Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2020ko irailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3602

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Getxoko (Bizkaia) «Madre del Divino Pastor» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko baimena emateko dena.

Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko baimena eskatzeko Getxoko «Madre del Divino Pastor» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea aztertu da.

Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedurari jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Arau hauek ikusi dira: Apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua, apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duena (martxoaren 12ko BOE); azaroaren 16ko 215/2010 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003ko eta 2003-2004ko ikasturteetan) indarrean iraunarazten dituena (azaroaren 19ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ikastetxe honi baimena ematen zaio, 2020-2021eko ikasturtetik aurrera, Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko:

Kodeak: 480050159 eta 014750.

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua.

Izen espezifikoa: «Madre del Divino Pastor».

Titularra: Capuchinas de la Madre del Divino Pastor.

Helbidea: Gobela17.

Udalerria: Getxo.

Lurralde historikoa: Bizkaia.

Baimentzen den irakaskuntza: Haur Hezkuntzako 1. zikloa.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: unitate 1, bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat, 18 ikaspostukoa.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 3 unitate, 75 ikaspostu.

– Lehen Hezkuntza: 6 unitate, 150 ikaspostu.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 4 unitate, 120 ikaspostu.

– Hezkuntza Berezia: gela ireki 1.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako irakaskuntzak emango dituzten irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, emandako baimena baliogabetuko da.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek ez betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi laguntzarik lortuko denik hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala