174. zk., 2020ko irailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (337 KB - 9 orri.)
- EPUB (228 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3501
AGINDUA, 2020ko uztailaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien seigarren deialdia (2020. urtea).
2016-2020 aldirako gobernu-programaren helburuetako bat da herritarren parte-hartzea sustatuko duen administrazio ireki garden eta efikaz bat lortzea eta, ekimenen eremuan, Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriko konpromisoak gauzatzea (Liburu Zuria 2014. urtean onartu zen). Konpromiso horietako bat hauxe da: «esperientzia berritzaileen garapena sustatzea gure kultura demokratikoan berriak izan daitezkeen eta parte-hartzea bultzatzeko formula desberdinak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuei babesa emanez».
Aurreko konpromisoa 2015., 2016., 2017., 2018. eta 2019. urteetan gauzatu zen, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien deialdien bidez, eta seigarren edizio honen bidez berriz egiten da deialdia, xede izanik herritar antolatuek eta ez-antolatuek aurkeztutako proiektu berritzaileak saritzea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetakoren batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa eta kultura, kohesio soziala, eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako parte-hartzea.
Halaber, proiektuek, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, funtsezko ezaugarri gisa.
Bosgarren edizioaren ildo beretik, seigarren edizio honen bidez lortu nahi da balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; baina, beste alde batetik, beste eragile batzuen parte-hartzea izateko formulak ekartzea, Euskadin pixkanaka osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko sare bat. EAEko 7 administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Ituneko kide direnez, 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoari lotuta dago ikuspegi hori. Izan ere, konpromiso hori betetzeko, herritarren parte-hartze berritzailearekin konpromisoa hartuko duten eragileak eta proiektuak sustatu behar dira. Herritar antolatuak eta ez-antolatuak ari dira konpromiso hori eta sariak aldatzeko ekimena betearazten laguntzen, 3. konpromisoaren taldearen barruan.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2020. urterako dirulaguntzen plan estratregikoan (2020ko otsailaren 4ko Aginduaren bidez onartutakoan) sartu da deialdi hau, bertan berariaz ezartzen baita «Elkarlan» sarien deialdiak egingo direla 6. helburu estrategikoari lotuta: «Herritarrek parte hartzeko proiektuen bitartez, erakundeen laguntzarekin edo gabe, herritar antolatuek sortutako balio publikoa aitortu eta ikusaraztea, Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria hedatzeko konpromiso gisa eta Gobernu Irekirako Aliantzaren 2018-2020 Ekintza Planaren esparruan». Legegunea-Euskal Araudiaren Atarian argitaratu da plana. 2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan badago deialdia honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa.
Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak du ekimen hau sustatzeko ardura, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura-dekretuaren 11. artikuluaren f) eta g) letrek egiteko hauek esleitzen baitizkiote, hurrenez hurren: «Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea» eta «Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere».
Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien 2020ko deialdia onartzea, agindu honen eranskinean onartu eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Xedapen hauek arautzen dituzte sariak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen), eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 30a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
Eusko Jaurlaritzaren «ELKARLAN» sarien 2020ko deialdia (balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako sariak). Oinarri arautzaileak
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da lau proiekturi sari bana ematea, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileak ezagutzera emateko. Proiektu horiek eragina izan behar dute jarduera-eremu jakin batzuetan, hala nola osasunean, ingurumenean, garapen ekonomikoan, ikasketa – kulturan, kohesio sozialean eta gobernantza – kultura demokratikoa – erabaki publikoetako parte-hartzean; baina, horrez gain, balio publiko partekatua modu berritzailean sustatu behar dute, gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi behar dute.
Halaber, sariak ematen dira proiektuko jardunbide egokiak (parte hartzeko eta balio publiko partekatua sortzeko pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko moduei lotutakoak) beste eragile batzuei transferitzeko prozesua formalizatzeko. Herritarrek parte hartzeko jardunbide egoki horiek lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan ere aplikatzeko modukoak izan behar dira.
Bigarrena.– Sariak.
Osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa – kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantza – kultura demokratikoa – erabaki publikoetako parte-hartzearen jarduera-eremuetan balorazio onena izan duten lau proiektuei sari bana emango zaie.
Hona hemen sarien prestazioak:
a) 6.000 euro gordin emango dira, parte-hartzea sustatzeko modu ezberdinak aplikatzeko aukera ematen duen balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzailea aitortzeko.
b) 3.000 euro gordin emango dira, herritarren parte-hartzearen bidez pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesuak dakarren dedikazioa aitortzeko, jardunbide horiek lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplika daitezen.
c) Kanpoko aholkularitza izango da, beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan zehar, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.
d) Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.
Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.
1.– Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:
a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.
b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.
c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.
d) Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa – kultura, kohesio soziala eta gobernantza – kultura demokratikoa – erabaki publikoetako parte-hartzea.
e) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze-prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko modukoa izan behar da. Horretarako, honako hauek garatuko dira: jarduteko protokoloak, tresnak, metodologiak, gidak, web euskarriak, prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak...
2.– Sariak jasotzeko hautagai diren pertsona juridikoek nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.
Laugarrena.– Hautagaitzak.
1.– Eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak soilik aurkeztu daitezke deialdi honetara.
2.– Administrazio publikoek eta sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sari-deialdi honetan.
3.– Pertsona juridiko eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezterakoan:
a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak modu automatikoan egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutako betebeharrak bete dituela hautagai gisa aurkeztu den pertsona juridikoak, hari baimenik eskatu beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz. Dena dela, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, baina horretarako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.
c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
d) Ez edukitzea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
e) Ez edukitzea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera halako debekurik ezarrita ere.
f) Ezingo dira sariaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden pertsona juridikoak.
Aurreko a), c), d), e) eta f) letretako baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, pertsona juridiko eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027606
4.– Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.
5.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.
Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.
1.– Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:
a) Javier Bikandi Irazabal, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, zeina batzordeburua izango baita.
b) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino andrea, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadi proiektuaren arduradun teknikoa. Gainera, idazkari gisa ere jardungo du.
c) Leire Rodriguez Zubiaurre andrea, Ehkolektiboa elkartearen ordezkari gisa; elkarte horrek Elkarlan Sarien 2019ko edizioan saria jaso zuen.
d) Irati Barriocanal Marquínez andrea, Asociación Cultural Deportiva Goian elkartearen ordezkari gisa; elkarte horrek Elkarlan Sarien 2019ko edizioan saria jaso zuen.
e) Gotzon Bernaola Ariño jauna, Innobasque onura publikoko elkartearen Berrikuntza Publikoko zuzendaria.
f) Goizalde Atxutegi andrea, Innobasque onura publikoko elkartearen berrikuntza publikoko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadiko 3. konpromisoaren arduradun teknikoa.
2.– Hautaketa Batzordeko kide izateak (Eusko Jaurlaritzako langileak izan ezik) eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); Hautaketa Batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko), eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).
Seigarrena.– Baremoa.
1.– Gehienez 12 puntu lor daitezke.
2.– Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:
a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. 0 eta puntu 1 bitartean.
b) Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. 0 eta 3 puntu bitartean.
c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. 0 eta 2 puntu bitartean.
d) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko aukera. 0 eta 2 puntu bitartean.
e) Diseinuan eta ezarpenean generoaren ikuspegia txertatzea. 0 eta puntu 1 bitartean.
f) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta puntu 1 bitartean.
3.– Batzordearen balorazioa osatzeko, gainera, Irekia-n parte-hartze prozesua abiaraziko da. Horren bidez, herritarrek gehienez lau proiekturi eman ahal izango diete botoa. Boto gehien jaso dituzten lau proiektuei beste bi puntu emango zaizkie, eta Hautaketa Batzordeak emandako balorazioari gehituko.
4.– Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.
Zazpigarrena.– Prozedura.
1.– Deialdi honetan parte hartuz gero, ulertuko da hautagai den pertsona juridikoak bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela deialdia kudeatzen duen organoarekin hartu-emana izateko.
2.– Deialdi honen organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria da.
3.– Hautagai diren pertsona juridikoek bete behar duten eskabide-eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027606. Bide elektronikoa erabiliko da eskabidea aurkezteko. Seigarren klausulako 2. atalean zehazten diren sei alderdiak jaso beharko dira eskabidean, balorazioa behar bezala egin ahal izateko. Zehazki, d) atalari dagokionez, ondo zehaztu beharko da a priori nola formalizatuko den pertsonen edo kolektiboen ahalduntze-prozesuak aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko. Kasu horretan, jardunbide egokitzat joko dira, modu berritzaile eta egokian parte-hartzea bultzatzeko ezarrita dauden jarduerak edo esperientziak. Hau da, beste esperientzia batzuei ekarpen handia egin ahal dieten ikasketak eta ezagutzak. Transferentzia formalizatzeko, garapen kontzeptual bat sar daiteke, orientazio gisa, honako hauek identifikatzeko: jardunbide egokia zertan datzan, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta inpaktuak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna...; material dokumentalak (gidak), grafikoak edo teknologikoak sortzea, transferentzian laguntzeko; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko prozesu parte-hartzaileak egitea, eta abar. Hitz batean esanda, beste eremu eta espazio batzuetara transferitzeko aukera ematen duen guztia identifikatu daiteke bertan. Prozesua 6 hilabetetan garatu behar da, sariak ematen direnetik; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak kanpoko aholkularitza eskainiko du.
4.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Hautagai diren pertsona juridikoek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Hain zuzen ere, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7.– Eskabidearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027606
8.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak deialditik kanpo geratuko dira.
9.– Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari. Horrekin batera, gainera, hautagaitza guztien balorazioa bidaliko dio.
10.– Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du, aurkeztutako proiektuek gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.
11.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027606) argitaratuko da ebazpena. Horrez gain, ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten pertsona guztiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
12.– Deialdiaren ebazpena 2020ko abenduaren 16a baino lehen eman eta jakinaraziko da. Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.
13.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo lehiaketaren deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
14.– Saria emateko ebazpenean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua oinarrizko moduan identifikatuko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Prozesu hori eskabide-inprimakian aurkeztutako proposamenaren arabera garatu behar da.
Zortzigarrena.– Saria onartzea.
1.– Entitate sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saria emateko ebazpena jakinarazi eta 3 egun balioduneko epearen barruan. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Saria onartzen bada, pertsona eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua –lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko– garatzeko konpromisoa hartzen da (saria emateko ebazpenean zehaztua).
3.– Saria ez bada onartzen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan, uko egin zaiola ulertuko da; eta, kasu horretan, balorazio onena izan duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.
4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emateko sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaiola. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027606 helbidean argitaratuko da, eta elektronikoki jakinaraziko zaie saritua izan den entitateari eta deialdian parte hartu duten beste hautagaiei, kanal elektronikoaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta ), aurreko artikuluko 14. ataleko aurreikuspen berberekin.
5.– Saritutako entitate bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik geratu dela adierazteko. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027606 helbidean argitaratuko da, eta elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten hautagai guztiei, kanal elektronikoaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Bederatzigarrena.– Sariak ematea.
1.– Sariak hurrengo urteko lehen seihilekoan emango dira, modu irekian zabalduko den izaera publikoko ekitaldi formal batean. Ekitaldi horretara zuzenean gonbidatuko dira deialdian parte hartu duten entitate guztiak, eta saritutako pertsona juridikoaren legezko ordezkari batek edo izendatutako ordezkari batek joan beharko du bertara, eta proiektuaren xehetasunak labur azaldu. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, ekitaldia egin baino 10 egun lehenago, ordezko pertsona bat izendatu beharko dute euren izenean saria jaso dezan. Ordezkoaren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutako pertsona sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du, eta, ondorioz, deialdia hutsik geratuko da. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordearen ebazpen baten bidez ezarriko da deialdia hutsik geratu dela.
Hamargarrena.– Jardunbide onen transferentzia formalizatzeko prozesua.
1.– Pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua –lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko– garatzeko konpromisoa (saria emateko ebazpenean zehaztua) betetzen ez bada, sariari uko egin zaiola ulertuko da. Kasu horretan, jasotako zenbateko osoa itzuliko da (9.000 euro).
2.– Jardunbide egokien transferentzia formalizatzeko prozesua sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, sariak ematen direnetik zenbatzen hasita. Horretarako, memoria bat egin eta hilabeteko epean bidali beharko da, eta bertan identifikatuko da zertan datzan jardunbide egokia, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta eraginak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna... Horrez gain, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara transferitzeko materialki egindako jardueren edukia garatuko da memorian: material dokumentalak (gidak), bideografikoak edo teknologikoak; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko partaidetza-prozesuak, eta abar. Transferentzia-prozesuak dakarren dedikazioa aitortzeko 3.000 euroko saria emateak ez du esan nahi zenbateko hori gastu-faktura gisa justifikatu behar denik, transferentzia-produktuak zehazteko, gauzatzeko eta zabaltzeko benetan gauzatutako jardueren bidez justifikatuko baita.
Hamaikagarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua betetzeko (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa betetzeko, jakinarazten da Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak egingo duela datu pertsonalen tratamendua, eta datu horiek «Laguntzak eta sariak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla, laguntzen eta sarien deialdiak kudeatu eta ebatzi ahal izateko. Interes publikoaren mesedetan egindako misio bat betetzeko legitimazioa du helburu horrek.
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak Hautaketa Batzordeko kideei jakinaraziko zaizkie, eta zabalkunderako ekintzetan sartu ahal izango dira. Irabazleen datuak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaizkio, baita zerga-arloan egoki den administrazioari ere. Datuok ez zaizkie hirugarrenei lagako, legeak horretara behartu ezean, eta ez dira hirugarren herrialdeetara transferituko.
Hori gorabehera, datuetara irispidea izateko eskubidea, datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak, eramangarritasun-eskubidea, tratamendua mugatzekoa eta tratamenduari aurka egitekoa egikari daitezke, baita datuen tratamendu automatizatu hutsean oinarritutako erabakien xede ez izateko eskubidea ere. Horretarako, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/dbao/1027606