Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2020ko uztailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2784

AGINDUA, 2020ko uztailaren 15ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatu egiten baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera; bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak hau ezartzen du: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planean –Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran onartua– aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira, indarrik gabe geratuko dira kasuan kasuko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondoriozko neurriak.

Bestalde, dekretu beraren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute, 5. artikuluaren ondorioetarako eta osasun- eta epidemiologia-irizpideen arabera, 3. fasea gainditzea euren erkidegoko probintzia, uharte eta lurralde-unitateetan, eta, beraz, horiek «normaltasun berrian» sartzea.

Ordutik hona, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen murrizketa-araubidea –SND/458/2020 Agindua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea aplikatuz–, geroago agindu horren testuan sartu ziren aldaketekin eta Lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan aurreikusitako zehaztapen eta salbuespenekin –13/2020 Dekretua, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako–.

Goian aipatutako ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako gaikuntza erabiliz, Lehendakariak eman du 14/2020 Dekretua, ekainaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baita COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planaren 3. fasea gainditu dela, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa «normaltasun berrian» sartu dela, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.

Horren ondorioz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduak ezarri ditu COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero (2020ko ekainaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.). Neurri horiek aginduaren eranskinean jasotakoak dira.

Ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian aipatzen da, baita ere, eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurriei jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo zaiela, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Eta gaineratzen du ezen «(...) Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango dituela, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango dituela».

Horrela, egoera epidemiologikoak bilakaera azkarra izan du azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko eremu jakin batzuetan. Zehazki, udal-mugarte batzuetan zenbait kutsatze-kasu gertatu dira, ezaugarri jakin batzuk dituztenak, eta, ondorioz, komeni da kontrol- eta prebentzio-neurri gehigarriak hartzea, gaixotasunak biztanleengan izan dezakeen kutsagarritasuna murrizteko.

Horren ondorioz, Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 8ko Aginduan jasota dauden zenbait neurri hartu behar izan dira. Agindu horren bidez, osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartu dira Ordiziako udalerrian sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko (2020ko uztailaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 134. zk.). Orain, neurri horietan sakondu behar da, izaera orokorragoarekin.

Beste alde batetik, normaltasun berrian sartzean, neurri murriztaileak amaitu egin dira, eta hori guztia bat etorri da udaren hasierarekin. Bi egoera horien eraginez, kasu batzuetan, pertsona asko pilatu dira aisialdiko ekintza kolektiboetan, prebentzio-neurririk gabe.

Otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuak, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duenak, 37. artikuluan ordutegiak luzatzeko aukera aurreikusten du jaiak, jai-giroko ekitaldiak, ospakizun publikoak, ekitaldi sozialak eta abar direla-eta.

Kasu askotan, ekitaldi horien programazioa bertan behera geratu da. Hori dela-eta, ekitaldi horien ondorio ziren ordutegi-luzapenek ez dute zentzurik, eta gerora baliogabetu egin beharko dira.

Arrazoi berberagatik, ez dator bat osasun-jarraibideekin jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean beste ordutegi-luzapen batzuk ematea jaiak, jai-giroko ekitaldiak, ospakizun publikoak, ekitaldi sozialak eta abar direla-eta, luzapen horrek berekin baitakar lotutako arrisku-faktoreen hazkunde esponentziala.

Agindu honek hartzen dituen neurrien arau-oinarria honako hau da: aipatutako 2020ko ekainaren 18ko Agindua; Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.2 eta 54. artikuluak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3., 2., 12.2.a) eta 34. artikuluak.

Hain zuzen ere, aipatu beharra dago apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aurreikusten duela, bere lehenengo artikuluan, administrazio publikoetako osasun agintari guztiek lege horretan aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dituztela, beren eskumenen esparruan, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko.

Bigarren artikuluan, osasun-agintaritza eskudunei gaikuntza ematen zaie osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartzeko, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela medio edo jarduera baten osasun-baldintzak direla medio. Eta gaixotasun transmitigarrien kasuan, hirugarren artikuluak xedatzen du, gaixotasun horiek kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango dituela, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku transmitigarrien kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere. Bestalde, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.2.a) artikuluak aurreikusten ditu osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren aginpideaz baliatzea dakarten esku-hartzeak, lehen aipatutako apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako baldintza beretan.

Horrenbestez, Osasuneko sailburuak, egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintaritza baliatuz, 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan araututakoaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da honako agindu honen eranskina aldatzea: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Bigarrena.– Aldatu egiten da agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

1.– 1. puntua aldatzen da, betebehar orokorrak, eta eduki hau izango du:

«1.– Betebehar orokorrak.

1.1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.

Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie.

Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

1.2.– Sintomatologia duten pertsonak.

COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat (sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo okadak) duen edonork etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari.

Era berean, etxean bizikiderik badago, ez du haiekin kontakturik izan behar, eta, ahal bada, logela esklusiboa erabili behar du, osasun-zerbitzuaren jarraibideak jaso arte.

1.3.– Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.

1.3.1.– Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu daitekeenean. Salbuespen izango dira agindu honetan aurreikusitako kasuak, bai eta COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuak ere.

1.3.2.– Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, tabernak eta txokoak barne, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

1.3.3.– Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere hamar lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.

1.3.4.– Derrigor maskara behar bezala erabili behar da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz.

1.3.5.– Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta egon daitekeen erabilera profesionaletan.

1.3.6.– Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.»

2.– 3.8 puntua aldatzen da –Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak–, eduki honekin:

«Edukieraren muga kentzen da, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko.

Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa gordez gero.

Koktelak eta buffetak egin daitezke, gehienez ere 25 laguneko taldeetan.

Betiere ziurtatu beharko da bezeroen arteko segurtasun-tarte egokia mantentzen dela, establezimenduaren barruko barran zein mahaietan, bai eta establezimendu horien kanpoaldean ere.

Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruz indarrean dauden osasun-jarraibideekin bat etorriz, egungo egoerak eta agindu honen indarraldiak irauten duten bitartean, ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak indarrik gabe utziko dira.»

3.– Beste paragrafo bat gehitzen zaio 3.26 puntuari –Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak–, eduki honekin:

«Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruz indarrean dauden osasun-jarraibideekin bat etorriz, egungo egoerak eta agindu honen indarraldiak irauten duten bitartean, ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak indarrik gabe utziko dira.»

4.– Beste bi apartatu gehitzen zaizkio 3. puntuari, 29. eta 30. apartatuak, eduki honekin:

«3.29.– Gazteen lonjak eta antzekoak.

Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea.

3.30.– Osasungaiztasun-egoerak.

Ostalaritzako establezimenduak edo antzekoak ez diren espazio publikoetan edo kalean taldean edatea osasungaiztasun-egoeratzat hartuko da, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 6.f) artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.»

Hirugarrena.– Argitaratzea eta ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 15a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala