Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2020ko abuztuaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3302

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Segurtasuneko sailburuari eskatzen baitzaio aktiba dezala formalki Euskadiko Herri Babeseko Plana (Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi), COVID-19aren hedapenak eragindako alerta sanitarioaren aurrean.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 12.1 artikuluan dioenez, «Euskadiko sistema sanitarioaren zuzendaritza, planifikazioa eta programazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da; Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko organo aginpidedunen bidez exekutatzen da».

2. apartatuaren arabera, egiteko hauek hartuko ditu barnean, besteak beste: a) Aginteaz baliatzea eskatzen duten interbentzioak, osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzeko beharrezkoak direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

Osasun-plangintza eta -antolamendua.

Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

Zaintza epidemiologikoa.

Farmazia-antolamendua.

Droga-mendekotasunak.

Osasun Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, 4 artikuluan, Osasuneko sailburuari esleitzen dizkio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, baita Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

Aipaturiko dekretu horren 9.1.q) artikuluak, bestalde, osasun publikoaren eremuko alerta-egoera ororen aurrean jarduketa sanitarioak koordinatzeko eginkizuna esleitzen dio Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari; eta 9.1.l) artikuluak, berriz, agintari sanitario gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze publikoa elikadura-higienean eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, bioziden arloan, hondakin sanitarioen kudeaketan, eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jardueretan.

Azken alerta sanitarioek, bai lurraldean bai mundu osoan, agerian utzi dute aparteko eta premiazko neurriak hartu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19 birusaren edo herri-mailan koronabirus deitutako birusaren hedapena geldiarazteko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izateko. Horiek horrela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak 2020ko abuztuaren 14an ebazpena egin du, zeinean deklaratzen baitu Euskadin osasun publikoko larrialdi-egoera deklaratu behar dela eta horretarako arrazoi hauek daudela: egoera epidemiologikoa; nazioarteko aurretiazko esperientzia; Osasun Mundu Erakundearen gomendioak; erasan epidemiologikoa, eta Euskadiko Sistema Sanitarioaren egoera. Beraz, larrialdian gaudenez gero, nahitaezkoa da aparteko eta premiazko neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan COVID-19 birusaren edo herri-mailan koronabirus deitutako birusaren hedapena geldiarazteko.

Euskadiko Herri Babeseko Planak Euskal Autonomia Erkidegoaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren izaerak, hedadurak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen duenean, eta hala dago jasota Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 29.e) artikuluan.

Euskadiko Herri Babeseko Plana ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen, eta urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu (153/1997 Dekretua, Euskadiko Larrialdiei aurregiteko bidea-Labi deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituena; 1/2015 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita berrazterketa berezi bat egitea «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean).

Plan horren oinarria malgutasuna da; izan ere, egoera jakinak zer eskatzen duen, plana aktibatzen da eta une bakoitzean hartu beharreko neurriak erabakitzen dira. Labi aktibatzeak ez du eragingo orain arteko antolamendu-egitura desplazatzea, ezta erantzukizun sanitarioak ordeztea ere, baizik eta Labiren beste mekanismo batzuekin integratzea, funtsezko zerbitzuak normaltasunez emango direla bermatzeko edo eremu sanitariotik harago doazen zenbait ekintza koordinatzeko.

Aktibatzea zera da: agintari eskudunak Euskadiko Herri Babeseko Lurralde Plana martxan jartzeko ekintza. Herritarrei aktibatzearen berri eman behar zaie, guztiak jakinaren gainean egoteko.

EBAZTEN DUT:

Segurtasuneko sailburuari eskatzea aktiba dezala formalki Euskadiko Herri Babeseko Plana (Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi), COVID-19aren hedapenak eragindako alerta epidemiologikoari aurre egiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 14a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala