196. zk., 2020ko urriaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (314 KB - 9 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4041
843/2020 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko Otorrinolaringologiako atalburuaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.
Barrualde-Galdakaoko ESIko Otorrinolaringologiako atalburuaren lanpostua hutsik dago. Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa argitaratzea honakoetan xedatutakoa kontuan hartuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluko arau komunetatik hirugarrenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legeak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, eta zerbitzuburu eta atalburu medikoen deialdietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoari buruzko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Instrukzioak ezarritakoa. Lanpostua lehiaketa bidez beteko da oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epeko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek parte hartu ahal izango dute:
Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupeko langilea, funtzionario edo langile finkoa izatea edo Osasun Sistema Nazionaleko osasun erakundeetako estatutupeko langile finkoa izatea, eta eskainitako lanpostuaren lanbide-talde bereko lanpostu batean jardunean egotea edo lanpostua gordetzea dakarren beste egoera administratibo batean.
A1 lanbide-taldeko titulazioa eta Otorrinolaringologian espezialitatea izatea.
Otorrinolaringologiako Fak. Esp. gisa gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea.
2.– Deialdia argitaratzea.
Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.
3.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
3.1.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak (Labeaga Auzoa 46 A, 48960, Galdakao), 15 egun balioduneko epean, deialdiaren ebazpena dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzen den azken egunaren hurrengotik hasita.
3.2.– Interesdunek Barrualde-Galdakaoko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte beren eskaerak, datu guztiak barne hartuta eta curriculum vitaeaz (CV) lagunduta. Dokumentazioa honako hauek osatuko dute:
NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren kopia konpultsatua.
Funtzionario edo estatutupeko langilearen izendapenaren kopia konpultsatua, edo hala badagokio, langile finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
Eskatutako titulazioaren kopia konpultsatua.
Deialdia EHAAn argitaratzen den garaian ematen ari den zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua kategoria adierazita.
Bete nahi den Atalaren edo Zerbitzuaren kudeaketako memoria-proiektua.
Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien kopia konpultsatua.
Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala balioztatuta dauden alderdiak ez dira nahitaez aurreko lerroetan adierazitako eran egiaztatu behar; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.
4.1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari gerenteak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrian, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zein den adierazita.
Baztertutako izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, adierazitako Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Baztertzeko arrazoia zuzendu daitekeen huts bat baldin bada, behin-behineko zerrenda hori argitaratzen denean, antzemandako akatsak 10 egun balioduneko epean zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak eransteko eskatuko zaie interesdunei, ohartaraziz hala egiten ez badute prozesutik behin betiko baztertuko direla.
4.2.– Erreklamazioak egiteko eta/edo eskaeretako akatsak zuzentzeko epea amaituta, Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari gerenteak, ebazpen bidez, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.
5.– Balorazio Batzordea.
5.1.– Barrualde-Galdakaoko ESIko Zuzendaritza Gerentziak Balorazio Batzordeko kideak ebazpen bidez izendatuko ditu. Ebazpen hori Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoko zuzendari nagusiaren aurrean.
Ebazpena aurrerago adierazitako kudeaketa-proiektuak defendatzeko saio publikoa egin baino gutxienez 10 egun lehenago argitaratu beharko da.
5.2.– Balorazio Batzordeko burua zuzendari medikoa izango da, eta kide hauek izango ditu: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde mediko edo zerbitzuburu korporatiboa, Langileen zuzendaria (idazkari gisa jardungo du eta bozkatzeko ahalmena edukiko du), eta hiru kide horietako bat HAEEk izendatuko du. Hiru horiek izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea eduki beharko dituzte, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izan beharko dute, eta deialdian eskainitako lanpostuaren maila funtzional bereko edo goragoko lanpostu funtzional bat izan beharko dute.
Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, aurrekoak huts eginez gero haren lekua hartzeko, eta kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.
Barrualde-Galdakaoko ESIan ez bada lehenago adierazitako Batzordeko kideen posturen bat, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da.
5.3.– Balorazio Batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduari dagokionez, independenteak izango dira, eta diskrezionalitate teknikoaren babespean jardungo dute, zuzenbidearen pean daudela alde batera utzi gabe.
Batzordearen osaerak emakume eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, egoerek aukera ematen badute betiere. Beraz, sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, ordezkapen orekatua dagoela iritziko da.
5.4.– Batzordeko kideek esku hartzeari uko egin beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan, adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu beretan, prozesuko parte-hartzaileek, edozein unetan, errekusazioa sustatu ahal izango dute, adierazitako lege-testuaren 24. artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Era berean, Balorazio Batzordeak adierazitako 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era arte zehaztutako arauetara egokitu beharko du bere jarduna.
5.5.– Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena izango dute. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta Akta batean jasoko dira.
5.6.– Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta horren objektibotasuna bermatzeko ardura izango du. Halaber, deialdiko oinarrien aplikazioan sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta aurreikusi gabeko kasuetan, zein irizpide ezarri finkatuko du. Gainera, izangaiak ebaluatu baino lehen, ebaluatzeko irizpide zehatzak Akta batean jaso beharko ditu, bertan jasotako oinarriei eta merituen baremoari jarraituz.
6.– Hautatzeko prozedura.
Izangaien merezimenduen balorazioak honako fase hauek izango ditu:
6.1.– Balorazio Batzordeak deialdia egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzen uzteko eskariarekin batera aurkeztu duten memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori gutxienez, hamar egun lehenago egin beharko da, izangaien agerraldia noiz, non eta zer ordutan izango den adierazita, eta Osakidetzaren web-orrian horren iragarki bat argitaratu beharko da.
Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin baino lehen, Balorazio Batzordeko kideek Batzordeko kideei beraiei eragin diezaieketen abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoi posibleak aztertuko dituzte eta organo deitzaileari jakinaraziko dizkiete.
Gero, deialdia egingo zaio izangai bakoitzari proiektuaren aurkezpena eta defentsa egiteko, eta ondoren, elkarrizketa bat izateko. Elkarrizketa horretan, Balorazio Batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdiei buruzko galderak egingo dizkiote izangaiari, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Bai proiektuaren aurkezpena eta defentsa, bai elkarrizketa publikoak izango dira.
Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa amaitutakoan, Balorazio Batzordeak puntuazioa emango dio izangai bakoitzari, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera.
6.2.– Merezimenduen balorazioa.
Balorazio Batzordeak izangai bakoitzaren merituak baloratu eta puntuazioa emango du, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera. Honekin batera dagoen eranskinean, deialdi honetako lanpostua betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa jasotzen da.
6.3.– Akta eta izendapen-proposamena.
Epaimahaiaren Aktan, epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa zehazki jaso beharko da, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta horrez gain, epaimahaiak puntuazioak emateko bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat jaso beharko da Aktan, baita beste ataletako puntuazio xehatua ere.
Deialdian, berdinketa hausteko irizpideak zehaztu daitezke, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa kontuan hartuta.
Izendatua izateko, prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta proiektuaren defentsa baloratzeko atalerako finkatutako puntuazio maximoaren erdia, nahitaez.
Era berean, Aktak Balorazio Batzordeak puntuazio handiena lortu duen pertsona hautagaiaren aldeko proposamena jasoko du.
7.– Prozeduraren ebazpena.
7.1.– Izangaiek aurkeztutako proiektuak eta izangaien curriculumeko merezimenduak ebaluazio fasea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamen bat egingo dio Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari gerenteari puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldekoa, izangaiek baremoko epigrafe bakoitzean lortutako puntuazioak banaka zehaztuta.
Ez baldin badago deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik edo eskatutako gutxieneko puntuazioa betetzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da.
7.2.– Barrualde-Galdakaoko ESIko Zuzendaritza Gerentziak, egindako proposamena aztertuta, proposatutako izangaia deialdian eskainitako lanpostua betetzeko izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko ebazpen bat emango du.
Azken kasu horretan, arrazoia adieraziko du eta hauetakoren bat izan beharko du:
a) Ez da izangairik aurkeztu. Kasu horretan Zuzendaritza Gerentziak deialdia hutsik utzi ahal izango du, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, izapide gehiago egin behar izan gabe.
b) Ez dago deialdiko oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik.
c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.
7.3.– Izendapenaren ebazpena, interesdunei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.
8.– Esleipenaren ondorioak.
Osasun-arloko zerbitzuburu edo atalburu izendatzeak, kasuan kasu, aldi baterako harremana sortuko du, lau urteko epe luzagarrirako, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
9.– Ebazpenaren aurka jotzeko errekurtsoa.
Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzen den azken egunaren hurrengotik hasita.
Galdakao, 2020ko ekainaren 24a.
Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari gerentea,
JON GUAJARDO REMACHA.
ERANSKINA
Merezimenduen baremoa Barrualde-Galdakaoko ESIko Otorrinolaringologiako atalburu lanpostuaren deialdirako.
Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).
Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:
I.– Proiektua eta horren defentsa (gehienez, 30 puntu).
Izangaiek dagokion zerbitzuaren (/atalaren) antolaketari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektu bat aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko diete.
Fase horretako puntuazioa bi atal hauetan banatuta dago:
a) Aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa. (gehienez, 15 puntu).
Kudeaketari buruzko memoria-proiektuan, gutxienez, hurrengo atalak garatu beharko dira. Deialdian eskainitako lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera, deialdiaren ebazpenean, agintaritza deitzaileak a.1), a.2) eta a.3) atal hauei dagokien gehieneko puntuazioa zehaztuko du:
a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako atala (gehienez, 6 puntu).
Zerbitzu/atalaren organigrama, bai buruzagitza-postuaren bai horri atxikitako gainerako postuen funtzioak adierazita.
Zerbitzuak/atalak erakunde bereko beste zerbitzu batzuekin duen harremana.
Buruzagitza/atala kudeatzeko plana, antolaketa-helburuak definituta, hobetu beharreko eremuak aztertuta eta hautemanda eta horiek lortzeko egokiak diren neurriak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak modu efizientean erabiltzeko konpromisoa edo plana.
a.2.– Osasun-laguntzarekin lotutako atala (gehienez, 6 puntu).
Osasun-laguntzako zerbitzuen zorroaren deskribapena.
Osasun-laguntzaren helburuak eta adierazleak finkatzea, eta horrekin batera, horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat.
a.3.– Irakaskuntzaren eta ikerketaren atala (gehienez, 3 puntu).
Zerbitzu/ataleko irakaskuntzaren plangintza zehaztea.
b) Memoria-proiektua Balorazio Batzordearen aurrean publikoki aurkeztea (gehienez, 15 puntu).
Proiektuaren aurkezpen publikoa baloratzeko orduan, memoria-proiektuaren defentsa modu argian eta zehatzean egitea baloratuko da, baita horren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da. Proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, baita proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere.
II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).
Puntuazioa honela banatuko da:
II.1.– Laneko esperientzia (gehienez, 13 puntu).
Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.
Dagokion espezialitatean atalburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Dagokion espezialitatean osasun-arloko administrazio publikoetako zuzendari gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Osakidetza eta Gizarte Segurantza osasunaren arloko zerbitzu-erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako edo edozein administrazio publikotako osasun-zerbitzuetan egindako lana lan-esperientzia gisa baloratuko da, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan egindako lana ere.
Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Ildo horretan, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren zabalkuntza (gehienez, 17 puntu).
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1000 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.
II.2.1.– Kudeaketan prestakuntza izatea (gehienez, 3 puntu).
Osasunaren arloko kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:
20 ordutik 30era: 0,2000 puntu.
31 ordutik 50era: 0,3000 puntu.
51 ordutik 100era: 0,4000 puntu.
101 ordutik 200era: 0,5000 puntu.
200 ordutik gora: 1,2500 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).
Dagokion lanpostuko espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:
20 ordutik 30era: 0,2000 puntu.
31 ordutik 50era: 0,3000 puntu.
51 ordutik 100era: 0,4000 puntu.
101 ordutik 200era: 0,5000 puntu.
200 ordutik gora: 1,2500 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).
Doktorea: 3,0000 puntu.
Doktorea cum laude: 4,0000 puntu.
Graduondoko masterra: 2,0000 puntu.
Unibertsitateko aditu/espezialista: 1,0000 puntu.
Ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma: 1,0000 puntu.
Doktorego-ikastaroa, doktorego-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez 10 ikastaro): 0,1000 puntu.
Doktore, doktore cum laude, ikertzeko nahikotasun edo ikasketa aurreratuetako titulu bat lortzeko balio izan duten programetako doktorego-ikastaroak ez dira baloratuko.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).
Dagokion espezialitatearekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratu, txostenak aurkeztu, komunikazioak egin, hitzaldiak eman edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:
Eskualde bateko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 0,2500 puntu.
Txosten-aurkezpen nazional bakoitzeko: 1,0000 puntu.
Nazioarteko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 1,5000 puntu.
Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.
Ahozko komunikazio/poster nazional bakoitzeko: 0,6000 puntu.
Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.
Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.
Mahai-inguru nazional bakoitzeko: 0,7500 puntu.
Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.
Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.
Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.
Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2,0000 puntu.
Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1,0000 puntu.
Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.
Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.
Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.
II.2.5.– Irakaskuntza-jarduera (gehienez, 3 puntu).
Medikuntzako fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatekoa (urteko): 1,0000 puntu.
Medikuntzako fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,5000 puntu.
Medikuntzako fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,2500 puntu.
Egoiliarren irakaskuntzarako onetsitako tutorea, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,5000 puntu.
Etengabeko prestakuntzako programa ofizialetako irakaskuntza (orduko: 0,0500 puntu.
III.– Euskara-ezagutza (gehienez, 6 puntu).
Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta berau garatzeko arauetan jasotakoaren arabera baloratuko da.