Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2020ko urriaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3962

EBAZPENA, 2020ko irailaren 24koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-aholkularien lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko azterketetarako Euskal Autonomia Erkidegoan.

Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioarekin harremanetan (ADR), otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak nahitaez ezartzen die salgai arriskutsuen errepide-garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresei arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-aholkulari bat edo gehiago izan beharra. Gainera, dekretu horrek segurtasun-aholkulariek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko irailaren 24ko 2008/68/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, Sustapen Ministerioak salgai arriskutsuen errepide- eta trenbide-garraiorako segurtasun-aholkularien lanbide-gaitasunari buruz otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak aurreikusi du horretarako azterketetarako deialdia autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunak egin beharko duela, eta gutxienez urtean behin.

Gainera, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduaren bidez ezarri denez, segurtasun-aholkularien lanbide-gaitasunaren agiriak 5 urteko balioa izango du, eta, ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berrituko da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo proga izango da, eta baldintzak aholkulari berrientzat jarritako berberak izango dira.

Horren ondorioz, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 21.1.j) artikuluak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia egiten da lanbide-gaitasuna egiaztatzeko probetarako, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko segurtasun-aholkularien titulua lortzeko, bai izangai berrientzat, bai behin betiko titulua izan eta, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den eguna erreferentziatzat hartuta, iraungi aurreko urtean daudenentzat.

DEIALDIAREN ONARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

1.– Deialdia egiten da lanbide-gaitasuna egiaztatzeko probetarako, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko segurtasun-aholkularien titulua lortzeko eta berritzeko, behin betiko titulua izan eta, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den eguna erreferentziatzat hartuta, iraungi aurreko urtean daudenentzat.

2.– Errepide-garraioaren modalitatean, izangai berriek, nahi izanez gero, azterketa osoa edo aukeratutako espezialitateak soilik egin ahal izango dituzte. Hona hemen salgai motari jarraikiz bereizitako espezialitate horiek:

– 1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.

– 2. salgai mota: gasak.

– 7. salgai mota: erradioaktiboak.

– 3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

– Nazio Batuen Erakundeak 1202. (gasolioa), 1203. (gasolina) eta 1223. (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

3.– Titulua berritzeko aurkezten direnek lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahal izango dute azterketa.

Bigarrena.– Azterketak.

Otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakora egokituko dira izangai berrien zein titulua berritu behar dutenen azterketak osatuko dituzten probak eta azterketen egitura eta kalifikatzeko modua.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen web-orriaren bidez aurkeztu beharko da:

https://www.euskadi.eus/web01-a3aztseg/eu/m18aWar/m18JSP/m18Indice.jsp

2.– Eskabidea aurkezteko, hamabost egun balioduneko epea egongo da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabide-orria web-orriaren bidez betetakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 21,36 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua, Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. apartatua, eta 2018ko Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legea).

Tasak, zuzenean, Interneteko web-orri horren bidez (linean) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (lineatik kanpo) ordaindu ahal izango dira.

Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Sabadell Guipuzcoano, Bankoa, «La Caixa» eta Bankian) barra-kodeen irakurgailua daukaten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da derrigor, ez baita onartuko okerrak zuzentzeko utziko den epean egitea.

Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak Interneten argitaratuko ditu Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera atera eta hurrengo egunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta Interneten argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

1.– Epaimahaia:

Mahaiburua: Aritz Virumbrales Vinagret.

Mahaikideak:

Arantza Unamuno Lekuona.

Koldo Maiz Mendez.

Marisa Madinabeitia Rivarés.

Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández.

2.– Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian argitaratuko dira.

Bosgarrena.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena Interneteko webgunearen bidez egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak Interneten argitaratuko dira:

https://www.euskadi.eus/web01-a3aztseg/eu/m18aWar/m18JSP/m18Indice.jsp

Azterketak egiteko, parte-hartzaileek maskara, arkatza eta borragoma eraman beharko dituzte nahitaez.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 24a.

Garraio Plangintzaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala