Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2020ko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4046

EBAZPENA, 2020ko irailaren 25ekoa, Joko eta Ikuskizunen zuzendarirena, zeinaren bidez luzatzen baita COVID-19 pandemiak eragindako joko-makinen ustiapen-baimenak aldi baterako eteteko aldia (COVID-19aren inpaktuari aurre egiteko, jokoaren sektoreko presako neurriei buruzkoa den ekainaren 30eko 84/2020 Dekretuak ezarritakoa), eta ezartzen baita alderdi batek ustiapen-baimenak aldi baterako eten daitezela eskatzeko aukera.

COVID-19 pandemiaren ondorioz joko presentzialaren jarduerak geldiarazi eta joko-makinetarako indarrean zeuden ustiapen-baimenak modu faktikoan eten ondoren, ekainaren 30eko 84/2020 Dekretua eman zen, etete horrek jokoaren sektorearen gainean daukan eragin ekonomikoa arintzeko xedez.

84/2020 Dekretuaren 1. artikuluko 1. atalak hauxe ezartzen du: «Aldi baterako etenda egongo dira martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena, indarrean jartzen den egunean ustiatzeko zain edo etenda ez dauden joko-makinak ustiatzeko baimenak, egun horretatik 2020ko irailaren 30era arte. Epe hori beste hiruhileko batez luzatu ahal izango du Jokoa Arautzeko Agintaritzak, interes publikoko arrazoirik badago».

Osasun sailburuak 2020ko ekainaren 18ko Agindua eman zuen, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Agindu horretan zein hori aldatu duten hurrenez hurreneko Aginduetan Osasun sailburuak emandako prebentzio-neurrien ondorioz, ostalaritza-lokal askok itxita jarraitzen dute, besteak beste, ezarritako aforo- eta distantzia-neurriak bete ezin dituztelako. Beste lokal batzuek berriro ireki zuten, baina azkenean itxi behar izan dute arrazoi ekonomiko eta osasun-arrazoiengatik.

Hori dela eta, aurretik azaldutako arrazoiengatik, ezinbestekoa da baimenak eteteko aldia 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzea.

Halaber, 84/2020 Dekretuaren 1. artikuluko 3. atalaren arabera, kokatze-buletinaren sinatzaileetako edozeinek eskatu ahal izango du etendura kentzeko, 1. paragrafoan aurreikusitako epea baino lehen, makinak kokatuta dauden establezimenduaren jarduera hasten den unean, baldin eta buletik hori indarrean badago. Ostalaritza-sektorea zein egoeratan dagoen ikusita, beharrezkotzat jotzen da interesdunari aldi baterako etendura-egoerara itzultzeko eskaera egiteko aukera ematea, baldin eta 84/2020 Dekretuaren 1. artikuluko 1. ataleko baldintzak gertatzen badira eta artikulu horren 2. atalean ezarritako ondorioekin.

Halaber, ustiapen-baimenen titularrak etenaldia kentzeko eskatu ahal zuen, 1. zenbakian aurreikusitako epea baino lehen, ezinbesteko kasu hori edozein unetan desagertu delako.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– COVID-19aren inpaktuari aurre egiteko, jokoaren sektoreko presako neurriei buruzkoa den ekainaren 30eko 84/2020 Dekretuak 1. artikuluan ezartzen duen joko-makinen ustiapen-baimenak aldi baterako eteteko aldia 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzea.

Bigarrena.– 84/2020 Dekretuaren 1. artikuluko 3. atalarekin bat, altan dagoen kokatze-buletinaren sinatzaileetako edozeinek eskatu ahal izango du ustiapen-baimen horiek aldi baterako eteteko, 2. artikuluko ondorioekin, baldin eta 1 artikuluko 1. ataleko baldintzak betetzen badituzte eta baimenaren ustiapena etetearen eta COVID-19 pandemiatik eratorritako prebentzio-neurrien arteko kausa-erlazioa egiaztatu ahal badute.

Hirugarrena.– Ezin izango da eten, baldin eta alta-aldian zehar alderdietako batek indarraldia salatu badu. Nolanahi ere, etete hori 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

Laugarrena.– Ustiapen-baimenen titularrak etenaldia eskatu ahal izango du, 2. ataleko ondorioekin hala badagokio, baldin eta 1. artikuluko 1. ataleko baldintzak betetzen badituzte eta baimenaren ustiapena etetearen eta COVID-19 pandemiatik eratorritako prebentzio-neurrien arteko kausa-erlazioa egiaztatu ahal badute. Etetea 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen; hortaz, horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Segurtasuneko sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskadiko Aldizkari Ofizialean Argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 25a.

Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,

AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.


Azterketa dokumentala