Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2020ko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4048

AGINDUA, 2020ko irailaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimentzen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzea eta beste batzuk kentzea.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluak ezartzen duenez (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen 6/2001 Lege Organikoa), Autonomia Erkidegoak erabakiko du, izan bere ekimenez, unibertsitatearen gobernu-kontseiluaren erabakiarekin, zein unibertsitatearen ekimenez, titulu ofizialak eta baliozkoak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea, Bi kasuetan, Kontseiluaren aurretiko aldeko txostena beharko da.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluak arautzen du Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek behar diren egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan, kreditu- eta balorazio-sistemetan, eta behar beste neurri hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzaren Europako sisteman txertatzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Ikasketa ofizialen ezarpena arautzen dute, batetik, Unibertsitate-ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak eta haren ondorengo aldaketek, eta, bestetik, abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuak, gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak.

Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenez, hiru ziklotan egituratuko dira izaera ofizialeko eta Estatu osoan balioa duten tituluak lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak: gradua, masterra eta doktoregoa.

Abenduaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren xedea da doktore-titulua eskuratzeko unibertsitate-ikasketa ofizialen hirugarren zikloari dagozkion doktorego-ikasketen antolaketa arautzea; tituluok ofizialak eta baliozkoak izango dira Espainiako Estatu osoan.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluak arautzen du zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko, eta ezartzen du ezen, Unibertsitate Kontseiluak aldeko egiaztapena eman ondoren, Hezkuntza Sailak agindu-proposamen bat egingo duela gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emateko.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko Osokoak, 2020ko uztailaren 15ean, 2020-2021 ikasturtean gradu eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko proposamenaren aldeko txostena eman zuen; proposamen hori Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu zuen.

Unibasq, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, beste unibertsitate batek koordinatu beharreko unibertsitate arteko masterren kasuan, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, aldeko ebaluazio-txostena egin du Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezarri eta kentzeko proposamenei dagokienez; horiek I. eta II. eranskinetan zerrendatuta daude.

Unibertsitate Kontseiluak erabaki du modu positiboan egiaztatzea I. eranskinean zerrendatutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialei dagozkien ikasketa-planak.

Horregatik guztiagatik, eta Gradu eta masterreko tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuz, eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2020ko uztailaren 17ko bilkuran horren berri eman ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eta II. eranskinetan zerrendatzen diren unibertsitateko gradu eta masterreko ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Automatikoki baimentzea III. eranskinean zerrendatutako unibertsitate-masterreko ikasketa ofizialak ezartzea, honako hauetan xedatua bete eta gero: Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikulua eta Unibertsitate-ikasketa ofizialak ordenatzeko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren 25.8 artikulua.

3. artikulua.– Ikasketak kentzeko, honako hauek errespetatuko dira: uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatu zuen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra, eta Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikulua.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.– Agindu hau Unibertsitate Politikako Konferentzia Nagusiari eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek Gobernuari proposamena egin diezaion tituluen ofizialtasuna ezartzeko eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatzeko, bai eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko ere.

Bigarrena.– Baimendutako gradu eta masterreko ikasketa ofizialek hurrenez hurren sei eta lau urte igaro baino lehen izan beharko dute berrituta egiaztapena, hasierako egiaztapenetik aurrera. Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan ezarritako prozedurari egokituko zaio aipatutako berritzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
GRADUKO ETA MASTER UNIBERTSITARIOKO TITULUAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
MASTER UNIBERTSITARIOKO TITULUAK KENTZEA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
MASTER UNIBERTSITARIOKO TITULUAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala