Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2020ko ekainaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2442

58/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bitartez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioarekin sinatutako lankidetza-protokoloa argitaratzea xedatzen baita, Lezoko terminal intermodal eta logistikoa garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lezoko terminal intermodal eta logistikoa garatzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioarekin sinatutako lankidetza-protokoloaren testua, honen eranskin gisa doana.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 9KO 58/2020 EBAZPENARENA
GARRAIO, MUGIKORTASUN ETA HIRI AGENDAREN MINISTERIOAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILAREN ARTEKO LANKIDETZA-PROTOKOLOA, LEZOKO TERMINAL INTERMODAL ETA LOGISTIKOA GARATZEKO

Donostia, 2020ko urtarrilaren 22a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, José Luis Ábalos Meco jauna, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa, Gobernuko ministroak izendatzen dituen urtarrilaren 12ko 2/2020 Errege Dekretuaren arabera, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 61 k) artikuluan ezarritakoaren arabera jarduten duena.

Eta bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Lehendakariaren azaroaren 26ko 27/2016 Dekretuaren arabera (izendapenari buruzkoa), eta Jaurlaritzaren 2016ko abenduaren 7ko Erabakiaren bidez eman zaizkion eskumenak baliatuz.

PARTE-HARTZAILEAK

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Estatu Idazkaritzaren bitartez, Ministerioaren politikak definitu eta proposatuko ditu garraio-azpiegituren plangintzari dagokionez, eta Ministerioaren politikak definitu, proposatu eta gauzatuko ditu mendeko organoen eta sailari atxikitako organismo eta erakundeen bitartez garraio-azpiegiturak egiteari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua. Euskal Autonomia Erkidegoak abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 32. artikuluan garraioen arloan esleituta duen eskumena betez jarduten du, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoari eta gainerako xedapenei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, bildutakoek lankidetza-protokolo hau bakoitzak bere administrazioaren izenean eta kudeatzen dituzten eskumenen arabera formalizatzeko beharrezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, ondorioz, honako hau

AZALTZEN DUTE:
I

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioa Estatuaren eskumeneko azpiegituren eta garraioen arduraduna da, eta, ondorioz, bere helburu nagusietako bat da salgaiak trenez garraia daitezen sustatzea eta intermodalitatea garatzea, garraio-sistema orekatuagoa eta jasangarriagoa lortzeko. Politika hori garatzeko, Ministerioak Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza Plana (AGET 2012-2024) egin du. Sustapen ministroak 2012ko irailaren 26an aurkeztu zuen Diputatuen Kongresuko Sustapen Batzordean, eta 2015eko maiatzaren 5ean formulatu zuen behin betiko. Era berean, 2013ko azaroaren 25ean, «Espainiako estrategia logistikoa» aurkeztu zuen, herrialdeak Europan eta munduan logistikaren arloan duen posizioa sendotzeko, duen kokapen geografikoa eta garraio-sistemaren garapena aprobetxatuta.

AGETk Azpiegitura Nodalen Sare bat ezartzea aurreikusten du, trena kate logistikoan erabat integratzeko asmoz. Terminal intermodal horiek zentro logistikoak dira, garraioari balio erantsia emateko gaitasuna dutenak, eta arreta berezia eskaintzen dietenak errepide- eta trenbide-sarbideei (baita horien barne-diseinuari ere), maniobrak eta kostu operatiboak murrizteko.

Alde horretatik, bai AGETk bai Estrategia Logistikoak Lezoko terminal intermodal eta logistikoa jasotzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko proposamenean.

II

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (aurrerantzean, EAEAO) eskumen esklusiboak ditu honako arlo hauetan: interes komunitarioko herri-lanetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik igarotzen diren trenbideetan eta lurreko garraioetan, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta planifikatzean, bai eta lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenetan ere, halaxe adierazten baitu abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 1eko 74/2017 Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoari eta gainerako xedapenei buruzkoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (aurrerantzean, LAG) dokumentua lurralde-antolamendurako tresna bat da, otsailaren 1eko 28/1997 Dekretuaren bidez behin betiko onartutakoa (gaur egun, berrikuspen-dokumentua behin-behinean onartuta dago, 2018ko azaroaren 21eko Aginduaren bidez), eta erreferentziazko esparrua da lurralde-antolamenduko eta hiri-antolamenduko gainerako tresnak formulatzeko, hartara jarduera ekonomiko eta sozialak lurraldean kokatzeko prozesuak orientatu eta arautzeko irizpide eta arau multzoa formulatu ahal izango baita, interes orokorreko lurralde-oreka bermatzeko; erreferentzia-esparru bat eraikitzeko espazioen eta lurraldearen antolamenduari eta erabilerari dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jardun behar duten administrazio publikoen politika sektorialak formulatzeko eta betearazteko; bai eta foru-aldundien eta udalen hirigintza-jarduerarako ere, horien guztien arteko koordinazio eta bateragarritasun egokia bermatzeko, eta Estatuarekin edo beste autonomia-erkidego batzuekin batera jardutea eskatzen duten lurralde-ekintzak aurreikusteko.

LAGek harreman-sistema bat ezarri zuten barne- eta kanpo-konexioko azpiegiturekin, eta horiek lurralde-plan partzialen eta sektorialen bidez garatu dira, baita beste proiektu espezifiko batzuen bidez ere, azpiegiturak eta komunikazio-zerbitzuak hobetuz. Gaur egun, mugikortasun eta logistika iraunkorrari buruzkoa da, eta, horretarako, Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gidaplana 2030 bultzatu da, 2011-2050 Garraio Jasangarriaren Europako Batzordearen bidetik. Logistika jasangarriak barne hartzen ditu, alde batetik, garraiobide-mota bakoitzaren, portuen edo aireportuen arteko sinergiak, plataforma intermodal gisa; eta bestetik, trenbidea sustatzea salgaiak garraiatzeko bitarteko gisa, eta terminal intermodalak eta logistikoak egokitzea salgaiak eraginkortasunez banatzeko.

Donostialdeko eta Bidasoa Behereko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala (LPP) behin betiko onartu zen uztailaren 27ko 1211201 6 Dekretuaren bidez. Lurralde Plan Partzialaren Mugikortasun Ereduan, besteak beste, eremu funtzionalaren barruan logistikarako eta intermodalitaterako baliabide espazial berriak aurreikusteko beharra ezarri zen, komunikazio-sektorearen funtzionamendua optimizatuko dela bermatzeko; izan ere, egiaztatu da eremu funtzionalaren posizio pribilegiatuak aukera estrategikoak dakartzala irisgarritasun- eta garraio-sareen testuinguruan. Horregatik, Mugikortasun Eredu honek, behar bezala garatua izan dadin, Lezo-Gaintxurizketan terminal intermodal eta logistiko bat sortzeko beharra ikusten du, Europar Batasuneko garraioaren ardatz nagusietako batean txerta dadin.

Ildo beretik, Lezoko (Gipuzkoa) terminal logistikoa lehentasunezko interesekotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-plangintzan.

Terminal intermodal eta logistiko hori, garapen eta xehetasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, tokiko hirigintza-plangintzan sartuta dago eta/edo egongo da, eta kokapen egokia bermatuko du garraio-sare orokorrei dagokienez eta kontuan hartu beharreko gainerako ingurumen- eta hirigintza-baldintzei dagokienez.

III

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 11ko 1315/2013 Erregelamenduak (VE), Europan barnako garraio-sarea garatzeko Europar Batasunaren orientabideei buruzkoak, Lezoko (Gipuzkoa) terminala sartu du RTE-T delakoaren parte diren trenbide-terminal intermodalen (Rail Road Terminal – RRT) artean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1316/2013 (EB) Erregelamenduak, abenduaren 11koak, «Europa Konektatu» mekanismoa (CEF) sortzen duenak, Europan barnako sareei Europar Batasunaren finantza-laguntza ematea du helburu, garraio-azpiegituren sektorean interes komuneko proiektuak bultzatzeko.

IV

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Lezoko (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoaren eskaerari buruzko azterlana egin dute.

Aurreikusitako jarduerak batera garatzeko protokolo hau izenpetzeko beharra eta aukera adostu dute alderdiek, bakoitzak bere eskumenak erabiliz, eta:

ERABAKI DUTE:

Lehenengoa.– Xedea.

Lankidetza-protokolo honen xedea da Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arteko lankidetza antolatzea, Lezo - Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoa garatzeko informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak egiteko, estatuko eta autonomia-erkidegoko plangintzan eta Europar Batasuneko 1315/2013 (EB) Erregelamenduan jasota dagoen moduan.

Dokumentu honen borondateen adierazpen-izaera kontuan hartuta, protokoloak aurreko paragrafoan deskribatutako lankidetza garatzeko esparru orokorra ezartzen du, eta bere helburua ez da ezein alderdiri finantza-baliabideen ekarpenak behartzen edo bere gain hartzen uztea. Ondorioz, alderdien artean ez da erreklamazio edo kalte-ordainik ekar dezakeen inolako betebehar juridikorik sortzen.

Bigarrena.– Alderdien asmoak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazten du Lezoko terminal intermodal eta logistikoaren informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak egin eta izapidetu nahi dituela, bai eta horretarako behar diren proiektu eta azterlanak egin ere, bere araudiarekin bat etorriz eta araudi horren sustatzailea den aldetik.

Horretarako, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioarekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazi du asmoa duela Lezoko terminala Interes Orokorreko Trenbide Sarearekin (IOTS) lotzeko beharrezkoak diren elkarreragingarritasun- eta gaitasun-parametro guztiak betetzen direla bermatzeko.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak babestuko du, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak «Europa Konektatu» Mekanismoaren deialdian aurkez dezakeen finantza-laguntzaren eskaera.

Informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak koordinatzea hurrengo atalean sortu eta arautzen den Jarraipen Batzordearen ardura izango da.

Hirugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Beharrezko ahalmenak bere gain hartzeko eta parte hartzen duen alde bakoitzak adierazitako borondate-adierazpenei babesa emateko, eta protokolo honetan jasotako jarduketak puntualki garatzeko, Jarraipen Batzorde bat sortu da, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioko hiru ordezkariz eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko hiru ordezkariz osatua.

Jarraipen Batzordearen burua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkarietako bat izango da, eta, erakunde bakoitzari dagozkion eskumenak alde batera utzi gabe, eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:

a) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatutako informazio-azterlanaren baldintzak adostea.

b) Protokolo honetan jasotako jarduketen jarraipena egitea.

c) Informazio-azterlana egiteko behar diren epeak berrikustea, hala badagokio.

d) Informazio-azterlanaren edukiari buruzko informazioa ematea.

e) Informazio-azterlana egiteko beharrezkoa den koordinazioa sustatzea eta Protokoloaren helburuak lortzeko beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren ekintza guztiak garatzea, besteak beste, eraikuntza-proiektuak idaztea.

f) Protokoloaren interpretazioan sortzen diren arazoak ebaztea.

g) Informazio-azterlanaren eta eraikuntza-proiektuen emaitzen arabera, terminalari eta/edo plataformari buruzko jarduketak garatzen jarraitzeko behar diren akordioak sinatzeko proposamena egitea.

Protokoloa sinatu eta lehen hilabetea amaitu baino lehen eratuko da Batzordea.

Batzordeko kideak, edo eskuordetza dutenak, bi alderdietako batek eskatzen duenean bilduko dira, eta, nolanahi ere, gutxienez hiru hilean behin bilduko dira. Erabakiak aho batez hartuko dira, eta aurreikusi gabeko gainerako gaietan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen xedapenen arabera jokatuko da.

Alderdien adostasunez, Batzorde horretara joan ahal izango dira terminalak eta/edo plataformak dauden udalerrietako udalen ordezkariak, behatzaile gisa, hitzarekin baina botorik gabe, eta, hala badagokio, horiekin lotutako portu-agintaritzen ordezkariak (beren eskumen- eta lan-esparruari buruzko gaietan), bai eta beste teknikari batzuk ere, eginkizunak betetzeko egokitzat jotzen badira.

Jarraipen Batzordeak horretarako izendatutako Batzorde Tekniko bati eskuordetu ahal izango dio Protokolo honetan aurreikusitako azterlanak egiteari buruzko alderdi teknikoenak aztertzeko eta koordinatzeko lana, eta hark izango du horiei buruzko azken erabakia hartzeko eskumena.

Laugarrena.– Indarraldia.

Protokolo hau hogeita lau (24) hilabetez egongo da indarrean, sinatzen den egunetik aurrera, eta beste horrenbeste luzatu ahal izango da, Jarraipen Batzordeak hala proposatzen badu. Nolanahi ere, indarraldia amaituko da informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak behin betiko onartzen direnean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dagozkion izapideak egin ondoren.

Eta lehenago adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, Protokolo hau sinatzen dute, bi aletan eta ondorio bakarrarekin, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa,

JOSÉ LUIS ÁBALOS MECO.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala