Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2020ko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2608

AGINDUA, 2020ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez luzatu egiten baita 2020ko abuztuaren 31ra arte gertatzen diren eta honako agindu honetan aurreikusita dauden erretiro partzialetarako eskabideak aurkezteko epea: itunpeko ikastetxe pribatuetarako laguntzen deialdia egiten duen agindua, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko sinatutako akordioen esparruan, datozen urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko maiatzaren 26ko Aginduaren bidez, itunpeko ikastetxe pribatuetarako laguntzen deialdia egin zen, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko sinatutako akordioen esparruan, datozen urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik.

Deialdi horren 7.2 artikuluaren arabera, hilabeteko epea dago, agindua argitaratzen denetik aurrera, 2020ko abuztuaren 31ra arte gertatzen diren erretiro partzialetarako laguntzen eskabideak aurkezteko.

Kontuan hartuta Kristau Eskola patronalak epea luzatzeko aurkeztu duen eskaera, gomendagarria da 2020ko abuztuaren 31 baino lehen gertatzen diren erretiro partzialei buruzko eskaerak aurkezteko epea luzatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin bat etorriz, zeinak ahalbidetzen baitu ezarritako epeak luzatzea, betiere epearen erdia gainditzen ez bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

Horregatik, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2020ko abuztuaren 31 baino lehen gertatzen diren erretiro partzialetarako eskaerak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 17ra arte luzatzea.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzea xedatzea.

Hirugarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.3 artikuluaren arabera, ebazpen honen aurka ezin da jarri errekurtsorik.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala