116. zk., 2020ko ekainaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (395 KB - 18 orri.)
- EPUB (206 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2326
EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 4koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2020an euskal kultura kanpoan zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia argitaratzeko dena.
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo arte plastiko eta ikusizkoen, musikaren, dantzaren eta antzerkiaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.
2020ko martxoaren 25ean, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza deialdi hau onartu zuen, haren irizpideekin batera eta Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu da 2018-2020 urteetarako eta Sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/).
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da, euskal kultura 2020. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzen duen deialdia argitaratzea.
2. artikulua.– Deialdiko modalitateak:
II. kapitulua: Arte plastikoak eta ikusizkoak.
III. kapitulua: Musika.
IV. kapitulua: Dantza.
V. kapitulua: Antzerkia.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hirurehun eta hirurogeita hamazazpi mila (377.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:
a) Arte plastiko eta ikusizkoetarako, hirurogeita hamar mila (70.000) euro.
b) Musika bira eta kontzertu berezietarako, ehun eta hogeita hamar mila (130.000) euro honela banatuta:
– Ehun eta hamabost mila (115.000) musika biretarako.
– Hamabost mila (15.000) kontzertu berezietarako.
c) Dantzarako, berrogeita bost mila (45.000) euro.
d) Antzerki bira eta denboraldietarako, ehun eta hogeita hamabi mila (132.000) euro.
2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako dirulaguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Horretarako, EEIren zuzendariak ebazpena emango du. Kasu honetan, eskaera kopuruaren eta dagoen diru-kantitatearen arteko desoreka handiena duen modalitateak lehentasuna izango du.
4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.
1.– Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 13. artikuluan finkatutako baldintzak eta II. kapituluko modalitate bakoitzean ezarritako balorazio irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.
2.– Dirulaguntza esleitzeko orduan, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen gastuen atala hartuko da kontuan soilik.
3.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:
1) Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, ikuskizuna egingo den tokiko muntaia-gastuak, eszenografia edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere bai. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.
2) COVID-19aren ondorioz bertan behera geratutako emanaldi edo ekitaldien kasuan, ondorengo gastuak onartuko dira:
– Emanaldi horiek eragindako eta berreskuratu ezinezko ostatu eta hegaldi gastuak.
– Jada egindako promozio eta kudeaketa gastu egiaztagarriak.
Aurkeztutako aurrekontuaren % 20 onartuko da gehienez ere promozio eta kudeaketa kontzeptuetan. Arte plastiko eta ikusizkoen modalitatean, gehienez ere 500 euro izango dira.
4.– Laguntzen zenbatekoak:
a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: espainiar Estatuan, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogei (40) euro dietarako. Estatutik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogei (60) euro dietarako.
b) Ondorengo dietak onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.
Arte plastiko eta ikusizkoen erakusketen kasuan, soilik joan-etorrietako, eta muntaia eta inauguraziorako dietak onartuko dira. Astebeteko dietak onartuko dira gehienez ere.
Eskaerako aurrekontuan, dieta kontzeptuan eskatzen den kopurua ez da gastu lagungarrien % 50 baino gehiagokoa izango, ez eta 2.000 euro baino handiagoa ere.
c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Kilometro kopurua kalkulatzeko, dirulaguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.
d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta parkinga.
e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.
5.– Hori guztia, 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna:
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
6. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira. Pertsona fisikoek errolda agiria aurkeztu beharko dute hori ziurtatzeko eta pertsona juridikoek dagozkien agiriak.
Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Euskal Hirigune Elkargoa.
b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean, arte plastiko eta ikusizkoen modalitatean salbu.
2.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.
3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da pertsona edo erakunde onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura bat amaitzean ebazpen bat eman bada.
5.– Ezingo dute ebazpen honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.
6.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11, 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
7.– Baldintza horiek guztiek, onuradun izateko ezezik, jasotako dirulaguntza kitatu arte bete beharko dira.
7. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren baitan, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Halaber, eskatzaileak honakoak adieraziko ditu eskabidean: dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza-ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
8. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.
1.– Bira edo proiektuko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
2.– Modalitate guztietan, eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak.
4.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 6. atalean adierazitako helbidean.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
Aurrez aurreko eskaerak aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.
5.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 6. atalean adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek bide presentziala ere aukeratu ahal izango dute.
6.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-eko honako helbide honetan daude ikusgai:
Arte plastiko eta ikusizkoak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032513
Musika: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032512
Dantza: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032514
Antzerkia: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032515
Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8.– Identifikazio elektronikorako, onartuta eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, azoka, antzoki, erresidentzia edo birako emanaldiak hartuko dituzten areto guztien kontratua, gonbidapen ofiziala edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, antolatzaileak sinatuta. Agiri honek, gutxienez, honakoak zehaztuko ditu: ekitaldiaren data, lekua, baldintza ekonomikoak eta antolatzailearen kontakturako informazioa.
11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.
12. artikulua.– Balorazio-batzordeak.
1.– Modalitate bakoitzerako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:
a) Lehendakaria: EEIko Euskal Kultur zuzendaria, ala haren ordezkoa.
b) Bokalak: EEIko zuzendariak izendaturiko 3-5 kide, modalitate bakoitzean adituak diren pertsonen eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu; zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.
13. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak modalitate bakoitzaren kapituluan zehazten dira.
3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
4.– Ez da 500 eurotik beherako dirulaguntzarik emango, arte plastikoan izan ezik. Jasotako puntuazioari dagokiona muga horretatik beherakoa bada, proiektu horrek ez du laguntzarik jasoko.
14. artikulua.– Ebazpenak.
1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.
2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera, gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira modalitateetako ebazpenak. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunetik aurrera, hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2020. urtean burutzea.
2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri edo «nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
4.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea. Dirulaguntza esleitzeko ebazpena eman aurretik gauzatutako proiektuak betebehar horretatik kanpo geratuko dira.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Halaber, aplikagarria izango da, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
17. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek 2020ko abenduaren 31ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu ahal izango da epea.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean:
Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, Donostia (20012). Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.
4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 9.6 artikuluan adierazitako helbidean.
5.– Justifikaziorako jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Justifikaziorako eredu-orriak jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta, halakorik balego, jasotako beste dirulaguntzak.
c) Gastuen justifikaziorako, aurrekontu onartuan Etxeparek diruz laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
EEIk, ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.
d) Gastu guztien zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua.
Etxepare Institutuak edozein momentutan eskatu ahalko ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko fakturak. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetetan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.
e) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion formularioan jasotzen den taula bete eta sinatzea. Hala ere, dieten taularen bidez zuritutako laguntza ezingo da jasotako laguntzaren % 50 baino gehiagokoa izan, ez eta 2.000 euro baino gehiagokoa ere.
f) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak kilometraje-taula bete eta sinatzea. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan-etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesari eta parking gastuen tiketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.
g) Diruz lagundutako jarduera dela-eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.
h) Helburu berbererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, onuradunak izenpetua.
i) Kontratu edo ziurtagiriak, antolatzaileek sinatuak, egindako emanaldien baldintzak jasotzen dituztenak.
j) COVID-19aren ondorioz bertan behera geratutako emanaldien kasuan, antolatzaileak sinatutako kantzelazio ziurtagiriaz gain, egindako promozio edota kudeaketa gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
k) Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta horren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
18. artikulua.– Likidazio ebazpena.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen horretan dirulaguntza itzultzeko aginduko balitz, jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.
2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa izango da gidari.
3.– Salbuespen gisa, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:
a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betiko exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.
b) Esleitutako dirulaguntzak behin betiko exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.
c) Gainfinantzaketarik ez gertatzea.
19. artikulua.– Ordainketa.
Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:
– % 75, dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera, hilabeteko epean.
– % 25, jarduera amaitu, justifikazioa egin eta beranduenez ere 2021eko otsailaren 28an.
Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, indarrean dagoen araudiaren baitan, dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.
Hala badagokio, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori deialdi honetako 15. artikuluak dirulaguntza onartzeko ezartzen duen 15 eguneko epean aurkeztu behar da.
20. artikulua.– Ez betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
5.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
II. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK
21. artikulua.– Xedea.
2020. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...).
Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere, erakusketa iraunkorrak kasu. Hortaz, ezohikotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.
Dirulaguntzaren oinarrizko baldintza hau betetzat emateko, kontuan hartuko dira COVID-19aren ondorioz bertan behera geratutako gertakizunak, dagozkien kontratu edo agirien bidez egiaztatzen badira.
22. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura hirurogeita hamar mila (70.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila eta bostehun (12.500) euro baino handiagoa.
a) Ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.
b) Joan-etorri bati dagozkion gastuez gain, egoiliar proiektu bakoitzeko eman daitekeen gehienezko zenbatekoa lau mila eta berrehun (4.200) eurokoa izango da eta hilabeteko gehienez ere 700 eurokoa.
23. artikulua.– Egoiliar proiektuak.
Egoiliar proiektutzat honakoa hartuko da: gutxienez bi asteko iraupena izango duen prestakuntza artistikoa hobetzeko egonaldia. Egoiliar zentroak helburu horretarako prestatutako tokia izan beharko du, eta egonaldiaren helburuak, baldintzak, zerbitzuak, ikasgaiak, arduradunak eta gainerako zehaztasunak egoiliar zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu batean jasoko dira.
Eskatzaileak dagokion agiri edo ziurtagiri hori aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskabidearekin batera.
24. artikulua.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:
– Aurkeztutako proiektua. Puntuazioaren % 20, gehienez ere.
– Eskatzailearen ibilbide profesionala: sorturiko kultur ekoizpenen berritasuna, azken urteetan atzerrian egindako ekitaldi kopurua. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Zein espaziotan/gertakizunetan garatuko diren jarduerak: zein hiri eta herrialdetan burutuko diren, edukiera, nazioarteko programazioa eta izaera profesionala. Puntuazioaren % 15, gehienez ere.
– Euskararen presentzia proiektuan. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren autofinantzaketa maila. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Eskatzailearen presentzia digitala. Web orri, sare sozial eta gainerako komunikazio euskarri digitaletan euskarazko eta ingelesezko bertsioa izatea. Puntuazioaren % 5, gehienez ere.
– Emakumearen parte-hartzea proiektuan edo proiektuak gai edo eduki aldetik berdintasunaren alde egiten duen ekarpena. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren ezaugarriak: jasotako sariak, kritika espezializatuak eta autore edo taldearen proiekzioa. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuak Etxepareren helburuekin duen lerratze maila eta euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
III. KAPITULUA
MUSIKA
25. artikulua.– Diru-baliabideak.
Honakoak izango dira dirulaguntza hauetarako aintzat hartuko diren jarduerak: musika birak eta kontzertu bereziak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hogeita hamar mila (130.000) eurokoa izango da. Ehun eta hamabost mila (115.000) musika biretarako, eta hamabost mila (15.000) kontzertu berezietarako.
2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete. Halere, musika talde bakoitzeko bira bakarra eta kontzertu berezi bakarra hartu ahal izango da kontuan, eta jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango ondoko kopuruak baino handiagoa:
– Hamabi mila bostehun (12.500) euro taldeko.
3.– Musika birako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:
– Espainiar Estatuko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
4.– Kontzertu berezi baterako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:
– 1.200 km arteko tokietarako: bi mila (2.000) euro.
– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietarako: lau mila (4.000) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: sei mila (6.000) euro.
5.– Ez da 1.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntza eskaerarik onartuko.
6.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitzara zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/
26. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Musika birak.
Deialdi honen ondorioetarako honakoa hartuko da musika biratzat: euskararen eremu geografikotik kanpo, 2020. urtean, gutxienez 5 kontzertu jotzea 3 hiritan.
Gutxieneko emanaldi kopurua betetzeari begira, eta, beraz, dirulaguntzaren oinarrizko baldintza hau betetzat emateko, kontuan hartuko dira COVID-19aren ondorioz bertan behera geratutako emanaldiak, dagozkien kontratu edo agirien bidez egiaztatzen badira.
Musika biretako emanaldiak zenbatzean ez dira kontuan hartuko kontzertu berezietako emanaldiak.
2.– Kontzertu bereziak.
Honakoa joko da kontzertu berezitzat: euskal musika nazioartean zabaltzearren aparteko interesa izan dezakeen azoka, jaialdi edo gertakizun batean kontzertua ematea 2020an.
Kontzertu berezi moduan onartzeko baldintzak:
– Diruz lagunduko den musika taldeak prestigioduna izan behar du eta gutxienez 5 urteko ibilbide profesionala izango du. Talde berriak ere izan ahalko dira, baldin eta aurrez aipaturiko baldintzak betetzen dituzten musikariz osaturik badaude.
– Kontzertua emango den musika azoka, jaialdi edo gertakizunak prestigioduna eta nazioartean oihartzun zabalekoa izan behar du.
– Dirulaguntzaren eskatzaileak kontratatzailearen gonbidapen-gutun sinatua (musika taldearen kontratazio-baldintzak zehazten dituena) edo kontratua aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.
– Kontratatzaileak diruz lagunduko den kontzertuaren kostuaren % 20 hartuko du gutxienez bere gain.
3.– Ondokoetarako ez da dirulaguntzarik emango, musika bira nahiz kontzertu berezia izan:
a) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.
b) Kalean kontraturik gabe egiten diren emanaldietarako.
c) Katxetik edo takillarik trukean jaso gabe egiten diren emanaldietarako.
27. artikulua.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:
– Eskatzailearen ibilbide profesionala: kide kopurua (2 p.), taldearen antzinatasuna (3 p.), sorturiko kultur ekoizpenen berritasuna (5 p.), azken urteetan atzerrian egindako ekitaldi kopurua (5 p.). Puntuazioaren % 15, gehienez ere.
– Zein espaziotan/gertakizunetan garatuko diren jarduerak: birako ikuskizun kopurua (10 p.); Emanaldiak zein hiri eta herrialdetan egingo diren (10 p.); Antzoki, areto edo espazioaren ezaugarriak, hala nola, edukiera, nazioarteko programazioa eta izaera profesionala (10 p.); Puntuazioaren % 30, gehienez ere.
– Euskararen presentzia proiektuan. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren autofinantzaketa maila. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Eskatzailearen presentzia digitala. Web orri, sare sozial eta gainerako komunikazio euskarri digitaletan euskarazko eta ingelesezko bertsioa izatea. Puntuazioaren % 5, gehienez ere.
– Emakumearen parte-hartzea proiektuan edo proiektuak gai edo eduki aldetik berdintasunaren alde egiten duen ekarpena. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren ezaugarriak eta Etxepareren helburuekin duen lerratze maila: jasotako sariak, kritika espezializatuak eta autore edo taldearen proiekzioa (10 p.); proiektuak euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (10 p.). Puntuazioaren % 20, gehienez ere.
IV. KAPITULUA
DANTZA
28. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura berrogeita bost mila (45.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaile bakoitzak nazioarteko birako eskabide bakarra aurkez dezake.
3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da dantza bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:
– Espainiar Estatuko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
4.– Ez da 1.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntza eskaerarik onartuko.
5.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/
29. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Aintzat hartuko den formatua honakoa izango da: dantza-bira.
Dantza-biratzat hartuko da 2020. urtean gutxienez 3 emanaldi egitea beste horrenbeste hiritan euskararen eremu geografikotik kanpo.
Gutxieneko emanaldi kopurua betetzeari begira, eta, beraz, dirulaguntzaren oinarrizko baldintza hau betetzat emateko, kontuan hartuko dira COVID-19aren ondorioz bertan behera geratutako emanaldiak, dagokion kontratu edo agirien bidez egiaztatzen badira.
Salbuespen modura, nazioarteko dantza-azoka profesional batean parte hartzea biratzat onartuko da.
2.– Ez da dirulaguntzarik emango ondokoetarako:
a) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.
b) Kalean kontraturik gabe egiten diren emanaldietarako.
c) Katxetik edo takillarik trukean jaso gabe egiten diren emanaldietarako.
30. artikulua.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:
– Eskatzailearen ibilbide profesionala: kide kopurua (2 p.), taldearen antzinatasuna (3 p.), sorturiko kultur ekoizpenen berritasuna (5 p.), azken urteetan atzerrian egindako ekitaldi kopurua (5 p.). Puntuazioaren % 15, gehienez ere.
– Zein espaziotan/gertakizunetan garatuko diren jarduerak: birako ikuskizun (10 p.); Emanaldiak zein hiri eta herrialdetan egingo diren (10 p.); Antzoki, areto edo espazioaren ezaugarriak, hala nola, edukiera, nazioarteko programazioa eta izaera profesionala (10 p.); Puntuazioaren % 30, gehienez ere.
– Euskararen presentzia proiektuan (10 p.). Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren autofinantzaketa maila (10 p.). Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Eskatzailearen presentzia digitala (5 p.). Web orri, sare sozial eta gainerako komunikazio euskarri digitaletan euskarazko eta ingelesezko bertsioa izatea (5 p.).
– Emakumearen parte-hartzea proiektuan edo proiektuak gai edo eduki aldetik berdintasunaren alde egiten duen ekarpena. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren ezaugarriak eta Etxepareren helburuekin duen lerratze maila: jasotako sariak, kritika espezializatuak eta autore edo taldearen proiekzioa (10 p.); proiektuak euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (10 p.). Puntuazioaren % 20, gehienez ere.
V. KAPITULUA
ANTZERKIA
31. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hogeita hamabi mila (132.000) eurokoa izango da.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.
Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina eskatzaile bakoitzak jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.
3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerki-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:
– 5.000 km-ra arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/
4.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko zortzi mila (8.000) eurokoa izango da.
5.– Ez da 1.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntza eskaerarik onartuko.
6.– Euskal konpainia eta kanpokoen arteko koprodukzioetan, gehienezko dirulaguntza-kopuru hauek murriztuko dira, euskal konpainiak koprodukzio horretan duen ehunekoa aplikatuta. Salbuespenez, hiru baldintza hauetatik bi betetzen direnean, ez da murrizketa aplikatuko:
a) Zuzendaria euskal herritarra izatea.
b) Aktoreen herena baino gehiago euskal herritarrak izatea.
c) Jatorrizko testua ala moldaketa egile euskaldun batena izatea.
32. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko jarduerak.
1.– Antzerki-bira: Gutxienez emanaldi bat egitea 2020. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo. Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:
a) Nazioarteko jaialdi edo azoka batean parte hartzea. Gutxienez 3 herrialdetako taldeen presentzia izan behar dute programazioan, eta jaialdi profesionalak izan behar dira. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa, ingelesez. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute.
b) Estatutik kanpo arte eszenikoen alorrean programazio egonkorra duten antzokietan aritzea: Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu, edo, bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna; prestigiozko sariak jasotako taldeak programatzea; antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea; erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak; publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak edo antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak.
Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko.
Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.
2.– Antzerki-denboraldia: Euskararen eremu geografikotik kanpo, antzoki berean gutxienez 7 emanaldi egitea jarraian. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.
Antzokiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.
3.– Gutxieneko emanaldi kopurua betetzeari begira, eta, beraz, dirulaguntzaren oinarrizko baldintza hau betetzat emateko, kontuan hartuko dira COVID-19aren ondorioz bertan behera geratutako emanaldiak, dagokion kontratu edo agirien bidez egiaztatzen badira.
4.– Ez da dirulaguntzarik emango ondokoetarako:
a) Katxetik edo takillarik trukean jaso gabe egiten diren emanaldietarako.
b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.
c) Kalean kontraturik gabe egiten diren emanaldietarako.
d) Eskola emanaldietarako.
33. artikulua.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:
– Eskatzailearen ibilbide profesionala: kide kopurua (2 p.), taldearen antzinatasuna (3 p.), sorturiko kultur ekoizpenen berritasuna (5 p.), azken hiru urteetan atzerrian egindako ekitaldi kopurua (5 p.). Puntuazioaren % 15, gehienez ere.
– Zein espaziotan/gertakizunetan garatuko diren jarduerak: birako ikuskizun kopurua (10 p.); Emanaldiak zein hiri eta herrialdetan egingo diren (10 p.); Antzoki, areto edo espazioaren ezaugarriak, hala nola, edukiera, nazioarteko programazioa eta izaera profesionala (10 p.); Puntuazioaren % 30, gehienez ere.
– Euskararen presentzia proiektuan (10 p.). Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren autofinantzaketa maila (10 p.). Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Eskatzailearen presentzia digitala (5 p.). Web orri, sare sozial eta gainerako komunikazio euskarri digitaletan euskarazko eta ingelesezko bertsioa izatea (5 p.).
– Emakumearen parte-hartzea proiektuan edo proiektuak gai edo eduki aldetik berdintasunaren alde egiten duen ekarpena. Puntuazioaren % 10, gehienez ere.
– Proiektuaren ezaugarriak eta Etxepareren helburuekin duen lerratze maila: jasotako sariak, kritika espezializatuak eta autore edo taldearen proiekzioa (10 p.); proiektuak euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (10 p.). Puntuazioaren % 20, gehienez ere.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza-deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013.12.24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalen babeserako informazio klausula.
Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.
Helburua: Arte plastiko eta ikusizkoa, musika, dantza eta antzerkia 2020. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko dirulaguntzak ematea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezko tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egitekoa ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
Arte plastikoak eta ikusizkoak: www.euskadi.eus/dbao/1032513
Musika: www.euskadi.eus/dbao/1032512
Dantza: www.euskadi.eus/dbao/1032514
Antzerkia: www.euskadi.eus/dbao/1032515
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen akordio honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2020ko maiatzaren 4a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.