Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2020ko ekainaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2427

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 11koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei, 2020-2021 ikasturterako.

Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak, euskararen erabilpena arauzkotzekoak, ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.

Legeak aurreikusitakoak garatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dena eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion hainbat ekimen xedatzen dituena, Hizkuntza prestakuntzaren arloan.

Hori guztia kontuan izanik,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileentzako 2020-2021 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza eskakizunen araberako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 11.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak nortzuk diren.

1.– Deialdi honetan Hizkuntza prestakuntza jaso ahal izango dute Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek.

Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, ordea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek, Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzaren langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek guztiek eurentzat antolatutako berezko deialdietan parte hartu ahal izango dute, euren erakundeen tamaina eta gainerako ezaugarrien arabera eratutakoetan.

Lanorduetan Hizkuntza prestakuntza ikastaroetarako baimenak emateko orduan, sailek eta erakundeek aplikatuko dituzte Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak.

2.– Edonola ere, IVAPek Hizkuntza prestakuntza bere aurrekontu bitartekoen barruan emango du.

Hirugarrena.– 2020-2021 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

2020-2021 ikasturterako IVAPek bi deialdi eta udako ikastaroetarako jarraibideak argitaratuko ditu.

Honako hau 2020-2021 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia argitaratuko du IVAPek, eta 2020-2021 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.

Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:

– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.

– Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute azaroko deialdian otsaileko ikastaroetarako, hau da, ikastaro trinkotik bi ordukora aldatzea, edo alderantziz. Ezin izango da, ordea, aipatutako moduluetatik autoikaskuntzako modulurako aldaketarik egin.

– Udako ikastaro bat eskatu ahal izateko, aldez aurretik IVAPeko deialdien bidez ikastaroren bat egina izan behar du interesdunak eta, beraz, ikasprozesua hasia.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

Deialdi honetan lanorduetan matrikula orriaren bidez egiteko ikastaroak III. eranskinean adierazitakoak dira.

IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

4.1.– Mailaketa probak.

Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du. Horretarako, IVAPek zerbitzu zuzendaritza bakoitzari jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak; mailaketa probak uztailaren 22tik 24ra egingo dira.

Mailaketa probara aurkeztu ez den langileak administrazioko taldeetan aritzeko lehentasuna galduko du.

4.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.

Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari zerbitzu zuzendariak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.

Administrazioko taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.

Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek.

Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan (III. eranskina).

Taldeak osatuta eta euskaltegiak izendatuta daudenean, sail edo erakunde bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

4.3.– Matrikula orriaren bidez eskolatzea.

Administrazio talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula orriaren bitartez, homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da langilea, betiere baimendutako moduluan.

Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula orria euskaltegian entregatzea.

Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere sailak / erakundeak matrikula orria IVAPera itzuli behar du.

4.4.– Matrikula orria ordaintzea.

Langilearen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

1) Matrikula orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2020ko urriaren 23a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

2) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko eta autoikaskuntzako ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.

3) Matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du.

4) Matrikula orria bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

IVAPek matrikula orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak eta abar).

Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen saileko/erakundeko zerbitzu zuzendaritzari.

4.5.– Autoikaskuntzako ikastaroak lanorduetan.

Sail edo erakunde bakoitzak autoikaskuntzarako duen eskaera kopuruak ez du gaindituko lanorduetan Hizkuntza prestakuntza hartzeko baimendutako eskaeren % 20.

Autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko.

Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

5.1.– Ikastaroen ezaugarriak.

Matrikulazioa matrikula orriaren bidez egingo da. Matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2020ko urriaren 23a baino beranduago entregatuko diren matrikula orriak.

IVAPek matrikula orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei.

Matrikula orria bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

IVAPek matrikula orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.

5.1.1– Aurrez aurreko ikastaroak.

Aurrez aurreko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Gutxieneko iraupena: egunean 2/3 orduko ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.

b) Ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du, derrigorrez.

5.1.2– Autoikaskuntzako ikastaroak.

Euskaltegiek zein autoikaskuntza zentroek berariaz lineako ikastaroak emateko dituzten programen bidezko ikastaroak. Nahiz eta tarteka tutoretza edo mintza saioak izan, lan gehiena bakoitzak bere kasa antolatzen du, programa horiek bakarka eta zehaztutako ordutegirik gabe erabilita.

Autoikaskuntzako ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo homologatutako autoikaskuntzako zentro batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxieneko ordu kopurua: ikastaroek, gutxienez, 190 orduko iraupena izan behar dute; autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko.

b) Ikastaroak urrian hasi behar dira.

c) Matrikula non egin: langilea homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean matrikulatu behar da.

d) Autoikaskuntzako ikastaroek HABEk araututako ikastaro moduluak izan behar dute.

e) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.

5.2.– IVAPen baldintzak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere sailak / erakundeak matrikula orria IVAPera itzuli behar du.

Langileak egin duen matrikularen kostua IVAPek ordainduko du, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaintzea.

Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, ikasleari eskatuko zaio gutxieneko aprobetxamendu irizpidea betetzea (asistentzia % 80koa izan beharko da, gutxienez). Aprobetxamendu irizpidea betetzen ez duen ikasleari IVAPek ez dio lanorduz kanpoko ikastarorik onartuko 2021-2022 ikasturtean.

Seigarrena.– Eskabideak noiz eta nola egin.

Deialdi honetan langile bakoitzeko gehienez ere eskabide bat onartuko du IVAPek.

6.1.– Eskabideak nola egin.

Administrazio orokorreko langileek nork bere eskabidea egingo du Jakina atariko www.ivap.jakina helbidetik, XL-Nets segurtasun sisteman identifikatu eta gero, Euskarazko Ikastaroak izeneko aplikazioa baliatuta.

Langileren batek intraneteko atari horretara sartzerik ez badauka, bere Saileko/Erakundeko solaskideari adieraziko dio zer ikastaro egin nahi duen, eta solaskideak grabatuko du bere eskaera IVAPeko aplikazioan.

6.2.– Lanorduetako eskabideak.

Epea: 2020ko ekainaren 19tik uztailaren 10era, biak barne.

Administrazio Orokorreko sail edo erakunde bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan eta, era berean, sailak / erakundeak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.

6.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak.

Epea: 2020ko ekainaren 19tik uztailaren 10era bitartean egin ahal izango dira lanorduz kanpoko eskaerak.

Langileek nork bere ordenagailua erabilita egingo dute eskabidea.

Langileren batek intraneteko atari horretara sartzerik ez badauka, bere Saileko/Erakundeko solaskideari adieraziko dio zer ikastaro egin nahi duen, eta solaskideak grabatuko du bere eskaera IVAPeko aplikazioan.

6.4.– Aldi baterako langileak.

Aldi baterako langileek Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta Instituzionalarekin gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, eskaera orriarekin batera, izendapena edo lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.

Lanorduetako eskaeren kasuan, lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea sailen / erakundeen ardura izango da; sailek / erakundeek onartzen dituzten eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

Zazpigarrena.– Asistentzia eta aprobetxamendua.

7.1.– Eskolan hastea.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko urriaren 23a baino geroago hasterik eskolan.

Urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek baja emango die eskolan hasi ez diren langileen eskaerei.

7.2.– Eskolan berandu hastea.

IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu zuzendariek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere zerbitzu zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.

c) Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu kreditua eguneratzean, eta kontuan hartuko dira aprobetxamenduari dagokionez.

7.3.– Egunez eguneko asistentzia.

Ikasleek eta sailek / erakundeek asistentziaren jarraipen zehatza egin ahal izan dezaten, IVAPek, bere aplikazio informatikoaren bidez, ikasleen egunez eguneko asistentziaren berri emango du eta ikasleak eskolara joan ez diren egunak zehaztuko ditu.

7.3.1.– Lanorduetako ikastaroen asistentziari buruzko arauak.

Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak zerbitzu zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe.

Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea zerbitzu zuzendaritzaren ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.

Era berean, sailen / erakundeen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek oporrak ikastarotik kanpo hartzea, ikastaroen aprobetxamendua eten ez dadin.

7.4.– Autoikaskuntzako asistentziak.

Autoikaskuntza ikastaroetan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ikasle horiei ezin zaie ordu kredituaren saldoa eguneratu hiruhilekoa amaitu arte.

7.5.– IVAPen aprobetxamendu irizpidea euskara ikastaroetan.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatutako ikasleek aprobetxamendu irizpidea bete beharko dute.

IVAPek honako irizpide hau ezartzen du euskara ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea. Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten ikasleek ez dute ikastaroen aprobetxamendua gaindituko.

Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduten funtzionarioek aprobetxamendu irizpide hori bete beharko dute, era berean, lan baldintzak arautzen dituen akordioaren 11. artikuluan aipatzen den baimena lortzeko. Sail / erakunde bakoitzak eskura izango du bere langileen asistentziari eta ebaluazioei buruzko informazioa IVAPen aplikazio informatikoan, dagokion balorazioa egin dezan.

Langileak mailak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazio probak egiteko konpromisoa hartzen du.

Aprobetxamendu irizpidea betetzen ez duten ikasleei ez zaie hurrengo ikasturtean lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko. Ondorioz, 2021-2022 ikasturtean IVAPek ez die lanorduz kanpoko eskaera onartuko 2020-2021 ikasturtean aprobetxamendu irizpidea gainditu ez duten eskatzaileei.

Zortzigarrena.– Eskolara joateari uztea.

Autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko.

Bestelako moduluetan, eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

Eskola-uztearen data erregistratzen deneko eguna izango da, eta egun horretatik aurrera etengo da ordu-kredituaren kontaketa.

Beraz, ordu kredituaren eta aprobetxamenduaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.

Horretarako, bi bide ditu ikasleak:

– IVAPen aplikazioaren bidez, telematikoki: eskola-uztea grabatzen den unean bertan erregistraturik geratzen da.

– «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidaltzea.

Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

www.ivap.euskadi.eus (euskara>euskara ikastaroak>informazio orokorra>zer egin behar dut ikastaroan baja eskatzeko?>eskola uztea jakinarazteko inprimakia).

Administrazio orokorreko langileek nork bere eskola-uztea grabatuko du Jakina atariko www.ivap.jakina helbidetik, XL-Nets segurtasun sisteman identifikatu eta gero, Euskarazko Ikastaroak izeneko aplikazioa baliatuta.

Langileren batek intraneteko atari horretara sartzerik ez badauka, bere Saileko/Erakundeko solaskideari adieraziko dio eskola utzi nahi duela, eta solaskideak grabatuko du eskola-uztea IVAPeko aplikazioan.

Bederatzigarrena.– Ordu kreditua.

Lanorduetako ikastaroei dagokienez, ordu kredituak ezartzen dituen Aginduari jarraituko zaio (Agindua, 2004ko apirilaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu kredituak ezartzen dituena; EHAA: 2004-05-07; 85. zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.

Ikasle berriaren ordu kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.

Ordu kredituaren kontrolari begira, 2020-2021 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:

1) Urrian eskolatzeko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

2) Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).

3) Udako ikastaroak egiteko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

Beraz, IVAPek honela aplikatuko du ordu kredituaren kontrola:

a) Urrian lanorduetan hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute lanorduetan bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu kreditua negatiboa izan.

b) Ikasturtea otsailean hasten duten ikasleei goiko paragrafoan azaldutako printzipioak aplikatuko zaizkie.

c) Udan lanorduetan hasten diren ikasle berriei, udako eskaera IVAPen jaso orduko aplikatuko zaie ordu kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan lanorduetan hasi; udako ikastaroa lanorduetan egin ahal izateko aldeko saldoa izan beharko dute, bestela IVAPek bazter utziko du eskaera.

Hamargarrena.– 4. Hizkuntza eskakizuna prestatzeko ikastaroen berezitasunak.

10.1.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.

10.2.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.

Eskatzaileak 3. HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.

Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan, langileek unibertsitate-mailako titulua izan behar dute.

Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4. HEko ikastaroetan.

Lanpostuan 4. HE ezarrita duten langileek izango dute ikastaroan parte hartzeko lehentasun osoa.

10.3.– Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko taldeetan.

Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.

Ikastaro hauek 2020ko urriaren 2an hasiko dira, eta 2021eko maiatzaren 28an amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.

Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko ikasle nahikorik ez dagoenean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.

10.4.– Aurrez aurreko ikastaroa, edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula orriarekin.

Zenbait euskaltegik autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk araututako ikastaro modulua izan behar duela.

Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere zerbitzu zuzendaritzaren bitartez.

Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.

Hamaikagarrena.– Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu kreditua kudeatzea ere.

Tratamendu horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko Ordezkariaren aurrean, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio planaren betetze mailari buruzko ebaluazio txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari– (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK

1.1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

1.2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: urriak 1 – otsailak 12.

Otsailetik aurrera modulu honetan aritu ahal izateko, maiatzeko deialdian izena eman dutenek ere, azaroko deialdian izena eman beharko dute.

Abenduaren 23tik urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.

1.3.– Bi orduko ikastaroak.

IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.

IVAPeko taldeen egutegia: 2020ko urriaren 1tik – 2021eko maiatzaren 28ra.

Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Era berean, ez dira eskola egunak izango 2021eko martxoaren 29tik apirilaren 9ra artekoak, biak barne.

Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala