Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2020ko irailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3600

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2020-2021 ikasturtean (IE2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren arreta).

Heziberri 2020 Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren IE 2 lerro estrategikoaren arabera, zeina hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari eman beharreko arreta bultzatzeari buruzkoa baita, agindu hau justifikatzen da. IE 2.1 epigrafean, berariaz adierazten da hau: etnia dela-eta diskriminatzailea ez den eskolatzea bermatuko da, ikasle ijitoen harrera, prozesu eta arrakasta akademikoa optimizatzeko.

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua lortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta derrigorrezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Nahiz eta haien eskolaratzeari dagokionez, aurrerapen handiak izan azken urteetan, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienek duten maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:

– ijitoen kulturarekiko ezjakintasuna eta ijito-herriaren egiazko egoerari eta ijito-familien garapena oztopatzen duten dinamikei edo barrerei, eta, oro har, egungo gizartean berdintasun-ezak areagotu arazten dituzten dinamikei buruzko hausnarketarik eza;

– ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari egotea, ia beti negatiboak, eta

– itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragitea ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere.

Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana garatzen ari da, eta, era berean, kolektibo horri parte harrarazi nahi dio ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko helburuz egiten diren beste zenbait neurritan, programetan eta abarretan.

COVID-19k eragindako osasun-krisiak ikastetxeen ohiko funtzionamendua oztopatu du, eta, bereziki, eragin handia izan du ikastetxeek 2019-2020 ikasturterako prestatutako proiektuak eta programak betetzean, ez baitzen aurrez aurreko hezkuntza-jarduera etetea aurreikusi. Beraz, 2020-2021 ikasturteko plangintzak aukera hori kontuan hartu beharko du.

Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2020-2021 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta berauen artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira, eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia –zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren27ko 13/2019 Legean onartutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diruz laguntzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetara laurehun hogeita hamabost mila zortziehun eta laurogeita hamar (435.890) euroko zenbatekoa bideratzen da, lurraldeka honela banatuta:

a) Araba: 69.742 euro.

b) Gipuzkoa: 143.844 euro.

c) Bizkaia: 222.304 euro.

2.– Eskaerei erantzun ondoren hiru lurraldeetako edozeinetan dagokien kontsignazio ekonomikoa agortzen ez bada, soberakina beste bi lurraldeei dagozkien laguntzak ordaintzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, irakasleen zuzendaritzapean, ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ijitoak dauden ikastetxeetan kulturen arteko bizikidetza hobetzeko asmoz egiten diren jarduera guztiak.

2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetzan. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:

a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

I.– Zenbait ekintzetan lankidetzan jardutea –ekintza horiek irakasleek diseinatu eta gainbegiratuko dituzte, eta, hori dela eta, eskola-inklusioaren ikuspegitik zeharkako konpetentzien garapena bultzatzeko laguntza emango die ikasleei–, lehentasuna talde-ikasgelaren barnean egiten den lanari emanez beti.

II.– Ikastetxearekin lankidetzan jardutea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak...).

III.– Ikasleen banakako jarraipenean tutoreekin lankidetzan jardutea, irizpide inklusiboetan oinarrituta egiten diren tutoretzatan ere parte hartuz.

IV.– Taldeko tutoretza-saioetan parte hartzea, tutoreek hala eskatzen dutenean.

V.– Ijito-herriari ikastetxe barruan bistaratzen laguntzeko jarduerak.

VI.– Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak, esaterako, ikastetxean eskola-arrakasta izan duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.

b) Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:

I.– Seme-alaben hezkuntza-prozesuan familien parte-hartzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizunaren, lanaren eta ikasketa- nahiz lan-ohituren garapenean laguntzeko.

II.– Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren partaidetzarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak...).

III.– Eskolarik gabeko uneetan ikastetxeek ijitoen erakundeekin zuzeneko lankidetzan antolatutako jarduerak.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen gutxieneko eskakizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta eta alta emanda egon behar dute eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2020-2021 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako egoera batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betekizunak ordainduta izatea. Baldintza horiek dirulaguntza likidatu arte bete behar dira, eta horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza eman eta ordainketak egiten diren uneetan.

4.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik ez izatea, eta ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenarekin bat.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

5. artikulua.– Eskakizunak nola egiaztatu.

1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta ote dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta dauden.

2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo emaileari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko unean egiaztatuko da, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak eskabidea aurkeztatzerakoan berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabidea egin eta aurkeztean. Gainera, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan berariaz adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.

c) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

e) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

f) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

5.– Arestian adierazitako betekizunak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, eta, hori ez bada behar bezala egiten, 8. artikuluan aurreikusten den zuzenketa izapidetzearen bitartez.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

3.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Eskabideak, 2020-2021 ikasturtean garatuko diren jardueren proiektuarekin batera, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, epea amaituko da epemugako hilabetean argitaratu zen egun berean; epemugako hilabetean egun baliokiderik ez badago, epea iraungitzat joko da. Hilaren azken eguna baliogabea bada, epea lehen egun baliodunera luzatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/alumngit-ijikas/web01-tramite/eu/

3.– Eskabidearekin batera (I eranskina), 2020-2021 ikasturterako jardueren proiektua aurkeztu beharko da. Proiektu horretan, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua jaso beharko da, jarduera bakoitzak izango dituen langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.

4.– Jardueren proiektuak gehienez hamabost orri izango ditu eta honako atal hauek jaso beharko ditu:

a) Esku-hartzearen lurralde-eremua: Jarduera egingo den lurralde historikoa eta udalerriak.

b) Ikastetxe hartzaileak: jardueretan parte hartuko duten ikastetxeak; jarduerak zer ikas-mailatan egingo diren adierazi behar da.

c) Ikasleak: ikasle hartzaileen kopurua: ijito-etniako ikasleen ehunekoa adierazi behar da, bai eta 2020-2021 ikasturtean zuzeneko arreta eman zaien ikasleen kopurua ere.

d) Jarduerak: jardueren deskribapena, mota (Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzera zuzendutakoa edo kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoa), helburuak, ekintza zehatzak, arduradunak, gauzatze-egutegia, jardueren ordutegia eta lorpen-adierazleak.

e) Baliabideak: erakundeak jarduera gauzatzeko jarritako baliabide ekonomikoak eta materialak. Proiektua gauzatzeko baliabide pertsonalak, tituluak, jarduerarako aurreikusitako ordu kopurua eta langile horiek ijito-komunitatearekin duten lotura.

5.– COVID-19 izurriteak eragindako egoeraren bilakaera ziurtasunez iragartzea ezinezkoa denez, beharrezkoa da erakundeek aurreikustea proiektua egoera posibleetara nola egokitu; aurrez aurreko irakaskuntzara, aurrez aurreko eta aurrez aurrekoa ez den irakaskuntza konbinatura, eta, aurrez aurrekoa ez den irakaskuntzara soilik.

Erakundeek bermatu beharko dute proiektu honen garapena bere gain hartzen duten langileek proiektuari aurre egin ahal izateko behar den gaitasun digitala dutela.

6.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabidea (I eranskina), helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/alumngit-ijikas/web01-tramite/es/

7.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, honako hau eskatuko zaio erakunde interesdunari: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Baldin eta epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9. artikulua.– Datu pertsonalak.

Agindu honetako prozeduretan aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egingo du, datuen tratamenduaren «arduradun» gisa. Datu pertsonal horien tratamenduaren xede izango da deialdi hau kudeatu eta ebazpena ematea. Horren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskaeran oinarritzen da xede hori.

Interesdunek beren datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa erabil ditzakete, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere; horretarako, idazki bat bidali behar dute helbide honetara: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du deialdi honetako II eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkio ikasle ijitoen eskolaratzearen arduradunari.

2.– Ebaluazio-batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

b) Bokalak:

I.– Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako arduradunak.

II.– Pedagogia Berriztatzeko zuzendariak izendatutako teknikari bat, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzakoak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

III.– Berritzegune Nagusiaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

3.– Emandako txostenak eta eskabideen balorazioa kontuan izanik, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren, eta zer diru-hornidura proposatzen den ekintza bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

4.– Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskaerak baloratu ostean, batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu edo baztertu den adieraziko du.

12. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak balioesteko, II. eranskinean ezarritako baremoa hartuko da kontuan.

2.– Deialditik at utziko dira a) atalean 6tik beherako puntuazioa edo guztien batuketan 15etik beherakoa duten eskaerak.

3.– Diruz lagunduko dira 12.2 artikuluan zehaztutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuak. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek jaso daitekeen zenbatekoaren % 100era arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute (gastuak ken diru-sarrerak).

4.– Lurralde bakoitzean, aitortu beharreko dirulaguntzen guztizkoa 2. artikuluan jasotako zenbatekoak baino handiagoa izanez gero, proiektu bakoitzaren aurrekontuari bakoitzak lortzen duen puntuazioaren araberako ehunekoa aplikatuko zaio.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko ditu agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen deialdiaren prozedurak. Dagokion ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

2.– Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, agindu hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

3.– Gehienezko epea amaitu eta prozeduraren ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal dute eskabidea ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluaren ondorioetarako.

4.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ezingo da dirulaguntzarik ez esleitu, ez ordaindu itzulketa-prozeduraren batetik eratorritako dirulaguntzaren bat itzuli ez dutenei.

14. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

1.– Erakunde onuradunentzat, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bana eratuko du. Kide hauek izango ditu: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo beronen ordez dagoena, zuzendari horrek izendatutako funtzionario bat eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.

2.– Hona hemen batzordearen eginkizunak:

Sailak aintzat hartzen dituen beharrizanen arabera, erakunde onuradunen jarduerak zein ikastetxetan egingo diren erabakitzea. Lehentasuna izango dute Hamaika Esku jarduera-planean parte hartzen duten ikastetxeek.

a) Ikastetxe bakoitzean zer jarduera, ordutegi eta abar izango diren zehaztea.

b) Jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, baliabideak berriro antolatzea.

c) Proiektuaren barruko jarduera guztiak ebaluatzea.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira erakunde onuradunak Hezkuntza Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari (III. eranskina).

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

5.– Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan garatzea.

6.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

7.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea.

17. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren % 20, emandako laguntza onartu eta berehala egingo da, baldin eta erakunde onuradunak lehenengo ordainketari dagokion zenbatekoaren % 50 justifikatu badu.

b) Gainerako zatia, dirulaguntza osoaren% 80, proiektuaren ordura arteko garapena jasotzen duen tarteko memoria aurkeztu ondoren ordainduko da. Memoria horretan, garatzen ari den lan-plana jasoko da, eta esku hartzen ari den ikastetxeen eta ikasleen kopurua adieraziko da, bai eta esku-hartze mota ere, hezkuntza-etapen eta sexuaren arabera banakatuta. Memoria hori 2021eko urtarrilaren 7tik 29ra entregatuko da, bi egun horiek barne, dokumentu bakar batean, eta ezingo ditu hamar orri baino gehiago izan.

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora zuzendu beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

18. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2021eko ekainaren 30ean hasi eta 2021eko abuztuaren 31ra arte, egun hori barnean dela, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» (IV. eranskina) izeneko formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, eta, horri erantsita, hezitzaileen nominak eta TC2 agiriak eta gainerako gastuen faktura eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Agiri horiekin batera, programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena aurkeztu beharko dute, honako hauek bilduko dituena:

a) Ikastetxe bakoitzeko esku-hartzearen fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-plangintzaren garapen-maila eta horren balorazioa jasotzen dituena.

b) Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.

3.– Justifikazioak eta memoria (V eranskina) bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/alumngit-ijikas/web01-tramite/eu/

19. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –dirulaguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian adierazitako egoera batean egotea, edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotakoren batean.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da euskal autonomia erkidegoko auzitegi nagusian, bi hileko epean, euskal herriko agintaritzaren aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKAERAK BALIOESTEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BESTE FINANTZAKETA-ITURRI BATZUK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
GASTUEN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
BUKAERAKO MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala