116. zk., 2020ko ekainaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (246 KB - 3 orri.)
- EPUB (194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2325
EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 29koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez aitorzen baita Landeta Aburto (Bizkaia) izeneko Liburutegia Kultura Intereseko Ondasun gisa deklaratzeko espedientearen iraungipena.
Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2020ko maiatzaren 25eko proposamena aztertu da, eta honako aurrekari hauek kontuan hartu dira:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 1986ko uztailaren 3ko idazkiaren bitartez, orduan Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Diputatua zenak eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Turismo Sailari Landeta Aburto izeneko Liburutegia Kultura Intereseko Ondasun gisa deklaratzeko espedientea hastea eta izapidetzea. Eskaera horri erantsi zitzaion aipatutako funts bibliografiko eta dokumentalari buruzko txosten deskribatzailea.
Foru Aldundiak aipaturiko funts bibliografiko eta dokumentala eskuratu zuen 1986ko urriaren 10ean egindako erosketaren bitartez.
Bigarrena.– Foru entitatearen eskaera aztertuta, eta dagokion Zerbitzu Teknikoaren aldeko txostena izanik, Kultura sailburuordearen 1986ko urriaren 14ko Ebazpenaren bitartez (1987ko otsailaren 19ko EHAA, 33. zk.), Landeta Aburto izeneko Liburutegia Kultura Intereseko Ondasun gisa deklaratzeko espedientea hastea ebazten da. Kultura Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, Kultura Ministerioaren Arte Ederretako eta Artxiboen Zuzendaritza Nagusiaren pean dagoena, jakinarazi zitzaion esandako espedientea hasteko ebazpena.
Hirugarrena.– Aipaturiko espedientearen hastea inskribatuta geratu zen arestian esandako Kultura Ministerioaren Erregistroan, dagokion prebentzio-oharpenaren bidez, eta honako erregistro-idazpen zenbaki hau esleitu zitzaion: A-R-M-15-00000014.
Laugarrena.– Espedienteari hasiera emanda, ebazteke dago, gaur egun aipaturiko espedientearen iraungipena era formalean aitortu gabe.
Bosgarrena.– Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, esandako aurrekariak azterturik, 2020ko maiatzaren 25ean espedientearen iraungipena aitortzea proposatzen du, espedientea bera ebazteko epea gaindituta izateagatik.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean, hau dio: «Lege hau indarrean sartu aurretik kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedienteen izapideak eta haien ondorioak lege honek ezarritakoaren mende geldituko dira».
Bigarrena.– Espedienteen iraungipenari dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko6/2019 Legeak, honako hau dio:
«14. artikulua.– Deklarazio-espedienteak iraungitzea.
1.– Deklarazio-erabakia hamabi hileko epean, gehienez, ebatzi eta jakinarazi beharko da, espedientearen hasiera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
2.– Gehienezko epe hori igaro eta esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, deklarazio-prozedura iraungi egingo da. Prozedura hasi zuen organo bera izango da iraungitzeko ebazpena emango duena eta eskatu zuenari jakinaraziko diona, eta, horrekin batera, jarduketak artxibatzeko aginduko du.
15. artikulua.– Espedientea hasteak eta haren iraungitzea ebazteak dakartzan ondorioak.
1.– Ondasun bat babesteko espedientea hasteaz bat, ondasun hori babesteko araubide berariazkoa aplikatuko da behin-behinean, bai eta lege honetan aurreikusitako babes-araubide erkidea eta berezia ere. Ondasun higiezinen kasuan, eten egingo dira babestutako guneetan partzelatzeko, eraikitzeko eta eraisteko lizentziak eta dagoeneko emanda daudenen ondorioak, babes-araubidean ezarritakoaren arabera.
2.– Espedientea iraungi izanaren ebazpenak eraginik gabe utziko du legeko babes-araubidearen behin-behineko aplikazioa, eta, horren ondorioz, aurreko zenbakian udal-lizentzietarako aipatzen den etendura bukatu egingo da».
Hirugarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan, hau dio:
«Administrazioa behartua dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua.
Preskripzioa, eskubideari uko egitea, prozedura iraungitzea edo eskaeran atzera egitea gertatzen denean, eta orobat prozeduraren xedea gerora desagertzen denean, kasuan-kasuan gertatutakoa adieraztea izango da ebazpena, jazotako egitateak eta aplikatzekoak diren arauak zehaztuta. Lehenengo paragrafoan aipatutako betebeharretik salbuetsita daude prozedura itun edo hitzarmen bidez amaitzen diren kasuak eta, orobat, erantzukizunpeko adierazpena edo Administrazioari komunikatzea beste betebeharrik ez dakarten eskubideak baliatzeari dagozkion prozedurak».
Beraz, Kultura Ondarearen Zuzendariaren 2020ko maiatzaren 25eko iraungipen-proposamena ikusita eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 14.2 artikuluak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 10. artikuluak organo sustatzaileari aitortutako eskumenen jardueran,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Kulturako sailburuordearen 1986ko urriaren 14ko Ebazpenaren bitartez (1987ko otsailaren 19ko EHAA, 33. zk.), Landeta Aburto izeneko Liburutegia Kultura Intereseko Ondasun gisa deklaratzeko espedientearen iraungipena aitortzea, espedientea burutzeko legedian aurreikusitako epea gaindituta izateagatik, burututako jarduerak artxibatzea aginduz.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribatzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura, eta Kirola Sailari eta Kultura eta Kiroleko Ministerioaren Ondare Historikoaren Babesarako Zuzendariordetzari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Interesdunek, ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak ezartzen dutenaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 29a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.