Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2020ko ekainaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2472

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 3koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, garabi mugikor autopropultsatuen ikuskapenei buruzkoa.

Jasogailu eta mantenurako gailuen erregelamendua onartzen duen 2291/1985 Errege Dekretuaren 19.1 artikuluak honako hau ezartzen du: «Erregelamendu honi lotutako aparatuek kontserbazio-berrikuspenak egin beharko dituzte, erregelamendua garatzen duten Jarraibide Tekniko Osagarrietan ezartzen diren moduan, eta ikuskapen horiek zehaztuko dute kasu bakoitzean gehienez zenbat denbora igaro ahal izango den ondoz ondoko bi berrikuspen edo ikuskapenen artean».

Horrekin bat etorriz, ekainaren 27ko 837/2003 Errege Dekretua, jasogailu eta mantenurako gailuen erregelamenduko «MIE-AEM-4» jarraibide tekniko osagarriaren testua aldatu eta bategin berria onartzen duena, garabi mugikor autopropultsatuei buruzkoa da, eta 6. apartatuan ezartzen du ikuskapen horiek zenbateko maiztasunarekin egin behar diren, ikuskatu beharreko garabiaren antzinatasunaren arabera. Errege Dekretu horren IV. eranskinean zehazten da zer puntu kontrolatu behar diren.

5/2018 Dekretuak, urtarrilaren 16koak, industria-segurtasuneko araudia bete behar duten instalazioen eta ekipoen aldizkako ikuskapenak kudeatzeko prozedurari buruzkoak, 4.2 artikuluan ezartzen duenez, «Ikuskapenaren emaitzaren izapidetze elektronikoan instalazioa eta araudi aplikagarria identifikatuko dira, eta, akatsik dagoen ala ez eta zer tipologia duten kontuan hartuta, ikuskapenaren emaitza zehaztu egiten da». Beraz, datu hauek behar bezala tratatzeko, ikuskapen-txostenak izapidetzean akatsen zuzenketaren jarraipena egin eta Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzuan dagoen garabi autopropultsatuen parkearen benetako egoera ezagutu ahal izateko, beharrezkoa da aldian behingo ikuskapenetan hautemandako akatsen zerrenda bateratua ezartzea, 837/2003 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako egiaztapenetan oinarrituta.

Bestalde, gaur egun izapidetze telematikoko aplikazioan sistematikoki txertatuta dauden akatsen zerrenda oso txikia da aldizkako ikuskapenean kontrolatu beharreko alderdiei dagokienez; beraz, zerrenda hori osatu behar da aurreko paragrafoan adierazitako helburua lortzeko.

Era berean, UNE estatuko erakunde normalizatzailearen CTN 192 batzordeak arau bat landu du kontrol-erakundeentzako aldizkako ikuskapenen prozedura gisa balio dezan, prozedura horrek egindako ikuskapenekiko erregelamenduzko adostasuna izan dezan, kontrol-erakunde bakoitzaren prozeduren egiaztapena sinplifikatzearekin batera.

Zuzendaritza honetako zerbitzu teknikoek egiaztatu dute garabi autopropultsatuen ikuskapenari buruzko UNE 192002-2:2020 arauan kontrolatutako eta sistematizatutako alderdiak IV. eranskinean ezarritako ikuskapenen irismenera mugatzen direla, eta aipatutako irismenaren barruan egin beharreko egiaztapen guztiak zehazten dituztela; beraz, aipatutako araua erabiliz egindako ikuskapenek 837/2003 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako irismena kontuan hartzen dute.

Hori ikusita, autonomia-erkidego honetan jarduten duten kontrol-erakunde guztiek aldizkako ikuskapenean atzemandako akatsen izena bateratzeko eta bildutako informazioak garabi autopropultsatuen parkearen benetako egoera ezagutzeko aukera ematen duela bermatzeko, ebazpen hau ematen dut:

Lehenengoa.– Aplikazio telematikoan jakinarazitako aldizkako ikuskapenetan atzemandako akatsen zerrenda ebazpen honen eranskinean agertzen den zerrendako akatsekin osa dadila, kontrol-erakundeek erabil dezaten.

Bigarrena.– Jakinarazi inplikatutako agente profesionalei eta argitaratu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea. Ebazpen honek sinatu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 3a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

IÑAKI ALDEKOGARAI LABAKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala