Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2020ko uztailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2687

AGINDUA, 2020ko uztailaren 8koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartzen baitira Ordiziako udalerrian sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoari eusteko.

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko); bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak hau ezartzen du: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planean –Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran onartua– aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira, indarrik gabe geratuko dira kasuan kasuko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondoriozko neurriak.

Bestalde, errege-dekretu beraren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute, 5. artikuluaren ondorioetarako eta osasun- eta epidemiologia-irizpideen arabera, III. fasea gainditzea euren erkidegoko probintzia, uharte eta lurralde-unitateetan, eta, beraz, horiek «normaltasun berrian» sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoa 3. fasean sartu zen ekainaren 8ko 00:00etan, agindu honen laugarren artikuluaren bosgarren puntuan xedatutakoaren arabera: SND/507/2020 Agindua, ekainaren 6koa, zeinaren bidez zenbait agindu aldatzen baitira nazio mailako murrizketa batzuk malgutzeko eta Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 2. eta 3. faseetara zer lurralde-unitate pasatuko diren ezartzeko.

Ordutik hona, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen murrizketa-araubidea –SND/458/2020 Agindua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea aplikatuz–, geroago agindu horren testuan sartu ziren aldaketekin eta Lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan aurreikusitako zehaztapen eta salbuespenekin –13/2020 Dekretua, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako–.

Goian aipatutako ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako gaikuntza erabiliz, Lehendakariak eman du 14/2020 Dekretua, ekainaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baita COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planaren III. fasea gainditu dela, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa normaltasun berrian sartu dela, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.

Horrenbestez, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean (2020ko ekainaren 18ko Agindua, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero; 2020ko ekainaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 120. zenbakian) ezartzen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren III. fasea gainditu eta gero hartzekoak.

Agindu honen bosgarren ebazpen-zatian aipatzen da, baita ere, eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurriei jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo zaiela, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Eta gaineratzen du ezen «(...) Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango dituela, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango dituela».

Ildo horretan, egoera epidemiologikoa azkar aldatu da azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko eremu jakin batzuetan. Zehazki, Ordiziako udalerrian gaixotasun-kasu batzuk gertatu dira, ezaugarri jakin batzuk dituztenak, eta, ondorioz, komeni da berriz ere prebentzio- eta kontrol-neurri bereziak abian jartzea, gaixotasunak biztanleengan izan dezakeen kutsagarritasuna murrizteko. Agerraldiak izan dira udalerri horretako aisialdiko zenbait tokitan, eta, gainera, komunitate-transmisioa adieraz dezaketen kasuak azaleratzen ari dira.

Agindu honek hartzen dituen neurrien arau-oinarria honako hau da: aipatutako 2020ko ekainaren 18ko Agindua; Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.2 eta 54. artikuluak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3., 2., 12.2.a) eta 34. artikuluak.

Hain zuzen ere, aipatu beharra dago apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aurreikusten duela, bere lehenengo artikuluan, administrazio publikoetako osasun agintari guztiek lege horretan aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dituztela, beren eskumenen esparruan, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko.

Bigarren artikuluan, osasun-agintaritza eskudunei gaikuntza ematen zaie osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartzeko, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela medio edo jarduera baten osasun-baldintzak direla medio. Eta gaixotasun transmitigarrien kasuan, hirugarren artikuluak xedatzen du, gaixotasun horiek kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango dituela, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku transmitigarrien kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere. Eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.2.a) artikuluak aurreikusten ditu osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren aginpideaz baliatzea dakarten esku-hartzeak, lehen aipatutako apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako baldintza beretan.

Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintaritza baliatuz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan araututakoaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da osasun publikoaren arloan neurri bereziak ezartzea Ordiziako udalerrian COVID-19tik eratorritako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoari eusteko.

Bigarrena.– Prebentzio-neurriak.

Aurreko puntuan aurreikusitako lurralde-eremuan, eranskinean jasotako berariazko prebentzio-neurriak aplikatuko dira, bai eta agindu honen hirugarren puntuan aurreikusitakoak ere.

Hirugarrena.– Festak eta dantzaldiak egitea.

1.– Ordiziako udalerrian bertan behera geratzen dira festak, dantzaldiak eta bestelako herri-ekitaldiak, bai eta azoketako atrakzioak ere, COVID-19tik eratorritako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz, agindu honen bosgarren puntuan aurreikusitako neurriek dirauten bitartean.

2.– Agindu honetan aurreikusi gabeko guztian, eta harekin bateragarria den guztian, lehen puntuan aurreikusitako lurralde-eremuan, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduan oro har ezartzen diren neurriak aplikatuko dira. Agindu hori COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa da, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero hartzekoak.

Laugarrena.– Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.

1.– Udalari dagokio agindu honetan jasotzen diren prebentzio-neurriak betetzen direla zaintzea, ikuskatzea eta kontrolatzea, eta herritarren osasun-eskubideak eta -betebeharrak bermatzea, hargatik eragotzi gabe Osasuneko sailburuaren eskumenak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 15. artikuluaren arabera, eta udalek osasun publikoa sustatu, kudeatu, defendatu eta babesteko dituzten eskumenak, bat etorriz Euskadiko toki-erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.10 artikuluarekin, bai eta jabaria antolatzeko eta kontrolatzeko duen eskumenarekin ere.

2.– Era berean, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ikuskapen-organoek, beren eskumenen esparruan, egoki diren ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango dituzte, aplikatu beharreko prebentzio-neurriak betetzen direla zaintzeko eta egiaztatzeko.

3.– Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-neurriak ez betetzeagatiko salaketak helaraziko dizkiete agintari eskudunei.

Bosgarrena.– Aldatu egiten da agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Hirugarren paragrafoa gehitzen zaio agindu honen eranskinaren 1.1 puntuari (kautela- eta babes-betebeharrak): Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

«COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat (sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo okadak) duen edonork etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari.

Era berean, etxean bizikiderik badago, ez du haiekin kontakturik izan behar, eta, ahal bada, logela esklusiboa erabili behar du, osasun-zerbitzuaren jarraibideak jaso arte.»

Seigarrena.– Eraginkortasuna.

Agindu honek 2020ko uztailaren 9ko 00: 00etatik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, bertan jasotako neurriei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkie agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere zazpi egun naturaleko epean, egoera epidemiologiko eta sanitarioaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horretarako, aldatu ahal izango dira, edo ondoriorik gabe utzi, osasun-arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 8a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

ERANSKINA
BERARIAZKO PREBENTZIO-NEURRIAK

1.– Betebehar orokorrak.

1.1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.

Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie.

Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

1.2.– Sintomatologia duten pertsonak.

COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat (sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo okadak) duen edonork etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari.

Era berean, etxean bizikiderik badago, ez du haiekin kontakturik izan behar, eta, ahal bada, logela esklusiboa erabili behar du, osasun-zerbitzuaren jarraibideak jaso arte.

1.3.– Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.

1) Derrigor maskara uneoro erabili beharko da, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin topo eginez gero ere bai. Salbuespen izango dira agindu honetan aurreikusitako kasuak, bai eta COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuak ere.

2) Gainera, derrigor maskara behar bezala erabili behar da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz.

3) Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta egon daitekeen erabilera profesionaletan.

4) Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.

2.– Higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak.

Ezartzen diren arau edo protokolo espezifikoak ezertan eragotzi gabe, establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei aplikagarriak izango zaizkie Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduan ezarritako higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak, indarrean dagoen idazketan ezarritako moduan (Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Agindua, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero).

3.– Edukiera mugatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak ezartzea.

3.1.– Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

1) Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimenduek eta zerbitzuek ezin izango dute gainditu lokalaren barruan kontsumitzeko duten edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

2) Lokal barruko kontsumoa mahaian edo mahai-multzoetan eserita bakarrik egin ahal izango da, eta ziurtatu egin beharko da bezeroen edo, hala badagokio, bezero-taldeen artean behar bezalako segurtasun-distantzia mantentzen dela. Ezin da barran kontsumitu.

3) Aire zabaleko terrazetan ziurtatu beharko da pertsonen arteko behar bezalako segurtasun-distantzia mantentzen dela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko.

4) Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, kontsumitzen ari diren unean izan ezik.

5) Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimenduek eta zerbitzuek 23:30a baino lehen itxi beharko dute, eta han ezin izango da bezerorik sartu, ez eta ordu horretatik aurrera ezer kontsumitu ere; gehienez ere hogeita hamar minutu egongo dira lokalak hutsik uzteko.

3.2.– Gazteen lonjak eta antzekoak.

Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea.

3.3.– Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

1) Establezimendu horietako aire zabaleko terrazak soilik egongo dira jendearentzat irekita, mahaian eserita kontsumitzeko, eta edukiera mugatuko da, hain zuzen ere, dagokion udal-lizentziaren arabera aurreko urtean baimendutako edo aurtengo urterako baimendutako mahaien ehuneko berrogeita hamarrera, lizentzia lehen aldiz ematen bada.

Aire zabaleko terrazatzat hartuko dira lokalaren kanpoaldeko espazio estali gabe guztiak edo, estalita egon arren, albotik gehienez ere bi horma, murru edo paramentuz inguratuta dauden espazio guztiak.

2) Nolanahi ere, ziurtatu beharko da pertsonen arteko behar bezalako segurtasun-distantzia mantentzen dela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko. Dena den, ehun pertsona onartuko dira gehienez.

3) Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, kontsumitzen ari diren unean izan ezik.

4) Establezimenduen jarduera beranduenez 23:30ean amaitu beharko da, eta ordutik aurrera ezin izango da bezerorik sartu, ez eta ezer kontsumitu ere; gehienez ere hogeita hamar minutu egongo dira lokalak hutsik uzteko.

3.4.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

1) Kasinoek, diru-joko eta ausazko joko kolektiboko establezimenduek, joko-aretoek, bingo-aretoek, jolas-aretoek, zozketek eta tonbolek, apustuetarako lokal espezifikoek eta joko eta apustuetako jolas-jardueren antzeko beste lokal eta instalazio batzuek, jokoaren arloko araudi sektorialak ezarritakoaren arabera, beren jarduera egin ahal izango dute, non ez duten gainditzen onartutako edukieraren % 50.

2) Nolanahi ere, ziurtatu beharko da pertsonen arteko behar bezalako segurtasun-distantzia mantentzen dela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko. Edonola ere, aire zabaleko espazioetan gehienez ere ehun pertsona onartuko dira, edo berrogeita hamar pertsona espazio itxietan.

3) Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, kontsumitzen ari diren unean izan ezik, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuren bat ematen bada.

4) Establezimenduek eta zerbitzuek 23:30a baino lehen itxi beharko dute, eta han ezin izango da bezerorik sartu, ez eta ordu horretatik aurrera ezer kontsumitu ere; gehienez ere hogeita hamar minutu egongo dira lokalak hutsik uzteko.


Azterketa dokumentala