua; Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.2 eta 54. artikuluak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3., 2., 12.2.a) eta 34. artikuluak.

Hain zuzen ere, aipatu beharra dago apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aurreikusten duela, bere lehenengo artikuluan, administrazio publikoetako osasun agintari guztiek lege horretan aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dituztela, beren eskumenen esparruan, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko.

Bigarren artikuluan, osasun-agintaritza eskudunei gaikuntza ematen zaie osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartzeko, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela medio edo jarduera baten osasun-baldintzak direla medio. Eta gaixotasun transmitigarrien kasuan, hirugarren artikuluak xedatzen du, gaixotasun horiek kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango dituela, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku transmitigarrien kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere. Eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.2.a) artikuluak aurreikusten ditu osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren aginpideaz baliatzea dakarten esku-hartzeak, lehen aipatutako apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako baldintza beretan.

Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintaritza baliatuz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan araututakoaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helburua eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da osasun publikoaren arloan neurri bereziak ezartzea COVID-19tik eratorritako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz, I. eranskinean adierazten diren udalerrietan eta oinarrizko osasun-eremuetan sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko.

Bigarrena.– Prebentzio-neurriak.

Aurreko ebazpen-zatian aurreikusitako lurralde-eremuan, II. eranskinean jasotako prebentzio-neurri espezifikoak aplikatuko dira. Hori guztia, Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduan aurreikusitako neurri orokorrez gain (abuztuaren 19ko Agindu bidez laugarren aldiz aldatzen da agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Agindu hori uztailaren 15eko, 28ko eta abuztuaren 7ko aginduen bidez aldatu zen. (2020ko abuztuaren 19ko EHAA; 162 zenbakia). Eta horrezaz gain, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaera dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun publikoko aparteko prebentzio-neurri espezifikoak hartzeari buruzko Osasuneko sailburuaren 2020ko urriaren 22ko Aginduak jasotzen dituen nerriak ere hartu behar dira kontuan.

Hirugarrena.– Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.

1.– Udalari dagokio agindu honetan jasotzen diren prebentzio-neurriak betetzen direla zaintzea, ikuskatzea eta kontrolatzea, eta herritarren osasun-eskubideak eta -betebeharrak bermatzea, hargatik eragotzi gabe Osasuneko sailburuaren eskumenak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 15. artikuluaren arabera, eta udalek osasun publikoa sustatu, kudeatu, defendatu eta babesteko dituzten eskumenak, bat etorriz Euskadiko toki-erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.10 artikuluarekin, bai eta jabaria antolatzeko eta kontrolatzeko duen eskumenarekin ere.

2.– Era berean, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ikuskapen-organoek, beren eskumenen esparruan, egoki diren ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango dituzte, aplikatu beharreko prebentzio-neurriak betetzen direla zaintzeko eta egiaztatzeko.

3.– Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-neurriak ez betetzeagatiko salaketak helaraziko dizkiete agintari eskudunei.

Laugarrena.– Efikazia.

Agindu honek 2020ko urriaren 23tik 2020ko azaroaren 5era arte izango ditu ondorioak, biak barne. Hala ere, bertan jasotako neurriei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkie agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean, egoera epidemiologiko eta sanitarioaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horretarako, aldatu ahal izango dira, edo indargabeturik utzi, osasun-arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz.

Bosgarrena.– Neurriak jakinaraztea.

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 7/2016 Dekretuaren 3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu hau Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinaraztea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.8 artikuluan aurreikusitako berrespen judiziala eskatzeko, hala egokituz gero.

Seigarrena.– Argitaratzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren informazio, izapide eta zerbitzuen orri ofizialean ere (www.euskadi.eus).

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 22a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA
AGINDU HONEN APLIKAZIO-EREMUAN SARTZEN DIREN UDALERRIAK ETA OINARRIZKO OSASUN-EREMUAK

Bizkaiko Lurralde Historikoan: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua eta Lekeitio.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan: Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga.

II. ERANSKINA
PREBENTZIO-NEURRI ESPEZIFIKOAK

1.– Gomendio orokorrak.

1.1.– Agindu honen I. eranskinean jasotako udalerri edo oinarrizko osasun-eremuetatik ez irtetea eta horietara ez sartzea, honako kasu hauetan izan ezik: osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joateagatik egiten diren joan-etorrietan, eta baita lan-arrazoiengatik, ikasketengatik, ohiko bizilekura itzultzeagatik, mendeko pertsonak zaintzeagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik egiten diren joan-etorrietan ere.

1.2.– Bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak murriztea.

1.3.– Ezinbestekoa ez den eta geroratu daitekeen edozein familia- edo gizarte-jarduera bertan behera uztea edo atzeratzea.

1.4.– Ahal den neurrian, bizikidetza egonkorreko taldera murriztea barruko espazioetako gizarte-topaketak, eta gizarte-elkarrekintzako jarduerak espazio ireki eta ondo aireztatuetan egitea.

2.– Neurri orokorrak.

2.1.– Bertan behera uzten da taldeko edozein kirol-jarduera, martxan dauden kirol-lehiaketa ofizialak izan ezik. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola.

2.2.– Debekatuta dago 21:00etatik 06:00etara haur-parkeak, parke publikoak eta plazak erabiltzea, pertsonen joan-etorrietarako izan ezik.

2.3.– Debekatuta dago alkohola saltzea merkataritza-establezimenduetan 21:00etatik 08:00etara bitartean.

2.4.– Establezimentu komertzialek, elikagai-denda, botika eta erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneek izan ezik, 21:00etan itxi beharko dute. Ordu horretan itxi beharko dute apustu-etxeek, kasinoek eta bingoek.

3.– Ostalaritzako eta jatetxe-arloko establezimendu eta zerbitzuetako neurriak.

3.1.– Debekatuta dago ostalaritzako eta jatetxe-arloko establezimendu eta zerbitzuetako barran kontsumitzea. Mahaian eta eserita soilik hartu ahal izango da kontsumizioa.

3.2.– Ostalaritzako eta jatetxe-arloko establezimendu eta zerbitzuek 21:00etarako itxi beharko dute. Ordu horretatik aurrera, lokalak itxita egon beharko du, jenderik gabe, eta ezin izango da berriro ireki 06:00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.

3.3.– Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, janaria eta edaria kontsumitzen ari diren une horretantxe izan ezik.

3.4.– Debekatuta dago zutik egiten den edozein jatetxe-jarduera, hala nola koktelak edo antzekoak.


Azterketa dokumentala