Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2020ko irailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3613

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 31koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bitartez hasiera ematen baitzaio Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde batzordeetako partaide diren eta ikuskaritza-erregimenean parte hartu duten sindikatuei 2020ko dirulaguntzak emateko prozedurari, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarrita dagoen moduan.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, eta, horren II. xedapen gehigarrian, sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei dirulaguntzak emateko prozedurak zehaztu ziren.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Abenduaren 27ko 13/2019 Legeak, 2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 3112 Programan 622.873,00 euroko dirulaguntza ezartzen du sindikatuentzat, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Honenbestez, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Sindikatu Hauteskundeetako Batzordean eta lurralde batzordeetan parte hartzen duten sindikatuei, bai eta dekretu honetan araututako ikuskaritza-erregimenean parte hartzen duten sindikatuei ere, dagokien dirulaguntza emateko prozedurari hasiera ematen zaio.

Hori guztia dela eta,

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako partaide diren eta dekretu honetan araututako ikuskaritza-erregimenean parte hartzen duten sindikatuei 2020ko dirulaguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen duen moduan.

2. artikulua.– Aurrekontu dotazioa.

2020. urterako aurrekontu dotazioa 622.873,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusiaren kargura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2020ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota, administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela egiaztatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko litzateke.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean eduki beharko dituzte.

b) Ezingo dute eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo dirulaguntzak eskuratzeko aukera galarazten dienik, eta, halaber, ezingo dira egon horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren batean, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Ezingo dira egon Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak) bere 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoeretan.

2.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

3.– Organo kudeatzaileak behar adina aldiz eta automatikoki egiaztatuko du laguntza hauek jasoko dituzten erakunde sindikalek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta horretarako ez du erakundeen baimena beharko.

Hala ere, erakunde sindikal horiek berariaz ukatu ahal izango diote baimena. Kasu horretan, arauz ezarritako eran aurkeztu beharko dituzte ziurtagiriok.

4.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak) 50.4. atalean ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, laguntza hauen onuradun suertatzen diren erakunde sindikalek bete egin beharko dute azaroaren 17ko 38/2003 Legeak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak) 14., 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak) 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere; eta, zehazki, honako hau:

a) Dirulaguntza eman ahal izateko moduko egoera batean egotea.

b) Jasotako finantzaketaren izaera publikoa agerraraztea.

c) Dirulaguntza jasotzeko jarduera egin izana eta gainerako baldintzak justifikatzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beharrezko informazio oro ematea, jasotako laguntzen xedea fiskalizatzeko eta jatorrizko helburuak betetzen direla egiaztatzeko funtzioak betez.

e) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari xede bererako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso den, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik.

f) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatu den, baldin eta egoera hori dirulaguntza emateko orduan erabakigarria bada, bai eta Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea ere, datuak egiaztatu, jarraipena egin eta kontrolatzeko prozeduretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 31.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala