156. zk., 2020ko abuztuaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (275 KB - 4 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3223
AGINDUA, 2020ko abuztuaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuena, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskutan dauden eremuak izendatu eta aldatzen dituena.
Kontseiluaren 91/676/EEE Zuzentarauak, 1991ko abenduaren 12koak, 3. artikuluaren 2. puntuan ezartzen du Estatu kideek arriskuko eremu izendatuko dituztela beren lurraldean nitrato-maila jakin batzuk gainditzen dituzten urak biltzen dituzten guneak.
Espainiako Estatuak ura nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteari buruzko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez bere legedira egokitu zuen zuzentarau hori.
Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak gauzatuz, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua onartu zen, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko Arriskuan dauden Inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duena. Dekretu horrek, halaber, Arriskuan dagoen Eremutzat hartzen du Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoaren Ekialdeko Sektorea.
Ondoren, arriskuan dagoen eremua Dulantzi sektorera handitu zen Ingurumen eta Lurralde Antolamendu eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuen 2008ko apirilaren 8ko Aginduaren bitartez. Ondoren, elkarrekin egindako beste agindu batzuen bitartez, nitratoengatik kutsatzeko arriskuan dagoen eremu izendatu zuten Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoaren Mendebaldeko Foronda l eta II sektorea, 2009ko azaroaren 18an, eta Miranda de Ebroko lurpeko ur-masa alubialaren Iparraldeko eta Erdialdeko sektoreak, 2018ko urriaren 15ean.
Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoaren Mendebaldeko Foronda l eta II sektoreen denbora-bilakaera aztertu eta kontrolatzeko neurriek erakutsi dute eremu hori osatzen duten bi poligonoen artean dagoen erdialdeko eremuak nekazaritzatik eratorritako nitratoen kontzentrazio-maila handiak agertzen dituela eta 91/676/EEE Zuzentarauak arriskuan dagoen eremu izendatu ahal izateko ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela. Horrenbestez, arriskuan dagoen egungo eremua handitzeko beharra baieztatu da, aipatu eremu berri hori ere bildu ahal izateko.
Zentzu horretan ere, Euskadiko beste ingurune batzuetan uren kalitatea neurtzeko xedearekin egin diren neurketek adierazi dute Miranda de Ebroko lurpeko ur-masa Alubialaren eta Trebiñuko lurpeko ur-masa Sinklinalaren zati banak nekazaritzatik eratorritako nitratoen kontzentrazio-maila handiak agertzen dituela. Aipatu bi kasuek ere 91/676/EEE Zuzentarauak zehazten dituen baldintzak betetzen dituztenez, beharrezkotzat jo da Miranda de Ebroko lurpeko ur-masa Alubialaren Zanbrana sektorea eta Trebiñuko Sinklinalaren Leziñana sektorea nekazaritzatik eratorritako nitratoengatik kutsatzeko arriskuan dagoen eremu izendatzea.
Bestalde, Ebroko Mugapen Hidrografikoaren Espainiako aldearen 2015-2021 Plan Hidrologikoak (urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuak onartu duen berrikuspena) arroko lurpeko ur-masak identifikatu ditu eta horien artean Autonomia Erkidegoko horiek daude. Agindu honen bitartez izendatutako arriskuan dauden eremuen izenak berrikusi dira, Plan horretan jasotako ur-masen izenetara egokitzeko xedearekin.
Azkenik, arestian aipatutako abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuak arriskuan dauden eremuetarako jarduera-planak egitea agintzen zuen, nekazaritzatik eratorritako nitratoak jatorri dituen kutsadura prebenitu eta murrizteko xedearekin. 2008ko urriaren 15eko Aginduak (2009ko azaroaren 2ko Aginduak aldatua) nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuetarako jarduera-plana onartu zuen.
24/2016 Dekretuak, azaroaren 26koak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak dioenaren arabera, abenduaren 22ko 390/1988 Dekretuak esleitzen zituen eskumenak Ekonomia Garapeneko eta Azpiegitura eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailenak dira orain. Azken horren mende dago «Uraren Euskal Agentzia» zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.
Horrexegatik guztiagatik, Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak hau
EBAZTEN DUTE:
1. artikulua.– Arriskuan dagoen eremu izendatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuak ura nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteari buruzko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren xedeetarako, ondoko eremuak:
– Mirandako lurpeko ur-masa Alubialaren Zanbrana sektorea.
– Trebiñuko lurpeko ur-masa Sinklinalaren Leziñana sektorea.
Aipatutako sektoreen mugaketa kartografikoa agindu honen eranskinean jasota dago.
2. artikulua.– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoaren Mendebaldeko Foronda l eta ll arriskuan dagoen sektorea handitzea aipatutako otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren xedeetarako. Hemendik aurrera, Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa Alubialaren Mendebaldeko Sektorea izena hartuko du.
Aipatutako sektoreen mugaketa kartografikoa agindu honen eranskinean jasota dago.
3. artikulua.– Arriskuan dauden ondoko eremuen izena aldatzea:
– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa; Ekialdeko Sektorea delakoak Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa Alubialaren Ekialdeko Sektorea izena hartuko du.
– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa; Dulantzi Sektorea izenekoak Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa Alubialaren Dulantzi Sektorea izena hartuko du.
Aipatutako sektoreen mugaketa kartografikoa agindu honen eranskinean jasota dago.
4. artikulua.– 2018ko urriaren 18ko Aginduaren bidez izendatutako Euskal Autonomia Erkidegoko beste arrisku eremuen izendapenari eustea:
– Mirandako lurpeko ur-masa alubialaren iparraldeko sektorea.
– Mirandako lurpeko ur-masa alubialaren erdialdeko sektorea.
Aipatutako sektoreen mugaketa kartografikoa agindu honen eranskinean jasota dago.
5. artikulua.– Arriskuan dauden eremu horietan aplikatuko den jarduera-plana izango da Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko urriaren 15eko Aginduan, zeina aldatu baitzen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko azaroaren 2ko Aginduaren bidez, zehaztutakoa, edo ordezten duen aginduan zehaztutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak Agindu honen edukiaren berri emango dio Trantsizio Ekologikorako Ministerioari.
AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena
Administrazio-bideari amaiera ematen dion Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aurrean; edo, zuenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan. Azken horretarako, bi hilabeteko epea dago Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO hirugarrena
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO Laugarrena
Arriskuan dauden eremuen zehaztapen kartografikoa Uraren Euskal Agentziaren informazio geografikoko bisorean sartuko da (http://www.uragentzia.euskadi.eus/appcont/gisura/), eskuragarri egon eta ondoko helbide elektronikoen bitartez deskargatu ahal izan dadin:
ftp://ftp.geo.euskadi.eus/cartografia/Aguas_Interiores/REGISTRO_ZONAS_PROTEGIDAS/URA0714GZonasVulnerablesNitratos.zip (Kopia ziurtatuaren kodea: 345a839db6197912590d6852800e97a1).
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 4a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
EE (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko uztailaren 21eko Agindua).
Etxebizitzako sailburuordea,
PEDRO JAVIER JAUREGUI FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
NEKAZARITZATIK ERATORRITAKO NITRATOEKIN URA KUTSATZEKO ARRISKUTAN DAUDEN EREMU mugaketa kartografikoa
https://www.geo.euskadi.eus/eremu-kalteberak/s69-geobopv/eu/