134. zk., 2020ko uztailaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (273 KB - 3 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2701
EBAZPENA, 2020ko ekainaren 30ekoa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez lan-poltsak irekitzen baitira, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuan aritzeko aldi baterako langile-beharrak betetzeko.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduaren bidez, Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzen dira. Agindu horretako 24.b artikuluan, lan-poltsak irekitzeko aukera aurreikusten da honako kasu honetan: batetik, azken oposizioko probetarik baten bat gainditu baina plazarik lortu ez dutenak lehen poltsan sartzeko; eta, bestetik, zein kidegora sartzeko eskatzen den hartaraxe sartzeko, urtean zehar deitu eta bukatu diren oposizioetako lehen azterketara aurkeztu eta suspenditu dutenak bigarren poltsan sartzeko.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Agindu horretan oinarrituta, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ebatzi du Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoetako lanpostuak betetzeko sortutako lan-poltsak irekitzea, honako oinarri hauen arabera:
1.– Deialdiaren xedea.
1.1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren kidegoetako aldi baterako langile-beharrak betetzeko lan-poltsak irekitzea.
1.2.– Justizia Administrazioko funtzionarioen kidego hauetako lan-poltsak irekiko dira: Auzitegiko Medikuak, Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetza eta Laguntza Judiziala.
2.– Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan:
Lan-poltsetan sartzea eskatu ahal izango dute aurreko puntuan aipatutako kidegoetan sartzeko deitu ziren azken hautaketa-probetan parte hartu dutenek, baldin eta honako baldintza hauetakoren bat betetzen badute:
● Ariketaren bat gainditu eta plazarik lortu ez badute.
● Lehenengo ariketako kalifikazioan 0 puntu baino gehiago lortu izana.
Prozesua gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda BOEn argitaratzen denean joko da hautaketa-probak amaitu direla (erreferentziako lan-eskaintza publikoa 2016koa da).
3.– Izangaien betekizunak.
Lan-poltsetan sartu nahi dutenek Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
4.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
4.1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek izapide hauek egin beharko dituzte, bitarteko elektronikoz:
a) Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.
b) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak aurkeztea.
4.2.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, horretarako diseinatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da, zeina hemen baitago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/z16-a2appa/eu/q41auUdaWar/E20/?locale=eu
4.3.– Bitarteko elektronikoak erabili gabe aurkeztutako eskabideak eta deialdiari loturiko bestelako dokumentuak aurkeztu gabekotzat hartuko dira.
4.4.– Deialditik eratorritako jarduketak www.justizia.eus web-orrian eta justiziako langileen atarian argitaratuko dira, hartara eragotzi barik beste bitarteko batzuen bidez argitaratzea oinarri hauetan xedatutakoarekin bat etorriz.
4.5.– Eskabideak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Lan eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko zuzendariari bidali behar zaizkio eskabideak.
4.6.– Lan-poltsa batean baino gehiagotan sartu nahi duenak eskabide bat aurkeztu beharko du lan-poltsa bakoitzeko.
5.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– Alegatutako euskarazko hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiri ofiziala edo tituluaren homologazioa, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko. Erregistro horretan jasota ez badago, egiaztatu egin beharko da.
– Kidegoan sartzeko eskatzen den ziurtagiri ofiziala, edo beste titulu ofizial batzuk, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio halakoak Hezkuntza Ministerioko tituluen erregistroan egiaztatzeko, unibertsitatekoak zein unibertsitatez kanpokoak izan.
Alegatutako tituluak 1992. urtea baino lehen lortu badira (unibertsitate-titulu ofizialak), edo 1991. urtea baino lehen eman badira (unibertsitateaz kanpoko titulu ofizialak), eta erregistro horietakoren batean inskribatzeko eskatu ez bada, aurkeztu egin beharko dira.
– Agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria, Zuzenbideko lizentziaturako lehenengo hiru ikasturteak gainditu izana edo Zuzenbideko graduko 180 kreditu lortu izana egiaztatzen duena.
6.– Eskabideak aurkezteko era.
Izangaiek, izapide horiek egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikatzeko bitartekoren bat eta sinadura elektronikoa eduki beharko dute (helbide honetan jasota daude: https://www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es/). Besteak beste, honako hauek:
a) Izenpek pertsona fisikoei emandako ziurtagiriak, B@kQ barnean dela.
b) Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
7.– Behin-behineko zerrendak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren aldi baterako langile-beharrak betetzeko lan-poltsetan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrendak egin ondoren, ikusgai jarriko dira www.justizia.eus web-orrian eta Justiziako langileen atarian.
Onartutakoen eta baztertuen behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, hamar egun balioduneko epean, ebazpena argitaratzen denetik hasita.
8.– Behin betiko zerrendak.
Alegazioak ebatzi ondoren, argitara emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren aldi baterako langile-beharrak estaltzeko lan-poltsetan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrendak, behin-behineko zerrendak erakutsi ziren toki beretan. Behin betiko ebazpenaren aipamena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
9.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a.
Justizia Administrazioko zuzendaria,
MARÍA ISABEL GABRIEL BELLIDO.