196. zk., 2020ko urriaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (355 KB - 12 orri.)
- EPUB (235 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4051
AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta deitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Saltoki-Bonua» programa.
Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n deklaratu zuen COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemia. Gertakarien bilakaera hain azkarra izan zenez, bai estatu mailan, bai nazioartean, egoera berri horri aurre egiteko berehalako neurri eraginkorrak hartu behar izan ziren.
Martxoaren 14an, 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, Ministro Kontseiluak alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako estatu osoan, osasun-krisiaren egoera kudeatzeko. Dekretu horrek biztanleei zuzendutako zenbait euste-neurri biltzen ditu, eta, 10. artikuluan, merkataritza-jarduera, kultura-ekipamenduak, establezimenduak eta jolas-jarduerak, ostalaritza- eta jatetxe-jarduerak eta beste batzuk mugatzeko neurri zehatzak ematen ditu.
Aipatutako 10. artikuluaren 1. apartatuak honela dio: «Eten egiten da txikizkako lokal eta establezimenduak jendeari irekitzea, honako hauek izan ezik: elikagaien, edarien, premiazko produktuen eta ondasunen txikizkako merkataritza-establezimenduak, farmaziak, establezimendu medikoak, optikak, produktu ortopedikoak eta higienikoak saltzen dituztenak, ile-apaindegiak, prentsa- eta paper-dendak, automoziorako erregaia saltzen dutenak, estankoak, teknologia- eta telekomunikazio-ekipamenduak saltzen dituztenak, lagun egiteko animalientzako elikagaiak saltzen dituztenak, Internet, telefono eta posta bidezko merkataritzan dihardutenak, tindategiak eta garbitegiak».
Horrez gain, aipatutako artikuluaren bigarren puntuak xedatzen duenez, «irekitzeko baimena duten saltokietan, kontsumitzaileak elikagaiak eta premiazko produktuak erosteko behar-beharrezkoa den denbora baino ezingo dira geratu».
Neurri horien ondorioz, eskaintza eta eskaria ezegonkortu egin dira, eta merkataritza-sektorea izan da kaltetuenetako bat.
Horregatik, une honetan, osasun-krisia egonkortu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila zenbait neurri hartzen ari da tokiko merkataritza dinamizatzeko; batez ere, autonomoek, mikroenpresek eta txikizkako merkataritza-sektoreko enpresa txikiek gauzatutakoa.
Hori horrela, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiekin, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin eta Bilboko eta Gasteizko udalekin batera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programa ezarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko asmoz. Programa honen oinarri den erakundeen arteko akordioak pizgarri- eta estimulu-sistema bera garatzen du Euskal Autonomia Erkidego osoan, herritarrek beren lurralde-eremuko saltokietan eskuragarri dituzten deskontu-bonuen bidez.
Merkataritza-sektorea sustatzeko baterako programa honek barne hartzen ditu bai Eusko Jaurlaritzak finantzatutako deskontu-bonuak –banaketa-irizpidea lurralde historiko bakoitzeko merkataritza-establezimenduen kopuruarekiko proportzionala izango da–, bai gainerako erakunde parte-hartzaileek finantzatutakoak –dagokien lurralde-eremuan banatuko dira–.
Erakundeen arteko akordio horrek aukera ematen du parte hartzen duen erakunde publiko bakoitzak, programa honetan ezarritakoarekin bat etorriz, beste ahalegin osagarri batzuk egin ditzan bere jarduketa-eremuan.
Programa hau garatzeko denbora sektoreak planteatutako aurreikuspenak eta parte hartzen duen erakunde bakoitzaren administrazio-jardueraren erritmoak kontuan hartuta diseinatu da. Horretarako, egutegi bat prestatu da, sektorea behar bezala berraktibatzen eta urtarokotasuna gainditzen laguntzeko, bai eta programa ahalik eta gehien hedatzeko eta beharrezkoak ez diren bikoiztasunak saihesteko ere.
Laguntza-programa honek 2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota.
Azaldutako guztiagatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuan (81/2017 Dekretua, apirilaren 11koa) eta Dirulaguntzei buruzko Legean (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuan (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa) xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programaren oinarriak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek gauzatutako txikizkako establezimenduetan ondasunen kontsumoa sustatzeko.
2. artikulua.– Kanpainaren helburuak.
1.– Norbere konturako langileei eta txikizkako merkataritza-sektoreko mikroenpresei eta enpresa txikiei indartzen laguntzea.
2.– Merkataritza-sektorearen oinarri diren herritarrei eta enpresa-sareari laguntzea, eskaria bultzatuta.
3.– Merkataritza-jarduera dinamizatzea, udalerrian eta eskualdean eragina sustatuta.
4.– Merkataritza-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.
5.– COVID-19aren pandemia dela eta alarma-egoera deklaratzearen ondorioz merkataritza-enpresa jakin batzuen jarduera aldi baterako etetearen ondorio ekonomikoa arintzea.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak (Merkataritza Zuzendaritzaren bidez) 3.700.000 euro emango ditu programa hau garatzeko.
4. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Erakunde laguntzaileak direnez, Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialarekin, Bilboko Merkataritza eta Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera Ofizialarekin eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialarekin elkarlanean egingo da dirulaguntzen funtsen banaketa, bonuen truke bidez. Erakunde horiekin batera, orobat, egiaztatuko da eragiketa bakoitzaren baldintzen eta eskakizunen betetzea.
2.– Programa egiteko, erakundeen elkarlana lankidetza-hitzarmen bidez gauzatuko da; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorra izango ditu ardatz, eta lege horietan eta dirulaguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileentzako garapen-xedapenetan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio erakundeari.
5. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Kanpainari atxikitako txikizkako merkataritza-establezimenduetan ondasunak erosteko dirulaguntzak emango dira, bertan eskuragarri egongo den deskontu-bonu mota bakarraren bidez.
2.– «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» horietako bakoitza 10 euroko deskontu-bonu bat izango da, eta atxikitako establezimenduetan egiten den 30 euroko edo gehiagoko erosketan aplikatuko da. Deskontu-bonuak establezimenduek beraiek aplikatuko dituzte, erosketa egiten duten pertsonak identifikatu, eta EAEn bizi direla egiaztatu ondoren. Horretarako, erakunde laguntzaileak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu, apartatu honetan adierazitakoa bermatzeko eta egiaztatzeko.
3.– Pertsona bakoitzak, gehienez, lau deskontu-bonu batu ahal izango ditu, berrogei euroko balioarekin. Onuradunek establezimendu bakar batean edo batean baino gehiagotan erabili ahal izango dituzte deskontu-bonuak.
4.– Saltokiek pertsona fisiko onuradunaren datuekin beteko dute bonua; datu horiek pertsonako 4 bonuren muga kontrolatzeko balioko dute. Horrez gain, erosketa-txartelaren kopia bat erantsiko dute.
5.– Saltokiek ezingo dute bonurik hartu edo gorde bezeroentzat.
6.– Salmenta hobaridunak programa indarrean jartzen den egunaren eta 2020ko abenduaren 31ren artean egindakoak dira.
6. artikulua.– Laguntzen izaera.
Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeaz arduratzen den organoa.
1.– Merkataritza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatzeko organo arduraduna, eta hari dagokio programa behar bezala gauzatzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egitea.
2.– Programa honen kudeaketa-lanak eta dirulaguntzen funtsen banaketa Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberarekin, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin (aurrerantzean, euskal ganberak) elkarlanean egingo dira.
3.– Programa honi esleitutako funts publikoak printzipio hauen arabera kudeatuko dira:
a) Publikotasuna, gardentasuna, aldiberekotasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta ez-baztertzea.
b) Eman duen administrazioak finkatutako helburuak lortzean izandako efikazia.
c) Baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna.
8. artikulua.– Onuradunak.
Laguntza hauen onuraduntzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hemezortzi urtetik gorako pertsona fisikoak, baldin eta hiru lurralde historikoetan banatutako «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» direlakoak eskuratzen badituzte, agindu honetan ezarritako bitarteko eta bideen arabera.
9. artikulua.– Establezimenduek programari atxikitzeko bete behar dituzten baldintzak.
1.– «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programari atxiki ahal izango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden merkataritza-establezimenduak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Beren jardueraren lehentasunezko xedea kontsumitzaileei produktuak eta ondasunak saltzea izatea, agindu honen I. eranskinean jasotako JEZaren epigraferen batean.
b) Enpresaburu autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren 2.2 eta 2.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen duena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
c) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea, eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
2.– Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango du gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko edozein agiri.
Horiek betetzen ez dituzten erakundeek aurkeztutako eskabideak ez dira aintzat hartuko, ez onartuko ere.
10. artikulua.– Programari atxikitzeko prozedura.
1.– Programa honekin bat egin nahi duten saltokiek atxikitze-formularioa bete beharko dute. Formularioa ganbera bakoitzaren webgunean egongo da eskuragarri, lurraldearen arabera.
2.– Saltokiek hiru asteko epea izango dute –agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programari atxikitzeko eskaera egiteko.
3.– Ganberek, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, programari atxikitzeko eskaera egin duten saltokiei jakinaraziko diete programan onartu dituzten edo eskaera ukatu dieten, bai eta, hala badagokio, zenbat deskontu-bonu esleitu dizkieten ere.
4.– Atxikitako establezimenduei behar duten dokumentazioa eta programaren sustapen-materiala emango dizkiete.
11. artikulua.– Deskontu-bonuen banaketa.
1.– Deskontu-bonuak lurralde historiko bakoitzean atxikitzen diren establezimenduetan banatuko dira, bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.
2.– Lurralde historiko bakoitzaren barruan, merkataritza-establezimendu bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da, eta emandako bonuen kopuruaren eta programarekin bat egiten duten establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa izango da.
3.– Deskontu-bonuak erakunde laguntzaileak banatuko ditu hiru lurralde historikoetan, aurreko irizpideei jarraituz eta ehuneko hauekin:
Araba: % 12,4; 45.880 bonu.
Bizkaia: % 52,5; 193.140 bonu.
Gipuzkoa: % 35,4, 130.980 bonu.
Bonuak, guztira: 370.000.
4.– Eusko Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko 370.000 bonu baino gehiago emateko aukera.
5.– Hala ere, eskariaren egoeraren arabera, doikuntzak egin ahal izango dira bonuen banaketan, lurraldeen artean, onuradunei ahalik eta bonu gehien eman ahal izateko.
6.– «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programa gauzatzeko EAEko Administrazio Orokorraren eta Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-ganberen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu eta hurrengo hamar egunen barruan, kudeatu behar den laguntzen funtsen zenbatekoaren % 90 sartuko da hitzarmen hau sinatzen duten ganbera ofizialek adierazitako kontuan. Une horretatik aurrera, ganberak funtsen gordailuzain izango dira, eta gordailuzainak gordailu zibilean dituen zaintza-betebeharrak hartuko dituzten euren gain (Kode Zibilaren 1.758 artikuluan eta hurrengoetan daude araututa).
Gainerako % 10a programa garatzen den bitartean eta amaitu aurretik sartuko da, deskontua duten salmenta-eragiketen arabera. Beranduenez, 2021eko otsailaren 28an aplikatu ahalko dira deskontuak.
7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programari atxikitako establezimenduen zerrenda argitaratu eta eguneratuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza).
12. artikulua.– «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» trukatzeko funtzionamendu- eta kudeaketa-sistema.
1.– Dirulaguntzen programa kudeatzeko, plataforma teknologiko espezifiko bat ez ezik, deskontu-bonuak abian jartzeko eta funtzionamendu-operatiboa eraginkortasunez gauzatzeko egokienak diren aplikazio informatikoak ere erabiliko dira.
2.– Plataforma horren bidez egingo dira dirulaguntzen programari atxikitzearekin lotutako izapide guztiak, bai eta deskontu-bonuak eman, lortu, aplikatu, trukatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak formalizatu ere, agindu honetan zehaztutako baldintzetan.
3.– Kanpainari atxikitako saltokiek erabiltzaile eta pasahitz pertsonalizatuak izango dituzte plataforman sartzeko, eta bertan izango dituzte eskura esleitu zaizkien deskontu-kupoiak.
4.– Kupoi bakoitzak zenbaki zehatz bat izango du, bakarra izan dadin, eta atxikitako saltoki zehatzari lotuta egongo da.
5.– Establezimendu atxikiak deskontu-kupoiak eskaini ahal izango dizkie bezeroei, betiere arau honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
6.– Atxikitako saltokiak erabili diren eta oraindik erabili ez diren kupoiei buruzko informazioa eskuratu ahal izango du kanpaina indarrean dagoen bitartean.
7.– Programari atxikitako establezimenduek astean behin ordaindu eta kobratu ahalko dituzte aplikatutako deskontu-bonuak.
8.– Saltokiak erabili den bonu bakoitza formalizatuko du plataforman, eta, horrekin batera, eroslearen NANaren kopia bat eta erosketa-bat aurkeztu beharko ditu.
9.– Baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, atxikitako saltokiei dagokien zenbatekoa likidatu eta ordainduko zaie, horretarako emandako banku-kontuan.
10.– Programa honi atxikitako establezimenduek plataforman jarraitu ahal izango dute dagokien lurralde-eremuan parte hartzen duten erakundeek etorkizunean egin ditzaketen ekintzetarako, baldin eta, atxikitzeko unean, hori adierazten badute, Datuak Babesteko Legea aplikatuz.
13. artikulua.– Programari atxikita dauden establezimenduen betebeharrak.
«Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programari atxikitako establezimenduek, atxikitze-eskaera sinatu ondoren, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Establezimenduaren kanpoaldean adieraztea programarekin bat egin dutela, publizitate-materialak ageriko leku batean jarrita.
b) Erosleei dirurik ez itzultzea, inola ere ez.
c) Bezeroek ikusteko moduko leku batean jartzea kanpainaren balorazioari buruzko galdetegi labur bat, nahi duenak bete dezan. Galdetegiak bete ondoren, horretarako ematen den helbidera bidaliko dira.
d) Aukera ematea beraiekin harremanetan jartzeko, programak ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko eta, oro har, prozesuaren eta kanpainaren inguruan zer iritzi duten jakiteko.
e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari bidali arte, erosketa-bonu eta tiket guztiak edo jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten fakturak gordetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiaztatu eta kontrolatu ahal izan ditzan.
f) Arduraz zaintzea plataforman sartzeko gakoak, behar ez bezala erabil ez daitezen, eta beste pertsona batzuei ez emateko konpromisoa hartzea.
14. artikulua.– Erakunde laguntzailearen betebeharrak.
1.– Lankidetza-hitzarmena sinatzen duen erakunde laguntzaileak honako ekintza hauek garatzeko konpromisoa hartzen du:
a) Kanpainaren kudeaketan laguntzea eta parte hartzen duten saltokiekin harremanak izateko bidea izatea, haien atxikimendua artikulatzeko eta haren arabera hartutako konpromisoak behar bezala betetzen diren kontrolatzeko.
b) Programa bere webgunearen bidez eta saltokiei informazioa emateko beste bitarteko propio batzuen bidez zabaltzea. Hedapen hori sareko lankidetza-eskema baten bidez egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako bulego teknikoen, merkataritza-federazioen eta beste merkatari-elkarte batzuen bidez.
c) Erakunde interesdunei informazioa ematea eta kanpainarekin bat egiteko prozesuan laguntzea.
d) Funtsen gordailuzaina eta banatzailea izatea, pertsona fisiko onuradunei bonuak banatzeko eragiketak koordinatzea eta salerosketa-eragiketa hobaridunetan erabilitako bonuak trukatzea.
e) Programari atxikitako enpresaburu autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei deskontu-bonuei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.
f) Kontuko funtsak programarako behar bezala erabiltzen direla kudeatzea, kontrolatzea eta gainbegiratzea, sinatutako hitzarmenarekin eta, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzak erakundeari emandako jarraibide espezifikoekin bat etorriz.
g) Kudeatutako guztiaren berri ematea, sinatutako lankidetza-hitzarmenean adierazitako txostenen bidez.
2.– Aurreko klausuletan adierazitako konpromiso eta betebeharrez gain, ganbera ofizialek honako betebehar hauek hartzen dituzte beren gain:
a) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 15. artikuluan adierazitako betebehar guztiak; halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapen guztiak onartuko dituzte, jarduketak gauzatzeari eta garatzeari dagokienez.
b) Honako hau betetzea: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezarritakoa, eta, batez ere, berdintasunaren arloko printzipio orokorrei buruz 3. artikuluan esaten dena; estatistikei eta azterlanei buruz 16. artikuluan esaten dena; hizkera eta edozein euskarritako irudi ez-sexistei buruz 18.4 artikuluan esaten dena; eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateari buruz 23. artikuluan esaten dena.
c) Finantzaketa publikoa dela eta finantzaketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura dagoela zabaltzea, irudi korporatiboaren anagramak eta logotipoak, programaren berariazko irudiak eta Eusko Jaurlaritzaren claima erabilita, formatu bakoitzerako modurik egokienean (Jarraipen Batzordeak baliozkotuko du). Programaren berri eman beharko dute, dagokion atariaren edo webgunearen bidez.
3.– Jarduketa hauek gauzatzean, konfidentzialtasun- eta isiltasun-betebeharrak bete beharko dira, negozioen eta pertsonen datuei dagokienez. Egiaztatze-jarduketak egin eta gero, dokumentazio guztia Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari helarazi beharko zaio.
4.– Erabat debekatuta dago saltokiei egindako diskriminazio edo tratu-desberdintasun oro, bereziki horren oinarrian baldin badago saltegi elkartua den ala ez eta saltokia zein elkartekoa den.
15. artikulua.– Programaren indarraldia.
1.– «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programaren indarraldia programa indarrean jartzen den egunean hasi eta 2020ko abenduaren 31n amaituko da, honako epe hauen arabera:
1) Establezimenduak programa indarrean jarri eta hurrengo hiru asteetan atxikiko dira.
2) Pertsonek establezimenduan bertan lortu ahal izango dituzte deskontu-bonuak, programa indarrean dagoen bitartean egindako erosketetarako.
2.– Programa amaitzen den egunaren ondoren, deskontu-bonuek bere balioa galduko dute.
3.– Programa honi lotutako funts publikoak aurreko lerrokadan adierazitako eguna baino lehen agortzen badira, Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailak horren berri eman beharko du.
4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez, programaren indarraldiaren egunak aldatu ahal izango ditu, egoerak edo antolakuntzari dagozkion bestelako arrazoiek hala eskatuz gero, eta horren berri emango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
16. artikulua.– Ikuskatzea eta ez-betetzeak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, programaren arduradun den heinean, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak, ikuskapenak eta gainerako kontrol guztiak egin ahal izango ditu, ziurtatzeko baliabide publikoak ongi erabiltzen direla eta programa hau modu egokian garatu eta aplikatuko dela.
Establezimendu atxikiek ez-betetzeren bat eginez gero, saltegi horiek «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» programan duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri eman erakunde laguntzaileari, deskontu-bonurik trukatu ez dezan.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen ari direla, eskatzen dieten informazioa eman beharko diete saltegi atxikiek.
17. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.
Agindu honen babesean lortutako dirulaguntza bateragarria izango da beste administrazio publiko batzuetatik edo erakunde pribatuetatik eta eskualde-mailako, estatu-mailako edo nazioarteko erakundeetatik jasotako beste edozein dirulaguntzarekin, laguntzarekin, diru-sarrerarekin edo baliabiderekin.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Kanpainari atxikitako txikizkako establezimenduen eta bonuen onuradunen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran erabili eta sartuko dira. Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
SONIA PÉREZ EZQUERRA.
I. ERANSKINA
KANPAINAREKIN BAT EGIN DEZAKETEN JARDUERA-SEKTOREAK
– 6443 Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
– 6444 Izozkien txikizkako merkataritza.
– 6445 Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.
– 645 Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.
– 651 Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.
– 6511 Etxerako ehungintza-gaien eta jantzi-gaien, alfonbren nahiz antzekoen eta tapizgintza-gaien txikizkako merkataritza.
– 6512 Gorputzerako nahiz bururako mota guztietako jantzien txikizkako merkataritza.
– 6513 Lentzeriaren eta kortseteriaren txikizkako merkataritza.
– 6514 Mertzeriako eta paketeriako gaien txikizkako merkataritza.
– 6515 Jantzi berezien txikizkako merkataritza.
– 6516 Zapaten, larruzko produktuen eta imitaziozkoen nahiz ordezko ekoizkinen, gerrikoen, diru-zorroen, poltsen, maleten eta, oro har, bidaiatzeko gauzen txikizkako merkataritza.
– 6517 Larrukigintzako jantzien txikizkako merkataritza.
– 6522 Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
– 6523 Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.
– 6524 Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.
– 6531 Altzarien txikizkako merkataritza (bulegokoak ezik).
– 6532 Material eta aparatu elektrikoen, elektronikoen eta etxetresna elektrikoen eta etxeko bestelako aparatuen txikizkako merkataritza.
– 6533 Etxeko hornidurarako, burdindegiko, apaindurako, oparitarako edo erakartzeko gaien txikizkako merkataritza (erakartzeko gaiak, imitaziozko bitxiak eta etxetresna elektriko txikiak barne).
– 6534 Eraikuntzako materialen eta saneamenduko gaien eta altzarien txikizkako merkataritza.
– 6535 Ateen, leihoen eta pertsianen, molduren eta markoen, oholtzen eta parket-mosaikoen, saski- eta kortxo-gaien txikizkako merkataritza.
– 6536 Brikolajeko gaien txikizkako merkataritza.
– 6539 Bestelako ataletan bildu ez diren etxeko ekipamendurako gaien txikizkako merkataritza.
– 6545 Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuenak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).
– 657 Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.
– 6592 Bulegoko altzarien eta bulegoko makina eta ekipamenduen txikizkako merkataritza.
– 6593 Medikuntzako, ortopediako eta optikako aparatuen eta tresnen txikizkako merkataritza.
– 6594 Liburuen, egunkarien, papergintzako osagaien eta irudi eta arte ederretako gaien txikizkako merkataritza.
– 6595 Bitxigintzako, erlojugintzako, zilargintzako gaien eta imitaziozko bitxien txikizkako merkataritza.
– 6596 Jostailuen, kiroletako gaien, kirol-arroparen, zapaten eta buruko apaingarrien txikizkako merkataritza.
– 6597 Hazien, ongarrien, lore eta landareen nahiz animalia txikien txikizkako merkataritza.
– 6598 «Sex shop» deituriko txikizkako merkataritza.
II. ERANSKINA
«EUSKADI BONO-COMERCIO / EUSKADI SALTOKI-BONUA» PROGRAMAREKIN BAT EGITEKO ESKAERA
(Ikus .PDF)
Sinatzaileak, aipatutako establezimenduaren edo enpresaren ordezkari gisa, honako hau adierazten du:
– Erakundearen ordezkaria da, eta ahalmen nahikoa du ordezkaritza horretarako.
– Ezagutzen eta onartzen ditu «Euskadi bono-comercio / Euskadi saltoki-bonua» dirulaguntzen programa kudeatzeko ezarritako oinarriak eta prozedura.
– Laguntza-programa arautzen duen aginduaren 4. artikuluan ezarritako bategite-baldintzak betetzen ditu.
– Programarekin bat egiten du, eta bertan ezarritako konpromisoak beteko dituela hitzematen du.
– Egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Egunean ditu dirulaguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak, hala badagokio.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen dio egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzan.
Sinadura eta zigilua:
Sin.: ......................................................................................jauna/andrea.
........................................, 2020ko ......................aren ...............(a).