Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2020ko uztailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2934

AGINDUA, 2020ko uztailaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko publikoak garatzea xede duten proiektuak eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak emateko 2020. urtean, eta laguntza horien deialdia egiten baita.

Erakunde publikoek aurre egin behar diote sorkuntzaren eta kultura arloko publikoen arteko bategitea zailtzen duten oztopoak gainditzeko lanari, ahaztu gabe publikoak direla kultura-proiektuen ardatza, protagonistak eta kulturaren benetako subjektuak. Nahiz eta eskaintzak ohitura sortzen duen, errutina edo ohitura den aldetik, ezin da egintzat eman eskaintzak automatikoki aktibatzen duenik eskaria. Kultura arloko publikoak garatzea urrats bat harago doa, eta kulturaren benetako demokratizazioarekin konprometitzeko beharrari lotzen zaio; horrek esan nahi du kultura arloko publikoa areagotzeaz gain, haren gizarte-egitura ere aldatu behar dela.

Kultura arloko publikoak garatzeko estrategietan ez dute balio orotariko planteamenduek, eta publiko profil bakoitzari zuzendutakoak izatea eskatzen dute. Kultura-motibazioa eta -partaidetza sendotzea da helburua, kulturan parte hartu ohi ez duten publiko berrietara iritsiz, noizbehinkako ohitura aktibatzea edo jarduera horietan publikoak lortutako esperientzia hobetzea, parte hartu ohi dutenen fidelizazioa bilatzeko. Hori guztiori kulturan parte hartzeko oztopoak gainditzeko helburuarekin eta publikoak fidelizatzeko.

COVID-19ak sortu duen ezohiko elkarbizitza-egoerak erabilera berriak ekarriko ditu gizartera. Errealitate berri honek, kulturarentzat orohar, eta sortzaileentzat beren-beregi ahultasun larria ekarri du. Kultura-sorkuntzaren eta honek dituen publikoen arteko elkarrekintzak eta berau gertatzen den testuinguruak eskaintzen dizkigute landu beharreko agertokiak, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen deseskalatze-neurrietara egokitu behar izango dugu.

Zeregin horri ekiteko, baliabideak ez ezik, ideiak eta proposamen berriak ere behar dira, transformazio betean den testuinguru honetan jardunbide berriak probatzeko aukera ematen dutenak. Kultura-praktikak sendotzen eta bultzatzen dituzten proiektuak behar dira, kultura erakusten dietenak publiko berriei eta dagoeneko publiko diren horiek sendotu eta fidelizatu egiten dituztenak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien zabalkundearen gaineko eskumenak.

Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren bidez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaion musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoa eta ikusizko arteen beharrak aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan haien jarduna sustatzeko, sendotzeko eta hedatzeko hartu beharreko neurri administratiboak hartzeko eginkizuna.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Europar Batasunaren kultura arloko estatu-laguntzei buruzko arauetan aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera jarri baitzen indarrean 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Ondare eta kulturako dirulaguntzak eta, zehatzago, gune edo espazio artistiko eta kulturaletarakoak dira kategoria berrien artean.

Horregatik egokituko zaizkio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, 53. artikuluaren 2. atalak ezarritakoarekin bat hain zuzen ere.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean (http://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/web01-s2hhk/eu/ helbidean) argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da, eta baita Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Urteko Dirulaguntzen Planean ere, 2020ko urtarrilaren 30ean onartua eta Sailaren webgunean argitaratua: https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental_planak_18_20/es_def/adjuntos/DIRULAGUNTZEN-URTEKO-PLANA-PAS-2020.pdf

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arauak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko publikoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko dirulaguntzak ematea 2020. urtean, eta laguntza horien deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta jarduerak, baldintzak eta diru kopurua.

1.– Honako baldintza hauek bete behar izango dituzte diruz lagun daitezkeen proiektuek eta jarduerek:

a) Kulturarako sarbidea galarazten edo murrizten duten oztopoak gainditzea, publikoekiko harreman-eredu berriak antolatzea, sorkuntzaren eta kultura arloko publikoen arteko bitartekaritzaren garrantzia nabarmentzea edota publikoek egiten duten kultura praktika aktiboa lantzea helburu duten proiektuak eta jarduerak izatea.

b) Diruz lagundu daitezkeen proiektu eta jarduera motak:

1) Publikoak dibertsifikatzea: interesik ez duten publikoengana, ez-publikoengana bideratutako proiektuak edota jarduerak, eta hezkuntza-trabak, psikologikoak edota gizarte-ingurukoak gainditzeko esku-hartzea eskatzen dutenak.

2) Publikoak hedatzea: interesa erakusten duten publikoak izanda ere, kultura-jardueretan parte hartzen ez duten horiek erakartzeko eta haien eskura jartzeko proiektuak eta jarduerak.

3) Parte-hartzea areagotzea: kultura-jardueretan parte hartzen duten publikoak gero eta fidelagoak izan daitezen, partaidetza-maila eta inplikazio-maila handiagoa lortzera bideratutako proiektuak eta jarduerak.

c) Proiektuak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean. Proiektuak 2020ko iraila baino lehen hasitakoak izan behar dute.

d) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta jarduerak herritarrentzat irekiak izango dira.

e) Onartutako guztizko aurrekontuaren % 20ko autofinantzatze-maila izatea gutxienez. Deialdi honetan, publikoak ez diren iturrietatik jasotakoa hartuko da autofinantzaketatzat, eta onartutako guztizko aurrekontua, berriz, hala behar den kasuetan, 9. artikuluan zehaztutakoaren arabera araztutakoa.

f) Gutxienez % 50ean euskara izatea jardueren komunikazio-hizkuntza.

2.– Deialdi honen xedetik kanpo geratuko dira:

a) artikulu honetako 1. puntuak jasotakoa betetzen ez duten proposamenak.

b) Jende gehiago erakartzeko estrategiak garatze hutsera mugatzen diren proiektuak eta jarduerak.

c) Zabalkundera edota komunikazio hutsera mugatzen diren proiektuak eta jarduerak.

d) Kultura-programazioa eta ikuskizunak kontratatzea.

e) Kultura publikoak garatzen laguntzen duten sari eta lehiaketa sektorialak.

f) Irakaskuntza arautu, ez-arautu eta aisialdi zentroetako esparruan gauzatzen diren jarduerak.

g) Jaialdi, erakustaldi nahiz zikloen barruan antolatutako proiektuak eta jarduerak, baldin eta antolatzailea jaialdia, erakustaldia edo zikloa antolatzen duena bera bada.

h) Txostenak, planak zein azterlanak egitea.

i) Kultura eta artearen sektoreetako profesionalentzako prestakuntza-jarduerak.

3.– Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko kredituaren guztizko zenbatekoa berrehun mila (200.000) eurokoa da, horietatik 100.000 euro izanik 2020ko ekitaldirako eta beste 100.000 euroko konpromiso kreditua 2021erako.

3. artikulua.– Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Honako hauek jaso ahal izango dute agindu honen baitako dirulaguntza, betiere euren jarduera kultura-eskaintzari lotua bada:

a) Pertsona fisikoek.

b) Erakunde pribatuek. Baldin eta erakunde batek % 50 baino gutxiagoko partaidetza publikoa badu. Baldin eta % 50 edo hortik gorako partaidetza publikoa badu, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin lankidetzan antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

c) Erakunde publikoek, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin batera antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

2.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Hala dagokienean, egokitzen zaien Erregistroan izena emana izatea (elkarte zibilen eta pertsona fisikoen kasuan izan ezik).

b) Ez izatea laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako betebeharrak.

d) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiteran egiaztatuko da hori betetzen ote den.

3.– Bazterturik geratuko dira:

a) Krisian diren enpresak, krisian diren enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzaei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

b) Titulartasun publikoa duen eremu baten zerbitzu kontratu edota zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu baten esleipendun gisa eskabidea egiten duten eskatzaileak.

c) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko urriaren 15eko Aginduaren bidez egindako deialdiaren onuradunak ezin izango dira deialdi honen onuradun izan. Agindu horren xedea da dirulaguntza ematea 2019. urtean Euskadin Kultura arloko publikoak sortzeko, fidelizatzeko eta ugaritzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko.

d) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

4. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta eskatzen den dokumentazioa.

Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

1) Pertsona fisiko eta juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena egiaztatzea.

2) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako baldintzak betetzea.

3) Pertsona juridikoak izanez gero: Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateek zein erregistrotan diren inskribaturik adierazi behar dute eskabidean, eta ez da behar izango horren inguruko dokumentaziorik.

Beste administrazio batzuetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritza ahalmena.

4) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute Administrazio jardulearen esku diren edo beste administrazio batek egindakoak diren eskatutako dokumentuak ez aurkezteko. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, pertsona fisikoen kasuan interesdunak aurka egin ez badu behintzat.

5) Eskatzaileek beren jarduerak kulturarekin lotura zuzena duela justifikatu behar dute, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Estatutuak, eskatzailearen ibilbidea edota lotura hori egiaztatzen duen ezein dokumentu aurkeztuta.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatutakoarekin bat, eskabidean jasotako erantzukizuneko adierazpenaren bidez, honako hauek egiaztatu beharko dira:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Proiektuei eta jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Lan-egutegia: 2020 eta 2021.

b) Jardueran zer komunikazio-hizkuntza erabiliko den adierazten duen erantzukizuneko adierazpena.

c) Proposamena aginduaren 10. artikuluan xedatutako irizpideen arabera egoki balioztatzeko behar diren alderdiak zehaztu eta garatzen dituen proiektu eta jardueren azalpen-memoria. Halaber, berariaz adieraziko da memorian:

– Proiektuaren eta jardueren tipologia.

– Proiektuaren eta jardueren helburuak.

– Proiektua eta jarduerak garatzeko proposatutako metodologia.

– Bitarteko digitalen bitartez publikoak garatzeko estrategia.

– Xede-publikoak.

– Xede-publikoekin harremanetan jartzeko ekintzak edota baliabideak: esku-hartze sistemak.

– Sektore edota sektore arteko testuinguruari egiten dion ekarpena.

– Inpaktua eta bestelako lurralde edota sektoreetan duen aplikagarritasuna.

– Lantaldea: proiektuan eta jardueretan diharduen lantaldearen profilak eta gaitasunak. Curriculumak erantsi behar dira.

– Euskal sortzaile eta kultura-eragileek duten esku-hartze maila.

– Proiektuan zehar ebaluaziorako ezartzen diren sistema edota tresnak: kudeaketa, prozesuak, garapena eta emaitzak.

– Jarraitutasun-bokazioa: finantzaketa-plana eta epe ertain zein luzerako aurreikusitako lantaldea.

d) Jardueren gastuen eta diru-sarreren 2020ko eta 2021eko aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Baldin eta aurkeztutako eskabideko aurrekontuan 10. artikuluaren arabera ez-lagungarritzat jotako gasturik aurreikusten bada, gastu-aurrekontua araztu egingo da halakoak kenduz, eta arazketaren ondoren onartutako guztizko aurrekontua baizik ez da hartuko aintzat, eta berau izango da dirulaguntza kalkulatzeko oinarri.

e) Erakunde publikoek eta pribatuek batera gauzatutako proiektu eta jardueren kasuan, dokumentu batean zehaztu beharko dituzte lankidetzaren nondik-norakoak, erakunde lankideak eta horien ordezkariak eta partaide bakoitzak zer jarduera eta aurrekontu hartuko dituen bere gain. Dokumentua lankide diren erakundeek sinatu behar dute.

5. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bat baino gehiago egin badeza ere, eskatzaile bakoitzak proiektu baterako baino ezin izango du jaso dirulaguntza.

2.– Eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta irailaren zortzira artekoa izango da.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan nahita nahiez aldez aurreko hitzorduaz aurkeztuko dira, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

– Kanal elektronikoa: euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten den helbidean nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa– hautatzeak ez dakar berarekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

4.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baino ezin izango dituzte aurkeztu eskabideak.

5.– Eskabideak, erantzukizuneko adierazpenak eta gainerako ereduak bai aurrez aurreko bidea erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen duten jarraibideak, euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide elektroniko honetan izango dira eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069003

Eskabidearen ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte beren eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek bete behar izango dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, hala eskatzen den kasu guztietan eta ereduak duen formatu berean.

b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztien tamaina 30 Mb-koa izango da gehienez ere.

d) Bideoak dagokion dokumentuan web helbidea jarrita aurkeztu ahal izango dira.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, inpugnaziorako bidea itxi gabe.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak izapidera onartzeko agiriak falta edota agirietan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

Beren eskabidea elektronikoki aurkeztu behar dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezaten eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

8. artikulua.– Dirulaguntzen muga.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango onartutako guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa.

2.– Diruz laguntzen diren proiektu eta jarduerek gehienez ere jasoko dute:

– Pertsona fisikoek eta euren kapitalean % 50etik beherako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 40.000 euro.

– Entitate publikoek eta euren kapitalean % 50 edo hortik gorako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 25.000 euro.

3.– Proiektu bati esleitutako dirulaguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagokoa izango.

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Europar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak xedatu bezala, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Proiektu edo jarduera gauzatzen duten profesional eta langileen diru-ordainak. Eskatzaileek gehienez ere onartutako guztizko gastuaren % 15 erabil lezakete pertsonal gastuetarako, baldin eta ez badira titulartasun publikodun entitateak edo % 50 eta hortik gorako partaidetza publikorik ez badute euren kapitalean. Aurrekontuan xehetasunez adierazi beharko da ea zer lan egingo duen pertsonal horrek proiektuan edota jardueretan.

b) Norberarenak ez diren tokiak alokatzea; kanpo edota barruko tokiak erabiltzea; ekipamenduak, makineria eta altzariak alokatzea.

c) Amortizazio-gastuak: ekipamendua, makineria, altzariak, edo norberaren tokiak baldin eta titulartasun publikodunak ez badira. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izango.

d) Bitarteko digitalen eta komunikazio baliabideen gastuak, ekoizpena barne. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 25 baino handiagoak izango.

e) Proiektu zein jardueretan zuzenean parte hartzen duten profesionalen joan-etorriak eta ostatu-gastuak ezin izango dira onartutako guztizko aurrekontuaren % 5 baino handiagoak izan.

2.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 90ra arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den proiektuak eta jarduerak bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko, ezin izango dira azpikontratatu zerbitzu profesional indepenteak dirulaguntza kopuruaren % 50ean baino gehiagoan.

Edonola ere kontratu bakoitzean garatutako lana edo eskainitako zerbitzua jasoko du eta horiek aurrekontuko ataletan jasotako kontzeptuekin bat etorri behar dute.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin behar duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

10. artikulua.– Hautatze- eta balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu eta zehaztutako alderdi guztiak baloratuko ditu honako irizpide, azpi-irizpide eta baremo hauen arabera:

1.– Lehendabiziko fasea: kultura interesa, proiektu eta jardueren kalitate eta berrikuntza-maila. 50 puntura arte. Honako hauek hartuko dira aintzat:

1) Metodologia ikuspegia. 15 puntura arte.

2) Kultura publikoek proiektu eta jardueretan duten parte hartze aktiboa. Bereziko baloratuko dira kultura aniztasuna eta eskuragarritasuna edo publikoak dibertsifikatzea. 10 puntura arte.

3) Proiektu eta jardueretan zehar ebaluazioa egiteko ezarritako sistema eta tresnak: kudeaketa, prozesu eta emaitzetan. 10 puntura arte.

4) Euskal sortzaile eta kultura eragileek duten partehartze-maila. 10 puntura arte.

5) Lantzen deneko sektore testuinguruan edo sektoreartekoan duen ekarpen-maila. 5 puntura arte.

Lehendabiziko balorazio fase honetan gutxienez 30 puntu ateratzen ez duten eskabideak deialditik baztertuak izango dira eta ez dira bigarren fasean baloratuak izango.

2.– Bigarren fasea: inpaktu gaitasuna, bideragarritasuna eta jarraitzeko bokazioa. 75 puntura arte. Honako hau baloratuko da:

1) Herritarrei eragiteko gaitasuna. 35 puntura arte. Honako hauek hartuko dira aintzat:

1) Jarduerek duten kalitate maila edota publikoekin harremanak lantzeko baliabide berriak eta jarduera tipologia aniztasuna. 15 puntura arte.

2) Beste lurralde eta sektore testuinguruetan proiektuak duen inpaktua eta aplikagarritasuna. 10 puntura arte.

3) Zenbaterainoko eragina duen haur eta gazteengan, eremu ez-arautuetan. 5 puntura arte.

4) Euskal emakume sortzaileek duten esku-hartze aktiboa. 5 puntura arte.

2) Proiektuak eta jarduerek duten bideragarritasuna. 30 puntura arte. Honako hauek hartuko dira aintzat:

1) Proiektu eta jardueretarako jarritako gizataldea. Profilak eta gaitasunak. 10 puntura arte.

2) Aurrekontua proiektuei eta jarduerei egokitua izatea. 10 puntura arte.

3) Dirulaguntza honetaz aparteko finantzaketa-maila. % 20tik gorako autofinanketa maila baloratuko da. 5 puntura arte. Finantzaketa-maila handiena duenari emango zaio puntuaziorik handiena eta gainontzekoei proportzioan.

4) Proiektua eta jarduerak nola hedatzen diren denboran zehar. 5 puntura arte.

3) Jarraitutasun-bokazioa. Proiektuaren eta jardueren jarraitutasuna, denbora-, pertsona- eta ekonomia-terminoetan. 10 puntura arte.

3.– Eskabideak dirulaguntza jasoko badu, gutxienez 70 puntu izan beharko ditu aurreko irizpide guztiak aintzat hartutako balorazioaren ondorioz.

11. artikulua.– Proiektuak eta jarduerak hautatzea, eta dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagoko lehia bidez ebatziko dira, horretarako balorazio-batzordea eratuta, zeinak aurkezten diren eskabideak aztertuko baititu, eta 10. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideetan oinarrituta, haien lehentasun-hurrenkera antolatuko baitu. artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskabideei baizik ezin izango zaie dirulaguntza eman.

2.– Eskatzaileek eskabide bat baino gehiago aurkezten badute dirulaguntza-agindu honetan, baloraziorik onena lortzen duen eskabideari emango zaio dirulaguntza, eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaile batzuen proiektuei eta jarduerei eman ahal izango zaizkie laguntzak, nahiz eta proiektu eta jarduerok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa atera.

3.– Ematen den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko zaio aurkeztutako proiektu eta jardueren onartutako guztizko aurrekontuari, puntuaziorik handiena ateratzen duenetik hasita eta lehentasun-hurrenkerari jarraituta gero, ehunekoa izanik zuzenki proportzionala eskatzaileak lortutako puntuazioarekiko, halako arrazoiaz non guztira deialdiaren zuzkidura ahitu egiten baita hura gainditu gabe. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoa ez da inola ere 9. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan xedatutako mugak baino handiagoa izango. Baldin eta muga horiek gainditzen badira, horiek guztiak betetzen duen kopurura arte gutxituko da zenbatekoa. Errepikatu egingo da prozedura hori, harik eta hautatutako proiektu et jarduera guztiak aztertu arte edo 2.3 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa ahitu arte.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta berau falta denean batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

Aditu-profesionalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kultura arloko profesionalen artean aukeratuko dira, independenteak zein Euskal Autonomia Erkidegoko sektore erakundeetako kide esanguratsuak.

2.– Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat ibiliko da, zuzendariak izendaturik.

3.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzean, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarien urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako dokumentu guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

6.– Balorazio-batzordeari egokituko zaio aurkezten diren eskabideek 2.2 artikuluan ezarritako balditzak betetzen dituztela baieztatzea; 9. artikuluak ezarritatako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta, hala badagokio, onartutako guztizko aurrekontua zehaztea, eta 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen araberako azterketa eta ebaluazioa egitea.

7.– Batzorde horrek erabakiko du zein proposamen onartu eta zein ez, eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta erabakiko ditu, halaber, dirulaguntza onartzeko edo ukatzeko proposamenak. Ondoren, Kulturako sailburuari aurkeztuko dizkio proposamenok.

8.– Balorazio-batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektu eta jardueren arduradunekin elkarrizketak adostu ere.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak ebatziko du, balorazio-batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, sei hilabeteko epean. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten. Lehenengo egin dena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak ebazpen adierazia eman behar izatea.

4.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura amaitzean horren gaineko ebazpena ematen bada.

14. artikulua.– Jakinarazpenak aurrez-aurreko izapidetzean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso izana elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta biharamunetik aurrera hasiko da. Interesdunari jakinarazpena duela abisatu dakioke edozein euskarri elektroniko erabilita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan «Nirekarpeta» atalean. Abisu hori ez izateak ez du eraginik jakinarazpen zuzentasunean.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezestetzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste erakunde publiko edo pribatu batek emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako veste dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Dirulaguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Komunikaziorako euskarri guztien edizioak euskaraz, behintzat, egingo dira.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoetan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantziazioaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

4.– Eman den xede horretarako erabiltzea dirulaguntza.

5.– Dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

6.– Diruz lagundutako proiektua eta jarduerak deialdira aurkeztu diren baldintzetan garatzea.

7.– Laguntza ematen duen organoari Espainiako nahiz nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

8.– Argitaratutako promozio-material guztien ale bana aurkeztea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

9.– Diruz lagundutako proiektua publikoki jakinaraztea edo eskuragarri jartzea, osorik edo partez. Halaber, partez eskuragarri jartzea esatean adierazi nahi da bereiz jakinaraztea erreferentzia-terminoak, laburpen exekutiboa, eranskinak edota kasu azterketak, halakorik dagoenean.

Partez jakinarazten bada, txosten osoaren erreferentzia jarri behar izango da beti, testuinguruan egoki jartzeko moduan.

10.– Eusko Jaurlaritzaren eskumenen eremuan, metaebaluazioak, sistematizazioak, laburpenak eta antzerako azterketak egiteko erabili ahal izango ditu diruz lagundutako proiektu eta jardueren edukiak.

11.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-prozeduraren ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

2.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztuta izan beharko du, dela eskabidearekin batera, dela prozeduraren beste une batean egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Honela ordainduko dira agindu honen pentzudan ematen diren dirulaguntzak:

a) Lehen ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 50, emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost eguneko epean egingo da, berariaz uko egin ezean.

b) Bigarren ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 30, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eta, betiere, 2021eko martxoaren 31 baino lehen egingo da, proiektua eta jardueren gauzatzea eta 2020ko onartutako guztizko aurrekontuari dagozkion gastuak justifikatu eta gero, honela:

– 2020ko memoria xehatua, diruz lagundutako proiektua eta jardueren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzkoa.

– Proiektu eta jardueretan 2020an erabilitako komunikazio-hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera datuak barne.

– 2020ari dagokion gauzatze-aurrekontua (sarrerak eta irteerak), ahalik eta xeheena.

– Diruz lagundutako proiektua eta jarduerak gauzatzeko 2020an egindako gastuen justifikagiri guztien zerrenda sailkatua eta argia.

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2020rako onartutako guztizko aurrekontuarekin. Ez da tikerik onartuko justifikatzeko.

– Xede edo helburu bereko 2020an bestelako erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen zerrenda. Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz beste, inolako dirulaguntzarik jaso ez badu, erantzukizunpeko aitorpena erantsi behar izango du.

– Jardueraren karietara 2020an argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Justifikazio-dokumentazioak 5.5 artikuluko ezaugarriak bete behar izango ditu.

c) Azken ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 20, jarduerak amaitu honako bi hileko epean, edonola ere, 2022ko urtarrilaren 31 baino lehen, beherago adierazi bezala justifikatu behar izango da:

– Memoria xehea: diruz lagundutako jarduerari buruzko 2021eko gauzatze-memoria, betetze maila eta proiektu eta jardueren ebaluazioa jasotzen duena.

– Proiektu eta jardueretan 2021ean erabilitako komunikazio hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera datuak barne.

– Diruz lagundutako proiektu eta jardueretarako 2021eko aurrekontu exekutatua (gastuak eta sarrerak), ahalik eta xeheena.

– Diruz lagundutako jarduera gauzatzean 2021ean izandako gastuen justifikazio agirien zerrenda sailkatua eta argia.

– 2021erako onartutako guztizko aurrekontua justifikatzeko adina agiri eta faktura. Ez da tikerik onartuko justifikatzeko.

– Xede edo helburu bereko 2021ean bestelako erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen zerrenda. Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badu, erantzukizun-aitorpena erantsi behar izango du.

– Jardueraren karietara 2021ean argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

18. artikulua.– Dirulaguntza kitapena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatu delako –baina helburua beteta–, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako dirulaguntza jasotzea izan badu, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Dirulaguntza esleitzeko orduan kontuan hartu den aurrekontuaren justifikazioa % 100 baino txikiagoa baldin bada dirulaguntzaren kopurua gutxituko da proportzionalki. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.

19. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako proiektu eta jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateran ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektu eta jardueretan aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko b, c, d, e, f edota g apartatuetan aurreikusitakoak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren mende egongo dira; araudi horrek zenbait laguntza-kategoria jakin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen arabera barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: dirulaguntzak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko publikoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua).

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazio Publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/dbao/1106201

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua); halaber, daude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen mende.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala