130. zk., 2020ko uztailaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (324 KB - 16 orri.)
- EPUB (234 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2602
5/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, maiatzaren 26koa, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzkoa.
COVID-19ak munduan eragin duen eta Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiatzat jo duen osasun krisialdia dela eta, hainbat herrialdeek neurriak hartu behar izan dituzte gaixotasun honi aurre egitera bideratutako ahaleginak batzeko eta sortutako kalte pertsonalak eta ekonomikoak ahal den neurrian murrizteko.
Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko, eta, besteak beste, mugak ezarri zitzaizkion zirkulazio askatasunari; horrek, jakina, ondorioak ekarri dizkie herritarrei eta, bereziki, langileei eta enpresei. Alarma egoera hainbat aldiz luzatu da.
Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duenak, aitortzen dituen tributu eskumenen barruan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan ezohiko neurri tributarioak hartu dira, gaur egungo osasun larrialdia oro har zergadunengan izaten ari den inpaktu ekonomiko negatiboa arintzeko.
Lehen euste neurriak osasun larrialdiko egoeraren hasieran onetsi ziren, batez ere, bi xedapen hauen bitartez: martxoaren 24ko 1/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena, eta hura garatzen duen apirilaren 1eko 136/2020 Foru Agindua, COVID-19aren ondorioz zergapeko jakin batzuentzat hiruhilabeteko autolikidazioak eta aitorpen ez-aldizkako, informatibo eta laburtzaileak aurkeztu eta ordaintzeko epea luzatzen duena.
Aparteko zirkunstantziak beren horretan mantentzen zirenez eta zenbat iraungo zuten jakiterik ez zegoenez, beste neurri sorta bat onetsi zen krisiari aurre egiteko, zehazki, maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauan, COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriei buruzkoan, ezarritakoak.
Lehen fase honetan hartutako neurriek kalteberatasun handieneko zergadunak babestea izan dute helburu nagusi, hala nola pertsona fisikoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, eta bat datoz gure inguruko herrialdeak hartzen ari diren neurriekin.
G-20ak, apirilaren 15ean bilduta, ekintza plan bat adostu zuen kideen politikak eta neurri ekonomikoak koordinatzeko, eta adierazi zuen beharrezkoa dela politika ekonomikoaren tresna guztiak erabiltzea ekonomiari laguntzeko, konfiantza eta finantza egonkortasuna mantentzeko, eta ekonomietan ondorio ekonomiko negatibo sakonak saihesteko.
Une honetan, deseskalatze betean jada, badirudi bigarren fase baten hasieran gaudela, non, osasun larrialdiagatik hartutako konfinamendu neurriak eta jarduera ekonomikoa geldiaraztekoak zati batean behintzat murriztuta, lehentasunezkoa baita, zalantzarik gabe, beste neurri batzuk aztertu eta hartzea, ekonomia suspertzeko prozesua ahalik eta azkarren eta intentsitaterik handienarekin egingo dela bermatzearren.
Testuinguru horretan, aldi baterako lehen eszenatoki bat identifikatu da, zeinean presako neurri batzuk hartu behar baitira 2020. urtea amaitzeko falta diren hilabeteetan jarduera jakin batzuk egitea sustatzeko.
Horri dagokionez, ELGEk bere estatu kide guztiei gomendatu die neurri ausartak har ditzatela, batetik, suspertze ekonomiko hori gertatzea ahalbidetzeko eta, bestetik, pandemiari erantzun sanitario egoki bat ematea ahalbidetzen duten konfinamendu eta isolamendu sozialeko neurriek ekoizpen sarean eragin dituzten kalteak minimizatzeko.
Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak koiunturazko neurriak ezartzen ditu foru dekretu-arau honen bitartez, eta bertan zuzeneko neurriak jasotzen ditu bere eskumenen esparruan ekonomia suspertzeko, hori guztia 2020. urtea amaitu arteko aldirako.
Foru dekretu-arauak hainbat helburu ditu. Horietako lehenengoa, premiazkoena, da jarduera ekonomikoak garatzen dituzten zergadun pertsona fisiko zein juridikoei jarduera geldiarazi izanak ekarri dien likidezia falta arintzea. Bigarren helburua ekintzailetza sustatzea da, behar-beharrezkoa hau bezalako uneetan. Bestalde, enplegu egonkorra sortu eta finkatzea ere sustatzen da, eta, horretarako, indartzen dira gure ordenamenduan lehendik dauden zenbait figura, hala nola enplegua sortzeagatik eta langileek sozietateak eratzeagatik araututa dauden kenkariak. Azkenik, foru dekretu-arau honek lagungarri izan nahi du merkataritza txikiak eraldaketa digitala egin dezan merkataritza elektronikora. Izan ere, alderdi hori funtsezkoa gertatu da osasun krisialdi honetan, eta, zalantzarik gabe, Gipuzkoako merkataritza txikiaren erronka nagusia da.
Lehenengo helburuari dagokionez, foru dekretu-arauak berariaz gomendatzen du galerak konpentsatzeko arauak zabaldu daitezela, dela pandemiaren ondorio ekonomikoengatik 2020an izan daitezkeen oinarri negatiboak konpentsatzeko epeak edo magnitudeak luzatuz, dela galera horien atzerakako konpentsazioa ahalbidetuz.
Europar Batasuneko estatu kide batzuek erreminta batzuk abiarazi dituzte pandemiak fakturazioan edo enpresa etekinetan eragin duen jaitsieragatik konpentsazio fiskal bat jasotzea ahalbidetzeko, osasun larrialdiaren fase honetan jarduera ekonomikoaren mantenimendua indartzeko tresna egokia delakoan.
Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen likidezia beharrak arintze aldera, Gipuzkoako Lurralde Historikoan koiunturazko neurriak onartzen dira, COVID-19ak eragindako egoeratik ondorioztatu diren galerak konpentsatzeko. Neurri horiek 2019ko autolikidazioetan aplikatuko dira, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, bai sozietateen gaineko zergan. Proposatutako neurriak «carry back» edo zerga oinarrien «atzerakako» konpentsazio gisa ezagutzen den sistemaren pareko dira, non etorkizuneko galerak oraingo mozkinekin konpentsatzen baitira, eta egoera horretan daude Gipuzkoako zergadun asko.
Neurri hauek ekoizpen eta gizarte ehunari eustea dute helburu, osasun krisiaren eta haren zirkunstantzien eragina minimizatuz eta jarduera ekonomikoa ahalik eta lasterren berreskuratzea erraztuz. Horrek erantzun azkar bat eskatzen duenez, bi neurriek 2019ko zergaldian izango dute eragina, hura aitortzeko epea 2020ko uztailean amaitzen baita oro har. Gainera, neurri horiek diru-sarrera gutxiago ekarriko dute bi zergetan, edo itzulketa handiagoak, hala badagokio.
Sozietateen gaineko zergaren esparruan, badago lehendik neurri bat, «carry back»aren antzekoa, mozkinak nibelatzeko erreserba berezi gisa ezagutzen dena. Hala ere, neurri hori, oro har, egungo egoera ekonomikoarekin bat ez datozen muga jakin batzuen mende dago.
Hortaz, 2019rako ondorioekin, malgutu eta nabarmen handitu dira erreserba hori zuzkitzeko gehieneko mugak. Era berean, baldintzak ezarri dira erreserba handitu hori aplikatzeko. Esate baterako, beharrezkoa da 2020ko lehen seihilekoaren negozio zifraren zenbateko garbia aurreko urte osokoa baino nabarmen txikiagoa izatea, edo entitate onuradunak ezin banatzea dibidendurik 2020an eta 2021ean.
Gainerakoan, aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa alde batera utzita, erreserba bereziaren funtzionamendua ez da aldatzen, eta, beraz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak eta betekizunak bete beharko dira; horien artean, nabarmentzekoa da erreserba horren saldoa hurrengo 5 urteetan gertatzen diren zerga oinarri negatiboei aplikatu ahal izango zaiela.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren esparruan, bestalde, zerga horretan horrelako neurririk ez dagoenez, kenkari «ex novo» bat onartzen da, 2019ko zergaldiari dagokion zergaren autolikidazioan aplikatzeko. Kenkari hori aplikatuko da 2020ko zergaldian zenbatetsitako galeren proportzioan (edo, hobeto esanda, jarduera ekonomikoetatik lortzea espero den etekin negatiboaren proportzioan), betiere baldin eta 2020ko lehen seihilekoari dagokion negozio zifra asko murriztu bada 2019ko zergaldian lortutako kopuruen aldean. Modu korrelatiboan, «carry back» sistema perfekzionatu dadin, 2019ko zergaldiko autolikidazioan kengarria izan den etekin garbi negatibo zenbatetsia jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharko da 2020ko zergaldiari dagokion zergaren autolikidazioan.
Kenkaria hau aplikatzeko, zergadunek eskaera bat aurkeztu beharko dute Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ezarriko duen eran, eta bertan adierazi jarduera ekonomikoaren zer etekin garbi negatibo kalkulatu duten 2020ko zergaldirako. Foru agindu hori laster onartuko da, eta eskaera oraindik erabaki ez den epe jakin batean aurkeztu beharko da, betiere errenta kanpainaren barruan. Aurkezpen horrek berekin ekarriko du zerga honengatik diru-sarrera gutxiago izatea edo gehiago itzuli behar izatea. Kanpaina behin bukatuta (2020ko uztailaren 29an), ezingo da «carry back»a eskatu.
«Carry back» sistema aplikatzeaz gain, ikerketa eta garapen jarduerak eta berrikuntza teknologikokoak egiten dituzten mikroenpresei eta enpresa txikiei likidezia eman nahi zaie, eta, horretarako, malgutu egiten da ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan parte hartzeagatik araututa dagoen kenkaria, zehazki, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 64 bis artikuluan jasotakoa.
Enpresen likidezia arintzeko, 2020ko ordainketa zatikatua ere malgutzen da, eragiketa bolumena nabarmen murriztu duten eta, beraz, zergaldi horretan mozkinak lortzea espero ez duten entitateak ordainketa horretatik salbuetsiz. Neurri hori ez zaie aplikatuko ez talde fiskalei ez ondare sozietateei, horiek beti egin beharko baitute ordainketa zatikatua.
Halaber, ahalbidetzen da 2020an eskuratutako ondare elementu berriak modu azkartuan amortizatzea, amortizazio taulan jasotako gehieneko koefizienteari 1,5eko koefiziente biderkatzailea aplikatuta. Neurri horrek ondasunaren balio bizitza osoari eragiten dio.
Gainera, 2020an izenpetu edo berriro negoziatutako finantza errentamenduko kontratuetan ondasunaren kostuaren berreskuratze kuotak ezarri ahal izango dira eta, halere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 18. artikuluan xedatutakoa aplikatu ahal izango da.
Foru dekretu-arau honen bigarren helburua ekintzatzailetza sustatzea da. Horretarako, sozietateen gaineko zergan aplikagarri den kenkari bat sortzen da, 2020rako soilik, mikroenpresatzat edo enpresa txiki edo ertaintzat hartutako enpresetan akzioak edo partaidetzak harpidetzean edo eskuratzean inbertitutako kopuruengatik. Azken finean, kenkari bat baino areago hiru kenkari dira, inbertitzen den entitatearen motaren arabera hainbat intentsitate dutenak. Ildo beretik, kenkaririk handiena sortu berriak diren enpresa berritzaileetan inbertitzea sustatzen duena da.
Hain zuzen ere, eta horrelako enpresetan inbertitzea mesedetzearren, 2020an bost urtetik zazpira luzatzen da entitate horietako akzio edo partaidetzak lehen mailako merkatuan harpidetzeko epea, zerga araudi osoan horrelako entitateekin lotutako pizgarri guztietan, zeinak pertsona fisikoei nahiz juridikoei zuzenduta dauden.
Bestetik, hazkunde ahalmen handiko entitateetan banakako inbertsioak egiteak duen arrisku handia kontuan hartuta, bereziki oraingoa bezalako egoeretan, hamar urteko ezohiko epe bat jartzen da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, horrelako entitateetako akzio eta partaidetzak eskualdatzean 2020an ager daitezkeen ondare galerak konpentsatzeko.
Foru dekretu-arau honen hirugarren helburua kalitatezko enplegu egonkorra sortzea eta kontsolidatzea da. Beraz, indartu egiten da enplegua sortzeagatiko kenkaria, eta langile bakoitzeko gehienez 7.500 eurokoa izatera igarotzen da. Neurri hau sozietateen gaineko zergaren zergadunei nahiz jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunei zuzenduta dago.
Aurrekoaz gain, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eremuan, indartu egiten dira langileek 2020an entitateak eratzea sustatzeko pizgarriak. Hori horrela, izaera orokorrez 100eko 5 igotzen dira kenkari portzentajeak, eta kenkarien gehieneko kopuruak 1.200 euro izatetik, eskuratzailea gizonezkoa denean, eta 1.800 euro izatetik, eskuratzailea emakumezkoa denean, 6.000 euro eta 8.000 euro izatera igarotzen dira hurrenez hurren. Gainera, ahalbidetu egiten da kuota nahikoa ez izateagatik kenkaririk izaten ez duten kopuruak ondorengo lau zergaldietan aplikagarri izatea.
Gainera, malgutu egiten dira langileek entitateak eratzeagatik kenkaria aplikatzeko beharkizunak. Baldin eta eratzekoa den entitatea sortu berritzat eta berritzailetzat hartuta badago, malgutasun hori are handiagoa izango da eta, harekin batera, gainera, langile bakoitzak entitate berritzailean banaka parte hartzeari buruzko beharkizuna malgutzen da.
Foru dekretu arau honen azken helburu aipagarria merkatari txikiak merkataritza elektronikorantz digitalki eraldatzen laguntzea da. Beraz, 2020an soilik aplikagarri den pizgarri fiskal bat onartzen da, pertsona fisikoei nahiz mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzendua, txikizkako merkataritzan aritzen baitira. 100eko 30eko kenkaria da, muga jakin batzuk dituena eta sistema informatikoetan egindako inbertsioaren kostuen gainean aplikatzen dena, betiere merkataritza elektronikoa ezartzeko asmoz (online salmentako ekipoen eta softwarearen erosketa).
Horri dagokionez, nabarmentzekoa da kenkari hau etorkizuneko TicketBai sistema ezartzeko proposatuko den pizgarri fiskalean oinarrituta dagoela, zeinaren bidez antzeko alderdiak sustatzen dituen (TicketBairako ekipoen eta softwarearen erosketa), baina beste xede batekin (zerga obligazio bat betetzea). Baina, ekipoen erosketa bi kenkarietan sustatzen da, suposatzen baita 2020an eraldaketa digitalerako kenkaria aplikatzen duenak etorkizunean jada izango dituela TicketBairen obligazioa ezartzeko ekipoak. Beraz, gero ezin izango du TicketBaiko kenkaria berriro aplikatu ekipoen erosketa berri batengatik, nahiz eta, jakina, TicketBaiko softwarea erosteagatik aplikatu ahal izango duen.
Azkenik, aurreko helburuetatik kanpo beste neurri batzuk onartzen dira. Lehen neurriaren bidez, saihestu nahi da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunei jasotzaileentzat ekar lezakeen zigorra aplikatzea. Horretarako, erregela berezi bat ezartzen da COVID-19a dela-eta onartutako xedapen berezien ondorioz etorkizunean gizarte aurreikuspen osagarriko tresnetatik langabezia prestazioengatik eta eskubide kontsolidatuengatik kapital moduan jasotzen diren zenbatekoen tratamenduari dagokionez. Aipatutako erregela bereziari jarraituz, zenbateko horiek ez dira kontuan hartuko etorkizunean gizarte aurreikuspen osagarriko sistemetatik kapital gisa jaso daitezkeen epe luzeko langabeziako prestazioen integraziorako.
Bigarren neurriaren bidez, salbuetsita utziko dira Opescantabricoren funtsak COVID-19aren krisiaren eraginez arrantza gelditzearen ondorioz jasotako konpentsazioak.
Hirugarren neurria lotuta dago gaixotasun eta heriotza kontingentziei aurre egiteko osasun langile guztien alde doako aseguru kolektibo bat eratzearekin Hori horrela, kontingentzia horietatik eratorritako prestazioak salbuetsita gelditzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik eta oinordetza eta dohaintzen gaineko zergatik.
Laugarren neurriari esker, osorik edo partzialki kitatu ahal izango dira, zergadun baten alde onartutako zerga itzulketen bidez, beste zergadun batek izan ditzakeen zorrak. Hori guztia hura liberalitatetzat hartu ahal izatea eragotzi gabe, hala badagokio.
Azken neurria martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 92 ter artikuluan aipatutako zordunen zerrendaren argitalpena aurreratzea da. Osasun krisia hasi zenean, Administrazioa geldituko zelakoan, pentsatu zen egoera harengatik ezinezkoa izango zela pertsona haiei jakinarazi eta informatzeko beharrezkoak ziren izapideak betetzea eta, beraz, argitalpena 2020ko azken hiruhilekora atzeratzea onartu zen. Dena den, ikusi denez, izapide horiek hasieran espero zen baino normaltasun handiagoz gauzatzen ari dira, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako behar diren legezko izapide guztiak amaitu bezain pronto argitaratuko du zerrenda, 2020ko azken hiruhilekoa iritsi arte itxoin gabe.
Foru dekretu-arauak hiru kapitulu, 17 artikulu eta hiru azken xedapen ditu. I. kapitulua sei artikuluz osatuta dago, eta lehenago aipatutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako koiunturazko neurriei buruzkoa da. II. kapituluak zortzi artikulu ditu, eta goian azaldutako sozietateen gaineko zergari lotutako koiunturazko neurriei buruzkoa da, eta III. eta azken kapituluaren bi artikuluak bestelako koiunturazko neurriei buruzkoak dira.
Azken xedapenetako lehenaren bidez, aldatu egiten da martxoaren 24ko 1/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19aren gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena, lehenago aipatutako zordunen zerrendari dagokionez.
Azken xedapenetako bigarrenak foru dekretu-araua garatu eta aplikatzeko arau ahalmena erregulatzen du, eta azken xedapenetako hirugarrenak ezartzen du noiz jarriko den indarrean xedapen hau.
Neurri horiek guzti horiek onartzean, foru arau bidezko erregulazioa behar duten alderdiak ukitzen dira, eta, ezinezkoa denez egoerari eman nahi zaion premiazko erantzuna ohiko araugintza prozeduraren bidez lortzea, epe luzeak baititu, bidezkotzat hartzen da hura foru dekretu-arau baten bidez onartzea, eta haren neurrien indarraldi laburrarengatik (2020aren barruan) justifikatzen da premiazko beharra.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.
Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
KOIUNTURAZKO NEURRIAK PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAN
1. artikulua.– Aparteko kenkaria 2019an, 2020an zenbatetsitako galerengatik.
1.– 2019ko eta 2020ko zergaldietan jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek azken zergaldi horretan jarduera horien etekin garbia negatiboa izango dela aurreikusten badute, kuota likidoaren kenkari bat aplikatu ahal izango dute 2019ko zergaldiko autolikidazioan soilik, artikulu honetan ezartzen den eran.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbia ezingo da izan 2019ko zergaldi osoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbiaren 100eko 25 baino handiagoa.
2.– Kenkariaren oinarria zergadunak 2020ko zergaldirako zenbatetsitako etekin garbi negatiboaren zenbatekoa izango da.
Kenkari honen oinarriak ezingo du inola ere gainditu zergadunaren jarduera ekonomikoak 2019ko zergaldian izan duen etekin garbi positiboaren zenbatekoa. Ondorio horietarako, etekin garbitzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 65. artikuluaren b) letran aipatzen duen saldoa.
3.– Kenkaria kalkulatzeko, kenkariaren oinarriari aplikatuko zaio zergadunaren 2019ko zergaldiko oinarri likidagarri orokorrari dagokion batez besteko karga tasa, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 75. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eta 77. artikuluan aurreikusitakoaren arabera kalkulatua.
Dena den, kenkariak ezingo du inola ere gainditu zergadunak zerga hau dela eta 2019ko zergaldian izandako kuota likidoaren zenbatekoa.
4.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzen duten zergadunek 2020ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharko duten zenbatekoa 2019ko zergaldian kenkariaren oinarri gisa zenbatetsitako etekin garbi negatiboa izango da.
Dena den, gertatzen bada kenkaria zergadunaren zergaren kuota likidoak mugatu duela aurreko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat, 2020ko zergaldiko jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharreko zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da: egindako kenkaria zati 2019ko zergaldiari dagokion batez besteko karga tasa, aurreko 3. apartatuan aipatua.
5.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, zergadunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adierazi jarduera ekonomikoaren zer etekin garbi negatibo kalkulatu duten 2020ko zergaldirako.
Hala ere, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek 2019ko zergaldian batera tributatzea hautatu badute, eta biek 2020. urteko zergaldirako etekin garbi negatiboak aurreikusi badituzte beren jardueretan, eskaera bakarra aurkeztu beharko dute kenkaria aplikatzeko, eta bertan indibidualizatuta adierazi bakoitzak zer etekin garbi negatibo kalkulatu duen bere jarduera ekonomikoan.
Foru diputatuak foru agindu bidez ezartzen duen epea behin amaituta, ezingo da eskatu aparteko kenkaria aplikatzeko.
6.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko du zer eredu erabiliko den kenkariaren aplikazioa eskatzeko, eta hura noiz eta nola aurkeztu beharko den, bai eta kenkariaren aplikazioarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk ere.
2. artikulua.– Kenkaria langileek entitateak eratzeagatik.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute kenkaria aplikatzea langileek entitateak eratzeagatik, hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 quater artikuluan aurreikusitakoa, 2020. urtean eratzen diren entitateei dagokienez, artikulu horretan ezarritako terminoetan, eta berezitasun hauekin:
a) Kenkari portzentajeak 5 puntu gehituko dira.
b) 89 quater artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren kopuruak 6.000 eta 8.000 izango dira hurrenez hurren.
c) Kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez diren kopuruak hurrengo lau zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira, betiere aurreko muga errespetatuz.
d) Lehen aipatu den 89 quater artikuluaren 2. apartatuko g) letran aurreikusitako baldintza, entitatean langile guztiek parte hartzeari buruzkoa, gutxienez 100eko 40koa izango da.
e) Entitatea eratzeko akzio edo partaidetzen harpidetzan gutxienez zortzi langilek hartu beharko dute parte.
Dena den, baldin eta eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzaile bada 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, nahikoa izango da harpidetzan hiru langilek parte hartzea.
f) Eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzaile bada aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoarekin bat, 89 quater artikuluaren 2. apartatuko f) letran aurreikusitako betekizuna 100eko 40raino gehitu ahal izango da.
3. artikulua.– Sorrera berriko entitate berritzaileak.
2020ko zergaldirako soil-soilik, sorrera berriko entitate berritzailetzat hartuko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 89 ter artikuluko 1. apartatuaren b) letraren lehenengo paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, akzio edo partaidetzak lehen mailako merkatuan harpidetu aurreko zazpi urteetan eratu diren entitate berritzaileak.
4. artikulua.– Sorrera berriko entitate berritzaileen akzio eta partaidetzak eskualdatzeagatik izandako ondare galerak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek hurrengo hamar urteetan zehar konpentsatu ahal izango dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 66.1 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoan aipatzen duen saldo negatiboa, b) letra horretan ezarritako terminoetan, betiere baldin eta saldo negatibo hori ateratzen bada 2020ko zergaldian izandako ondare irabaziak eta galerak integratu eta konpentsatu ondoren, galera horiek entitate berritzaileen akzio edo partaidetzak kostu bidez eskualdatzeagatik gertatu badira, eta akzio edo partaidetza horien harpidetzak kenkaria aplikatzeko eskubidea eman badu sorrera berriko entitate berritzaileak eratzeagatik, 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.
Hurrengo hamar urteetan konpentsatu beharreko saldo negatiboaren zenbatekoa ezingo da inola ere izan entitate berritzaileen akzio edo partaidetzak kostu bidez eskualdatzeagatik 2020an izandako ondare galeraren zenbatekoa baino handiagoa.
5. artikulua.– Gizarte aurreikuspen osagarriko tresnetatik jasotako zenbatekoak.
Kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehen prestazioa zehazteko, zeina aipatzen baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 19.2 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoan, gizarte aurreikuspen osagarriko tresnetatik kapital moduan jasotzen diren zenbatekoak ez dira kontuan hartuko horiek jasotzeko arrazoia hauetako bat denean:
a) Langabezia prestazioa kobratzea, Finantza Politikako zuzendariaren 2020ko martxoaren 25eko Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, BGAEetako kideei baimena ematen zaie langabezia prestazioa kobratzeko, COVID-19a dela edo Enplegu Erregulazioko Espediente bat eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente bat jasan dutenean.
b) Eskubide kontsolidatuak gauzatzea, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege- Dekretuak, esparru sozial eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko presako neurri osagarriak hartzen dituenak, hogeigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.
6. artikulua.– Opescantábricoren COVID-19 Funtsaren konpentsazioak.
Salbuetsita egongo dira arrantza jarduera COVID-19aren pandemiaren ondorioz 2020an eteteagatik Opescantábrico COVID-19 Funtsetik jasotako konpentsazioak.
II. KAPITULUA
EKONOMIA SUSPERTZEKO KOIUNTURAZKO NEURRIAK SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAN
7. artikulua.– Mozkinak nibelatzeko erreserba berezia.
1.– Hurrengo 2. apartatuan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sozietateen gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluan xedatutakoa aplikatzea, artikulu horretan ezarritako eran, ondoren jasotzen diren berezitasunekin:
a) 52. artikuluaren 1. apartatuko lehen eta bigarren paragrafoetan aipatzen diren mugak 100eko 50ekoak izango dira.
b) 52. artikuluaren 1. apartatuko hirugarren paragrafoan aurreikusitako saldoaren muga ez da aplikatuko.
c) 52. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoan aipatzen diren entitateek 25 puntu gehitu ahal izango dituzte aurreko a) letran ezarritako mugak.
2.– 52. artikuluan aurreikusitako murriztapena artikulu honetan ezarritako berezitasunekin aplikatu ahal izateko, artikulu horretan aurreikusitako betekizun eta inguruabarrez gain, baldintza hauek ere bete beharko dira:
a) 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbia ezingo da izan 2019. urte osoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbiaren 100eko 25 baino handiagoa.
b) Ez dute tributatu behar baterakuntza fiskaleko araubide berezian, aipatutako 2/2014 Foru Arauaren VI. tituluko VI kapituluan jasotakoan.
c) 2020. eta 2021. urteetan, ezin dute mozkinik edo erreserbarik banatu, eta ezin dituzte funts propioak murriztu bazkideei ondasunak edo eskubideak emanez.
Letra honetan xedatutakoa betetzen ez bada, aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 127.2 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.
3.– 1. apartatuan aurreikusitako murriztapena zergaldi bakar batean aplikatu ahal izango da, eta zergaldi hori hauetako bat izango da, dagokionaren arabera:
a) 2019ko zergaldia, zergadunaren zergaldia urte naturalarekin bat datorrenean.
b) 2018an hasitako zergaldia, foru dekretu-arau hau indarrean jartzen den egunean zergaldi hori aitortzeko borondatezko epea oraindik amaitu ez denean.
c) 2019an hasitako zergaldia, zergaldia 2020ko ekainaren 1a baino lehen amaitzen denean.
4.– Mozkinak nibelatzeko erreserba berezia zuzkitzeagatik araututa dagoen murriztapena artikulu honetako aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera aplikatzen dutenek hurrengo zergaldietan berriro aplikatzen badute 52. artikuluan ezarritako erreserba 1. apartatuko hirugarren paragrafoan aurreikusitako mugaren ondorioetarako, saldo hau bakarrik hartu beharko dute kontuan: murriztapena aurreko apartatuan xedatutakoagatik aplikagarri gertatu eta hurrengo zergalditik aurrera erreserbara bideratutako zuzkidurek osatutako saldoa.
5.– Aurreko 2. apartatuan aurreikusitako beharkizunak betetzen ez dituzten sozietateen gaineko zergaren zergadunek baldintza orokorrei jarraituz aplikatu ahal izango dute 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluan jasotzen den murriztapena.
8. artikulua.– Aparteko kenkaria mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik.
1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek 2020ko ekitaldian ordaindutako kopuruen 100eko 10 kendu ahal izango dute zerga horren kuota likidotik, enpresen akzio edo partaidetzak harpidetu edo eskuratzeagatik, baldin eta enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Kenkariaren gehieneko oinarria 100.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak eratuko du.
2.– Akzioak edo partaidetzak enpresa berrietan edo sortu berrietan harpidetu edo eskuratzen direnean, aurreko apartatuan ezarritako kenkaria 2020an ordaindutako kopuruen 100eko 15ekoa izango da, baldin eta enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta, gainera, kapital ekarpena egiteaz gain, beren ezagutza enpresarial edo profesional egokia jar badezakete inbertsioa egiten duten entitatea garatzeko.
Kenkari hau aplikatzeko, beharrezkoa da enpresak behar diren bitarteko pertsonal eta materialak edukitzea jarduera ekonomiko berria egiteko. Baldintza hau ez dela betetzen ulertuko da sozietateak bat-egiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, aktibo eta pasibo osoaren lagapenen, jarduera adarren ekarpenen, interes ekonomikoko taldeen edo aldi baterako enpresa elkarteen bidez sortutakoak direnean, edo jarduera ekonomiko berri bat benetan eta eraginkortasunez agertzea ez dakarren beste edozein modu edo eragiketaren ondorio direnean.
Entitate baten akzioak edo partaidetzak harpidetu edo eskuratzeak ez du kenkari hau aplikatzeko eskubiderik emango, baldin eta, entitate horren bitartez, lehendik beste titulartasun baten bidez egiten zen jarduera bera egiten bada.
Apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, kenkariaren gehieneko oinarria 150.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak eratuko du.
3.– Eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzak entitate berritzaileenak edo hazkunde prozesuan dauden entitateenak direnean, aurreko apartatuan ezarritako kenkaria 2020an ordaindutako kopuruen 100eko 20koa izango da, baldin eta, eskurapen edo harpidetzaren urtean, enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ondorio horietarako, honako entitateak bereizten dira:
a) Entitate berritzaileak: partaidetza hartzen den ekitaldian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuaren a) letran xedatutakoa betetzen dutenak.
b) Hazkunde prozesua dauden entitateak: partaidetza hartzen den ekitaldian, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 2. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutakoa betetzen dutenak.
Apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, kenkariaren gehieneko oinarria 200.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak eratuko du.
4.– Aurreko 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritako kenkariak aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira 6. apartatuan aipatzen den gutxieneko edukitze-aldian:
a) Akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzen zaizkion entitateak sozietate anonimoa, erantzukizun mugatuko sozietatea, lan sozietate anonimoa edo erantzukizun mugatuko lan sozietate anonimoa izan behar du, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginak (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) eta Lan sozietateei eta partaidetutako sozietateei buruzko urriaren 14ko 44/2015 Legeak ezarritako baldintzetan.
b) Akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzen zaizkion entitatea ezin da egon negoziatzeko onartuta ezein merkatu antolatutan.
c) Zergadunak entitatean duen partaidetza, izan zuzenekoa izan zeharkakoa, gehi 2/2014 Foru Arauaren 42.3 artikuluan ezarritako eran zergadunarekin lotuta dagoen beste edozein pertsonak edo entitateak entitate berean izan lezakeena, ezin da izan entitatearen kapital sozialaren edo boto eskubideen 100eko 25 baino handiagoa.
5.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako kenkariak aplikatzeko, entitatea eratzen den unean bertan edo hura eratu ondorengo bost eta zazpi urte bitartean eskuratu behar ditu zergadunak akzioak edo partaidetzak, dela eraketa bidez, dela kapital zabalkuntzaz, dela bigarren mailako merkatu batean eskuratuta.
Hazkunde prozesuan dauden entitateei, zeinak aipatu baitira aurreko 3. apartatuko b) letran, ez zaie aplikatuko zazpi urteko epe hori.
6.– Eskuratu edo izenpetutako akzio edo partaidetzek bost urtetik beherakoa ez den epe batean iraun beharko dute zergadunaren ondarean, salbu eta zergaduna edo entitate partaidetua konkurtso prozedura baten ondorioz likidatzen denean.
7.– Kenkari hau ez zaie aplikatuko honako kasu hauetakoren batean dauden entitateetan egindako inbertsioei:
a) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurreko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain dauden enpresak.
b) Krisian dauden enpresak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan ezarritakoaren arabera (erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla adierazten da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez).
c) Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 21. artikuluaren 9. apartatuan aipatzen den arriskuko finantzaketaren zenbateko osoa dagoeneko gaindituta duten enpresak edo artikulu honen 1., 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren akzioak edo partaidetzak jaulkiz zenbateko hori gaindituko duten enpresak (erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla adierazten da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez).
8.– Kenkari hau aplikatu ahal izateko, akzioak edo partaidetzak harpidetu edo erosi zaizkion entitatearen ziurtagiri bat lortu behar da, non adierazi behar den haren akzio edo partaidetzak eskuratu ziren zergaldian entitateari kenkarirako eskubidea izateko eskatutako beharkizunak bete zirela.
9.– Aurreko 1etik 7ra arteko apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen ez badira, zergadunak ez-betetzea gertatzen den zergaldiko autolikidazioan sartu beharko du kenkariaren ondoriozko kuota, bai eta horri guztiari dagozkion berandutze interesak ere.
10.– Kenkari hau aplikatzeko, kontuan hartu beharko da 2/2014 Foru Arauaren 59. eta 67. artikuluetan xedatutakoa, eta, bereziki, foru arau horren V. tituluaren III. kapituluan araututako kenkariei aplikatu beharreko erregela orokorrak.
Zehazki, 2/2014 Foru Arauaren 67.6 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, funts berberek ezingo dute sortu kenkaria pertsona edo entitate batek baino gehiagok aplikatzeko eskubidea.
11.– Artikulu honetan aipatutako kenkarien aplikazioa aukerakoa izango da, eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 115. artikuluaren 3. apartatuan eta 2/2014 Foru Arauaren 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera gauzatu ahal izango da.
12.– Halaber, artikulu honetan araututako kenkariak aplikatu ahal izango dituzte establezimendu iraunkor baten bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikatu behar bazaie, baldin eta zergadun horien zerga egoitza ez badago paradisu fiskaltzat edo tributazio nulukotat hartutako herrialde edo lurralde batean martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.
9. artikulua.– Parte hartzea mikroenpresek edo enpresa txikiek garatutako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan.
1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauren 13. artikuluan jasotakoari jarraituz 2020an mikroenpresatzat edo enpresa txikitzat hartzen diren entitateek garatutako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan parte hartzen duten sozietateen gaineko zergaren zergadunek aplikatu ahal izango dute foru arau horrek 64 bis artikuluan jasotako kenkaria bertan xedatutakoaren arabera eta berezitasun hauek beteta:
a) Ez da aplikatuko zergaren foru arauaren 64 bis artikuluaren bi apartatuko c) letran xedatutako betebeharra.
b) Ez da aplikatuko artikulu horretako 5. apartatuaren lehen paragrafoan xedatutako muga.
c) Artikulu horretako 5. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutako muga 1.000.000 euro izango da proiektu bakoitzeko.
2.– Aurreko apartatuan jasotakoa aplikagarri izango zaie ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko proiektu hauei:
a) 2020an hasitakoak.
b) 2021ean hasitakoak, 2020an formalizatzen denean 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran aipatutako finantzaketa kontratua.
c) 2020aren aurretik hasitakoak, baldin eta finantzaketa kontratua aldatua izan bada maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituenak, 2. artikuluko 8. apartatuan xedatutakoari jarraituz.
3.– Halaber, artikulu honetan araututako kenkaria aplikatu ahal izango dute establezimendu iraunkor baten bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikatu behar bazaie, baldin eta zergadun horien zerga egoitza ez badago paradisu fiskaltzat edo tributazio nulukotat hartutako herrialde edo lurralde batean martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.
10. artikulua.– Enplegua sortzeagatiko kenkari gehitua.
2020ko ekitaldian egiten diren lan kontratazio mugagabeei aplikagarri izango zaie urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 66. artikuluko 1. apartatuan erregulatutako enplegua sortzeagatiko kenkaria, kontratupeko pertsona bakoitzeko gehienez 7.500 euroko kenkari mugaraino.
11. artikulua.– Ordainketa zatikatua.
2020an ez dira behartuta egongo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 130 bis artikuluan aipatutako ordainketa zatikatua egitera honako beharkizun hauek betetzen dituzten zergadunak:
a) 2020ko lehen seihilekoari dagokion eragiketa bolumena 2019ko lehen seihilekoari dagokion eragiketa bolumena baino 100eko 25 txikiagoa izatea.
b) Ondare sozietateak ez izatea foru arau horrek 14. artikuluan jasotakoaren arabera.
c) Foru arau horrek VI. tituluko VI. kapituluan jasotako baterakuntza fiskaleko araubide berezian ez tributatzea.
12. artikulua.– Aparteko amortizazio azkartua.
Foru dekretu-arau hau indarrean jartzen denetik 2020ko abenduaren 31ra bitartean eskuratzen diren ibilgetu materialeko elementu berriak (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 31. artikuluko 3. apartatuaren a) letran eta c) letraren bigarren paragrafoan eta 4. apartatuaren lehen eta bigarren paragrafoetan azaldutako erregelak aplikatzen zaizkien eraikinak eta garraiobideak izan ezik) foru arau horren 17. artikuluko taulan ezarritako gehieneko amortizazio koefizientea bider 1,5 eginez ateratzen den koefizientearen arabera amortizatu ahal izango dira, funtzionatzen hasten direnetik aurrera eta bere balio bizitza osoan zehar, bai eta enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak eta foru dekretu-arau hau indarrean jartzen denetik 2020ko abenduaren 31ra bitartean sinatutako obrak egiteko kontratu baten bidez enkargatutakoak ere, baldin eta kontratua amaitzen denetik hamabi hilabete pasatu baino lehen jartzen badira enpresaren esku.
13. artikulua.– Finantza errentamenduko kontratuak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 18. artikuluan jasotakoa aplikagarri izango zaie 2020an berriro negoziatzen edo sinatzen diren finantza errentamenduko kontratuei, nahiz eta haiek ez bete artikulu horretako 1. apartatuko f) letran jasotako beharkizuna.
14. artikulua.– Ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia.
Bakarrik 2020ko zergaldirako, entitate berritzat edo sortu berritzat hartuko dira, 17/2015 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duenak, 32 bis artikuluko 3. apartatuaren b) letran jasotakoaren ondorioetarako, beren akzioak edo partaidetzak lehen mailako merkatuan eskuratu aurreko zazpi urteen barruan eratu diren entitateak.
III. KAPITULUA
KOIUNTURAZKO BESTE NEURRI BATZUK
15. artikulua.– Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria.
1.– Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek, sozietateen gaineko zergaren zergadunek eta establezimendu iraunkorraren bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek kuota osoan kenkari bat egin ahal izango dute, jarraian zehazten diren beharkizunak betez gero, digitalki eraldatu eta merkataritza elektronikoa ezartzeko 2020an egindako gastu eta inbertsioen 100eko 30ekoa.
Zergadunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:
a) Sartuta egotea apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratzailea onartzen duenak, I. eranskineko I. sekzioaren 64 eta 65 multzoetan eta 662 taldean (txikizkako merkataritza).
b) Sozietateen gaineko zergaren zergadunek eta establezimendu iraunkorraren bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek mikroenpresatzat edo enpresa txikitzat hartuta egon beharko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 13 2/2014 Foru Arauaren 17. artikuluan jasotakoaren arabera.
2.– Kenkaria izan dezaketen gastu eta inbertsioak honako hauek dira:
a) Ekipo eta terminalen eta beren softwarearen eta periferikoen erosketa, bai eta haiek instalatzeak eta ezartzeak duen kostua ere.
b) Softwarearen erosketa, harpidetza, entrega, eguneratzea edo berritzea, hura merkaturatzea eta elektronikoki saltzea ahalbideratzen badu, haiek instalatzeak eta ezartzea duen gastua barne.
3.– Kenkariaren oinarria aurreko 2. apartatuan aipatutako gastu eta inbertsioen zenbatekoaz osatuta egongo da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67. artikuluko 3. apartatuan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.
Horrela kalkulatutako kenkariaren oinarria ezin da handiagoa izan hauek baino:
a) 5.000 euro.
b) 2019an amaitutako azken zergaldiari dagokion negozio zifraren zenbateko garbiaren 100eko 1. Jarduera 2020an hasten denean, jarduera hori hasi den zergaldia hartuko da.
Horretarako, urtebetera eramango da negozio zifraren zenbateko garbiari dagokion magnitudea, zergaldia urte naturala baino laburragoa denean edo zergaldi horretan jarduera ekonomikoa hasi denean.
b) letra honen lehen paragrafoan jasotakoa jasota ere, emaitza hori 500 eurotik beherakoa denean, kenkariaren oinarria bi hauetako txikiena izango da:
a’) 3. apartatu honen lehen paragrafoan jasotako kenkariaren oinarria.
b’) 500 euro.
4.– Kenkarirako eskubidea duten gastu eta inbertsioak 2020an zehar egiten direnean zergaldi bat baino gehiago hartuta, aurreko 3. apartatuan jasotako gehieneko muga bakarra izango da haiek guztien multzorako.
5.– Aurreko 3. apartatuan jasota dagoen eta artikulu honetan jasotako jarduera ekonomikoak egiten dituzten entitateetako bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideei dagokien gehieneko muga zehazteko, entitatearen negozio zifraren zenbateko garbiari eta pertsona horiek haren emaitzetan duten partaidetzari erreparatuko zaie.
6.– Kuota nahikoa ez izateagatik kenkaririk izan ez duten kopuruak aplikagarri izan daitezke ondoko eta jarraiko 30 urteetan amaitzen diren zergaldietako likidazioetan.
7.– Gastu edo inbertsio berak ezin izango du berekin ekarri kenkaria zergadun batengan baino gehiagorengan aplikatzea eta zerga hauetan jasotakoak ez diren kenkariak zergadun berarengan aplikatzea.
Era berean, berekin ez du ekarriko kenkari hau aplikatzea sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkorrarekin diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan, gastu edo inbertsioaren bidez gauzatu denean 2/2014 Foru Arauak 53. artikuluan aipatutako ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia.
Kenkari hau ez da bateragarria izango inbertsio edo gastu berberekin erlazionatutako beste edozein zerga hobarirekin, salbu eta amortizatzeko askatasunari, amortizazio azkartuari eta baterako amortizaziori dagokienez.
8.– Kenkari honen aplikazioa aukerakoa da, eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak 115. artikuluaren 3. apartatuan, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergarenak, 128. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 104. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera gauzatu ahal izango da.
16. artikulua.– Osasun langileentzako doako aseguru kolektiboa.
Oinordetza eta dohaintzen gaineko zergatik eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita egongo dira, 2020an, COVID-19ak eragindako gaixotasun eta heriotza kontingentziengatik ordaindutako prestazioak, horiek aseguru etxeek Espainiako Aseguru eta Berraseguru Enpresen Elkartearen bidez izenpetutako osasun langileen aldeko doako aseguru kolektibotik eratorriak direnean.
17. artikulua.– Zorrak zerga itzulketen bidez osorik edo partzialki kitatzea.
1.– Foru dekretu arau hau indarrean jartzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte onartzen diren zerga itzulketak erabili ahal izango dira, hala eskatzen bada, beste zergapeko batek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean dituen zerga zor eta zehapenak osorik edo partzialki kitatzeko, horiek ordainketako borondatezko epean egon edo epe exekutiboan egon.
Zerga itzulketarako eskubidea dutenek aurkeztu beharko dizkiote eskaerak Zerga-bilketako zuzendariordetza nagusiari, eta horrek kitapena erabakiko du ondorengo apartatuetan jarritako baldintzak betetzen badira, ordainketa geroratzea edo zatikatzea eskatzen denean, eragotzi gabe abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketaren Erregelamenduak 37. artikuluan jasotakoa. Eskaera bat aurkeztuko da itzulketa bakoitzeko.
2.– Horretarako, eskaera egiten duen zergapekoak:
a) Zerga obligazioak egunean izan behar ditu. Beharkizun hori betetzen dela ulertuko da baldin eta gertatzen baldin badira apirilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Kudeaketari eta zerga arloko jarduketa eta prozeduren arau komunei buruzko Erregelamenduak 29. artikuluan jasotako zirkunstantziak.
b) Lehendik ez du izan beharko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, eta abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketaren Erregelamenduak jasotakoari jarraituz konpentsagarri den zorrik.
3.– Artikulu honetan jasotakoa aplikatu ahal izateko, ez eskaera egiten duen zergapekoa eta ez zorduna ezin izango dira konkurtso prozedura batean sartuta egon.
4.– Behin artikulu honetan jasotako beharkizunak betetzen dituen eskaera aurkeztuta, eten egingo da zerga zor edo zehapenaren ordainketa, betiere bermerik jarri gabe kitatzea eskatzen den zor edo zehapenari dagokionez. Etendako zorra osorik edo partzialki iraungita geldituko da, eta onartutako itzulketan bidezkoa den zenbatekoari dagokionez. Ez da etengo kitapenaren datara arte bidezkoa izan daitekeen berandutze interesaren sortzapena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aldatzea martxoaren 24ko 1/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena.
Aldatu egiten da xedapen gehigarri bakarra COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituen martxoaren 24ko 1/2020 Foru Dekretu-Arauan. Honela idatzita gelditzen da:
«Xedapen Gehigarri Bakarra
Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 92 ter artikuluan aipatutako zerrenda 2020. urtean emango da argitara.»
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2020ko maiatzaren 26a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza departamentuko foru diputatua,
JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.