120. zk., 2020ko ekainaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (316 KB - 12 orri.)
- EPUB (237 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2426
EBAZPENA, 2020ko ekainaren 11koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten herri erakundeetako langileei, 2020-2021 ikasturterako.
Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak, euskararen erabilpena arauzkotzekoak, ezartzen du herri agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.
Legeak aurreikusitakoak garatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dena.
Ondoren, 2005eko azaroaren 30eko Aginduak, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarenak, arautu zuen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko herri erakundeei eskainiko dien hizkuntza prestakuntzako zerbitzua.
Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionalekoak ez diren Erakunde Publikoen artean IVAPek eskeintzen dituen Hizkuntza prestakuntza ikastaroetara joateko aukera dutenak zeintzuk diren ezartzen du, beti ere Hizkuntza normalizaziorako plana onartuta badute eta aldi berean IVAPekin lankidetza hitzarmena izenpetuta baldin badute.
Hori guztia kontuan izanik,
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri erakundeetako langileentzako 2020-2021 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza eskakizunen araberako ikastaro deialdia onartzea, I., II.eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 11.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Erakundeetako langileen Hizkuntza gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak nortzuk diren.
1.– Deialdi honetan Hizkuntza prestakuntza jaso ahal izango dute hurrengo herri-erakundeetako enplegatu publikoek, baldin eta hurrengo atalean agertzen diren baldintzak betetzen badituzte:
a) EAEko Toki eta Foru administrazioak eta haien Erakunde Autonomiadunak.
b) Eusko Legebiltzarra eta Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak.
c) HKEE- TVCP (Herri Kontuen Euskal Epaitegia), Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia.
d) UPV/EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) administrazio eta zerbitzuetako langileak.
e) Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseilua.
2.– Agindu honetan araututako hizkuntza prestakuntza zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko atalean aipatutako Erakunde Publikoek Aginduan adierazitako hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:
2.1.– Bakoitzak bere Hizkuntza Normalkuntza Plana izan beharko du onetsia, apirilaren 15eko 1997/86 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, non Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskararen erabileraren normalkuntza prozesua arautzen den.
2.2.– Aurretik IVAPekin batera Lankidetza Hitzarmena izenpetuta izatea, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. eranskineko ereduarekin bat etorriz, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko sailburuarena dena. Agindu honen bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-erakundeei eskainiko dien Hizkuntza prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara ikastaroaetara doazen udal langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.
3.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Hirugarrena.– 2020-2021 ikasturterako ikastaro deialdiak.
2020-2021 ikasturterako, IVAPek bi deialdi eta udako jarraibideak argitaratuko ditu.
Honako hau 2020-2021 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia argitaratuko du IVAPek, eta 2020-2021 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.
Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.
– Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik bi ordukora aldatzea, edo alderantziz, baina ezin izango dute autoikaskuntza modulu aldaketa eskatu.
– Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez, azaroko deialdian ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, bi orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.
– Udako ikastaro bat eskatu ahal izateko, aldez aurretik IVAPeko deialdien bidez ikastaroren bat egina izan behar du interesdunak eta, beraz, ikasprozesua hasita.
Laugarrena.– Lanorduetako eskolen antolaketa.
Deialdi honetan lanorduetan matrikula orriaren bidez egiteko ikastaroak III. eranskinean adierazitakoak dira.
IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
4.1.– Mailaketa probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du uztailaren 22tik 24ra. Horretarako, IVAPek bere erakundearen bitartez jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak.
Mailaketa probara aurkeztu ez den langileak administrazioko taldeetan eskolaratzeko lehentasuna galduko du.
4.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileek osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere erakundeak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Administrazioko taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek.
Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren, talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan (III. eranskina).
Taldeak osatuta eta euskaltegiak izendatuta daudenean, erakunde bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
4.3.– Matrikula orriaren bidez eskolaratzea.
Administrazioko talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen erakundera, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikula orriaren bitartez, langilea homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.
Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula orria euskaltegian entregatzea.
Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere erakundeak matrikula orria IVAPera itzuli behar du.
4.4.– Matrikula-orria ordaintzea.
Langilearen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1) Matrikula orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2020ko urriaren 23a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
2) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko eta autoikaskuntza ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.
3) Matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du.
4) Matrikula orria bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).
Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari.
Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.
Matrikulazioa matrikula orriaren bidez egingo da. Matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2020ko urriaren 23a baino beranduago entregatuko diren matrikula orriak.
IVAPek matrikula orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei.
Matrikula orria bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
IVAPek matrikula orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.
5.1.– Aurrez aurreko ikastaroak lanorduz kanpo.
Lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek izan beharko dituzte:
a) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.
b) Ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du, derrigorrez.
5.2.– Autoikaskuntzako ikastaroak.
2020-2021 ikasturtean autoikaskuntzako ikastaroak egin ahal izango dira lanorduz kanpo. Ikastaro horiek urrian hasi behar dira eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira.
Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Autoikaskuntza ikastaroak: Euskaltegiek zein autoikaskuntza zentroek berariaz lineako ikastaroak emateko dituzten programen bidez ikastea. Nahiz eta tarteka tutoretza edo mintza saioak izan, oro har, lan gehiena bakoitzak bere kasa antolatzen du, programa horiek bakarka eta zehaztutako ordutegirik gabe erabilita.
b) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute eta ez da eskola-uzterik onartuko.
c) Ikastaroak urrian hasiko dira.
d) Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.
e) Autoikaskuntzako ikastaroak HABEk araututako ikastaro moduluak izan behar dira.
f) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.
5.3.– Matrikula egitea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, matrikula orria IVAPera itzuli behar du.
Matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2020ko urriaren 23a baino beranduago entregatu diren matrikula orriak.
5.4.– Matrikula orria ordaintzea eta matrikula orriaren kostua lanorduz kanpoko ikastaroetan.
4.4. atalean adierazitakoa aplikagarri da hemen ere.
Seigarrena.– Eskabideak noiz eta nola egin.
Deialdi honetan langile bakoitzeko eskabide bakarra bideratuko du IVAPek.
6.1.– Eskabideak egiteko epea.
Eskaerak IVAPeko aplikazioaren bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: ekainaren 19tik uztailaren 17ra artekoa.
6.2.– Eskaerak telematikoki egingo dira.
Hitzarmena duten erakundeen kasuan, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez. Solaskidegunerako sarbidea erakunde bakoitzeko solaskide batek izango du.
IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.
6.3.– Aldi baterako langileen eskabideak.
Aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arteko lan hitzarmena dutela.
Lan hitzarmenen iraupena egiaztatzea erakundearen ardura izango da; erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.
Zazpigarrena.– Asistentzia.
7.1.– Eskoletara joatea.
Lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako. Beraz, eskolatze eta puntualitate huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde bakoitzaren ardura denez, erakunde bakoitzari dagokio langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea baimendu zaien epealdi osoan zehar.
Era berean, erakunde bakoitzaren ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea beraien oporrak, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.
7.2.– Eskoletan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiengatik, IVAPek ez du onartuko urriaren 23a baino beranduago eskoletan hastea.
Urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek baja emango die eskoletan hasi ez diren langileen eskaerei.
7.3.– Eskolan berandu hastea.
IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko goian aipatutako arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaroaren hasieran, herri erakundeek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere herri erakundeak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.
c) Galdutako eskola orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu kreditua eguneratzean.
7.4.– Ikastaroen asistentziak.
Lankidetza-Hitzarmena duten erakundeek hilez hil jasoko dute asistentziaren gaineko informazioa.
Autoikaskuntza ikastaroetan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Zortzigarrena.– Eskoletara joateari uztea.
Autoikaskuntzako ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko. Behin ikastaroa hasita, ikastaroaren ordu kopuru osoa kenduko zaio bere ordu kredituari.
Bestelako moduluetan eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio ikasleak IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.
Horretarako, «Jakinarazpena: Euskara eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.
Eskola-uztearen data, inprimakia erregistratzen den eguna izango da eta egun horretan etengo da ordu kredituaren kontaketa. Beraz, ordu kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
Euskara > euskara ikastaroak > informazio orokorra > zer egin behar dut ikastaroan baja eskatzeko? > eskola uztea jakinarazteko inprimakia.
Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen erakundeari eskola uztearen berri ematea.
Bederatzigarrena.– Ordu kreditua.
2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki, deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu kredituen sistema izango dute ezarria.
Agindu horren 6. artikuluaren arabera, euskara ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturtearen hasieran.
Ikasle berriaren ordu kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasleak udan bakarrik ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.
Ordu-kredituaren kontrolaren ondorioetarako, 2020-2021 ikasturtearen hasiera urria izango da. Eta honako hiru deialdi hauek bilduko dira ikasturtean:
1) Urrian eskolatzeko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).
2) Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).
3) Udako ikastaroen eskaintza (maiatzean argitaratzen dena).
Gauzak horrela, IVAPek ordu kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:
a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
b) Ikasturtea otsailean hasten duten ikasleei goiko paragrafoan azaldutako printzipioak apliktuko zaizkie.
c) Udan hasten diren ikasleei eskaera egin orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.
Hamargarrena.– 4. hizkuntza-eskakizuna (4. HE) prestatzeko ikastaroen berezitasunak.
10.1.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.
10.2.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.
Eskatzaileak 3. HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.
Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan langileek gutxienez unibertsitate diplomatuak izan behar dute.
Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4. HEko ikastaroetan.
Euskarazko hizkuntza prestakuntza lanorduetan jasotzeko baimenak ematerakoan, erakunde bakoitzak bere irizpideak erabiliko ditu.
10.3.– Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko taldeetan.
Administrazioko taldeek aurrez aurreko ikastaroa egingo dute. Eskolak astean hiru egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 08:00etatik 10:00etara.
Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.
Ikastaro hauek 2020ko urriaren 1ean hasiko dira, eta 2021eko maiatzaren 28an amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.
Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko nahiko ikaslerik ez dagoenean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.
10.4.– Aurrez aurreko ikastaroa edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula orriarekin.
Euskaltegi batzuek autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk araututako ikastaro modulua izan behar duela.
Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere erakundearen bitartez.
Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.
Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.
Tratamendu horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko Ordezkariaren aurrean, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio-planaren betetze mailari buruzko ebaluazio-txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri - Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari - (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.
Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:
II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK
1.1.– Barnetegiko ikastaroak.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.
1.2.– Bost orduko ikastaroak.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.
Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: urriak 1– otsailak 12.
Otsailetik aurrera modulu honetan aritu ahal izateko, maiatzeko deialdian izena eman dutenek ere, azaroko deialdian izena eman beharko dute.
Abenduaren 23tik urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.
1.3.– Bi orduko ikastaroak.
IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.
Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.
IVAPeko taldeen egutegia: 2020ko urriaren 1etik – 2021eko maiatzaren 28ra.
Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Era berean, ez dira eskola egunak izango 2021eko martxoaren 29tik apirilaren 9ra artekoak, biak barne.
Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.