Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2020ko uztailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2930

AGINDUA, 2020ko uztailaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Fundación Industrias Creativas» fundazioaren eratzea inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

«Fundación Industrias Creativas» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko ekainaren 20an, «Fundación Industrias Creativas» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2020ko ekainaren 30ean, akta egin zuen, fundazioaren xedeen zilegitasunari, interes orokorrari eta bideragarritasun ekonomikoari dagokienez.

Hirugarrena.– Estatutuen 4. artikuluaren arabera, «Fundación Industrias Creativas» fundazioak helburu nagusi hauek ditu:

a) Ikerketa eta sorkuntza, kultura- eta sormen-arloan.

b) Ikerketa eta sorkuntza sustatzea kultura- eta sormen-arloan.

c) Kultura eta sormeneko edo kultura- eta sormen-arloarekin lotutako prestakuntza-programak diseinatu, garatu eta gauzatzea.

d) Kultura- eta sormen-sektorearen profesionalizazioa babestea.

e) Kultura- eta sormen-arloko ezagutza transmititu eta ezagutaraztea.

f) Kultura eta sormeneko edo kultura- eta sormen-arloarekin lotutako jarduerak diseinatu, garatu eta gauzatzea.

g) Kultura- eta sormen-jarduerak, ekintzak, edukiak eta ekitaldiak garatzeko baliabideak koordinatzea eta sortzea.

h) Kultura- eta sormen-arloko aholkularitza- eta babes-programak diseinatu, garatu eta gauzatzea.

i) Kultura- eta sormen-arloko erakunde, organismo eta instituzioekin lankidetzan aritzea.

j) Kultura- eta sormen-sektoreko enpresa-ehuna indartzea.

k) Kultura- eta sormen-sektorean estatuko eta nazioarteko sareen sorrera eta horietan nahiz beste sare batzuetan parte hartzea sustatzea.

l) Kultura- eta sormen-sektorearen nazioartekotze artistiko eta profesionalerako baliabideak sortzea.

m) Gizarte-ekintza, ekonomia soziala eta lankidetza sustatzea.

n) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-berdintasuna sustatzea kultura- eta sormen-sektorean.

o) Euskara eta euskararen erabilera, hizkuntza-aniztasuna eta euskal kultura babestu, sustatu eta indartzea.

p) Ingurumenaren gainean kontzientziatzea eta ingurumenarekiko eta ondarearekiko errespetua sustatzea, eta ingurumena, ondarea eta jasangarritasuna babestea.

q) Ongintzako jarduerak diseinatu, antolatu, aurrera eraman eta gauzatzea.

r) Boluntariotza sustatzea.

Laugarrena.– Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Bentosa bidea 46, 1-D, 48013 Bilbao. Fundazioak bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du bere jarduna.

Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 eurokoa da (hogeita hamar mila euro). Ekarpena egin dela egiaztatu da; Kutxabank SA erakundean dirua sartuta, aipatu erakundearen 2020ko maiatzaren 7ko egiaztagiriaren arabera.

Seigarrena.– Estatutuen 12. artikuluaren arabera, patronatuak gutxienez 3 kide izango ditu, eta gehienez 5. Estatutuen 12. artikuluen arabera, patroi karguaren iraunaldia mugagabea izango da.

Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo patronatua honako kide hauek osatuko dute:

– Presidentea: De Ribera a Artunduaga SLU, Alfonso Santiago San Vicente jauna ordezkari dena.

– Presidenteordea: Olabeaga Project SLU, Alejandro Iturbe Urrésola jauna ordezkari dena.

– Idazkaria: Nakeaz SLU, Borja Dopico Massobrio jauna ordezkari dena.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak. Beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-457 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) «Fundación Industrias Creativas» fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek seigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2020ko maiatzaren 12an Juan Ignacio Bustamante Esparza notarioaren aurrean (Bilbao) egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1186).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 2a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala