176. zk., 2020ko irailaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (351 KB - 12 orri.)
- EPUB (227 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
3516
18/2020 DEKRETUA, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak lehendakariari ahalmena ematen dio sailak sortu eta ezabatzeko, sailen izenak zehazteko eta sailen artean eskumenak banatzeko.
Legebiltzarrean gobernu-programaren ildo nagusiak aurkeztu ondoren, egokitu egin behar da aurreko legegintzaldirako onartu zen sail-egitura; azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren eta horren aldaketaren bidez onartu zen egitura hori. Horrela, egitura egokituta, lan politiko-administratiboaren jarraipena bermatuko duen trantsizio ordenatua ezarriko da.
Horren ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenen arabera, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura osatzen duten sailak eta sail bakoitzaren egiteko eta jardun-arloak finkatzea da dekretu honen xedea.
2. artikulua.– Administrazioaren egitura.
Honako sail hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak:
a) Segurtasuna.
b) Lana eta Enplegua.
c) Gobernantza Publikoa eta Autogobernua.
d) Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena.
e) Ekonomia eta Ogasuna.
f) Hezkuntza.
g) Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak.
h) Osasuna.
i) Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak.
j) Kultura eta Hizkuntza Politika.
k) Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa.
3. artikulua.– Lehendakaritza.
1.– Autonomia Estatutuak, Jaurlaritzaren Legeak eta beste lege-xedapen batzuek lehendakariari ematen dizkioten egitekoak bete ahal izateko, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organoen laguntza izango du lehendakariak. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura eta egitekoak dekretu bidez zehazten dira. Jaurlaritzaren Lehendakaritzak honako jardun-arlo hauek izango ditu:
a) Lehendakariari laguntza ematea Jaurlaritzaren jarduera planifikatzen eta koordinatzen; halaber, gobernu-programa eta plan estrategikoak bultzatzea eta jarraipena egitea.
b) Jaurlaritzaren bozeramailetza.
c) Erakundeen arteko eta sailen arteko koordinazioa, gizarte- eta sektore-eraldaketei aurre egiteko, lankidetza-gobernantzako eredu batean.
d) Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika.
e) Parte-hartze soziala eta herritarrentzako informazio zuzena, multimedia- eta komunikazio-teknologia berrien bidez edukiak sortuz, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin lankidetzan.
f) Gizarte- eta erakunde-harremanak.
g) Euskadiren ordezkaritza- eta proiekzio-politika kanpoan.
h) Jaurlaritzaren politika gai hauetan: Europako gaiak, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeak.
i) 2030 Agendaren ezarpena bultzatzea, hargatik eragotzi gabe agenda hori Jaurlaritzaren sektore-politiken bidez gauzatzea.
j) Prospekzio eta analisi soziologikoa.
k) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana bultzatzea eta koordinatzea, eta Berrikuntza Funtsa kudeatzea.
l) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikitzen zaio «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua», apirilaren 8ko 49/2014 Dekretuan aurreikusitako moduan.
3.– Jaurlaritzaren Lehendakaritza sailtzat joko da aurrekontuetarako eta kontrataziorako.
4. artikulua.– Egitekoak eta jardun-arloak banatzea.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. eta 16. artikuluetan lehendakariari eta Jaurlaritzari esleitzen zaizkien eskumenak eta lehendakariordeei esleitzen zaizkienak alde batera utzi gabe, 2. artikuluan aipatutako sailek artikulu hauetan zehazten diren egitekoak beteko dituzte euren titularren ardurapean eta dagozkien jardun-arloetan.
5. artikulua.– Segurtasun Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Segurtasun Sailari:
a) Autonomia-erkidegoko polizia.
b) Herritarren segurtasuna.
c) Hauteskunde-administrazioa.
d) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea.
e) Trafikoa eta bide-segurtasuna.
f) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak.
g) Segurtasun arloko transmisioak eta komunikazioak.
h) Poliziaren ibilgailuak.
i) Meteorologia.
j) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
k) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaio «Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia» administrazioko erakunde autonomoa.
6. artikulua.– Lan eta Enplegu Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lan eta Enplegu Sailari:
a) Enplegu-politika, eta enplegurako lanbide-heziketa, dekretu honen 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan.
b) Lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea.
c) Gizarte-ekonomia: kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa.
d) Enpresen gizarte-erantzukizuna.
e) Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan.
f) Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistema.
g) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
h) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea / Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales» eta «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua» erakunde autonomoak.
7. artikulua.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari:
a) Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta erakundearteko harremanak eta komunikazioak.
b) Autonomia-erkidegoaren garapenerako politika eta, xede horretarako, sailen jarduerak koordinatzea.
c) Jaurlaritzaren Idazkaritza.
d) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
e) Enplegu publikoa, administrazioaren antolamendua eta langileen araubide juridikoa eta ordainsariei buruzkoa.
f) Administrazioa modernizatzea eta erreformatzea, bai eta administrazio digitala eta gobernu elektronikoa eta gardentasun-politika ere. Irekia-Gobernu irekia plataformaren kudeaketa.
g) Pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez.
h) Autonomia Estatutuaren defentsa juridikoa.
i) Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa eta, oro har, legezkotasunaren barne-kontroleko eta aholkularitza juridiko orokorreko egitekoak betetzea.
j) Eusko Jaurlaritza eta haren organoak judizioetan ordezkatu eta defendatzea.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibil eta Berezia.
l) Toki-araubidea.
m) Euskal administrazio publikoen antolaketa- eta prozedura-araubidea, eta euskal gobernantza publikoa aplikatzeko eredua diseinatzea politika publikoak zehaztu eta gauzatzean.
n) Elkarte, fundazio eta elkargo profesionalak, hargatik eragotzi gabe sailek, beren sektore-eremuan, horiekin dituzten harremanak.
o) Hainbat sailetarako diren zerbitzuak eta argitaratze-jarduera.
p) Informazio- eta telekomunikazio-sistema korporatiboak.
q) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
r) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio: Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa; «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea / Instituto Vasco de la Administración Pública (IVAP)» administrazioko erakunde autonomoa; eta «Itelazpi SA» eta «Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea-Sociedad Informática del Gobierno Vasco SA (EJIE)» sozietate publikoak.
8. artikulua.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari:
a) Industria-politika eta enpresa-lehiakortasuna.
b) Berrikuntza eta teknologia.
c) Euskal gizartean, informazioaren eta ezagutzaren gizartea sustatu eta garatzea, betiere administrazio eta gobernu elektronikoaren arloko jarduerak alde batera utzi gabe.
d) Industria- eta enpresa-nazioartekotzea.
e) Eraldaketa digitalerako eta adimen artifiziala garatzeko eta sustatzeko Gobernuaren politika proposatzea eta gauzatzea.
f) Energia eta meategiak.
g) Artisautza sustatzea eta indartzea.
h) Nekazaritza eta abeltzaintza sustatzea eta antolatzea.
i) Landa-garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa.
j) Abeltzaintza eta basoak.
k) Ehiza eta arrantza kontinentala.
l) Arrantza.
m) Nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriak eta merkaturatzea.
n) Basozaintzako lehen transformazioko industriak.
o) Nekazaritzako elikagaien politika: nekazaritzako elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, jatorri-deitura ematea eta kalitatea kontrolatzea.
p) Mahastizaintza eta enologia.
q) Nekazaritzako eta itsasketa-arrantzako prestakuntza, dekretu honen 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Nekazaritzako eta itsasoko eta arrantzako lanbide-gaikuntza sustatzea. Nekazaritzako eta ozeanografiako ikerketa, dekretu honen 10.1.c) artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
r) Energia-trantsizioa.
s) Ingurumena. Klima-aldaketaren aurkako borroka.
t) Ekonomia zirkularra.
u) Natura-ondarearen kontserbazioa.
v) Urak. Ubideak eta ureztaketak.
w) Baliabide naturalak antolatzea eta natura kontserbatzea.
x) Portuak eta itsas gaiak.
y) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
z) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia», «Energiaren Euskal Erakundea / Ente Vasco de la Energía (EEE/EVE)», «Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua» eta «Euskadiko Kirol Portuak» zuzenbide pribatuko ente publikoak; «NEIKER-Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea SA», «Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa» eta «Zumaiako Kirol Portua SA» sozietate publikoak; «Fundación HAZI Fundazioa» eta «ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa-Fundación Vasca para la Seguridad Agroalimentaria» sektore publikoko fundazioak; eta «Basque Research and Technology Alliance Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa».
9. artikulua.– Ekonomia eta Ogasun Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ekonomia eta Ogasun Sailari:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak zuzendu, landu eta kudeaketa orokorra egitea, bai eta jarraipena eta kontrola ere. Horrez gain, aurrekontu-programazioa egitea.
b) Sektore publikoaren aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna.
c) Barneko ekonomia-kontrola, kontabilitatea eta kontabilitate-erantzukizunak.
d) Laguntza eta dirulaguntza publikoen araubidea arautzea eta gainbegiratzea.
e) Kredituaren antolamendua, finantza-politika eta finantza-erakundeekiko harremanak. EAEren finantzaketa eta partaidetza publikoko tresna publikoen kudeaketa euskal sektore ekonomikoetan.
f) Aurrezki-kutxak, banku-fundazioak eta kreditu-kooperatibak.
g) Diru-bilketaren kudeaketa, diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea.
h) Aseguru- eta berraseguru-jarduera, bai eta aseguru-bitartekaritzaren jarduera baimentzea eta kontrolatzea ere.
i) Balore-merkatua.
j) Gizarte-aurreikuspeneko erakundeak.
k) Ekonomia Ituna, Estatuarentzako kupoak eta lurralde historikoen ekarpenak. Transferitzeko eskumen edo zerbitzuak baloratzea, eta Estatuarekiko finantza-fluxuak finkatzea, Gizarte Segurantzaren finantzaketari dagokionez.
l) Finantza-jarduera beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea.
m) Harmonizazio, koordinazio eta lankidetza fiskala.
n) Zergen administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak.
o) Ondarea eta kontratazioa.
p) Gobernuaren politika ekonomikoa eta plangintza estrategikoa, bai eta programa eta politika publikoen ebaluazioa eta azterketa ere.
q) Europako kohesio-politika, Europako berreskuratze- eta erresilientzia-funtsen plangintza eta azterketa.
r) Ikerketa ekonomikoa. Azterlan eta metodo ekonomikoak. Ekonomiaren koiuntura eta aurreikuspena.
s) Lehiaren defentsa.
t) Estatistika.
u) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
v) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio: «Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística (EEE/IVE)» eta «Lehiaren Euskal Agintaritza» administrazioko erakunde autonomoak; eta «Finantzen Euskal Institutua» zuzenbide pribatuko ente publikoa.
10. artikulua.– Hezkuntza Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Hezkuntza Sailari:
a) Irakaskuntzaren alorrean Autonomia Estatutuan ezartzen diren ahalmenak, araubide orokorrekoak zein araubide berezikoak, etapa eta maila desberdinak barnean direla, bai eta goi-mailako hezkuntza ere. Bizitza osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere sartzen dira.
b) Lanbide-heziketaren arloko zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-eginkizunak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta nekazaritzako eta itsasketa- eta arrantza-arloko enplegurako lanbide-heziketaren eta arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailen eta erakundeen laguntzarekin.
c) Zientzia-politika; ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzea.
d) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
e) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia» zuzenbide pribatuko ente publikoa, «Haurreskolak» partzuergoa eta «Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia-Musikene».
11. artikulua.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari:
a) Lurraldea eta itsasertza antolatzea.
b) Hiri-agenda.
c) Lurzorua eta hirigintza.
d) Etxebizitza; etxebizitzari lotutako lurzorua eta hirigintza.
e) Arkitektura, eraikuntza, jasangarritasuna eta kalitatea eraikuntzan.
f) Irisgarritasunaren sustapena.
g) Trenbideak.
h) Bide-sarea.
i) Lurreko, itsasoko, ibaiko eta kable bidezko garraioak.
j) Heliportuak eta aireportuak.
k) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
l) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio: «ETS-Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea» zuzenbide pribatuko ente publikoa; eta «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA / Vivienda y Suelo de Euskadi SA (Visesa)», «Alokabide SA» eta «Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos SA (ET/FFVV)» sozietate publikoak.
12. artikulua.– Osasun Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Osasun Sailari:
a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.
b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.
c) Zaintza epidemiologikoa.
d) Farmazia-antolamendua.
e) Droga-mendekotasunak.
f) Adikzioak.
g) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
h) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua» zuzenbide pribatuko ente publikoa eta «Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa-BIOEF» sektore publikoko fundazioa.
13. artikulua.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari:
a) Generoaren aukera-berdintasunerako politika.
b) Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.
c) Gobernuak berdintasunaren arloan duen politika eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izateko eta diskriminazio mota oro desagerrarazteko politikak proposatzea eta gauzatzea.
d) Botere Judizialarekiko harremanak zaintzea.
e) Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea.
f) Espetxe-establezimenduak eta, bereziki, horien antolaera, funtzionamendua eta espetxe-legeak betetzea, lege horiek Espetxe Administrazioko organo zentralei ematen dizkieten ahalmenen egikaritzea bere gain hartuz.
g) Adingabe arau-hausleen arloko eskumenak baliatzea, adingabea babesteko eskumena duten gainerako organo eta administrazioekin lankidetzan.
h) Notarioak eta jabetza-erregistratzaileak izendatzea.
i) Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzea Justizia Administrazioan.
j) Giza eskubideak eta bizikidetza gauzatzeko baldintzak sustatzea.
k) Biktimen eta memoriaren politikak zuzendu eta koordinatzea.
l) Gobernuak memoria historiko eta demokratikoaren arloan duen politika proposatzea eta gauzatzea, bai eta erlijio-askatasunerako eskubidea erabiltzea ere.
m) Familia babestea eta lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.
n) Komunitate-garapena. Gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak.
o) Familia-bitartekaritza.
p) Haurrak eta nerabeak. Adingabearen babesa. Gazteria.
q) Zahartzea eta erronka demografikoa.
r) Askatasun afektibo-sexuala errazteko baldintzak sustatzea.
s) Immigrazioa.
t) Boluntariotza.
u) Hirugarren sektore soziala.
v) Animaliak babestea.
w) Garapenerako lankidetza.
x) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
y) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea» eta «Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora)» administrazioko erakunde autonomoak; eta «Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia» zuzenbide pribatuko ente publikoa.
14. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari:
a) Hizkuntza-politika.
b) Euskara sustatzea.
c) Kultura-ondarea.
d) Ondare historiko-artistikoa kudeatu eta babestea; museoak, liburutegiak eta artxibategiak.
e) Arte- eta kultura-jarduerak eta horien sustapena eta zabalkundea.
f) Jarduera fisikoa sustatzea.
g) Kirolak.
h) Komunikabide sozialak; irratien emakida eta frekuentzien esleipena.
i) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
j) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos (HABE)» eta «Euskadiko Liburutegia» erakunde autonomoak; «Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB)» eta «Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute» zuzenbide pribatuko ente publikoak; «Euskadiko Orkestra SA / Orquesta de Euskadi SA» sozietate publikoa; eta «Fundación Euskadi Kirola Fundazioa» eta «Fundación Joven Orquesta de Euskal Herria-Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa» sektore publikoko fundazioak.
15. artikulua.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari:
a) Turismoa.
b) Merkataritza.
c) Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak.
d) Kontsumoa.
e) Prezio-politika.
f) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
g) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio «Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua» administrazioko erakunde autonomoa eta «Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia / Agencia Vasca de Turismo SA» sozietate publikoa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehendakaritza, dekretu honen 3. artikuluan aurreikusitako moduan, Lehendakaritzaren aurreko egiturako organo eta unitate guztiek osatuko dute, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko organo eta unitateek izan ezik.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Dekretu honen 6. artikuluan aipatzen den Lan eta Enplegu Saila desagertutako Lan eta Justizia Saileko organo eta unitate guztiek osatuko dute, Justizia Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik.
2.– Lan eta Enplegu Sailean sartzen dira desagertutako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzako organoak eta unitateak, Gazteria Zuzendaritza izan ezik.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Dekretu honen 8. artikuluan aipatzen den Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila desagertutako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko organo eta unitate guztiek osatuko dute, Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren salbuespenarekin.
2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean sartzen dira desagertutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Sailburuordetzako organoak eta unitateak.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honen 9. artikuluan aipatzen den Ekonomia eta Ogasun Saila desagertutako Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eta unitateek osatuko dute.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Dekretu honen 11. artikuluan aipatzen den Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila desagertutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko organo eta unitateek osatuko dute, Ingurumen Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik.
2.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailean sartzen dira desagertutako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzako organoak eta unitateak, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza izan ezik.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Dekretu honen 13. artikuluan aipatzen den Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila desagertutako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatuko dute, Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik, Gazteria Zuzendaritzaren salbuespenarekin.
2.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean sartzen dira desagertutako Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzako organoak eta unitateak, bai eta Lehendakaritzaren aurreko egiturako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko organoak eta unitateak ere.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Dekretu hauek indargabetuta geratzen dira:
– 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
– 7/2018 Dekretua, apirilaren 10ekoa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua aldatzen duena.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta egitekoak zehazten dituzten arau organikoek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, hala badagokio, lehendakariari aurkeztuko dizkiote, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, bakoitzaren saileko erregelamendu organikoen proiektuak, onarpena eman diezaien. Sailei esleitutako jardun-arlo bakoitzarentzat Jaurlaritzaren programan jasotako helburuei eta programa hori argitu duten irizpideei egokituko zaizkie proiektuok.
Erregelamendu horiek antolaketa-irizpide hauek beteko dituzte: austeritatea, egiturak soiltzea, eduki zabaleko egiteko-arloak bateratzea, egiturazkoak ez diren staff egiteko-arloak identifikatzea eta informazioaren teknologiez ahalik gehien baliatzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak egingo ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko irailaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.