160. zk., 2020ko abuztuaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (298 KB - 10 orri.)
- EPUB (229 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3301
EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Lekeitio udalerrian Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako Arropaingo ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
AURREKARIAK
2020ko otsailaren 3an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zen, Lekeition Arropaingo ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiektuari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hasteko, betiere Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.b) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.
Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-erakundeak, 2020ko martxoaren 10ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Lekeition Arropaingo ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiektuari. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Aztertu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legea (abenduaren 9ko 21/2013 Legea); Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea), eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Lekeition Arropaingo ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiektuarena, baldintza hauetan:
A) Proiektuaren helburua da hondakin-uren ponpatze-estazio (HUPE) berria gauzatzea, gaur egun itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJP) barruan dagoen HUPEaren ordez, Euskal Autonomia Erkidegoko Kostaldeko Demarkazioaren eskakizunak betez.
B) Lekeition Arropaingo ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Gaur egun, Lekeitio udalerriko (Bizkaia) Arropaingo ponpatze-estazioa itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJP) barruan dago. Ponpaketako hondakin-uren emariak Lekeitioko Arropaingo eta Astilleroko guneetako etxebizitzetatik eta auzo horretatik hurbil dauden Ispasterreko etxebizitzetatik datoz.
Proiektuaren xedea da hondakin-uren ponpatze-estazio (HUPE) berria gauzatzea, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikotik (ILJP) kanpora aldatzeko; ILJPtik 6 metrotik gorako distantziara egongo da, eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Kostaldeko Demarkazioaren eskakizunak beteko dira. Proiektatu den ponpatze-estazioak gaur egun edukiera bera duena ordezkatuko du.
Proiektuak, halaber, honako ekintza hauek ere aurreikusten ditu: egungo ponpaketa erabat eraistea, instalazio horretara arte dauden hodiak kentzea eta haren funtzionamendua bertan behera uztea; haren ordez instalazio berria jarriko da zerbitzuan. Jarduera horietarako dauden sareak berrantolatu behar dira, bai eta proiektuan zehazten diren haien behin-behineko eta behin betiko desbideratzeak ere.
Sareen egokitzapen hori 4 fasetan egingo da:
– Lehenengo fasea: Arropaingo ponpatze berria eraiki aurreko lanak jaso ditu; alegia, hodiak bideratzeari eta Arropaingo ardatza gauzatzeari buruzkoak.
– Bigarren fasea: Arropaingo ponpatze-estazio berriaren indusketari eta gauzatzeari lotutako lanak jaso ditu. Estazioak oinplanoan 21,7 m2 okupatzen ditu.
HUPEa sarrera/xurgapen-kamera bat du; bertan, sartzen diren emariak batzen dira eta ponpen xurgatzeko hodia dago. Jarraian, kamera lehorra dago eta, bertan, bi motoponpa taldeak egongo dira (urpeko ponpa berdinak, haietako bat erreserbarako), bai eta lotutako balbulak ere. Gainera, eraikinean kaxa elektrikoak, aireztatzeko instalazioak eta mekanismoetara iristeko eta sartzeko behar diren hutsune eta eskailerak egongo dira. Ponpatze-putzuaren indusketak gehienez 5,5 metro inguruko sakonera izango du. Maila freatikoaren eta espazioaren mugen ondoriozko eraginik egon ez dadin, indusketaren aurretik indusketa-mailaren azpitik 6 metrotara horman sartutako zutoin-oholezko pantailen barruti bat gauzatzea aurreikusten da.
– Hirugarren fasea: sareak berrantolatzeko eta HUPE berria abian jartzeko jarduerak jaso ditu.
– Laugarren fasea: fase honetan, HUPEa eta egun dauden kanalizazioak eraitsiko dira, eta lursaila ordezkatu.
Arintze-linearen amaieran, atzera ezineko klapeta bat jarriko da, uraldi-egoera batean ibai-etorria putzuan ez sartzeko.
Proiektuak aireztatzeko eta usainak tratatzeko sistema bat du, zeinak usaina kentzeko unitate bat baitu, alumina aktibatuarekin konbinatutako ikatz aktibatuko iragazkiekin.
Bidalitako dokumentazioak jasotzen duenaren arabera, obrek 12 hilabete iraungo dute.
2.– Proiektuaren kokapena.
Jarduketa-gunea Arropaingo herrigunean dago, Lekeition, eta Lea ibaiaren kontserbazio bereziko eremuarekin (ES2130010) mugakidea da, ibaiaren ezkerraldean. Bai HUPE berria eraikitzeko gunea, bai proiektatutako instalazio osagarrien gunea baratze- eta apaindura-aprobetxamenduekin antropizatutako lursail pribatuetan daude. Jarduketa-guneko ingurumen-alderdi nabarmenenak honako hauek dira:
– HUPE berria eta proiektatutako kolektore-sarea hurbil daude, baina Lea ibaiaren kontserbazio bereziko eremuaren mugetatik kanpo. Hala ere, gainezkabidearen irteera kontserbazio bereziko eremu horren barruan dago. Era berean, egungo gainezkabidea desegiteko obrak kontserbazio bereziko eremuan barneratuko dira.
– HUPE berria ILJPtik kanpo dago, eta uholde-arriskua hartzeko duen gunetik kanpo (500 urteko errepikatze-denborako uralditik kanpora). Kolektore-sarearen tarte batzuk 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen gunean daude, baina horiek lurperatik doaz.
– Proiektatutako gainezkabide berriaren zati bat babes bereziko gisa kalifikatutako gunean dago, Loibekuako irlatxoen eta lokatzen hondartzen EP-4 zonan, EAEko Hezeguneen LPSk ezartzen duen zonifikazioaren arabera. Gainezkabidearen hoditeriak guztira 50 m luze ditu, gutxi gorabehera, eta azken 10 metroak Lea ibaiaren hezeguneko irlatxoen EP-4 babes bereziko eremuan sartzen dira.
– Jarduketa-eremua «Interes Hidrogeologiko» gisa dago katalogatuta, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun oso handia du.
– Ponpaketa berria eta haren eraispena egiteko gunea finka pribatu baten barruan daude, zeinak baratze- eta apaindura-aprobetxamendua baitu, eta haren ezaugarria da fruta-arbolen eta lorategiko espezieak daudela. Azpiegitura osagarrien gunea belardiek okupatzen dute.
– Lea ibaiak eta jarduketa-eremuarekin mugakidea den estuarioak zenbait hegazti migratzaileren espezie ditu, besteak beste, anatidoak eta limoetakoak, iktiofaunakoak (izokin arrunta) eta anfibioenak. Halaber, bisoi europarraren interes bereziko eremua ere bada.
– Aldi berean, jarduketa-gunearen mugakide dira Batasunaren intereseko honako habitat hauek: 1130 estuarioak; 1140 ordoki lohitsu edo hareatsuak, itsasbeheran urpean geratzen ez direnak; 1330 larre gazi atlantikoak, itsasbeheran urpean geratzen direnak, eta 1420 sastraka halofilo mediterraneo eta termoatlantikoak. Halaber nabarmentzekoa da obren garapenetik hurbil 13095 Zostera noltii flora-espezie mehatxatua lehengoratzeko eremua dagoela, zeina galzorian baitago, arriskuan dauden espezieen EAEko katalogoaren arabera.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:
Obra-fasean, a priori, inpaktu esanguratsuenak honako hauek izango dira: uren kalitatea aldatzea, edota estuarioari lotuta dauden Batasunaren intereseko habitatak (1140 ordoki lohitsu edo hareatsuak, itsasbeheran urpean geratzen ez direnak; 1330 larre gazi atlantikoak, itsasbeheran urpean geratzen ez direnak, eta 1420 sastraka halofilo mediterraneo eta termoatlantikoak), Lea ibaiaren ibilgura arrastez edo botata iritsi daitezkeen solido esekien ondorioz, bereziki antzinako HUPEa eta gainezkabidea eraisteko jarduketetan eta gainezkabide berria gauzatzekoan. Era berean, inpaktuak eragingo dira hautsa, zarata eta dardarak sortuko direlako, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorriaren ondorioz.
Gainezkabidearen hoditeriak guztira 50 m luze ditu, gutxi gorabehera, eta azken 10 metroak Lea ibaiaren hezeguneko irlatxoen EP-4 babes bereziko eremuan sartzen dira.
Funtzionamendu-fasean, gerta daitezkeen ingurumen-ondorio esanguratsuenak HUPEtik etorriko diren emisio akustikoaren eta usainen ondoriozkoak izango dira, bai eta sistematik Lea ibaira egin daitezkeen husteen ondoriozkoak ere. Husteak salbuespenezko egoeretan baino ez dira egingo, besteak beste, hornikuntza elektrikoaren mozketetan, gainkarga hidraulikoetan edo ponpaketak huts egiten duenean. Sustatzaileak emandako dokumentazioaren arabera, gaur egungo HUPEa ustiatu den azken urteetan, ez da horrelako gorabeherarik egon egungo hustubidean, zeina proiektatutako hustubidetik 2-3 metrotara baitago paraleloan.
Horren harira, kontuan izan behar da aipatutako ondorioen balorazioa egungo egoerari dagokionez egin behar dela; egungoan badago edukiera bereko HUPE bat, eta, beraz, aipatutako inpaktuak ez dira eragin berritzat jotzen.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren barruan, Natura 2000 Sarean izango duen eraginaren ebaluazio egokiari eta sare hori kontserbatzeko helburuei buruzko txosten bat dago. Ondorio gisa esaten da proiektuak ez diola kalterik eragingo lekuari eta ez dela eragin globalik sortuko, gune hau Natura 2000 Sarean sartzea eragin zuten balioen kontserbazio-egoera arrisku larrian jarriko duenik.
Sustatzaileak bidalitako dokumentazioan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Naturalaren Zerbitzuaren txostena jaso da, 2019ko otsailaren 6koa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eginiko kontsultari erantzutekoa; haren bidez jakinarazi da ez duela ematen aurreikus daitekeenik Lea ibaiaren kontserbazio bereziko eremuan eraginik sor daitekeenik.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lekeition Arropaingo ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.
Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Natura-interes handiko guneen gaineko eragina kontrolatzea.
– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.
– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Jarduera «Lea ibaia» kontserbazio bereziko eremuan garatzen da; beraz, bete egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2015 Dekretuan (Eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren kontserbazio bereziko eremuak izendatzekoa) eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan (Ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako (KBE) eta hegaztien babes bereziko eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen dituena) datozen helburu, jarraibide eta arauketak.
– Obrak Bizkaiko Foru Aldundiaren flora eta fauna basatiko espazio babestuak kudeatzeko zerbitzu arduradunen onespena izan beharko du; hala badagokio, neurri osagarriak ezarri ahalko ditu obra gauzatzeko eta, ondoren, ponpatze-estazioa martxan jartzeko.
– Eskumena duen foru-organoak ezartzen dituen baldintzetan burutuko dira Bisoi Europarra (Mustela lutreola) Kudeatzeko Planaren esparruan garatzen diren jarduketak, eta beti bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikotik kanpo (maiatzaren 15a eta uztailaren 31 bitartean).
– «Lea Ibaia»ren kontserbazio bereziko eremuaren (ES2130010) esparruko lanen zuinketa- eta egikaritze-fasean, obren gunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuko dira, ustekabeko afekzioak saihesteko.
– Obrak proiektua egiteko ezinbestekoa den gutxieneko arloan egingo dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilgura arrastatzea ekiditeko.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak:
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
– Estuarioan isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoak, instalatuko dira.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Halaber, Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
– Ingurumen-dokumentuan azpiegitura gauzatzeko faserako jasotako neurriez gain, isolatzeko behar diren neurriak ere hartuko dira, hala badagokio, ponpatzeko sistemak gertuen dauden etxebizitzetara igorritako zarata-mailek zarata-foku berrietarako I. eranskinaren F taulan ezarritako gehieneko immisio-balioak bete ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasota dago aipatutako eranskina. Nolanahi ere, bete beharko dira, orobat, etxebizitza edo bizitegi-erabilerako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplikatu beharreko zarata eta bibrazioetarako soinu-kalitateko helburuak; aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko B eta C tauletan adierazita daude helburu horiek.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko den Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua) eta Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko den Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen Errege Dekretua (uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua), Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen Dekretua, (otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua), eta horien aldaketak.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko Legea (maiatzaren 14ko 20/1986 Legea) betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.
– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Proiektuaren eraginpeko eremuan «Lekeitioko Antzinako Portua» izeneko balizko arkeologia-gunea dago. Gainera, proiektatutako azpiegitura Lea ibaiaren industria-paisaiaren mugaketaren barruan dago, 212/2015 Dekretuaren bidez deklaratutako babes bereziko kultura-ondarea; bertan, paisaia horri atxikita dauden zenbait ontziola daude, eta haiek ondasunaren parte dira, babes-maila ertainarekin.
– Espedienteak jaso dituen txostenen arabera, gune horietan lur-mugimenduen arkeologia-kontrola egin behar da, bereziki ibaitik hurbilen dagoen gunean.
– EAEko Kultura Ondareari buruzko Legean (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) ezarritako gainerako beharkizuneak bete behar direla aintzat hartuta, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek erabaki dezan zer neurri hartu behar diren.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak:
– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.
– Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta horiek berehala birbanatu edo, posible ez bada, pilatu egingo dira. Pilaketak ibaiaren uholde-arriskuko guneetatik kanpo egin beharko da. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia lehengoratzeko lanetan.
– Lehengoratzeko lanak egin bitartean, landare inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira, bereziki Baccharis halimifoliarena. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.
– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.
– Era berean, ahal den guztietan, landare-espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.
Garbiketa eta obra-bukaera.
– Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotza egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.
Ingurumen-arloko aholkularitza:
– Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.
– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: indusketa-lanak eta induskatutako lurren kudeaketa eta hondakinen kudeaketa.
– Beraz, langileek jarduera egokien sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.
Hirugarrena.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.
Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.
Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.
Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.
Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren agiri bategina.
Ingurumenaren segimendu-programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-txostena prestatzeko ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak xehetasun-kartografian non dauden kokatuta; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzak.
Ingurumenaren jarraipena egiteko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.
Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako Arropaingo (Lekeitio) ponpatze-estazio berria eraikitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Bilbao-Bizkaiko Uren Partzuergoari eta Lekeitioko eta Ispasterko Udalei jakinaraztea.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia luzatzea erabaki ezean, artikulu horretan ezarritako baldintzen arabera. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.