134. zk., 2020ko uztailaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (428 KB - 18 orri.)
- EPUB (236 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2700
AGINDUA, 2020ko ekainaren 23koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez iragarri eta arautzen baitira gizarte-ekonomian ekiteko, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua bultzatzeko eta COVID-19ak kaltetutako gizarte-ekonomiako enpresak finkatzeko laguntzak.
Mundu osoan deklaratutako pandemiak jarduera ekonomiko globalean izan duen eragin kaltegarriaren ondoriorik latzenak, tokiko enpresetan eta enpresa txikietan ez ezik, enpresa sortu berrietan ere ageri dira. Enpresa-elkarte bat sortu arteko ibilbide konplexuak bere zailtasunak mantentzen ditu benetako jardueraren hasierako urteetan zehar, artean ez baitira finkatu enpresaren xede sozialaren ekoizpenerako, kudeaketarako eta merkaturatzeko oinarriak.
Legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak, bere lehentasunezko helburuen artean, aitortu du gizarte-ekonomia osoaren sustapena, elkarte horietan enplegu berria sortzeko fasean ez ezik, lehendik lanean ari diren elkarteak sendotzeko eta finkatzeko lanean ere. Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak mugatuak izanik, finkatzeko prozesuan dauden enpresen denbora-arkua ere mugatu da eta aintzat hartu dira dagozkien erregistroetan azken 5 urteetan inskribatu diren eta gizarte-ekonomian ekintzaile izateagatik laguntzak jaso dituzten enpresak.
Ondorioz, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak, bere baliabideetatik 555.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jarri du, laguntza-ildo berri bat irekiz, elkarte sortu berrien finantza-giharra indartzeko, mila euro esleituz elkarte horietako bazkide langile bakoitzeko. Emandako kantitatea Erreserba Berezi banaezin batera zuzendu beharko da.
Beste bi ildo berri ere erantsi dira, diruz lagungarriak diren jardueren multzora. Alde batetik, gizarte-ekonomiaren enpresa-espiritua eta hedapen kulturala garatzeko planteamendu, ideia edo bide berrien sustapena. Beste alde batetik, azken urteetako lanari emanen zaio jarraipena, instituzio arteko mahai edo foro bat eratzeko, gizarte-ekonomian ekintzailetzaren esparruan lan egingo duena. Ahalik eta eragile gehien lortu nahi dira, eta era berezian eremu pribatutik etortzen direnak, gizarte-ekonomian sustapena piztuko duten mekanismo berriak zehazteko.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bidez, 2020. ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea, helburu hauetarako: gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko, eta COVID-19ak kaltetutako gizarte-ekonomiako enpresen oinarria finkatzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, guztira, bi milioi eta laurehun mila euro (2.400.000) erabiliko dira, gehienez, honela banatuta:
a) II. kapituluari dagokionez, milioi bat bostehun eta hirurogeita bost mila (1.565.000) euroko gehienezko kopurua; horietatik, milioi bat berrehun eta berrogeita hamabi mila (1.252.000) euro, 2020ko ekitaldiko ordainketa-kreditu baten bidez, eta hirurehun eta hamahiru mila (313.000) euroko konpromiso-kreditu baten bidez, 2021eko ekitaldiari dagozkionak.
b) III. kapituluari dagokionez, hau da, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko, berrehun eta laurogei mila (280.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: ehun eta berrogei mila (140.000) euroko ordainketa-kreditua 2020ko ekitaldirako eta ehun eta berrogei mila (140.000) euroko konpromiso-kreditua 2021eko ekitaldirako.
c) IV. kapituluari dagokionez, alegia, sortu ziren unean programa honek lagundu eta, ondoren, COVID-19ak eragindako krisiak kaltetutako enpresen finkapenerako laguntzak, guztira bostehun eta berrogeita hamabost mila (555.000) euroko gehienezko kopurua, osorik 2020ko ekitaldiari dagokiona.
3. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.
1.– Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, betekizun orokor hauek betez gero:
a) Aurkeztutako eskabidearen gaineko ebazpena eman aurretik, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta egotea, eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzan inskribatuta.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea.
c) Zigor- edo administrazio-arloko zigor baten ondorioz, laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta ez egotea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.
d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.
e) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.
f) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).
2.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak.
3.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko eskatu beharko da, 15 eguneko epean, gehien jota.
2.– Eskabidea aurkezteak berez dakar eskatzen duen pertsonak baimena ematea instrukzioa egiten duen erakundeak zuzenean lor dezan Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria; hala ere, eskabidea egiten duen pertsonak berariaz uka dezake baimen hori, eta orduan, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko unean, eta ordainketak egiteko unean ere bai.
3.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan aukera emango zaie laguntza jasotzen duten erakundeei esanbidez onar dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.
5. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaera izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako eskariak eta ereduak izapidetzeko jarraibideak euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide hauetan:
– Enpresak eratzea: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/emprender_constitucion/web01-tramite/es
– Enpresak eratzeko sustapena: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/emprender_promoción/web01-tramite/es
– Bideragarritasun azterlanak: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/emprender_viabilidad/web01-tramite/es
– Gizarte-ekonomian enpresa-espiritua eta ekintzaile-kultura sustatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/ ayuda_subvencion/2020/emprender_viabilidad/web01-tramite/es
– Gizarte-ekonomian ekintzailetzari buruzko foro espezifiko bat eratzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/ ayuda_subvencion/2020/emprender_foroemprendizaje/web01-tramite/es
– Lurralde sustapen planifikatua: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/emprender_promocion_territorial/web01-tramite/es
– Gizarte-ekonomiako enpresak finkatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/emprender_consolidacion/web01-tramite/es
3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire karpeta» atalean.
6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.
1.– Eskabideak 5.2 artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide normalizatu baten bidez eginen dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude, edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Banan-banan aztertuko dira, 2. artikuluan adierazitako hiru kapituluen arabera, agindu honetan xedatutako baldintza guztiak betetzen dituzten laguntza-eskaerak. Atal bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunen eskabideei erantzuteko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.
2.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz, 2. artikuluko kapituluetan zerrendatutako nahitaezko baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:
a) Lehenbizi, gainerako kapituluetan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik badago, saldo horiek funtsik gabeko kapituluetara bideratuko dira, hasiera batean kapitulu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.
b) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko adinakoak ez badira, zenbateko horiek murriztuko dira, eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, banan-banan, kapitulu bakoitzerako.
9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu bera duten eta beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok ematen dituzten laguntzekin.
Laguntza honen ondorioetarako, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.
2.– Dirulaguntza hau beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozen dirulaguntzekin uztartzen bada, honela jokatuko da:
– Dirulaguntzak batuta, 18. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, soberako kopurua bateraezintzat joko da, eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntza murriztuko da.
– 15.1.artikuluko jardueraren dirulaguntza beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozen helburu eta xede bereko laguntzekin uztartzen bada, eta horien baturak bazkide langileek edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, agindu honen 18.1.c) artikuluak aipatutakoaren arabera, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntza murriztuko da. Administrazio honek gehienez ematen duen dirulaguntzak ez du inoiz 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakunde bakoitzeko.
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ukatu gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
4.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta ordaintzeko, hala behar denean, baldintza izango da entitate onuradunak amaituta edukitzea itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoak badira eta tramitazioan badaude.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez, agindu honen babesean emandako dirulaguntza jaso duten erakundeen zerrenda, zenbateko laguntzak jaso dituzten, eta zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Esleipenaren ebazpenaren aldaketak dirulaguntzen onuradun izateko aginduan ezarritako gutxieneko baldintzak gorde beharko ditu. Gutxieneko baldintza horiek agindu honen 3., 17., 23. eta 29. artikuluetan jasotzen dira.
12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarrikoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak faltsuak badira; edo emandako dirua hitzartutakoa ez den beste helbururen baterako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako; ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, legezko gainerako ekimenak ukatu gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat eginez.
2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten elkarte-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari 21.1 artikuluan b) eta c) ataletan adierazitako denboraz, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, jardueraren iraupena gutxienez hemezortzi (18) hilekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan, eta onuradunak itzuli beharko du jaso duen gehiegizko kopurua.
3.– Entitate onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 21.2 artikuluko b) eta c) ataletan adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.
4.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira hauek: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez ere bai.
13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen erakunde onuradunari jakinaraziko dio prozedura hasi dela eta zein izan diren horretarako arrazoiak, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehienezko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hileko epean ebatzi behar da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Oro har, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan, ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, hala aurreikusten baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezarri ziren.
II. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
15. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.
1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, izaera hori ez duten enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko kasuak barnean hartuta. Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak, nekazaritza-kooperatibak eta gainerako kooperatiba-motak, baldin eta lan-bazkideekiko izaera integrala badute (lan-bazkideek beste mota bateko bazkideekin modu orekatuan parte hartuko dute sozietate-organoetan); horiez gain, beste hauek ere gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira: lan-sozietateak, eta beren prestakuntza akademikoaren zati gisa eta dagokion instituzio akademikoaren tutoretzapean enpresa bat garatzen duten ikasleez osatutako kooperatiba-sozietateak.
2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.
3.– 2020an, honako ikasketa hauek egitea, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzeko helburuarekin:
a) Honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomiaren eta finantzen bideragarritasunaren azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.
b) Ikerketa juridiko eta ekonomiko-finantzario baten bidez aztertu behar da ea bideragarria den langileek beren gain hartzea lanean ari diren enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.
4.– Ideien lehiaketak diseinatzea eta egitea, gizarte-ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresaren kultura zabaltzeko.
5.– Ekintzailetza gizarte-ekonomian sustatzeko berariazko foro bat diseinatzea, antolatzea eta gauzatzea.
16. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako hauek jaso ditzakete artikulu honetan bilduriko laguntzak:
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: 2019ko ekainaren 20tik Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunera bitartean, (bi egunak barne) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren. Ondorio horietarako, erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan inskribatu izanaren datatzat.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan sozietateen erakuntza sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku bada (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak). 15.1 artikuluan «in fine» aipatzen diren kooperatibetarako, hezkuntza-proiektuen tutoretza duten instituzio akademikoak.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresak. Aholkularitza-enpresa horien partaidetzan gehiengoa izan behar dute gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten aholkularitza-enpresek, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunderen batekiko lotura badute.
4.– 15.4 artikuluko jardueretarako: beren helburu sozialen artean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta eratzea duten gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeak, beren jardueren esparruan, gutxienez, bi urteko eskarmentua dutenak.
5.– 15.5 artikuluaren jardueretarako: kooperatiben federazioak edo konfederazioak, lan-sozietateen elkarteak, eta sozietate egiturak, haien kideak direnean Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legearen 5. artikuluan arautzen diren multzoetako elkarte-erakundeak.
17. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintza espezifikoak.
1.– 15.1 artikuluko erakunde onuradunentzat:
a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.
b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.
c) Dirulaguntza eman aurretik legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egituraren batean integratuta egotea.
d) Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten den unean.
e) Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.
f) Laneko segurtasunari eta laneko osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.
2.– 15.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: artikulu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.
3.– 15.3 artikuluko erakunde onuradunentzat: bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez haren plantillaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako konpromiso idatzi bat aurkeztu beharko da, hartan adieraziz gizarte-ekonomiako erakunde bat eratuko dela, enpresa bideragarria baldin bada.
4.– 15.4 artikuluko erakunde onuradunentzat: Euskadiko eremukoak direnak, eta gizarte-ekonomiako forma juridikoa duen enpresa bat sortzeko ideiak sustatzen dituztenak; unibertsitateko eta unibertsitate aurreko hezkuntza-zentroetan matrikulatutako gazteei zuzendua.
5.– 15.5 artikuluko erakunde onuradunentzat: haien partaidetzan erakunde publikoak (lurralde eta sektore arteko mailan: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak) eta pribatuak (elkarteen mugimendua, sustatzaileak, garapen-agentziak) dituztenak.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Baremo hauen arabera kalkulatuko da zenbateko dirulaguntza eman behar zaion gizarte-ekonomiako enpresa sortu berri bakoitzari:
a) 4.000 euro, lan-kontratu mugagabearekin sartzen den bazkide langile bakoitzeko. Halakotzat joko dira: gizarte-ekonomiako enpresako bazkide langile guztiak, baldin eta erakundea eratzen denetik agindu hau EHAAn argitaratzen den egunera bitartean (bi egunak barne) sartu badira enpresan.
Aurreko paragrafoan bazkide langileak aipatzen direnean, nekazaritza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.
b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:
– Emakumeak izatea, erakundeko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.
– Desgaitasunen bat izatea, hau da, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko desgaitasuna onartua izatea.
– Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.
– Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk mendeko izatea.
– Etxeko indarkeriaren biktimak, alegia, egoera horretan daudela ulertuko da, pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen pertsonaren indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan direnean, betiere gertakari horiek salatu izan direnean, dagokien auzialdi polizial edo judizialetan.
– Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada. Laneratze-enpresa horien kalifikazioa azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.
– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
– Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da –agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako–, lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta dituzten eta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago eman duten pertsonak, baldin eta lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
Pertsona bera bada aurreko egoera batean baino gehiagotan dagoena, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide langile bakoitzeko edo laneko bazkide bakoitzeko.
c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutako kapitalaren kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.
2.– 15.1 artikuluko jardueretarako, aurreko apartatua aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopuruaren % 100.
3.– 15.2 artikuluko jardueretarako, artikulu honen 1. apartatua aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopuruaren % 30.
4.– 15.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 70, eginiko azterlan bakoitzeko 3.000 euroko mugarekin.
5.– 15.4 artikuluko jardueretarako: erakunde onuradunak aurrera eraman dituen jardueren kostuen % 75, 30.000 euroko mugarekin.
6.– 15.5 artikuluko jardueretarako: diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko erakunde onuradunak erabili dituen baliabide material eta humanoen kostuen % 85, 10.000 euroko mugarekin.
19. artikulua.– Ordaintzeko era.
Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:
a) Lehenengo ordainketa batean, dirulaguntza osoaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza esleitu ostean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.
b) Bigarren ordainketan, % 20 ordainduko da; aurretik aurkeztu behar dira, 21. artikuluan ezarritako epeetan, agindu honek ezartzen dituen betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, eta zehazkiago hauek:
– 15.1 artikuluko jardueretarako:
– Agindu honen 21.1 artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo entitatearen ziurtagiria.
– Legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egitura batekoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria.
– 15.2 artikuluko jardueretarako: 21.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jotzen diren agiriekin batera.
– 15.3 artikuluko jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
– 15.4 eta 15.5 artikuluko jarduketei dagokienez: egindako jardueren memoria eta haiek gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
20. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:
a) Enpresa-proiektuaren plana edo planak, lehenengo ekitaldi osoan aurrera eraman beharreko jarduerak azalduz, betiere kontuan hartuta COVID-19aren eragina.
b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte ekonomiaren arloko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.
c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.
d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.
e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.
f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskaera aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.
g) Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
h) Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adieraziz.
i) Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.
j) Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu bere kargura duela ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.
k) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzen duen agiria.
l) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
m) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
n) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak emana.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako:
a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.
b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzazio-planari buruzko memoria zehatza.
c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako:
a) Bideragarritasuneko azterlaneko proiektuaren memoria.
b) Enpresa 15.3 artikuluan jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.
Erakunde interesdunek ez dute eskatutako agiririk aurkeztu beharrik izango, baldin eta aurretiaz aurkeztu badituzte eta baldintza beretan indarrean badaude, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
4.– 15.4 eta 15.5 artikuluko jarduketei dagokienez: aurrera eraman beharreko jardueraren plan zehatza, honako hauek jasoko dituena: helburuak, baliabide materialak eta humanoak, diru-sarrera eta gastuen aurrekontua, jarduketen kronograma eta aurreikusitako jardueren ebaluaziorako tresnak.
21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:
a) Dagokion erregistroan inskribatu ondorengo urtean, sustatutako enpresek hau egin beharko dute:
1) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa; hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira bere horretan gordetako lanpostu-kopuruaren arabera.
Aldi horretan, bazkideen artean, baja edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.
Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hileko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio erakundeari, horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.
2.) Egitura asoziatibo batean integratuta jarraitu beharko dute.
Artikulu honen 2. atalean aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak; horretarako, memoriari ziurtagiriak erantsiko zaizkio.
b) Erakundea behar den erregistroan inskribatu denetik hiru urte betetzen direnean, sustatutako erakundeek:
1) Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitu beharko dute.
Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du egoera hori; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.
Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.
2) Egitura asoziatibo batean integratuta jarraitu beharko dute.
Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtez egitura asoziatibo batean integratuta jarraitzeko betebeharra; horretarako, erakunde asoziatiboei ziurtagiria eskatuko die.
c) Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak Erreserba Berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresan galerarik badago, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko modua aurreko 21.1. b).1 letran ezarritakoa bera izango da; baldintza ez betetzeak, berriz, letra horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zen egunetik urtebete igaro ondoren zenbatzen hasita.
Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera eta lortutako emaitzak azaltzeko, aurreko artikuluko a) letran aipatutakoarekin batera.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: arau honetako 15.3 artikuluan aipatzen den aholkulari adituak sinatu beharreko bideragarritasun-azterlana egitea, hura amaitu eta hilabeteko epean, eta aurkeztutako proiektuaren arabera.
Epe horretan aurkeztu ezean, artikulu honetako 1 zenbakiko b) letran ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.
4.– 15.4 eta 15.5 artikuluetako jarduketei dagokienez: esanbidez adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailaren babesa.
III. KAPITULUA
LURRALDE-SUSTAPEN PLANIFIKATURAKO LAGUNTZAK
22. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.
1.– Gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako ekintza-plan bat landu, garatu eta gauzatzea, agindu honen 24. artikuluko eskakizunei jarraikiz. Gizarte-ekonomiako enpresen oinarriak laneko parte hartzea, aberastasuna sortu eta orekaz banatzea, eta enplegua sortzea izango dira. Ekintza-planen erakunde egileek, berriz, eskualde-oinarriko lurralde-eremu jakin batean finkaturiko hezkuntza-erakundeen eta gizarte-ekonomiako enpresen parte hartzea izan beharko dute, alde batetik, eta, bestetik, erakunde horiek enpresa-mintegi bat bermatzeko adinako egitura izan beharko dute eskura, 24. artikuluan araututako ekintza-plana aplikatzeko.
2.– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresen eskualde-oinarriko lurralde-eremua mugatzeko, Eustatek ezarritako eskualde naturalen araberako lurralde-banaketa erabiliko da, baita eskualde horien eragin-eremua ere.
23. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Dirulaguntza honen onuradun izan ahalko dira berezko nortasun juridikoa duten erakundeak, eskakizun hauek betetzen badituzte:
a) Helburuen artean enpresa-sustapena izatea.
b) Ekintza-plan bat aurkeztea hurrengo artikuluan zehaztutako edukiarekin.
c) Gutxienez hiru urteko eskarmentua erakutsi beharko dute, lurralde-sustapen planifikatu mota horretan, erakunde eskatzaileak, edo 24. artikuluan arautzen den jarduketa-planean parte hartzen duten gizarte-ekonomiako erakundeek.
d) Erakunde eskatzailearen konpromiso idatzia aurkeztea, non adieraziko baita enpresak sortzeko jarduera garatzeko borondatea duela, batez ere gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko, eta, modu subsidiario batean soilik, enpresak sortzea ezinezkoa bada, gizarte-ekonomiako sozietate-enplegua sortzeko borondatea duela.
24. artikulua.– Jarduketa-planaren baldintza zehatzak.
a) Jarduketa-planak eduki hauek izan beharko ditu:
1) Helburu kuantitatibo eta kualitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.
2) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eredua.
3) Ekintzailetza-prozesuaren faseak.
4) Sortuko diren gizarte-ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialen eta giza baliabideen beharrezko oinarrizko egitura.
5) Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko erakundeekiko lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.
b) Jarduketa-planaren barruan, egiaztatuta egon beharko du enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-erakundeak badirela lurraldean.
c) Jarduketa-planaren barruan, egiaztatuta egon beharko du plan horretan parte hartuko dutela etorkizuneko proiektuei babesa eskainiko dieten gizarte-ekonomiako enpresek edo erakundeek. Proiektu bakoitzerako, jarduketa-planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.
25. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Lan eta Justizia Sailak hauei emango die dirulaguntza:
1.– Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko gastu orokorren % 75, gizarte-ekonomiako ekintzailetzari ekiteko erakunde onuradunak jarduna egiten duen lurraldean, gehienez ere 30.000 eurorekin.
2.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen duen jarduketa-planean sortuko den gizarte-ekonomiako enpresa-proiektu bakoitzerako, edo horren faltan, gizarte-ekonomiako enpresa batean sortutako sozietate-lanpostu bakoitzerako, aurreikusitako gastuaren % 75; sortutako proiektu bakoitzeko, gehienez 9.000 mila izango dira, eta, sortutako sozietate-lanpostu bakoitzeko, gehienez 3.000 mila.
Enpresa horiek eratzeko 18 hileko epea dago, gehienez, dirulaguntza emateko ebazpenetik zenbatzen hasita.
3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzak 70.000 euro jaso ditzake gehienez.
26. artikulua.– Ordaintzeko era.
a) Lehen ordainketan dirulaguntza osoaren % 50 ordainduko da, emakidaren jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren, eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan, dirulaguntza osoaren beste % 50a emango da, 25. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean. Horretarako, sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehakatua aurkeztu beharko dute aurretiaz erakunde eskatzaileek, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzan, memoria horretan esanbidez jasoz egindako jarduera osoa: gizarte-ekonomiaren arloko enpresen sustapena eta halakoak ez diren erakundeen sustapena ere bai, halakorik bada, zabalkunde-jardueraren ondorioz; eta egindako gastuaren justifikatzeko dokumentazioa ere bai, jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak erakutsiz. Egiaztagiri horiek guztiak 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, gehienez, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.
27. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Jarduketa-plana, agindu honetako 24. artikuluan ezarritako baldintza eta eskakizunekin.
b) 24. b) artikuluan aipatzen diren lurraldeko hezkuntza-erakundeen egiaztagiriak, eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.
c) Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria, 24.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
IV. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK FINKATZEKO LAGUNTZAK
28. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.
Dirulaguntzaren xedea da gizarte-ekonomiako enpresak finkatzea, enpresa horiek, programa honek eskainitako laguntza baten onuradunak izanik, COVID-19aren krisiak kaltetu dituenean.
29. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.
Laguntza hauek jasotzeko, eskaera egiten duten erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gizarte-ekonomian Ekintzailetza bultzatzeko 2015 eta 2019 bitarteko epean, biak barne, egindako deialdietako baten onuradun izatea, enpresen sorrera atalean.
b) 2020ko martxoaren 14a eta ekainaren 14a bitartean (biak barne), haien fakturazioan % 30eko jaitsiera izan dutela erakustea, 2019ko irailaren 13aren eta 2020ko martxoaren 13aren arteko (biak barne) hilabeteetan izandako batez besteko fakturazioaren aldean.
c) Enpresa-proiektuaren bideragarritasuna berrestea, enpresaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde sustatzaileak horri buruz egin beharko duen egiaztapena ukatu gabe.
30. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Erakunde eskatzailearen eta sustapena egingo duen erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.
– Fakturazioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 29.b) artikuluan jasotzen denaren arabera.
– Dirulaguntza eman aurretik, legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatiboren batean integratuta egotea.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den fakturazioari buruzko dokumentazioa, behin betiko eman eta balioztatu beharko du sustapena egingo duen erakundeak, betiere aurkeztutako eskabidearen gaineko Ebazpena eman aurretik. Nahitaez egiaztatu beharko du fakturazioaren galerari buruz (% 30) 29.b) artikuluan jasotzen dena bete dela. Egiaztapen hori egiteko, zehaztutako epe horretan hileroko BEZaren aitorpenak aurkeztuko dira.
31. artikulua.– Erakunde sustatzaileen jarduketarako baldintza espezifikoak.
1.– Kontsultoretza- eta aholkularitza-lanak egingo ditu dealdian sartu zenean erakunde onuradunaren sustapena egin zuen eta horregatik dirulaguntza jaso zuen erakundeak berak. 29.c) eta 30.2 artikuluetan adierazitakoa egin beharko du.
2.– Aurreko atalean aipatutako erakunde sustatzaileak ezin izango balu, eskabidea egiten duen erakundeak beste erakunde bat aurkeztu beharko du, eta garai batean berari aholkularitza eman zion erakunde sustatzaileari eskatu zitzaizkion baldintza berak betetzen dituela eta era horretako jardueretan eskarmentua duela egiaztatzeko moduan dagoela erakutsi beharko du.
32. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoak eta mugak eta erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Sortutako gizarte-ekonomiako enpresa bakoitzeko esleituko den dirulaguntza 1.000 eurokoa izango da, kontratu mugagabea duen eta 2020ko martxoaren 14an Bazkideen Liburuan agertzen den langile bazkide bakoitzeko.
2.– Erakunde onuradun bakoitzeko dirulaguntza ez da inoiz izango 10.000 eurotik gorakoa.
3.– Diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzendu beharko dituzte, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresak galerarik badu, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera. Betebehar hori 2021ean egiaztatuko da, 2020ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak dagokion Erregistroan aurkeztu ondoren. Betebehar hau betetzen ez bada, dirulaguntza itzularazteko prozedurari hasiera ematea bidezkoa den edo ez ebazteko berariazko espedientea izapidetuko du Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak.
4.– Kapitulu honen arabera emandako dirulaguntza esleitzeko Ebazpena eman denetik hiru urte betetzen direnean, enpresa onuradunak gizarte-ekonomiako enpresa izaerari eutsi beharko dio. Baldintza hau betetzen dela egiaztatuko da 21.1.b) artikuluan deskribatzen den modu berean.
33. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza ebatzi ostean.
34. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Dirulaguntzaren azken justifikazioa 2021eko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da, honako dokumentazio hau erantsita:
a) Emandako dirulaguntza Erreserba Berezi batean eman dela egiaztatzeko agiriak, 32.3 artikuluan zehaztutakoarekin bat eginez.
b) Erakunde sustatzaileak enpresaren bideragarritasunari buruz emandako behin betiko txostena.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.
Dirulaguntzen araubide hau, 15.1, 15.3, 15.4, 15.5 artikuluei eta 28. artikuluari dagokienez, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Justizia Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak aintzat hartuta. Dirulaguntza emateko ebazpenean, erakunde onuradunari jakinaraziko zaio emandako laguntza de minimis izaerakoa dela eta Administrazioak eskubidea duela erakunde onuradunaren aldetiko informazio guztia lortzeko, de minimis laguntza orori buruzkoa, uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko ekitaldi fiskaletan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 23a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.