Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2020ko abuztuaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3222

6/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, uztailaren 21ekoa, COVID-19aren osasun larrialdiaren ondorengo zerga neurri gehigarriei buruzkoa.

COVID-19ak osasun publikoaren arloan eragin duen eta Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiatzat jo duen larrialdi egoera eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak Estatuko lurralde osoan deklaratutako alarma egoera gertatu direnetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat izaeratako neurriak onartu eta hartu ditu, osasun larrialdiak eragindako ondorio astunak arintzeko asmoz.

Haien artean nabarmentzekoak dira zerga arloko neurriak, betiere Euskadiko Autonomia Estatutuak eta Ekonomia Itunaren Legeak lurralde historikoei esleitutako eskumenen arabera hartutakoak.

Hori horrela, bost foru dekretu-arau eta hainbat foru agindu bideratu ditu Ogasun eta Finantza Departamentuak.

Foru dekretu-arau honetan, lau neurri gehigarri ezartzen dira, zeinen bidez jarraipena eman ahal zaien COVID-19aren ondorioz lurralde erkidean onartutako azken neurrietatik eratorri diren zerga aldaketei.

Lehen neurriari esker, 2020ko azaroaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira sozietateen gaineko zergaren aitorpen osagarriak edo autolikidazio berriak, urteko kontuak COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 40. artikuluan jasotako epean onartu direnean. Artikulu horri jarraituz, zuzenbide pribatuko pertsona juridikoen urteko kontuak prestatu, ziurtatu eta onartzeko ezohiko epeak jartzen dira.

Aukera horrek ez du inola ere ekarri behar bigarren autolikidazioek preklusio ondorioak izatea, eta zerga erabat egiaztatu ahal izango da.

Bigarren neurriaren helburua da luzamenduen formalizazio eskriturak ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergatik salbuestea honako luzamenduak direnean: COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-Dekreturen 13.3 artikulukoak; COVID-19ari aurre egiteko gizarte eta ekonomia arloko premiazko neurri osagarriei buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-Dekretuaren 24.2 artikulukoak; 2020ko uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-Dekretuaren 3tik 9ra arteko artikuluak; eta COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz hartutako esparru akordio sektorialen babesean emandako luzamendu konbentzionalak, maiatzaren 26ko 19/2020 Errege Lege-Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusiak.

Salbuespen hori foru araudian sartu behar da, horrelako eragiketei dagokienez aurretik hartutako neurriekin bat eginda.

Hirugarren neurriak, bestetik, kontuan hartzen ditu administrazio jarduketen arloan osasun krisiak eragindako beharrak. Horren ondorioz, beharrezkotzat hartzen da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea, zergen aplikaziorako prozeduretan jarduketak bideokonferentziaz edo antzeko beste sistema batzuez gauzatu ahal izateko, zergadunen eskubideen erabilpena eta zerga obligazioen betetzea erraztearren.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak 2020ko ekainaren 24ko (UE) 2020/876 Zuzentaraua onartu du, 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena, COVID-19aren pandemiarengatik zerga informazioa aurkeztu eta trukatzeko epe jakin batzuk geroratzeko premiari aurre egiteko. Zuzentarau horren arabera, estatu kideei aukera ematen zaie neurriak har ditzaten hamazazpigarren eta hemezortzigarren xedapen gehigarrietan (eta Zergen Foru Arau Orokorraren bosgarren xedapen iragankorrean) aipatutako bitartekari eta zergadunek xedapen horietan ezarritako informazio obligazioen betetze epeak geroratu ahal izateko.

Aukera horren arabera, eta kontuan hartuta zeintzuk diren alarma egoeraren aurrekariak eta aipatutako bosgarren xedapen iragankorrean jarritako epearen amaiera hurbil dagoela, komenigarritzat hartzen da xedapen iragankor hori zuzentarau berrian jasotakoaren arabera aldatzea.

Halaber, ikusi da koiuntura horretan administrazio jarduera mantsotu egin dela. Pizgarri fiskala aplikatzeko txostena ez da behar adina azkar prestatzen ari. Horregatik, film luzeen eta ikusentzunezko obren produkzioan jarduten diren enpresen likidezia ez kaltetzeko, zilegi da txostena kenkaria aplikatu ondoren aurkeztea.

Laugarren eta azken neurriak salbuespen bat ezartzen du enplegua babesteko presako neurriei buruzko uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-Dekretuaren 2. artikuluko 11. apartatuaren aplikaziotik zuzenean edo zeharka eratortzen diren eragiketa eta egintzetarako. Artikulu horretan funts bat sortzen da enpresa estrategiko ez-finantzarioen kaudimenari laguntzeko, COVID-19aren ondorioz aldi baterako zailtasun larriak dituztenean.

Neurri horiek sartzea beharrezkoa eta premiazkoa da, erantzun nahi zaielako osasun larrialdiaren eta horrek eragindako zirkunstantzien eta haien efektu negatiboak arintzeko beharraren ondorioz sortutako egoerei.

Neurri horien guztien onarpenak foru arau bidez erregulatu beharreko alderdiei eragiten die eta, haiei guztiei ezin zaienez presaz erantzun foru arau bidez onartzeko araugintzako prozedura arruntaren bidez, haren epeek luze jotzen dutelako, bidezkotzat jotzen da foru dekretu-arau baten bidez onartzea, hartu beharreko neurriak berehala aplikatzekoak baitira.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu- arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu- arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sozietateen gaineko zergaren aitorpenaren aurkezpena, ekitaldiko urteko kontuak prestatu eta onartzean COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuko 40. eta 41. artikuluetan jasotako xedapenetara egokitzen diren zergadunentzat.

1.– COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuko 40. eta 41. artikuluetan jasotakoa aplikatzearen ondorioz zergaldia amaitu eta hurrengo 6 hilabeteen ondoren beren urteko kontuak onartu dituzten sozietateen gaineko zergaren zergadunek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko dute urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 126. artikuluaren 1. apartatuan jarritako epean. 2019ko autolikidazioetarako epe hori arautua du 4. artikuluan maiatzaren 27ko 242/2020 Foru Aginduak, zeinaren bidez onartzen baitira 2019an hasitako zergaldietarako, sozietateen gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga (establezimendu iraunkorrei eta, atzerrian eratuak izanik eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan presentzia edukita, errentak esleitzeko araubidean dauden entitateei dagokiena) autolikidatzeko erabiliko diren 200, 220, 20G eta 22G ereduak eta horiek aurkeztu eta ordaintzeko modua, epea eta tokia.

Epe hori amaituta urteko kontuak ez baditu onartu dagokion organoak, autolikidazioa urteko kontu erabilgarriekin prestatuko da.

Horretarako, urteko kontu erabilgarritzat hartuko dira:

a) Sozietate anonimo kotizatuentzat, 8/2020 Errege Lege Dekretuak 41. artikuluaren 1. apartatuko a) letran aipatutako urteko kontu auditatuak.

b) Gainerako zergadunentzat, berriz, urteko kontu auditatuak edo, horrelakorik ezean, dagokion organoak prestatutako urteko kontuak edo, halakorik ezean, Merkataritza Kodearen arabera edo dagokien arauei jarraituz eramaten den kontabilitate erabilgarria.

2.– Baldin eta bat ez badatoz dagokion organoak onartutako urteko kontuen arabera atera behar den zergaren autolikidazioa eta aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera aurkeztutako autolikidazioa, zergadunek autolikidazio berri bat aurkeztu behar dute, 2020ko azaroaren 25era arteko epea izango dute horretarako, eta honako hauek hartu beharko dira kontuan, kasuaren arabera:

a) Autolikidazio berria osagarritzat hartuko da, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 117. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, baldin eta ordaintzeko kopuru handiago bat edo itzultzeko kopuru txikiago bat ateratzen bada aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera egindako autolikidaziotik eratortzen dena baino.

Ateratzen den ordaintzeko kopuruak berandutze interesak sortuko ditu, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 26. artikuluan jasotakoaren arabera, betiere maiatzaren 27ko 242/2020 Foru Aginduko 4. artikuluan jarritako epea amaitu eta biharamunetik aurrera, eta ez zaio aplikatuko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 27. artikuluan jasotakoa.

b) Aurreko letran jaso gabe dauden kasuetan, autolikidazio berriak aurkezpen datatik aurrera izango ditu ondorioak, eta ez zaio aplikatuko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 116. artikuluaren 4. apartatuan eta apirilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuaz onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga kudeaketari eta zerga arloko jarduketa eta prozeduren arau komunei buruzko Erregelamenduak 72. artikuluan eta ondorengoetan jasotakoa; gainera, ez dira mugatuko Administrazioak lehen autolikidazioa edo autolikidazio berria ziurtatzeko edo egiaztatzeko dituen ahalmenak.

3.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruak itzultzen badira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 129. artikuluan jasotakoa aplikatuko da. Horretarako, 6 hilabeteko epearen kontaketa aurreko apartatuan autolikidazio berria aurkezteko jasotzen den epea amaitzen denetik aurrera hasiko da.

Aurretik jasotakoa jasota ere, aurreko apartatuko b) letran aipatutako zuzenketatik itzultzeko kopuru bat ateratzen denean aurreko autolikidazioan diru sarrera efektibo baten ondorioz, berandutze interesak sortuko dira kopuru horren gainean, maiatzaren 27ko 242/2020 Foru Aginduko 4. artikuluan aipatutako borondatezko aitorpen epea amaitu eta biharamunetik itzulketaren ordainketa agintzen den arte.

4.– Administrazioak ziurtatu eta egiaztatu ahal izango ditu artikulu honetan aipatzen diren eta zergapekoek aurkezten dituzten autolikidazioak, eta, hala badagokio, bidezkoa den likidazioa egingo du. Partikularki, ez da preklusio ondoriorik sortuko artikulu honetako 2. apartatuaren b) letran aipatutako zuzenketetatik.

2. artikulua.– Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzea.

Edukia ematen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41.I.B) artikuluaren 29. zenbakiari, eta honela idatzita gelditzen da:

«29. Luzamenduen formalizazio eskriturak, honako luzamenduak direnean: COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-Dekretuaren 13.3 artikulukoak; COVID-19ari aurre egiteko gizarte eta ekonomia arloko premiazko neurri osagarriei buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-Dekretuaren 24.2 artikulukoak; 2020ko uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-Dekretuaren 3tik 9ra arteko artikuluak; eta COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz hartutako esparru akordio sektorialen babesean emandako luzamendu konbentzionalak, maiatzaren 26ko 19/2020 Errege Lege-Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusiak.»

3. artikulua.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea.

Honela aldatzen da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra:

1.– 10. apartatu berri bat sartzen da 95. artikuluan, eta honela idatzita gelditzen da:

«10.– Zergen aplikaziorako prozeduretan Administrazioak eta zergapekoek sistema digitalak erabili ahal izango dituzte beren jardunean. Hain zuzen ere, sistema horiek ahalbidetu behar dute bideokonferentziaz edo antzeko sistema batez ikus-entzunezko bi norabideko komunikazio aldiberekoa egotea eta zergapekoek eta organo jarduleak elkar ikustea, entzutea eta hitz egitea, eta, gainera, bermatu behar dute egindako jarduketen emaitza jasotzen duten agiriak segurtasunez bidaltzea eta jasotzea, betiere jarduketa horien egiletza, benetakotasuna eta osotasuna ziurtatuz.

Sistema horiek Zerga Administrazioak hala erabakitzen duenean erabiliko dira, eta, horretarako, beharrezkoa izango da zergapekoa haren erabilpenarekin eta proposatutako datarekin eta orduarekin ados egotea.»

2.– e) letra berri bat sartzen da 140. artikuluaren 1. apartatuan, idazkera hau duena:

«e) Aurreko letretan adierazitako tokietan edo beste leku batean, jarduketa horiek foru arau honetako 95.10 artikuluan jasotako sistema digitalen bidez gauzatzen direnean. Sistema horiek erabiltzeko, beharrezkoa izango da zergapekoa ados egotea.»

3.– 2020ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, bosgarren xedapen iragankorra honela idatzita gelditzen da:

«Bosgarren xedapen iragankorra. 2020ko uztailaren 1a baino lehen gauzatu diren mugaz gaindiko mekanismoak aitortzeko obligazioen araubide iragankorra.

Erregelamenduz ezartzen denaren arabera 2018ko ekainaren 25etik 2020ko ekainaren 30era bitartera aitortzeko beharra sortu zaien mugaz gaindiko mekanismoak gehienez 2021eko otsailaren 28an aitortu beharko dira.»

4. artikulua.– Sozietateen gaineko zergan pizgarri fiskala aplikatzeko txostena.

Zergadunek kenkari horiek aplikatu ahal izango dituzte, 2019an amaitu dituztenean Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hamabosgarren xedapen gehigarriaren bat eta bi apartatuetan jasotako kenkarietarako eskubidea sortu dezaketen ikusentzunezko obrak, betiere haietan jasotako beharkizun guztiak betetzen badituzte.

Aurretik xedatutakoa xedatuta ere, kenkari horiek aplikatu ahal izango dira nahiz eta ez aurkeztu aipatutako xedapen gehigarriaren bost apartatuan aipatutako txostena, betiere azken hori ez bada autolikidazioa aurkezterakoan prestatu.

Artikulu honetan jasotakoaren arabera kenkaria aplikatzen duten zergadunek organo eskudunak prestatu bezain pronto aurkeztu beharko dute txosten hori. Aplikatutako kenkariaren oinarria bat ez badator txostenean jasotakoarekin, zergadunak hura erregularizatu beharko du, gainera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematea.

Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau honetako 3. artikuluaren hiru apartatuan jarritako epea luzatu dezan (epe hori martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, bosgarren xedapen iragankorrean jasota dago), baldin eta Kontseiluak exekuzio erabaki bat hartzen badu, 2011/16/EB Zuzentarauak 27 ter artikuluan jasotakoari jarraituz, epe horren geroratze aldia luzatzeko (betiere COVID-19aren pandemiarengatik zerga informazioa aurkeztu eta trukatzeko epe jakin batzuk geroratzeko premiari aurre egiteko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duen 2020ko ekainaren 24ko Kontseiluaren 2020/876 Zuzentarauak (EB) emandako idazkeran).

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Enpresa estrategikoen kaudimenari laguntzeko funtsa.

Ekonomia suspertu eta enplegua babesteko presako neurriei buruzko uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-Dekretuaren 2. artikuluko 11. apartatuan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko uztailaren 21a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala