Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2020ko abuztuaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3224

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Lan eta Justizia Sailak 2020 ekitaldirako egindako Dirulaguntzen Plan Estrategikoari Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko maiatzaren 13ko Aginduan xedatutako aldaketak eta egokitzapenak egin eta gero, mantendu egingo da ekitaldi honetan aurreko ekitaldiko aurrekontua. Aintzat hartuta COVID-19aren ondorioz gizarte-ekonomiaren zuzendaritzak aldaketa ugari egin behar izan dituela dirulaguntza-programen diseinuan, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako baliabide ekonomikoak mantentzeak agerian uzten du zer-nolako garrantzia duen agindu honek zuzendaritzaren estrategian. Hala behar zuen, ezinbestean, prestakuntzari eta hezkuntzari buruzko gaietan.

Laburbilduz, mantendu egiten da aurtengo Euskadiko Aurrekontu Orokorretan jasotakoa betetzeko konpromisoa. Zehatz-mehatz, honako hau da bete beharreko helburua: «gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-jarduera espezifikoak sustatzea, gizarte-ekonomia argitalpenen bidez hedatzea, zabaltze-jardunaldiak antolatzea eta gizarte-ekonomiaren arloan berritzaileak eta erabilgarriak diren ikerketak egitea».

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren eta bereziki gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2020 ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea eta laguntzetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduketa hauek finantzatzeko izango dira:

1.– Prestakuntza-jarduerak:

a) Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak –prestakuntza espezifikoa eta desberdindua–, unibertsitate-eremuan, unibertsitate aurreko eremuan edo sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko hasierako ezagutza lortzeko edo perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.

2.– Gizarte-ekonomiaren hedapen-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

a) Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.

b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.

c) Ekitaldi bereziak egitea gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen ikusgaitasuna bultzatzeko, hala nola oroipen- edo omenaldi-egunak, sari berezien banaketa eta antzeko ekitaldiak.

d) Gizarte-ekonomiako zabalkunde-jarduerak egitea. Halakotzat hartuko dira: gizarte-ekonomiako informazio-jarduerak eta beste lurralde-eragile batzuekiko alderaketa, eta zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, Internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balidatuko ditu jarduera horiek, betiere praktikara eramanda jarduerok izan dezaketen benetako eraginaren kuantifikazioa eta zenbatespena oinarri hartuta.

3.– Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

a) Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz euskal gizarte-ekonomia garatzeko berriak eta erabilgarriak direnak. Gazteei eta ingurumenari loturiko gizarte-ekonomia lantzen dutenak lehenetsiko dira.

b) Gizarte-ekonomiako gaiak ardatz izango dituzten unitate didaktikoak sortzea, ikastetxeetan zabalkundea egin dadin. Horretaz gainera, material didaktikoa sortuko da, gizarte-ekonomiaren arloa EAEko eskola-curriculumean txerta dadin.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza-, zabalkunde- eta ikerketa-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2021eko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Diru-baliabideak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta bost mila (605.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: hirurehun eta hirurogeita hiru mila (363.000) euroko ordainketa-kreditua 2020 ekitaldirako, eta berrehun eta berrogeita bi mila (242.000) euroko konpromiso-kreditua 2021 ekitaldirako.

2.– Interesdun guztiek izango dute dirulaguntzetarako irispidea baldin eta eskabideak ezarritako epearen barruan aurkezten badituzte eta aurreikusitako agirien bidez egiaztatzen badute agindu honetan eskatutako betekizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela; 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatze-irizpideen arabera dagozkien dirulaguntzak izango dira.

3.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura nahikoa ez bada aurreko paragrafoan aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten eskabide guztiei aurre egiteko agindu honek ahalbidetzen dituen gehieneko zenbatekoetan, honela jokatuko da: hasieran kalkulatutako kopuruak murriztuko dira, eta, horretarako, gutxitze proportzional bat aplikatuko da onartu diren eskabide guztien artean.

4.– Ezin izango da guztira 100.000 euro baino gehiago bideratu aldizkako argitalpenak editatzeko. Horietatik, 50.000 euro erabiliko dira bereziki ikerketa-edukiak argitaratzeko, besteak beste unibertsitate-argitalpenak egiteko. Beste 50.000ak erabiliko dira Euskadiko gizarte-ekonomiaren errealitatea hedatzeko argitalpenak eta edizioak egiteko. Puntu honetan aipatutako bi argitalpen-motetako edozeinetan baliabide ekonomiko nahikorik ez badago eta bestean sobera badago, soberako saldoa nahikoa ez daukan horretarako erabiliko da. Azken kasu horretan, proportzioan murriztuko dira onartutako eskabideak, apartatu bakoitzean modu independente batean.

5.– 2.2.d) artikuluko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horretaz gainera, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu, eskabide bera plan bitan aurkeztuta.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaera izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-formacion-en-economia-social-2020/web01-tramite/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b), 2.3.a) eta 2.3.b) artikuluetan adierazitako kasuetan: fakultateak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro.

2.– 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b), 2.2.c) eta 2.2.d) artikuluetan adierazitako kasuetan: federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako gizarte-ekonomiako enpresen beste elkartze-egitura batzuk, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-entitateak eta lan-sozietateen taldeak.

Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkartetzat joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.

3.– Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura edo -taldeen edo lan-sozietateen mende daudenak.

6. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak:

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du prozedura nahiz zehapen-prozedura oro Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

7. artikulua.– Erakunde onuradunek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko eskatu beharko da, 15 eguneko epean, gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko unean, eta ordainketak egiteko unean ere bai.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan erakunde onuradunei aukera emango zaie berariaz onar dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-formacion-en-economia-social-2020/web01-tramite/es

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

– Dirulaguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.

– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.

– Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

11. artikulua.– Dirulaguntza jaso ditzaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Hauek izango dira dirulaguntza-zenbatekoak eta muga aplikagarriak:

a) 2.1.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

e) 2.2.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

f) 2.3.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

g) 2.3.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– Egindako gastuak justifikatu ondoren, agindu honetako 2. artikuluan araututako ekintza bakoitzeko, emandako dirulaguntza ez da, inola ere, benetan ordaindutako kostu garbi errealaren % 85 baino handiagoa izango.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ukatu gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, hamabost egun igarotakoan dirulaguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik hasita, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarrenik, gainerako % 40a ordainduko da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu behar du, honako informazio hau barnean daukala:

Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean, egoki iritzitako egiaztagiri oro egiaztatuko du, dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia izan arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hartara eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak; eta, horietaz gainera, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.

b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta. Halaber, behar diren zabalkunde-neurriak hartuko dira era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jarduera-finantzaketa publikoa dela. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

c) Dirulaguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betetzeko. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, batez ere, horrekin batera, eskuratzen badira beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk, aldatu ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena; dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko baitituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez ere bai.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez erakunde onuradunari jakinaraziko dio dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, erakunde eskudunak ebazpena emango du, eta, horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko du, gehienez ere bi hileko epean ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hileko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Europar Batasuna.

Agindu honetan araututako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala