Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2020ko ekainaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2537

AGINDUA, 2020ko ekainaren 23koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez agindu hau aldatzen eta beste epe bat irekitzen baita: Agindua, 2019ko uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez onartzen baitira, 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak.

Industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen programa arautzen duen apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuak honako hau arautzeko arau bereziak ezarri zituen: industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoaren hobekuntzaren bitartez karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak bultzatu eta sustatzeko laguntzak ematea.

Aipatutako arauaren bidez, autonomia-erkidegoei laguntzak zuzenean esleitzea erabaki zen, dagokien lurralde-eremuan programa hori abiaraz zezaten, eta Euskal Autonomia Erkidegoari 15.321.804,01 euroko zuzkidura eman zitzaion; Espainiako estatuak –zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak– eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori.

263/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko uztailaren 30eko Aginduak onartu egin zituen, 2019. eta 2020. urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak (2019ko abuztuaren 13ko EHAA, 152. zk.).

Aipatutako aginduan laguntzaren gehieneko zenbatekoa aldatzea da agindu honen xedea, bai onuradun bakoitzeko, bai aurkeztutako eskaera bakoitzeko. Aldaketa bikoitz hori lagungarria izango da lortu nahi diren helburu energetikoak hobeto betetzeko; izan ere, jaso beharreko zenbatekoak handituz, parte-hartzea sustatuko da, eta, era berean, laguntza horien aurrekontuaren betearazpen-maila handiagoa ahalbidetuko da.

Bestalde, interesdunen eskubideak zaintzeko, beste epe bat irekiko da, eskaera aurkeztu dutenek berriro egin ahal izan dezaten, eta aldaketaren ondorioz interesa dutenek prozeduran sartzeko aukera izan dezaten.

Hori dela-eta, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak proposatuta, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen 9. oinarriaren lehenengo paragrafoa aldatzea: Agindua, 2019ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak (2019ko abuztuaren 13ko EHAA, 152. zk.). Paragrafo hori honela idatzita geratuko da:

«Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzak ezingo du gainditu, aurkeztutako eskabideen multzoarengatik, 2.000.000 euroko guztizko zenbatekoa.»

Bigarrena.– Agindu honen 9. oinarriaren bigarren paragrafoaren c) apartatua aldatzea: Agindua, 2019ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak (2019ko abuztuaren 13ko EHAA, 152. zk.). Apartatu hori honela idatzita geratuko da:

«c) Eskabide bakoitzerako, eta jarduketa-tipologiaren arabera, gehieneko laguntza-zenbatekoa 2.000.000 eurokoa izango da 1. tipologiarako ("Teknologia hobetzea ekipo eta prozesu industrialetan") eta 30.000 eurokoa, berriz, 2. tipologiako jarduketetarako ("Energia-kontsumitzaile handiak ez diren enpresetan kudeaketa energetikoa gauzatzeko sistemak ezartzea").»

Hirugarrena.– Beste epe bat irekitzea, aurkeztutako eskabideak berriro egiteko. Epe horrek hamar eguneko iraupena izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Epe horretan, agindu hau argitaratzen den eguna baino lehen orain aldatzen den aginduaren babesean laguntza jasotzeko eskabidea egin dutenek berriro egin ahal izango dituzte eskabideak, ezarritako kopuru berrietara egokitzeko soilik, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta: https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelaniaz) eta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskaraz).

Birformulazioak eskatutako zenbatekoei eta birformulazio horretatik eratorritako elementuei bakarrik eragiten badie, ebazpena emateko, lehenengo eskaera behar bezala bete duten unea hartuko da kontuan.

Aldaketa honekin ezarritako mugak aplikatzeak ez du inola ere kaltetuko aldaketa indarrean jarri baino lehen dirulaguntza eskatu duen eskatzaile bat bera ere, eta, beraz, baliabideak esleitzean, bermatuko zaio, gutxienez, hasieran ezarritako arau-esparruaren arabera legokiokeen zenbatekoaren baliokidea. Horren ostean bakarrik aztertu ahal izango da muga berriak laguntza-programaren eskatzaile guztiei aplikatzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 23a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala