134. zk., 2020ko uztailaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (397 KB - 17 orri.)
- EPUB (247 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2695
AGINDUA, 2020ko uztailaren 1ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen sustapenerako eta hedapenerako dirulaguntzak arautzen eta deitzen baitira 2020. ekitaldirako.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zera zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoa da soilik lurraldearen eta itsas-ertzaren antolaketa, hirigintza eta etxebizitzaren arloetan aginpideduna.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak eta funtzioak hartzen ditu bere gain, arkitekturari, eraikuntzari eta eraikuntzako jasangarritasunari, energia-efizientziari eta kalitateari dagokienez, eta bereziki, arkitekturaren, eraikuntzaren, birgaikuntzaren eta eraikuntzako jasangarritasunaren, energia-efizientziaren eta kalitatearen ezagutarazpen, sustapen eta ikerketari dagokienez, administrazio publikoetako beste sail eta organo batzuekin, profesionalekin, erakundeekin eta elkarte publiko nahiz pribatuekin elkarlanean.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak arkitektura-arloan duen helburuetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako arkitekturaren bikaintasuna batez ere nazioarteko eremuetan zabaltzea da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko arkitektura garaikidea da, eta bere ondarearen identitate kulturala, historikoa eta artistikoa berrikuntzarekin eta modernitatearekin uztartzen ditu.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, lehen aipatutako ezagutarazpen-lanen esparruan, hainbat ikerketa- eta ezagutarazpen-jarduera sustatzen ditu, hala nola erakusketak, jardunaldiak eta hitzaldiak; eta, era berean, Nazioarteko Arkitektura Bienala ere egiten du, MUGAK; arkitekturan jarduteko modu ezberdinen arteko mugak ditu langai, bereziki arkitekturak gizarte mugak lekualdatzeko edo aldatzeko duen gaitasuna.
2017an eta 2019an egindako Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren lehen bi edizioen helburua formatu handiko topagune bat sortzea izan da, arkitekturari buruzkoa, akademikoentzat, profesionalentzat, unibertsitateko ikasleentzat eta, oro har, herritarrentzat. https://www.bienalmugak.eus webgunean dago ekitaldi horri buruzko informazioa.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Etxebizitza Sailburuordetzaren, eta bereziki, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren bidez, uste du lehen aipatutako arkitekturaren sustapen- eta ezagutarazpen-jarduerak zuzen eta modu egonkorrean garatzeko funtsezkoa dela dirulaguntzen programa hau izatea, euskal arkitektura nazioartean erreferentzia bihurtzeko xede estrategikoarekin.
Hala, programa horretan diruz lagun daitezkeen jarduerak hauek dira: EAEko arkitektura garaikidearen gainean hitz egiten duten erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea; aplikazio informatikoak eta material digitala sortzea; liburuak edo dibulgaziozko gidak argitaratzea; eta dokumentalak eta webguneak egitea, betiere Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala – Mugak egitasmoaren barneko hausnarketa-, elkarrizketa- eta eztabaida-eremuetan.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bat dator Sailaren arloko dokumentu programatikoetan azaltzen diren konpromisoekin: funtsean, Ingurumen Esparru Programan; Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 aldiko Esparru Programaren 6. ardatzean jasotako Renove birgaitze-programetan; Etxebizitzaren 2018-2020 aldiko Gida Planean; eta XI. Legegintzaldirako (2016-2020) Euskadi 2020 Gobernu Programan. Hau da, Sailaren jarduera-esparruarekin zerikusia duten konpromisoekin. Aipatutako dokumentua herritarrek eskura dute Sailaren webgunean.
Dirulaguntzen araubide hau Dirulaguntzen plan estrategikoaren barruan dago jasota (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Agindu bidez onartu zen), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak xedatzen duen bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean badago nahikoa kreditu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso horiek gauzatzeko. Ondorioz, laguntza-deialdi honen bidez 2021eko udazkenean egingo den Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalaren III. edizioari lotutako jarduerak sustatzen dira. Laguntzen deialdi hau egin behar da, nahikoa aurrekontu-estaldura baitu.
Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eman beharreko dirulaguntza ekonomikoak arautzea eta laguntza horien deialdia egitea, EAEko hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea sustatzeko eta ezagutarazteko, balio aitortuko eraikinak eta hiri-guneak barne, betiere Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala – Mugak egitasmoak ezarritako hausnarketa-, elkarrizketa- eta eztabaida-eremuen barruan.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aplikatu beharko zaie; alegia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Araubide honen arabera, estatu kide batek enpresa jakin bati emango dizkion de minimis laguntzen zenbatekoa gehienez ere 200.000,00 eurokoa izango da hiru zergalditako edozer alditan.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak.
1.– Diruz lagun daitezkeen ekintzatzat hartuko dira hauek:
1.1.– I. lerroa. EAEko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen gaineko aldi baterako dibulgazio-erakusketak, erakusketa horietarako espazioek honako baldintza hauetako bat betetzen dutenean:
a) 130 m2 edo gutxiagoko espazioko formatu txikiko erakusketak.
b) 300 m2 edo gutxiagoko espazioko formatu ertaineko erakusketak.
c) 300 m2 baino gehiagoko espazioa behar duten formatu handiko erakusketak.
Erakusketa ekoizpen propiokoa izan daiteke, edo Euskadi dagoeneko existitzen diren erakusketa ibiltarietan txertatzeko izan daiteke.
1.2.– II. lerroa: EAEko hirigintza-diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak eta workshopak.
1.3.– III. lerroa: Argitalpenak, Dokumentalak eta Tresna informatikoak. Lerro horren barnean daude hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen gaineko argitalpenak, liburuak edo dibulgaziozko gidak editatzea eta dokumentalak eta webguneak egitea.
Tresna informatikoak (aplikazio informatikoak, web-orriak eta material digitala) lizentzia irekiarekin sortu beharko dira.
2.– Deialdi honen xede diren erakusketek, hitzaldiek, jardunaldiek, mintegiek, aplikazio informatikoek, material digitalek, argitalpenek, liburuek, dibulgazio-gidek, dokumentalek eta tresna informatikoek EAEko hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea izango dituzte langai, balio arkitektoniko aitortuko eraikinak eta hiri-guneak barne, beti ere Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala – Mugak egitasmoaren hausnarketa-, elkarrizketa- eta eztabaida-esparruen barruan. Hona hemen aipatu hausnarketarako esparruak:
– (Des)berdintasunaren mugak. Egungo gizarte-, hirigintza- eta genero-desorekentzako erantzun berriak, arkitekturaren esparrutik eta beste esparru anitzago batzuetatik. Mugarik gabeko arkitekturak.
– Errealitatearen mugetan: utopiaren eta ametsen artean. Arkitekturaren, eskulturaren eta paisaiaren mugen arteko irudipenak. Utopiak, mundu ideal baten giza irudipenak.
– Paisaiaren mugetan: Natura eta abstrakzioa. Naturaren esperientzia. Paisaia, lekua den aldetik. Paisaia, muga den aldetik. Naturala eta artifiziala.
– Artisauaren mugak. Zintzotasun eta prestutasun konstruktiboak; esentzia bilatzeko tresnak. Trebezia eta asmamena, baliabide-urritasunean. Xehetasunaren ederra.
– BIR-: Bir-sortu, Bir-gaitu, Berr-erabili BIR-a Bir-definitzen. Existitzen denaren gainean jardutea. Denboraren memoria. Berriaren eta zaharraren arteko elkarrizketa arkitektonikorako ikuspegiak eta estrategiak.
3.– Deialdi honen xede diren erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak, aplikazio informatikoak, material digitalak, argitalpenak, liburuak, dibulgazio-gidak, dokumentalak eta tresna informatikoak 2021eko udazkenean egingo den Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala Mugak III. Edizioan zehar inauguratu, aurkeztu edo argitaratu beharko dira, Bienalaren hainbat egoitzatan.
4.– Deialdi honen xede diren jarduera diruz lagungarriak honako hauetan espezializatutako erakundeek parte hartuta egin ahal izango dira: erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak, aplikazio informatikoak, material digitala, argitalpenak, liburuak, dibulgazio-gidak, dokumentalak eta tresna informatikoak.
5.– Deialdi honen esparruan egiten diren jarduerak inoiz jendaurrean aurkeztu gabeak izango dira, dagoeneko existitzen diren erakusketa ibiltarien kasuan izan ezik.
Ez da dagoeneko argitaratutako materialen berrargitalpena edo egokitzapena diruz lagunduko, material hori Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean editatu behar denean salbu.
6.– Dirulaguntzaren xede den proiektua egiteko erabilitako materialak, zein deialdi honen xede diren erakusketek, hitzaldiek, jardunaldiek, mintegiek, aplikazio informatikoek, material digitalek, argitalpenek, liburuek, dibulgazio-gidek, dokumentalek eta tresna informatikoek jabetza intelektualari dagozkion lege-baldintzak bete beharko dituzte.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta azpikontratazioa.
1.– Agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozen gastuak. Nolanahi ere, egindako gastutzat hartuko da dirulaguntza arautzen duen araudiak zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.
Era berean, diruz lagunduko diren gastuak izango dira dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzeko behar den espazioen alokairuaren ondoriozkoak, hirugarrenek egindako doako lagapenak izan ezean edo espazio edo areto propioak erabili ezean. Gastu horiek berariaz lagunduko dira diruz helburu horretarako, eta proiektuari legokiokeen laguntzaren osagarri izango dira, betiere agindu honen 11.4 artikuluan dirulaguntza eskaera bakoitzerako finkatutako mugen arabera.
2.– Ez dira inoiz diruz laguntzeko gastutzat hartuko gastu edo inbertsio hauek:
– Jarduerari oro har aplika dakizkiokeen zergak aplikatzearen ondoriozko gastuak, laguntzaren onuradunak benetan jasaten duen Balio Erantsiaren gaineko Zerga izan ezik.
– Ekipamendua erostera bideratutako inbertsioak edota horien amortizazioak.
3.– Pertsona onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duena) 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertuko da pertsona onuradunak azpikontratatu duela, baldin eta hirugarren batzuekin hitzartu badu dirulaguntzaren helburuko jardueraren egikaritza osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da pertsona onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Onuradunak ezingo du, inola ere, honako hauekin hitzartu diruz lagundutako jardueren egikaritza osoa edo partziala:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako debekuren bat duten pertsona edo erakundeekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
c) Pertsona bitartekari edo pertsona aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
d) Pertsona onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:
1) erakunde emailearen berariazko baimena aldez aurretik lortzea.
2) diruz laguntzeko zenbatekoa ez izatea lotutako erakundeak izandako gastua baino handiagoa. Kostua egiaztatzeko, pertsona onuradunaren gastuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.
e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuen Legean ezarritako zenbatekoak baino, onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa betez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
4. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunak izan ahalko dira zuzenbide publikoko korporazioak (Profesionalen Elkargoak) eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak (Kluster Elkarteak, fundazioak eta elkarteak), Euskal Autonomia Erkidegoan badute egoitza eta beren jarduera hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen eremukoa bada.
2.– Honako erakunde hauek ezingo dira onuradun izan:
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak eragin horietarako adierazitako baldintzaren bat aplika dakiekeen entitateek.
– Ezin izango dira onuradun izan horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.
– Administrazio Publikoak, erakunde publikoak eta partaidetza publikoko sozietateak eta fundazioak.
3.– Elkarteen kasuan, ezingo dira inoiz izan onuradun elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan zehaztutako debekuen kausak egotz dakizkiekeen elkarteak. Era berean, ezingo dira onuradun izan ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalen ondorioz inskripzio-prozedura administratiboa eten zaien elkarteek, harik eta dagokion erregistroan inskribatzea ahalbidetzen duen ebazpen judizial irmoa eman arte.
4.– Dirulaguntzen pertsona onuradunaren izaera inola ere ez zaie egokituko urteko kontuak aurkezteko obligazioa bete ez duten fundazioei, edo beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitakora egokitu ez dituztenei, lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa betez.
5.– Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
6.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, egiaztatu beharko dute, hala xedatzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Era bereran, dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte. Esandako eskakizunak indarrean izango dira harik eta emandako dirulaguntza kitatu arte.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko irailaren 10ean amaituko, biak barne.
2.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzen lerro ezeinetan ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago pertsona eskatzaile berari.
Pertsona batek dirulaguntzen lerro bakar baterako dirulaguntza bi edo gehiago eskatuz gero, organo kudeatzaileak hori jakinaraziko du, 10 eguneko epean uko egiten zaion proiektua zehazteko. Pertsona interesdunaren jakinarazpenik jasoko ez balitz, organo kudeatzaileak zehaztuko du aurrekontu txikieneko proiektuak hartuko duela parte deialdian.
3.– Eskaera aurkeztutako lerroa ez den beste batekoa izan daitekeen jarduketa oro, lotura eta premia justifikatzen bada (esaterako, erakusketa bati loturiko argitalpenak), laguntza-eskaera bakar baten barneko diruz lagun daitekeen jarduketatzat hartuko da. Nolanahi ere, jarduketa gehigarri horiei lotutako kostuek ez dute agindu honen 11.4 artikuluan aurreikusten den laguntzaren zenbateko maximoaren gehikuntzarik ekarriko proiektua aurkeztu den lerroan.
4.– Pertsona interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoitza elektronikoan daude eskuragarri (url):
https://www.euskadi.eus/arkitektura_garaikidearen_sustapena_2020/web01-tramite/eu
Eskaeraren ondorengo izapideak dagokion espedientean egiten dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko, «nire karpeta» atalaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Pertsona interesdunek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
6.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Plataforma elektronikoan egindako eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50. artikuluaren 6. apartatuak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena egin beharra dakar, hauek jasotzeko:
a) Erakunde eskatzaileak edozer administraziori zein beste erakunde publikori nahiz pribaturi xede bererako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabideak eskatu dizkiela eta lortu dituela, eskatutako zenbatekoak eta emandako zenbatekoak zehaztuz, eta berariaz adieraziz BEZa ere diruz lagundu daitekeen ala ez dirulaguntza programa horietan.
b) Erakunde eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehatze-prozedura batean sartuta dagoela edo horrelako prozeduraren baten xede izan dela.
c) Erakunde eskatzailea dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren batean edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen batean dagoela.
d) Dirulaguntza eskatu duen pertsona edo erakundea ez dela sexu-diskriminazioagatiko zigor administratiborik edo penalik betetzen ari, eta ez zaiola debeku hori ezarri Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
e) Erakunde eskatzaileak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluak ezarritako pertsona onuradun izateko baldintza eskuratzeko debekurik.
f) Erakunde eskatzaileak abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduarekin (EB) lotutako laguntzarik jaso duen zerga-ekitaldi honetan eta bi aurrekoetan, eta, baiezkoa izanez gero, laguntzon zenbatekoa.
g) Elkarteen kasuan, erakunde eskatzaileari ezin egotz dakiokeela elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluan aurreikusitako debekuen kausetarik bat ere.
h) Fundazioen kasuan, entitate eskatzaileak ekainaren 2ko 9/2016 Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legean aurreikusitako estatutuen arabera moldatu beharko ditu bere estatutuak.
2.– Eskaera egiten duen entitatearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontutan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Proposamenaren memoria, honako hauek, gutxienez, jasotzen dituena:
1.– Proiektuaren oinarriak eta azalpena: Proiektuaren deskribapen laburra. Proiektua eskatzen den laguntza-lerrora egokitzen dela azaltzeko justifikazioa. Dirulaguntza eskatzen den proiektuarekin lotura izan dezaketen iraganeko antzeko proiektuen gaineko informazioa.
2.– Proposamena zein neurritan egokitzen den Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala – Mugak egitasmoko hausnarketa-, elkarrizketa- eta eztabaida-esparruetako batera:
– (Des)berdintasunaren mugak.
– Errealitatearen mugetan. Utopiaren eta ametsen artean.
– Paisaiaren mugetan. Natura eta abstrakzioa.
– Artisauaren mugak.
– BIR: bir-sortu, bir-gaitu, berr-erabili. BIR-a Bir-definitzen.
3.– Proiektuko jarduera guztien deskribapena.
4.– Inpaktu potentziala gizartean, helburuak eta ebaluazio-adierazleak eta -neurketak (bertaratuen kopurua, komunikabideetan izandako oihartzuna, saldutako argitalpen kopurua).
5.– Laguntza eskatutako proiektua egiteko talde arduradunaren kalitate teknikoa, kalitate zientifikoa eta esperientzia, eta eskatzailearekin batera proiektuan ariko den talde espezializatuarena (erakusketak, konferentziak, jardunaldiak mintegiak, aplikazio informatikoak, material digitala, argitalpenak, liburuak, dibulgaziozko gidak, dokumentalak eta tresna informatikoak egiten espezializatutako taldearena).
6.– Finantzaketa-eskema. Proiektua behar bezala gauzatzeko aurreikusitako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk barne.
7.– Proiekturako proposaturiko helburuak eta epeak.
b) Laguntza eskatzen duen erakundeak laguntzaren xede den proiektua zuzen garatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak dituela egiaztatzen duen dokumentua.
c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion aurrekontua. Aurrekontua hilabeteka banakatuta egongo da amaitzen den arte eta ataza eta/edo jardueren arabera, ataza bakoitzaren barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren gastuak) eta kanpo edo azpikontratatutako eragileen gastuak (deialdi honen xede diren jardueretan espezializatutako kanpo erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.
Barne-gastuei dagokienez, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita baliatutako ordu-tarifaren egozpena ere.
Kanpoko kontratazioaren kasuan, estimazio arrazoitua aurkeztu beharko da, edo, ahal dela, haren aurrekontua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa errespetatu beharko da.
d) Diruz lagundutako jardueraren eredugarritasuna hedatzeko, jakinarazteko eta indartzeko ekintza-plana.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen dituzten agiriak.
7. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Laguntza kudeatzen duen organoak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.
2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.
8. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.
9. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.
2.– Dirulaguntzak lehia-konkurrentziaz esleituko dira dagozkien lerroan eta lehiaketa bidez zenbatetsiko dira puntuazio handienetik txikienera, harik eta lerro bakoitzeko aurrekontu-kreditua amaitzen den arte.
10. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
(Ikus .PDF)
2.– Ez zaie dirulaguntzarik emango gutxieneko 50 puntutara iristen ez diren dirulaguntza eskaerei.
11. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000,00) eurokoa izango da, honela banakatuta:
(Ikus .PDF)
Zuzkidura aurrekontu-partida honetan dago: 20.0.1.05.31.0000.4.454.99.43122.001/K.
2.– Adierazitako zenbatekoa honela banatuko da dirulaguntzaren lerro bakoitzerako:
– I. lerroa: EAEko hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea ezagutarazteko aldi baterako erakusketetarako eta horrekin lotutako alokairuetarako gehieneko zenbatekoa 150.000,00 euro izango da.
– II. lerroa: Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak eta workshopak antolatzeko eta horrekin lotutako alokairuetarako gehieneko zenbatekoa 50.000,00 euro izango da.
– III. lerroa: Argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoak eta horrekin lotutako alokairuetarako gehieneko zenbatekoa 50.000,00 euro izango da.
3.– Aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio. Soberakina I. lerroari aplikatuko litzaioke lehendabizi, ondoren, II. lerroari eta, azkenik, III. lerroari, agindu honetako 12. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-organoak alderdi horretan egindako proposamenarekin bat etorriz. Inguruabar hori Etxebizitza Sailburuordeak dirulaguntzak esleitzeko emandako ebazpenean aipatuko da.
4.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta gehieneko ehunekoa.
Laguntzaren zenbatekoa agindu honen 2. artikuluan araututako diruz lagun daitezkeen gastuen % 100ekoa izango da, salmentara bideratzen diren argitalpenen kasuan izan ezik; horietan, laguntzaren zenbatekoa proiektua argitaratzearen kostu osoaren % 65 izango da, hau da, liburua argitaratzeak edo ekoizteak, banatzeak eta merkaturatzeak erakundeari dakarzkion kostuen batura. Kasu horietan, onuradunak kostuen gainerako % 35a finantzatu beharko du erakundearen funts propioen kargura edo beste laguntza publiko edo pribatu batzuen bidez.
Lerro bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoak honako hauek dira:
– I. lerroa: Euskadiko hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea ezagutarazteko aldi baterako erakusketetan, proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 50.000,00 eurokoa izango da, salbu eta proiektuak espazioak alokatzea aurreikusten badu; kasu horretan, gehieneko zenbateko horri osagarri bat emango zaio, espazioak alokatzeko gastuetarako soilik, eta zenbateko hauek izango ditu:
a) Formatu txikiko dibulgazio-erakusketak: 6.000,00 euro.
b) Formatu ertaineko dibulgazio-erakusketak: 12.000,00 euro.
c) Formatu handiko dibulgazio-erakusketak: 20.000,00 euro.
– II. lerroa: Jardunaldien, mintegien, hitzaldien, mahai-inguruen, lantegien eta workshopen kasuan, gehieneko zenbatekoa 10.000,00 euro izango da proiektu bakoitzeko.
Dirulaguntzetarako eskabideek espazioak alokatzeko beharra aurreikusten badute, gehieneko zenbateko horri osagarri bat emango zaio, 6.000,00 eurokoa, espazioen alokairu-gastuetarako soilik, agindu honen 3. artikuluaren 1. puntuarekin bat etorriz.
– III. lerroa: Argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoen kasuan; gehieneko zenbatekoa 20.000,00 euro izango da.
Laguntza-eskaeretan aurreikusten bada argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoak aurkezteko espazioak alokatu behar direla, gehieneko zenbateko horri osagarri bat emango zaio, 6.000,00 eurokoa, espazioen alokairu-gastuetarako soilik, agindu honen 3. artikuluaren 1. puntuarekin bat etorriz.
12. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.
1.– Eskabideak balioesteko, balorazio-epaimahai bat osatuko da honako kide hauekin: Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaria, Eraikuntzaren Kalitate Kontrolerako Laborategiko zerbitzuburua; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko teknikari bat, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak izendatuta.
Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondorioetarako.
2.– Esandako epaimahaiak, 10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz laguntzeko lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideak balioetsiko ditu, 11. artikuluan haietako bakoitzerako zehaztutakoari jarraikiz, eta, hala, esleituko diren dirulaguntzen zerrenda biltzen duen ebazpen-proposamena formulatuko dute (onuraduna, diruz lagundutako jarduera, eskuratutako puntuazioa eta zenbatekoa zehaztuta), baita ukatuena ere (eskatzailea, ukatzeko arrazoia eta norgehiagoka bidez proposatutako proiektuen puntuazioa adierazita).
Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.
13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.
2.– Dirulaguntzen lerro guztiak ebatziko dira, pertsona interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez.
3.– Prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokie, ukatu diren zehaztuko da, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten pertsona edo erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira.
Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
4.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122.artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesatuei, dagokion prozeduraren bidez, eta horri kalterik egin gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
7.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik bideratzen ari badira, behintzat.
14. artikulua.– Jarduketen denbora-eremua.
1.– Laguntzaren xede diren jarduerak 2020ko ekitaldian hasi beharko dira, eta Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalaren III. ekitaldian, 2021eko udazkenean egitekoa, gauzatu. 2021eko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dira.
Laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko die onuradunei aipatutako Bienalaren III. edizioaren denbora-esparrua eta egutegia.
2.– Erakunde onuradunaren asmoaz haragoko kausak gertatzen direnean eta kausa horiek behar bezala justifikatzen badira, erakundeak epea luzatzeko eska dezake, aurreko paragrafoan ezarritako gauzatze-epea amaitu baino lehen. Epea ez da luzatuko 2022ko urtarrilaren 30etik aurrera, eta luzapena Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartu beharko da, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren.
15. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Erakunde onuradunek 2022ko urtarrilaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute diruz lagundutako ekintza, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluarekin bat etorriz.
2.– Horretarako, eta nolanahi ere, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.net/nirekarpeta webgunean:
a) Dirulaguntza eskatu den jardun-lerroari dagozkion diruz lagundutako ekintzak gauzatzeari buruzko azalpen-memoria, jarduketaren ezaugarri aipagarrienak eta helburuen betetze-maila adierazita.
b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.
c) Sarreren eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.
d) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko azalpen-memoria, Sailaren eta Bienalaren logotipoak barne.
e) Proiektuan sortutako materialen kopia.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen dituzten agiriak.
3.– Dirulaguntza jaso duen jarduera justifikatzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak ageri direnean eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea baino gutxienez hilabete lehenago, dirulaguntza jaso duen jarduera justifikatzeko aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du. Epea luzatzeko, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak onarpena eman beharko du, ebazpen bidez. Ebazpen horretan, era berean, azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken epe berria finkatuko da.
16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Agindu honen 17. artikuluaren 1.a) apartatuan finkatutako epea igaro ondoren uko adierazirik eman ez bada, ordaintzeko agindua emango da, aldez aurretik, emandako dirulaguntzaren ehuneko bostari (% 5) dagokion zenbatekoa, hain zuzen. Hasierako ordaindutako ehuneko horri dagokion jardueraren justifikazioa aurkezten den lehen txostenarekin batera eman beharko da, laguntzaren gainerako ordainketak egin ahal izateko.
b) Emandako zenbatekoaren zati bat gordeko da, dirulaguntzaren ehuneko hogeita hamarra (% 30), hain zuzen ere, eta erakunde onuradunari horren igorpena egingo zaio 2021eko udazkenean aurreikusten den Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala – MUGAK egitasmoaren III. edizioa inauguratzen den unean. Horretarako, 2021eko irailaren 1a baino lehen, pertsona onuradunak, dagozkion egiaztagiriez gain, proiektua aurkeztu beharko du dirulaguntzen organo kudeatzailearen aurrean hark onartu dezan.
c) Emandako zenbatekoaren zati bat, ehuneko hamar (% 10), hain zuzen, gorde egingo da eta entitate onuradunak laguntzaren xede den jarduera benetan gauzatu dela eta jardueraren benetako kostua ziurtatzen duenean ordainduko zaio.
d) Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarriekin ados, txostenak aurkeztu ondoren ordainduko da. Hala, txosten horietan justifikatutako gastuaren zenbatekoaren ehunekoa (dirulaguntza osoaren gainekoa), aurretik ordainduta dagoena kenduta, kalkulatuko da ordaintzeko aginduak emateko garaian, betiere diruz laguntzeko jarduerarako aurrekontuaren gainean (hura baliatu baitzen laguntzaren kalkulua egiteko).
2.– Ordainketa egiteko eskaera bakoitzean, aurreko a) apartatuan aipatutakoa salbu, agindu honen 15.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu behar zaio organo kudeatzaileari.
17. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek ondoko obligazio hauek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 56. artikuluetan zein Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezartzen diren obligazioak bete beharko dituzte:
a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar dute. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.
c) Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetan ezarritako epeetan.
d) Proiektuak gauzatzea, egoki diren lizentzien, baimenen eta gainerako sektore-eskakizunen arabera.
e) Jabetza intelektualaren gaineko indarreko araudia betetzea.
f) Dirulaguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.
g) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
h) Onuradunek dirulaguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.
Publizitatea egiteko, gutxienez, emandako dirulaguntzaren berri eman beharko da erakunde onuradunaren webgunean.
Era berean, lehentasunezko lekuan jarri beharko dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren logotipoak eta Mugak Arkitektura Biurtekoaren logotipoak, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren inprimatutako material guztietan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan (iragarkiak, liburuxkak, kartelak, plakak, iragarkiak, komunikabideetan egindako aipamenak...), eta beste publizitate-mota bat zehaztu ahal izango da emakidan, jardueraren izaeraren eta ezaugarrien arabera.
Horretarako, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren inprimatutako material, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezko material guztiek Mugak Arkitektura Bienalaren irudi korporatiboa integratu beharko dute, Mugak Arkitektura Bienalaren estilo-liburua, kolore-kodea eta irudi korporatiboa aplikatuta, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak koordinatuta eta gainbegiratuta.
i) Onuradunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren bitartez Mugak Arkitektura Biurtekorako zehaztutako estrategiarekin koordinatu beharko dituzte komunikabideetan diruz lagundutako proiektuak hedatzeko egiten dituzten jarduerak.
Nolanahi ere, onuradunak komunikazio-estrategiarekin koordinatuta egindako komunikazio- eta irudi-ekintza horiek deialdi honen oinarrietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakora egokitu beharko dira.
j) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea dirulaguntzaren esparruan egiten den informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren informazio-sistemetan erabili eta txerta ditzan, eta haren zabalkuntza eta/edo argitalpena egin dezan edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.
k) Banakako minimis laguntzei buruzko erregistroak mantentzea 10 zerga-ekitalditan, laguntza ematen denetik aurrera.
2.– Erakunde onuradunek parte hartu ahalko dute Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak MUGAK ekimenaren barne susta ditzakeen sentsibilizazio-, prestakuntza- eta truke-ekintzetan.
18. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.
2.– Aldaketak ezingo du, inola ere, jardueraren izaera aldatu.
3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.
4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratzea.
20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko dio, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.
21. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.
1.– Erakunde onuradunak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza eskatu den eta eman den berariazko xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzaren oinarria den jarduketa egiten ez badu, dirulaguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan, agindu honetan edo emate-ebazpenean aurreikusitako itzultze-arrazoiren bat gertatzen ez bada, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko interesekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
2.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.
22. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.
2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, enpresa batek minimis erregelamenduaren arabera jaso ditzakeen laguntzen guztizkoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan 2018, 2019 eta 2020ko ekitaldi fiskaletan. Muga hori gaindituz gero, deialdi honen bidez emandako laguntzari soberakina kenduko zaio, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.
23. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota dagoen moduan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoei buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legean jasotakoari jarraikiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, zeinaren bidez lege horren araudia onartzen baita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 1a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.