156. zk., 2020ko abuztuaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 2 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
3221
AGINDUA, 2020ko abuztuaren 7koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.
Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera; bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak hau ezartzen du: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planean –Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran onartua– aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira, indarrik gabe geratuko dira kasuan kasuko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondoriozko neurriak.
Bestalde, dekretu beraren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute, 5. artikuluaren ondorioetarako eta osasun- eta epidemiologia-irizpideen arabera, 3. fasea gainditzea euren erkidegoko probintzia, uharte eta lurralde-unitateetan, eta, beraz, horiek «normaltasun berrian» sartzea.
Ordutik hona, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen murrizketa-araubidea –SND/458/2020 Agindua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea aplikatuz–, geroago agindu horren testuan sartu ziren aldaketekin eta Lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan aurreikusitako zehaztapen eta salbuespenekin –13/2020 Dekretua, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako–.
Goian aipatutako ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako gaikuntza erabiliz, Lehendakariak eman du 14/2020 Dekretua, ekainaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baita COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planaren 3. fasea gainditu dela, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa «normaltasun berrian» sartu dela, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.
Horren ondorioz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduak ezarri ditu COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero (2020ko ekainaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.). Neurri horiek aginduaren eranskinean jasotakoak dira. Agindu hori aldatu egin zen; hain zuzen ere, honako agindu hau izan zen aldaketa eragin zuena: 2020ko uztailaren 28ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.
Agindu horren 3.8.5 puntuak honako hau ezartzen du: «Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimenduek eta zerbitzuek goizaldeko 01:30a baino lehen itxi beharko dute, eta ordu horretatik aurrera han ezin izango da bezerorik sartu, ez eta ezer kontsumitu ere. Gehienez ere hogeita hamar minutu egongo dira lokala uzteko; beraz, goizaldeko 02:00etatik aurrera, lokala itxita egon beharko da jendearentzat, eta ezingo da berriro ireki goizaldeko 06:00ak baino lehen. Gauerdiko 00:00etatik aurrera, lokalen kanpoko kontsumoa terrazentzat mugatutako eta baimendutako espazioan soilik egingo da, mahaietan eserita eta aurreikusitako edukierak betez; beraz, establezimenduko produktuak edo edariak ezin izango dira terrazaren eremu mugatzailetik kanpo kontsumitu. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.»
Zerbitzuguneek 24 orduz erantzuten diete garraioaren beharrizanei, eta hori oinarrizko zerbitzutzat har daiteke; izan ere, elikagaiak, erregaiak, industriako produktuak eta abar hornitzen dituzte. Eremu horiek erregaia hornitzeko, atseden hartzeko eta garbitzeko zerbitzuak ematen dituzte, eta elikagaiak eta edariak ere ematen dituzte, besteak beste, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduen bitartez.
Elikagaien, erregaien eta beste produktu batzuen garraioa funtsezkoa dela kontuan hartuta, Agindu hori aldatzeko proposamena egiten da, 3.8.5 puntuko ordutegi-mugak ez daitezen aplikatu erregaiak banatzeko estazioetako ostalaritza-establezimenduetan, hartara arreta eman ahal izateko garraioan inplikatutako pertsonei.
Hori dela eta, Osasuneko sailburu gisa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuko 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako araudietan xedatutakoarekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da honako agindu honen eranskina aldatzea: Agindua, 2020ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.
2.– 3.8.6. puntua gehitzen zaio 3. puntuari (Edukiera-mugak eta babes-neurri efektiboak sektoreka). Eduki hau izango du:
«3.8.6.– Aurreko puntuan ezarritako ordutegi-mugak ez zaizkie aplikatuko erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneetako ostalaritza-zerbitzuei. Zerbitzuguneen titularrek bermatuko dute instalazioetako komun- eta ostalaritza-zerbitzuak eskuragarri egongo direla garraio profesionaleko zerbitzuak ematen ari diren pertsonentzat soilik. Zerbitzu horien artean, honako hauek egongo dira: catering-zerbitzuak, sukaldea duten establezimenduetan (sukaldea irekita egon ahal izango da); ostalaritza-zerbitzuak, edo prestatutako janaria saltzeko makinak. Zerbitzu horietan ezin izango da alkoholdun edaririk saldu, eta ezin izango dute beste zerbitzurik eskaini aurreko puntuan adierazitako ordutegi mugatuetan, eta gehienez ere hamar laguneko edukiera izango dute.»
Bigarrena.– Argitaratzea eta ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 7a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.