Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2020ko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4045

EBAZPENA, 2020ko irailaren 23koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez bekak iragartzen baitira, kanpo harremanen eremuan gazteak prestatzeko, 2020-2021eko aldirako.

Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuak arautzen ditu kanpo harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak (2019ko otsailaren 1eko EHAA, 23. zk.).

Aipatutako dekretuaren 5.1 artikuluarekin bat etorriz, bekak iragartzen dira kanpo harremanen eremuan gazteak prestatzeko, 2020-2021eko aldirako; beka horiek Lehendakaritzako 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean daude, zeina Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2020ko otsailaren 5eko Ebazpenak onartu baitzuen.

COVID-19aren ondorioz, aurten ez da beka deialdirik egingo EAEren Latinoamerikako eta Estatu Batuetako ordezkaritzetarako, Europar Batasunak hirugarren herrialdeetara joateko mugak itxi baititu.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da: zortzi beka ematea, kanpo harremanen eremuan gazteak prestatzeko, 2020-2021eko aldian.

2. artikulua.– Beken kopurua eta mota.

1.– Modalitate hauen arabera daude banatuta iragarritako bekak:

a) Europako gaiak: lau beka.

b) Kanpoan den euskal komunitatea: bi beka.

c) Kanpo harremanak: bi beka.

2.– Eskatzaile bakoitza deialdiko beka-modalitateetako bakar batera aurkeztu ahal izango da.

3. artikulua.– Destinoak.

1.– Europako gaietako beken onuradunek destino hauetan gauzatuko dute beren jarduna:

a) Bi beka Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.

b) Bi beka EAEren Europar Batasuneko Ordezkaritzan, Bruselan.

2.– Kanpoan den euskal komunitateko beken onuradunek destino hauetan gauzatuko dute haien jarduna:

a) Bi beka Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.

3.– Kanpo harremanetako beken onuradunek destino honetan gauzatuko dute beren jarduna:

a) Bi beka Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.

4. artikulua.– Diru-zuzkidura eta ordainketa.

1.– Iragarritako beka-programaren guztizko kreditua 144.000 eurokoa da; horietatik 72.000 euro 2020ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta 72.000 euro, 20121eko konpromiso-kredituari.

2.– Honako hau izango da beken zuzkidura ekonomikoa:

– Destinoa Vitoria-Gasteizen duen beka bakoitzeko, 16.000 euro gordin.

– Destinoa EAEren Europar Batasuneko Ordezkaritzan (Bruselan) duen beka bakoitzeko, 24.000 euro gordin.

3.– Jasotako zenbatekoak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta Gizarte Segurantzaren araubidearen mende egongo dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten pertsonek aurrez aurre edo bide elektronikoez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko dokumentuak telematikoki izapidetzeko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073105 eta www.euskadi.eus) webgunean, deialdien atalean.

3.– Eskabidea egiteko, eskabide normalizatu bat beteko da, behar bezala; aurreko atalean adierazitako egoitza elektronikoan eta web-orrian dago eskuragarri.

Eskabideak identifikatzeko eta sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak erabili behar dira; helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

4.– Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez egin ahal izango ditu eskatzaileak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da ordezkaritza hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/representantes

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztea aukeratuz gero, interesdunek eranskinean dagoen inprimaki-eredua bete beharko dute, zeina Eusko Jaurlaritzaren web-orrian eskura baitezakete:

http://www.contenidos.servicios.jakinaplus.ejgvdns/web01-s1leheki/eu/contenidos/ayuda_subvencion/espec_prof_2020/eu_def/index.shtml

Eskabideak posta-helbide honetara bidali beharko dira, zein beka-modalitatetara aurkeztu nahi den adierazita:

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia.

Lehendakaritza, Eusko Jaurlaritza.

Nafarroa 2.

01007 Vitoria-Gasteiz (Araba).

Eskabideak, aurreko paragrafoan adierazitako Idazkaritza Nagusian aurkezteaz gain, EAEren Kanpoko Ordezkaritzetan ere aurkeztu ahal izango dira, baita Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan ere (Zuzenean). Horretarako, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean helbidean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko da.

6.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako hutsak zuzentzea.

1.– Martxoaren 26ko 12/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, dokumentu osagarriak hamar eguneko epean bidaltzeko eskatuko dio beka-modalitate bakoitzaren instrukzio-organoak eskatzaileari.

2.– Epe hori igarota, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, dokumentuak aurkeztu ez baditu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan emandako ebazpena eman eta gero.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak aztertuko eta ebaluatuko ditu martxoaren 26ko 12/2019 Dekretuaren 11. artikuluan aipatutako hautaketa-batzordeak, eta hauek osatuko dute:

– Kanpo Harremanetarako zuzendaria; batzordeburua izango da. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, Rafael Hueso Vicentek ordezkatuko du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria bera.

– Mikel Anton Zarragoitia, Europako Gaietarako zuzendaria. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, Iñaki Serrano Lasak ordezkatuko du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria bera.

– Gorka Álvarez Aramburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, José Manuel Meaurio Antónek ordezkatuko du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria bera.

– Elena Iturrate Bizkargüenaga, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria, idazkari-lanak egingo ditu batzordean. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, Loreto Guzmán Fonquernie ordezkatuko du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria bera.

– Ainara Jauregi Rekondo, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, Eloisa Susaeta Azcoitiak ordezkatuko du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria bera.

– Benan Oregi Iñurrieta, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, Andoni Martín Arcek ordezkatuko du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria bera.

2.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hautaketa-batzordeak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren aholkulari den Asier Aranbarri Urzelairen aholkularitza izango du, zeinek hitza izango baitu, baina botorik ez.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 12. artikuluan ezaritakoak dira ebaluazio-irizpideak.

2.– Gehienez 15 puntu emango dira nazioarteko harremanen arloko ezagutzek eta esperientziak pertsonarengan zehaztutako profil akademikoa bekaren edukirako egokia izateagatik. Horretarako, proba idatzi bat egingo da, aldez aurretik adierazitako lekuan eta egunean; eskatzaile bakoitzak emandako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko dira horiek.

9. artikulua.– Lankidetza-bideak.

1.– Izangaiek proba idatzi bat egingo dute: 15 galderako test bat, aukeratzen duten beka-modalitatera egokitua. 30 minutu izango dituzte proba hori egiteko. Galdera guztiek puntuazio bera izango dute, eta 15 puntu emango dira gehienez, honela banatuta:

a) Modalitatea: Europako gaiak.

– 5 galdera, Europar Batasuneko erakunde-esparruari buruzkoak.

– 5 galdera, Europako aktualitate politikoari buruzkoak.

– 5 galdera, Europako aktualitate ekonomikoari buruzkoak.

b) Modalitatea: kanpoan den euskal komunitatea.

– 5 galdera, euskal etxeen esparruari buruzkoak.

– 5 galdera, euskal emigrazioaren memoria historikoari buruzkoak.

– 5 galdera, euskal diasporarako erakunde-programei buruzkoak.

c) Modalitatea: kanpo harremanak.

– 5 galdera, erakunde multilateralei buruzkoak.

– 5 galdera, nazioarteko aktualitate politikoari buruzkoak. Ez da Europari buruzko galderarik izanen.

– 5 galdera, nazioarteko aktualitate ekonomikoari buruzkoak. Ez da Europari buruzko galderarik izanen.

10. artikulua.– Txostenak.

1.– Ikerketa-lanaren garapenaren egoera zehazten duen txosten partzial bat aurkeztu beharko dute bekadunek, urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 16.2.j) artikuluan aurreikusi bezala, baita azken txosten xehatu bat ere, aztertutako gaiei, planteatzen dituzten arazoei, konponbide posibleei eta, oro har, bekarekin lotutako alderdi interesgarri guztiei buruz.

2.– Txosten partziala bigarren ordainketa jaso baino lehen aurkeztu beharko da, eta, nolanahi ere, beka baliatzeko laugarren hilabeteko azken eguna heldu baino lehen.

3.– Beka baliatzeko hamaikagarren hilabetea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da amaierako txosten xehatua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Araudi hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta martxoaren 26ko 12/2019 Dekretua, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraz, ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Eta denek jakin dezaten, www.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 20120ko irailaren 23a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARIA ANGELES ELORZA ZUBIRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala