Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2020ko urriaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4325

229/2020 DEKRETUA, urriaren 13koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio SPRI-Enpresaren Garapenerako Euskal Agentziari Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda – Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta zeinaren bidez baimena ematen baita sozietate horren estatutuetako 5. artikulua aldatzeko.

2020ko martxoaren 18an, Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda – Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen Ezohiko Batzar Orokor eta Unibertsalak sozietatearen kapital soziala handitzea erabaki zuen. Gaur egun, 2.790.811,80 eurokoa da kapital hori, 5,05 euroko balio nominaleko akziotan banatuta, dauden akzio guztien balio nominala 0,45 eurotan igoz; beraz, balioa akzio bakoitzeko 5,50 eurokoa da.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 22ko bileran, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 5. zenbakiaren c) letraren arabera, baimena eman ziezaion SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa SA sozietatearen kapitala, guztira 124.343,10 euro ordainduta, hau da, gehikuntza horren % 50. Eragiketa horren ostean, enpresa horretan % 50ekoa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere. Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda – Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen helburu soziala da enpresa-jarduera berriak sortu eta indartu daitezela akuilatu eta sustatzea; horretarako, ekintzaileak atzemango dira, eraikuntzen ustiaketa kudeatuko errentamendu-formulen bidez eta enpresa-izangaiak hautatuko eta horietan ezartzera gonbidatuko. Enpresa horien osagai handi bat berritzailea edo ingurumenari dagokiona izango da, eta enplegua sortuko dute; horretarako, lokalak eta zerbitzuak sustatuko dituzte, berrikuntza eta teknologiaren transferentziaren alde egiteko jarduerak garatuko, ingurumenaren kudeaketa egokia eta lanpostuak sortuko, eta Nerbioi Ezkerraldearen garapen ekonomikoari laguntzeko behar diren jarduera eta zerbitzu oro gauzatuko dira horretarako.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda – Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, guztira 124.343,10 euroko zenbatekoan, gehikuntza horren % 50aren baliokidea. Eragiketa horren ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak % 50eko partaidetza izango du enpresa horren kapital sozialean.

2. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren titulartasuneko akzioen ordezkariari, kapital-gehikuntzaren ondorioz, Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroaren (Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda – Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA) sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzeko adostasuna emateko, zeina honela idatzia geratuko baita:

«Sozietatearen kapitala hiru milioi eta hogeita hemeretzi mila laurehun eta laurogeita hemezortzi euro da (3.039.498), honela banatuta: bostehun eta berrogeita hamabi mila seiehun eta hogeita hamasei (552.636), bost euroko eta berrogeita hamar zentimoko akzioak (5,50), bakoitza balio nominalekoa, 1etik 552.636ra bitarteko zenbaki korrelatiboekin, biak barne, oso-osorik harpidetuta eta ordainduta.

Sozietateak jaulkitako tituluek akzioak ordezkatzen dituzte eta akziodunei entregatuko dira gasturik gabe.

Akzio bat baino gehiagoren jabeentzat titulu anizkoitzak jaulkiko dira, aldez aurretik, hala denean, horiek trukatzeko banakako tituluak eman ondoren».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala