134. zk., 2020ko uztailaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (345 KB - 11 orri.)
- EPUB (229 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2699
AGINDUA, 2020ko ekainaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, mikroenpresa kategoria duten eta COVID-19 pandemiaren ondorioz deklaratutako osasun alarmaren eragina jasan duten kultura sektoreko sozietate eta elkarteentzako 2020ko laguntzak arautzen dituena.
COVID-19 pandemiak aurrekaririk gabeko krisi sanitarioa eragin du mundu osoan, eta jarduera-sektoreen geldialdiaren ondoriozko krisi ekonomikoa, eta oraindik ezin dugu jakin zer-nolako ondorioak izango dituen horrek. Jarduera eten behar izanak eta, ondoren, babes-neurriak denboran luzatu behar izateak egoera berri bati eman diote bide, eta etorkizuna zalantzaz bete dute, pandemia aurreko normaltasunera itzultzeko zailtasunak handiak direnez. Etenaldi behartuaren eta haren ondoriozko ziurgabetasun-egoeraren ondore larrienak arintzeko ahalegina ari dira egiten mundu osoko erakunde publikoak. EAEn, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartu ditu norabide horretan.
Alarma sanitario globalaren aurrean hartu behar izan diren neurriek erabat irauli dute bizitza sozial eta ekonomikoa eta, zentzu horretan, bereziki kezkagarria da kultura-sektorea pairatzen ari den krisialdia. Sektore horren ezaugarriek (ekonomia ahula; lan- eta enpresa-egitura bereziak; aldizkakotasuna; gizartearen garapen, dinamismo eta identitatean duen berebiziko garrantzia) behar-beharrezko egiten dute neurri espezifiko eta premiazkoak hartzea, ahal den neurrian, sormen-sarea mantentzeko eta haren iraunkortasuna bermatzeko.
Horiek horrela, hainbat neurri hartu dituzte Eusko Jaurlaritzak nahiz EAEko erakundeek, baita Espainiako Gobernuak ere. Hala, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lanean dihardu, ahal den heinean, neurri horiek kultura-sektoreko profesionalengana iritsiko direla bermatzeko. Era berean, kultura-sektorera bideratutako neurri espezifikoak ere sustatzen ari da, laguntza orokorren osagarri gisa; betiere, jarduera horrek berezko dituen urrakortasuna, garrantzia eta berezitasuna kontuan hartuta.
Hori dela eta, COVID-19aren ondorioz martxoaren 13tik ezarritako alarma sanitarioari aurre egiteko Euskadiko Babes Zibileko Planean eta Espainiako Gobernuak martxoaren 14ko 463/2020 EDaren bidez ezarritako alarma-egoeran zen jarduera publiko ororen etenaldiak gehien kaltetutako sektoreetako bati zuzenduta dago deialdi hau. Aipatu etenaldi behartuaren ondoriorik berehalakoena izan zen ekitaldi, emanaldi eta proiektuak bertan behera uztea edo atzeratzea, eta horrek, era berean, ondorio larriak eragin ditu kultura-sektore osoan, bereziki, ikusleekin harreman zuzena eta aurrez aurrekoa behar duten jardueretan.
Horrela bada, udako jarduera kulturala ia osorik bertan behera geratzeak eta udazkenean kontratazioa jaisteak kalte ekonomiko larriak eragingo dizkie kultura-arloko profesionalei, batez ere, beren jarduna udan garatzen dutenei, ekitaldi ekonomikoa galtzea ekarriko die eta.
Egoera horretan dauden profesionalei estaldura ematea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa, jarduera eteteak eragindako galera ekonomiko zuzena arintzen laguntzeko eta, ahal den neurrian, egitura horien behin betiko itxiera saihesteko.
Horretarako, mikroenpresa kategoria duten kultura sektoreko sozietate eta elkarteei babesa emateko dirulaguntza planteatu da, COVID-19aren ondorioz bertan behera geratu diren jardueren ustiapen-kontuetan eragin nabarmena duten gastu arrunten kontu-sailak finantzatzeko. Ez dira kontuan hartuko langileen kostuak (gizarte-segurantza eta soldatak), zabalik dauden beste ildo batzuen bidez finantzatuta daudelako neurri batean.
Kultura-sektorearen barnean askotariko forma juridikoak biltzen dira, eta, hortaz, sektorearen berezitasunei erreparatuta, enpresa gisa kontuan hartuko dira jarduera ekonomikoa garatzen duten kultura egitura guztiak, Europar Batasunean onartutako definizioaren arabera –Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskina–: «Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen erakundea, edozein dela ere haren forma juridikoa. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak» alegia, kontuan hartuko dira bestelako laguntza orokorretan enpresa-errealitate gisa kontuan hartu izan ez diren forma juridikoak, hala nola, sozietate zibilak, erantzukizun mugatuko sozietateak, elkarteak eta kooperatibak. Hori horrela, jarduera ekonomikoak berak ematen dio profesionalari enpresa-izaera; hau da, produktu edo zerbitzuak prezio jakin batean edo merkatu jakin batean saltzen dituen oro hartuko da enpresatzat.
Lanbidek kultura-arloko profesional indibidualei zuzendutako deialdia argitaratu ondoren, sozietateak eta elkarteak, EAEko kultura-sarearen zati handi bat osatzen dutenak, pairatzen ari dira babesgabetasun handiena, soldatari lotuta ez dauden egitura finkoen gastuei aurre egin behar baitiete.
Europako Batzordeak berriki egindako komunikazio batean (2020/c112 I/01), COVID-19ren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzko aldi baterako esparrua aldatzeari buruzkoan, nabarmentzen da mikroenpresei bereziki eragin dietela egungo koronabirusen pandemiak eragindako likidezia-arazoek, eta horrek areagotu egin dituela sarbide-zailtasunak, finantzaketarekin alderatuta. Erantzunik ematen ez bazaie, zailtasun horiek mikroenpresa askoren porrota eragin dezakete, eta horrek asaldura larriak eragin ditzake EBko ekonomia osoan.
Eusko Jaurlaritzak, honela, mikroenpresa kategoria duten kultura-sektoreko sozietate eta elkarteak mantentzen lagundu nahi du, eta hartara bideratuta daude agindu honen bidez araututako laguntzak.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-arloko jardueren eta horien zabalkundearen eskumenak, hala jasotzen baitu Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluan (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen).
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio honako egiteko hauek: musika, dantza, liburu, ikus-entzunezko eta ikusizko arteen arloetan dauden beharrizanak aztertzea; eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horietan egiten diren jarduerak bultzatzeko, sendotzeko eta zabaltzeko egoki deritzen administrazio-neurriak hartzea.
Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
2020ko martxoaren 19an, Batzordeak aldi baterako esparru berria onartu zuen, ekonomia babesteko, koronabirusen pandemiaren testuinguruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3.b artikuluan oinarrituta. Aldi Baterako Esparruak onartzen du EBko ekonomia osoa asaldura larria jasaten ari dela, eta estatu kideei aukera ematen die estatuko laguntzei buruzko arauetan aurreikusitako malgutasuna bete-betean aprobetxatzeko ekonomiari laguntzeko, eta, aldi berean, merkatu bakarreko baldintza-berdintasunean ondorio negatiboak mugatzeko.
Horren guztiaren ondorioz,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntzak arautzea eta deitzea, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzera bideratuta ezarri zen alarma-egoeraren ondorioz jarduera eten duten edo nabarmen murriztu duten kultura-arloko mikroenpresen gastu finko edo egiturazkoak arintzeko. Zentzu horretan, mikroenpresatzat hartuko dira sozietate-autonomoak, elkarteak eta sozietateak.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, 2.000.000 euro bideratuko dira, 2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak.
3. artikulua.– Erakunde hartzaileak.
1.– Deialdi honetan xedatutako laguntzen onuradun izango dira kultura sektoreko eta elkarteak eta sozietateak.
2.– Deialdi honetan xedatutako ondorioetarako, jarduera ekonomiko gisa ulertuko da kultura-adierazpenei lotutako produktu edo zerbitzuak profesionalki eta irabazi-asmoarekin sortzea.
Deialdi honen ondorioetarako, eskatzailea profesionaltzat hartuko da baldin eta jarduera garatzen duen taldeko kideek sektorean ezarritako hitzarmen edo erabileren araberako ordainsaria jasotzen badute, eta inoiz ez bada lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.
Hori dela eta, deialdi honetatik kanpo geratuko dira amateur elkarteak, baldin eta kideek jardueraren truke dokumentuz egiazta daitekeen ordainsaririk jasotzen ez badute.
Halaber, deialdi honen ondorioetarako, irabazi-asmoa edo izaera komertziala izango du merkatuarekin bat datorren ordaina duen produktu edo zerbitzu orok.
3.– Deialdi honetan xedatutako ondorioetarako, kultura-arloko ikerkuntza, sorkuntza, ekoizpen, erakustaldi, profesionalen prestakuntza edo/eta kontserbazioari lotutako alderdiak soilik hartuko dira kontuan, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko lege-betekizunak konplituz, honako tipologia hauetako batean sartzen bada: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus-entzunezko arteak, bertsolaritza, kultura-arloko bitartekaritza edo/eta aholkularitza, liburua eta literatura, musika edo ondarea.
4.– Deialditik kanpo geratuko dira berariaz kultura-sektorean xeheka merkaturatzera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakundeak (liburutegiak, musika-dendak, zinema-aretoak, arte-galeriak...), baita heziketa-arloan profesionalei bideratuta ez daudenak ere. Halaber, deialditik kanpo geratuko dira kirol, aisialdi eta denbora libre edo gehienbat turismora bideratutakoak.
5.– Edozein kasutan, deialditik kanpo geratuko dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak eta baita administrazio publikoek gehiengoz izendatutako pertsonek osatutako organo gorena dutenek ere.
4. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileen betekizunak.
1.– Europako Batzordeak mikroenpresen definizioari buruz maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioetan edo horiek ordeztu edo aldatzen dituzten xedapenetan ezarritakoak: bereziki, 10 langile baino gutxiago izatea eta urteko fakturazioa bi milioi eurokoa baino txikiagoa izatea.
2.– COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzera bideratuta ezarritako alarma-egoeraren ondorioz, jarduera erabat eten bada edo fakturazioan % 75etik gorako murrizketa izan badu 2019ko ekitaldiko hileko batez bestekoarekin alderatuta, 2020ko martxotik irailera bitarteko aldian, COVID-19k eragindako krisi sanitarioaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzearen ondorioz.
3.– Jardueraren helburua edo xede soziala agindu honen 3.3 artikuluan jasotako jardueretako bat izatea.
4.– Fakturazioaren % 70 gutxienez agindu honen 3.3 artikuluan jasotako jardueretako batetik eratortzea.
5.– Alarma-egoera amaitu ondoren, jarduerari berrekin izana eta alta emanda egotea, 3.3 artikuluan adierazitako kolektibo onuradunetako baten barruan, gutxienez lau hilabetez, jarduerari berriz ekin zaionetik.
6.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
7.– Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
8.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
9.– Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako gainerako egoeretan, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
5. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Deialdi honen babesean, dirulaguntzaren xede izan ahalko Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzua edo inbertsioa gauzatu duten sozietate edo elkarteen gastu finkoek edo egitura-gastuek.
2.– Zehazki, honako gastu hauek hartuko dira kontuan:
a) Negozio-lokalaren errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: eskatzailearen etxebizitzaren zatia ez izatea; lokalaren errentatzailearekin 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ez egotea; eta errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide ez izatea. Onargarriak dira coworking espazioen, sorkuntza-fabriken edo jarduera sortzaile eta produktiborako bestelako garapen-egituren alokairutik eratorritako errentamenduak.
b) Lan-jardunera bideratutako material teknikoaren eta garraiobideen errentamenduaren kostua.
c) Laneko lokalen hornidurak (ura, argia, telefonoa, interneta...), betiere baldintza hauek betetzen badira: eskatzailearen etxebizitzaren zatia ez izatea; lokalaren errentatzailearekin 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ez egotea; eta errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide ez izatea.
d) Hauetatik eratorritako interesak:
– Jarduera barne hartzen duen establezimendua erosteko eskatutako mailegu hipotekario zein pertsonalen kuotak.
– Alarma-egoera indarrean jarri aurretiko (2020ko martxoaren 14a) bosturtekoan egindako inbertsioei dagozkien maileguen kuotak edo finantzaketatik eratorritakoak, jardueraren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren ondasunak eskuratzera bideratutakoak.
e) Bestelako gastu arruntak, hala nola:
– Ohiko jarduerarekin lotutako aseguruen kuotak.
– Alarma-egoeran kontratatutako profesional independenteen zerbitzuak (aholkulariak, kontsultoreak...), ikuskaritzetatik eratorritakoak izan ezik.
– Gauzatutako kultura jarduerarekin lotura duten udal-zergak.
– Zirkulatzailea finantzatzetik eratorritako kostuak.
– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuen bidez finantzatutako elkarte profesionaletako afiliazio-gastuak.
3.– Oro har, kontuan hartzeko, aurreko atalean jasotako gastuak 2020ko martxoaren 14a eta irailaren 14a bitartean sortuak izan behar dute.
4.– Kontratatutako zerbitzuaren fakturazioa hilero egiten ez bada, adierazitako epeari dagokion zenbatekoa estaltzera bideratuko da dirulaguntza.
5.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ezta fakturan sartutako balio erantsiaren gaineko zerga ere.
6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Laguntzen eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 15 egunen buruan amaituko da.
2.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, euskadi.eus gunean, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bitartez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluko erregistro elektronikoetan.
Eskabide-inprimakia eta izapideak egiteko zehaztapenak, erantzukizuneko adierazpenak eta gainerako ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1106201.
Eskabidea egin ondoko tramiteak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta. Bertan eskuragarri daude izapide elektronikoetarako jarraibideak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bitartez egiteko, aldez aurretik izena eman beharko da Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa.
5.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Eraketa eskritura eguneratua eta Estatutuak.
b) Sozietatearen edo elkartearen izenean jarduten duen pertsonaren legezko ordezkaritza-ahalmena.
c) Ekonomia Jardueren gaineko Zergan benetan alta ematea, 3.3, 2020ko ekitaldian eta alarma-adierazpenaren data baino lehen.
d) Idazkariak emandako eta erakundeko presidenteak sinatutako ziurtagiria, agindu honen 3.5. eta 4.1 artikuluetan jasotako inguruabarrak egiaztatzen dituena.
e) Erantzukizuneko adierazpena, Agindu honetako 6., 7. eta 8. atalak, eta helburu bererako lortutako laguntzen zerrenda.
f) Sozietateen gaineko zerga 2019, bai eta erakundearen galdu-irabazien kontua ere 2020ko maiatzaren 31n, edo zuzenbidean onartutako beste edozein kontabilitate-bide, agindu honen 4.2 artikuluan jasotako alderdiak ziurtatzea ahalbidetzen duena.
g) Gastuen egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak) eta/edo aurreikuspena (errentamendu-kontratuak, hipoteka-kredituak eratzen dituzten eskriturak, gastu arruntak). Fakturek eskabidea aurkezten den egunean egindako gastua baino ez dute aipatuko, eta gastuen aurreikuspenak 2020ko irailaren 14ra arte egin beharreko gastuak hartuko ditu kontuan.
h) Erantzukizuneko adierazpenean jasotako alderdiak baliozkotzeko egokitzat jotzen den beste edozein agiri eskatu ahal izango da.
6.– Sozietate edo elkartearen IFK, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroko edo antzeko organismoko inskripzio-ziurtagiria, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, elkarreragingarritasunaren bidez, dirulaguntza eman eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta izaera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
7.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskaera izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela (ebazpen baten bidez emango zaio horren berri).
8. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Aurkeztutako kontzeptuen % 80 lagunduko da diruz.
3.– Gehienez, 10.000 euroko laguntza emango zaie onuradunei.
4.– Izapidetzeko, sozietate edo elkarteak aurkeztutako laguntza-eskabidean gutxienez 1.000 euroko gastua jaso beharko da, BEZa kenduta.
9. artikulua.– Prozeduraren kudeaketa.
1.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, berriz, hori ebaztekoa.
2.– Erregistro zenbakiaren arabera eta haiek aurkezteko epea amaitutakoan, notario aurrean zozketa eginda zenbaki bat hautatuko da. Eskabideak ordena hartan aztertuko dira, eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiak esleituko dira, haiek finantzatzeko funtsak agortu arte. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ebazpen baten bidez.
3.– Baldin eta ebazteko orduan ezin bada dirulaguntzaren zenbateko zehatza finkatu, eskatutako zenbatekoa emango da, 8. artikuluaren 3. eta 4. puntuetan ezarritako mugen arabera, eta ebazpenean berariaz ohartaraziko da diferentzia itzuli beharko dela, justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada.
4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, sei hilabeteko epea egongo da gehienez, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan dirulaguntzaren eskabidea baietsi egingo da, baldin eta esanbidezko ebazpenik eman ez bada.
5.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da zuzenean, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
6.– Bestalde, pertsona onuradunei ez zaie laguntzarik esleituko ez ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek esleitutako izaera bereko dirulaguntzen zehapen- edo itzulketa-prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.
7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, emakida-ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazteaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ebazpenaz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira deialdi honen barneko dirulaguntzen onuradunen zerrenda eta dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa.
10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Erakunde onuradunei lehenengo ordainketa egingo zaie dirulaguntza eman ondoren, dirulaguntza aurkeztean justifikatutako zenbatekoan, eta bigarren ordainketa, gainerako zenbatekoan, behin dirulaguntza justifikatuta.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du pertsona eskatzaileak.
Enpresa erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntza onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, denak batera, 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen:
a) Diruz lagundutako gastuen zerrenda, honakoak adierazita: enpresa hartzekodunaren identifikazioa (IFK eta sozietate-izena), fakturaren jaulkitze-data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan www.euskadi.eus/zerbitzuak/1106201
b) Diruz lagundutako gastuen fakturak eta ordainagiriak.
c) 2020ko ekitaldiaren itxiera: ustiapen-kontua eta balantzea.
2.– Justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada emandako dirulaguntza baino, dirulaguntza doitu egingo da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da, dagokion prozedura izapidetu ondoren.
12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak. Hain zuzen ere:
a) Laguntzaren eskakizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera gauzatu dela frogatzea.
b) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
c) Diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari funtsezko eran eragin dioten gertaerak jakinaraztea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.
e) Jasotako laguntzen izaera publikoaren publizitate egokia egitea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan. Erakundearen dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol zein genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
13. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko orduan aintzat hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake esleitutako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.
14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretik datozen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
15. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa) aurreikusitako betebeharrak konplitzen ez badituzte; edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan, edo lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean aipatzen diren kasuetako batean badaude; edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute; Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ebazpen bat emango du. Ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta itzulketen araubide orokorra. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak abiaraziko du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak araututako itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela adieraziko dio.
16. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira barne-merkatuarekin, hala xedatzen baitu EBFTren 107.2 artikuluak eta Europako Batzordearen 2020/c112 i/01 komunikazioa, egungo COVID agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzko aldi baterako esparruaren aldaketari buruzkoa 19.
17. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Eskabidean ageri diren datu pertsonalak tratatu egingo dira eta www.euskadi.eus/dbao/1106201 izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Xedea: arte eszenikoak bultzatzeko prestakuntza, sustapen edo erakusketa programa eta jardueretara bideratutako dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zure datuetan sartzeko edo horiek zuzentzeko, ezabatzeko eta mugatzeko eskubidea daukazu, baita horien tratamenduari aurka egiteko eskubidea ere, hala azalduta dago informazio gehigarrian. Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago lortzeko, joan web-helbide honetara: www.euskadi.eus/dbao/1106201
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauek alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena- eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta ezarri baitzituen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.