Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2020ko urriaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4329

EBAZPENA, 2020ko urriaren 1ekoa, Farmaziako zuzendariarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Vitoria-Gasteizko (Araba) udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko.

Ikusi da Vitoria-Gasteizko udalerrian (Araba) farmazia bulego bat sortzeko Azucena Alonso Chao andreak aurkeztutako eskabidea. Hauek dira oinarriak:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2018ko maiatzaren 22ko Aginduaren bidez erabaki zen bidezkoa zela Vitoria-Gasteizko farmazia-eremuan farmazia-bulego bat sortzea. Halere, une horretan ezin izan zen zehaztu botika berria non jarriko zen; izan ere, eremu horiek zehazteko, 2018ko urtarrilaren 11ko Aginduaren bidez iragarritako beste prozedura bat burutu behar zen. Bada, Osasuneko sailburuaren 2019ko ekainaren 14ko Aginduaren bidez prozedurari amaiera emanda, Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean farmazia-bulego bat sortzeko prozeduraren hasiera iragarri zen.

Bigarrena.– Azucena Alonso Chao andreak, farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko interesa zuenez gero, behar bezala eta epean aurkeztu zuen horretarako eskabidea, eta, harekin batera, arloan aplikagarria den araudiak eskatzen duen dokumentazioa.

Hirugarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, onartutako lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, batzorde horren 2020ko urtarrilaren 31ko Erabakia betez (2020ko urtarrilaren 31ko EHAA, 244. zk.).

Hirugarrena.– Erabaki hori irmo bihurtu zen, 2020ko martxoaren 1ean.

Laugarrena.– Farmaziako zuzendariak ofizio bat helarazi zion Azucena Alonso Chao andreari 2020ko martxoaren 2an, zeinaren bidez jakinarazi baitzion hark lortu zuela puntuaziorik handiena aurkeztutako merezimenduen balorazioan, eta, ondorioz, Farmazia-bulegoak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzeko ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako prozedurari ekin behar ziola. Ohartarazi zion, halaber, ezen, xedapen horretan ezarritako epean eskatutako dokumentu guztiak aurkezten ez bazituen, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola esan nahiko zuela.

Bosgarrena.– 2020ko martxoaren 14an, 463/2020 Errege Dekretua argitaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzekoa. Errege-dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian, bertan behera utzi ziren administrazio-epeak.

Bosgarrena.– Ondoren, 2020ko maiatzaren 23an, BOEn argitaratu zen Diputatuen Kongresuaren 2020ko maiatzaren 20ko Ebazpena, zeinaren bidez agindu baitzen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma-egoera luzatzeko erabakia. Ebazpen horrek, hamargarren puntuan eta 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, indarrik gabe utzi zuen 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria, administrazio-epeak bertan behera uzteari buruzkoa. Egun horretatik aurrera, berriz ekin zitzaion bertan behera gelditutako epeak kontatzeari. Horregatik, 2020ko irailaren 20a arte luzatu zen izendapena amaitzeko epea.

Bosgarrena.– 2020ko irailaren 4an, Azucena Alonso Chao andreak Vitoria-Gasteizko udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko baimena eskatu zuen, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta, horrekin batera, dekretu horren 5. artikuluan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu zituen.

Aurkeztutako dokumentuetan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Porticada plaza 4, Ariznabarra-Ajuria-San Martin farmazia-eremuko 1.1.12 osasun-aldean (2. barrutia, 39. sekzioa).

Seigarrena.– 2020ko irailaren 7an, Farmaziako zuzendariaren ofizio baten bidez, espediente honetan interesdun izan daitezkeenei aukera eman zitzaien pertsonatzeko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Hala egin zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Zazpigarrena.– Azkenik, Farmazia-arloa antolatzeko buruak, 2020ko urriaren 1ean, Azucena Alonso Chao andreak aurkeztutako dokumentuei buruzko aldeko txostena egin zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.-–Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 80/2017 Dekretuaren 15. artikuluan.

Bigarrena.– Batetik, aurkeztu diren merezimenduak baloratuta, Azucena Alonso Chao andreak lortu du puntuaziorik handiena, eta, bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, bete dira 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, egiaztatu da lehiakideak dokumentu guztiak eta eskatutako epean aurkeztu dituela. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari baimena ematea farmazia-bulegoa sortzeko.

Edonola ere, emandako baimenak eragina izan dezan, nahitaezkoa izango da funtzionamendu-baimena eskuratzea, 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azucena Alonso Chao andreari baimena ematea farmazia-bulegoa jar dezan Porticada plaza 4. zenbakian (Vitoria-Gasteiz, Araba), berak aurkeztutako dokumentuak aintzat hartuta.

Bigarrena.– Baimen honek indarra izan dezan, Azucena Alonso Chao andreak funtzionamendu-baimena lortu behar du aurretiaz. Baimen hori eskatzeko, lau hilabeteko epea izango du, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Hirugarrena.– Jakinaraz bekie ebazpen hau interesdunei, eta adieraz bekie ez duela administrazio-bidea agortzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela zuzendaritza honi edo Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bai eta egoki irizten dioten beste edozein errekurtso ere.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 1a.

Farmaziako zuzendaria,

JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala