Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2020ko ekainaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2529

AGINDUA, 2020ko ekainaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Oiartzungo (Gipuzkoa) Urdinola-Arizmendienea Etxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Urdinola-Arizmendienea Etxeak kultura aldetik dituen balio historikoa eta arkitektonikoa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Urdinola-Arizmendienea etxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, 2020ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez (otsailaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 34. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 6/2019 Legearen 12. eta 13 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, Oiartzungo Udalak ondarearen izena aldatzeko alegazio-idazkirik aurkeztu zuen. Alegazioan udalak adierazten du historikoki etxea Urdinola edo Arbide izenekin ezagutu bada ere, gaur egun eta pasa den mendearen hasieratik Arizmendienea izan dela etxearen izena, izen bereko familiarena izan baita. Hori frogatzeko dokumentu batzuk igorri ditu eskabidearekin batera.

Espedientean jasota dagoen alegazioei erantzuteko txosten teknikoak esandakoa aintzat hartuta, alegazioa partzialki baiestu egiten da eta ondorioz, espedienteari hasiera emateko argitaratu zen Urdinola izena aldatu egingo da eta haren ordez, Urdinola-Arizmendienea agertuko da.

Hori guztia dela eta, aipaturiko 6/2019 Legearen 18. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Urdinola-Arizmendienea Etxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzea. Ondorioz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako babes-araubidea aplikatu behar zaio, eta, zehazki, lege horren artikulu hauetan jasotakoa: 27.etik 35.era, 41.etik 43.era eta 46.etik 51.era.

Bigarrena.– Kultura-ondasun babestuaren deskribapen formala.

Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera, II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita eta III. eranskineko babes-araubide partikularra kontuan izanik, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Oiartzungo Udalari higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.

Laugarrena.– Argitaratzea.

Izendatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die interesdunei, Oiartzungo Udalari (Gipuzkoa), Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultura-ondasun babestuan esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honek babesten dituen kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduerak egiteko aurreko apartatuan aipatu diren baimenak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Oiartzungo (Gipuzkoa) Udalari eskatuko dio udalaren hirigintza-araudia egokitzeko, babestutako ondasun higiezina babestu eta kontserbatuko dela bermatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak jaso ditzan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan ezarritakoa betez.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintza egokitzea.

Udal-plangintza agindu honetan ezarritako aldaketei egokitu arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak oniritzia eman arte, kultura-ondasun babestuen gainean egin beharreko esku-hartzeak egiteko, beharrezkoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 12an.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

Bingen Zupiria Gorostidi.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketaren barruan sartzen da eraikuntza-unitate osoa, eraikinak berak eta eraikinari lotutako egungo partzelak osatzen dutena, eta planoaren mugaketaren barruan dagoen lorategiaren tamaina handiko zuhaiztia.

Hala, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: ipar-ekialdean, Aialde kalearekiko eta etxearen ipar-ekialdeko fatxadarekiko banaketa-horma; hego-ekialdean, Ibargain etxearen zerkan dagoen horma-zatia; hegoaldean eta mendebaldean, Kontzejupe Plazaren mugarekiko lotura; eta iparraldean, Fermiñene etxearekiko mehelina eta Fermiñene Berri etxearen lurzatiaren muga.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketa Urdinola-Arizmendienea etxearen eta lorategiaren eraikuntzaren kultura- eta ingurumen-balioak zaintzeko beharrak justifikatzen du.

Mugaketak lorategiaren eremua eta sarbidearen espazioa definitzen dituen lurzatia babestea dakar berekin, isolatutako bizitegi-eraikin mota horren berezko izaera babestu eta balioetsi ahal izateko.

Hori dela eta, ezarritako mugaketak ez du eraikina bera bakarrik hartzen, baizik eta erantsitako planoan definitutako alboko eremua ere bai, eraikuntza osoa eta hari lotutako lorategi-partzela barne hartzen dituena.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Urdinola-Arizmendienea Etxea XVII. mendetik dokumentuetan jasota dagoen eraikin historikoa da, XVIII. mendean obretan esku-hartze handia izan zuena, eta XIX. eta XX. mendeetan gerora egindako egokitzapenak dituena.

Etxea Urdinola familiarena izan zen, Oiartzungo haraneko zaharrenetarikoa, eta familia horren jarduera ekonomiko eta sozialen erreferentzia dokumentalak XVI. mendearen erdialdetik daude.

Egungo egituran, oinplano angeluzuzeneko eraikina da, kaletik begiratuta, mehelina egiten du eskuinaldean, eta hiru isurkiko estalkia du, ekialdeko isurialdean txapitula duena.

Bolumena kalearen goiko aldean dago, eta eraikuntzarik gabeko 60 metro inguruko espazio bat uzten du, lotutako lorategiari dagokiona, gaur egun udal-jabetzakoa dena. Horri esker, etxearen balio formalak eta lorategitik eratorritako ingurumen-balioak hauteman daitezke.

Etxearen itxitura-hormen aparailua hareharrizko harlanduzkoa da, neurri onekoa, bai beheko solairuan, bai bao guztien izkina eta markoetan; markoetan, zurezko barneko arotzeria eta kontraleihoak jartzeko behar diren beherapenak sartzen dira; gainerakoan, itxitura luzitutako harlangaitzezkoa da.

Eraikinak hiru altuera eta teilatupeko espazioa ditu. Kalearen gaineko fatxada lauangeluarra da, eta hiru gorputz horizontaletan banatuta dago, platabandaz bananduta, solairu bakoitzeko bat; beheko atala harlanduzko aparailukoa da erabat. Fatxada horretan hiru ardatz bertikal bereizten dira, alboetan balkoi karelduna lehen solairuan eta erdi-irtena bigarrenean. Beheko solairuko leihoak burdin hesiz estalita daude. Fatxada horren erdiko ardatzari dagokionez, beheko aldean, etxearen ataria dago, tatxatutako egurrezko ate lodi bat duena, eta, goialdean, lauki urdinxka bat, sorospeneko Ama Birjinaren irudia duena. Aurrealdea, harburu landuak dituen hegal irtenaz errematatzen da, eta lehenengo platabandan, «Emen sartzendana/bere etxeandago» inskripzio bat aurkezten du (hemen sartzen den oro bere etxean dago).

Ezkerreko alboko fatxadak, lorategirantz, ez du platabanda horizontalik, eta isurialde horretako teilatu-hegaleko habeak ez daude zizelkatuta. Fatxada horretan lau bao ditu beheko solairuan, horietako bat garajerako sarrera da, eta bost bao goiko bi solairuetako bakoitzean, guztiak modu harmoniatsuan antolatuta. Fatxada osoan bao handiak, balkoi karelduna eta leiho karratuekin ixten diren bao txikiak tartekatzen dira. Lehenengo solairuan, balkoi luze batek, angeluan, fatxadaren ezkerraldeko hiru baoak zeharkatzen ditu atzeko fatxadan sukaldera sartzeko dagoen ate-leihoraino.

Atzeko fatxadak, bigarren solairuan, beste balkoi luze bat du fatxada horren luzera osoan. Fatxada horretan, lehen solairuko eta bigarren solairuko balkoiek, bi solairuetako gelekin eta korridore orokorrekin ez ezik, kanpoko bolumen bertikalarekin ere komunikatzen dute. Bolumen horrek ateak eta leihoak ditu, eta beheko solairutik estalkiraino harriz eraikia dago, solairu guztietarako zerbitzugunea dena. 6/2019 Legearen 16-g artikulua betetzeko, toki hori egokitzat jo daiteke eraikinean jasogailu bat sartzeko, aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloko printzipioak beteko dituena, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duenak, 5-g artikuluan kultura-ondareari buruzko legeriari buruz ezarritako baldintzetan; hori guztia, Xedapen horren 66.2 artikuluan ezarrita dagoen balorazioa ere kontuan hartuz; balorazio hori egitea kontrol-erakundeari dagokio.

Eraikinaren gauregungo egoera XVIII. mendearen erdialdean egin zitzaion birgaitzeari dagokio.Eraikinak garai hartako jatorrizko eraikuntza-ezaugarri guztiak mantentzen ditu, bai egituraren habeen, habexken eta zutabeen materialei, gauzatzeari eta eskuairei dagokienez, bai eta fatxadak egiteko erabilitako harrizko itxiturei dagokienez ere.

Eraikinaren antolaketa funtzionala segurua da, eta etxeak izan dituen jabeen eskakizunetara egokitu izan da; hala ere, etxeak bere tipologia-benetakotasunari eta eraikuntza-osotasunari eusten dio nabarmen.

Gaur egun, etxeak Arizmendi familiaren etxebizitzaren behar funtzionalei erantzuten die, 1920. urtean erosi baitzuen. Hala, beheko solairuan, etxera sartzeko sarrerako ezkaratza eta garajerako sarbidea, lorategiaren bidez, konpontzen dira; lehen solairuan, sukaldea, kale gaineko erdiko balkoia duen jangela eta lorategiaren gaineko balkoi jarraitua duten bi gela daude; bigarren solairuan, atzeko fatxadako balkoira irteera duen korridore bat, lau logela guztiak kanpoaldekoak, eta bainugela bat aldagela duena; eta teilatupean, korridore txiki bat, bi gela, kapera eta teilatu-hegalera sartzeko galeria bat daude.

XIX. mendeko esku-hartzeek garai hartako dekorazio-arteei lotutako balioak ekarri dizkiote eraikinari. Hala, XIX. mendearen erdialdeko hiru gela ditu, paper margotuak dituztenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan duten garrantziagatik, antzinatasunagatik eta urritasunagatik, babestuta geratu behar dute gaur egun duten kokalekuan.

Bestalde, XX. mendeko esku-hartzeek etxearen tipologia-balio formalak eta egiturazkoak errespetatu dituzte, eta etxearen tipologiarekin bateragarria den elementu bat gehitu dute, balio esanguratsuak eta historikoak eransten dituena, hala nola teilatupeko espazioaren hegoaldeko hegalean dagoen kapera. Elementu hori ere babestuta geratu behar da.

Etxeko lorategiari dagokionez, XX. mendeko dekorazio-arteen elementu batzuk ere baditu, hala nola Aguraingo Cerámica Alavesa fabrikatik datozen azulejuak, tubatuaren teknikaren bidez eginak, kontserbatu beharrekoak.

Lorategiak 1.450 metro karratu inguruko azalera du eta eraikin nagusia duintzeko eta bertako bizilagunen erosotasunerako balio du. Ibilbide bihurria duten bidezidorren bidez eta berrogeita hamar metro inguruko luzera duen gurdibide baten bidez egituratzen da. Bide horrek etxeko garajeko atea eta lorategiko itxitura-horman, kalearen ondoan, dagoen forjaketa-errementaritzako atetzarra lotzen ditu. Lorategiaren ingurumen-balioetan laguntzen du, eta horregatik lorategiaren parte da kontserbatu beharreko elementu gisa, lorategiaren tamaina handiko zuhaiztia guztia.

Urdinola-Arizmendienea etxearen arkitektura- eta eraikuntza-ezaugarrien garrantzia zehazten duten kultura-balioak honako hauek dira: batetik, morfologikoa –lorategiko lurzatiarekin batera unitate morfologiko interesgarria osatzen duen eraikinaren konposizio- eta forma-balioagatik–, eta, bestetik, tipologikoa –espazio funtzionalen antolaketagatik, sarrerako ataria eta garajearen espazioa barne; eskailera osoa, hasieratik bukaerara arte, estalkiaren azpian; gelek duten distribuziogatik, kapera ere barne–, eta, azkenik, eraikuntza-izaerakoa, zurezko egituran –lehen mailakoan bai eta bigarren mailakoan ere–, itxituretan eta arotzerian erabiltzen diren sistema, soluzio eta eraikuntza-exekuziogatik.

Lorategi-partzelaren balioei dagokienez, bidezidorren eta orga-bidearen trazaduratik datoz, zuhaitz handiek osatutako landare-masekin batera, bai eta eraikitako itxituratik ere, sarrerako atea barne.

Aipatutako balio guztiek konkurrentzia-maila nahikoa dute ondasunaren osotasuna bermatzeko, eta, gainera, etxearen familia-erabileraren etengabeko presentziaren ondoriozko balio historikoaren eramaile dira, Urdinola familiarekin hasi zirenetik Arizmendi familiaren erabileraraino.

Hori dela eta, Urdinola-Arizmendienea Etxea eta bere lorategia Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan inskribatu behar dira –Erregistro hori Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan dago ezarrita–, Monumentu kategorian eta babes ertaineko mailarekin.

Bestalde, bizitegi-erabilera jarraituaren ondoriozko kontserbazio-egoera onaren ondorioz, jatorrizko balioak behar bezala mantendu dira eta transmititu ahal dira, eta, hala badagokio, berreskuratu eta balioetsi ahal izango dira, III. eranskinean zehazten diren obrako esku-hartzeen sistematikaren barruan.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA

1.– Baimendu daitekeen obra-esku-hartzearen helburua eraikina dagokion aprobetxamenduan eta bolumenean finkatzea izango da, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 34., 42. eta 43. artikuluetan ezarritako irizpideen barruan kokatu beharko da. Era berean, onargarriak dira A motako zaharberritze zientifikoko eta/edo zaharberritze kontserbatzaileko esku-hartzeak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan definitzen denaren arabera.

2.– Lorategi-ingurunean egiten diren esku-hartzeek gune hori osatzen duten alderdiak aztertu beharko dituzte, eta bateragarriak izan beharko dute haren kontserbazioarekin eta balioespenarekin. Mantentzeko, indartzeko eta berreskuratzeko esku-hartzeek elementu kulturalei zein naturalei eragingo diete.

3.– Deskribapenaren eranskinean aipatutako dekorazio-elementuak, hau da, geletako paper margotuak bai eta azulejuak, ondasun kultural higiezinaren zati dira, eta in situ kontserbatu behar dira, prebentziozko kontserbazio-estrategiak aplikatuta, eta, hala badagokio, kontserbazio sendagarriaren eta zaharberritzearen estrategiak aplikatuta. Horretarako, esku-hartzean jarraitu beharreko laneko irizpideak eta metodologia ezartzeko behar den ikerketa egingo da. Kontrol-agintaritzak egindako esku-hartzearen txostena eskatu beharko du.


Azterketa dokumentala