Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2020ko ekainaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2174

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, ikastetxe pribatu itunduetarako laguntzen deialdia egiten duena, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko sinatutako akordioen esparruan, hurrengo urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik.

2020ko urtarrilaren 7an eta otsailaren 7an, EAEko Administrazioak eta gizarte-ekimeneko ikastetxe itunduetako eta ikastoletako patronalek eta sindikatuek bi akordio sinatu zituzten enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, hurrengo urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik.

Erabaki horien berri eman zitzaion Gobernu Kontseiluari 2019ko abenduaren 17an, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hauek dira akordioek oinarri dituzten bi ardatz nagusiak:

– Irakasleen enplegua mantentzea: ikasgela kopurua murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleen birkokapena bermatzea.

– Irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenen sarbidea erraztuta: erretiro partziala eta errelebo-kontratua, Administrazioak lagunduta.

Akordioen helburua da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta ikastetxe itunduetako patronalen eta sindikatuen arteko lankidetzaren baldintzak ezartzea, ikasgelen kopurua murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleen enplegua mantentzeko eta plantillak gaztetzen laguntzeko; proposamen horiek patronalei eta gizarte-ekimeneko ikastetxe itunduetako eta ikastoletako sindikatuei helarazi zaizkie.

Akordio horiek sinatzeko, kontuan hartu da legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren ardatzetako bat «oreka soziala bermatzeko bikaintasun-heziketa» dela, eta Hezkuntza gizarte baten aurrerabide-faktore nagusitzat hartzen duela; izan ere, gizarte horretan, ondo prestatutako giza kapitalaren metaketa elementu estrategikoetako bat da, funtsezko faktorea garapen ekonomikoa eta ongizatea sortzeko, hazkunde-eredua indartzeko eta ekoizpen-sarearen lehiakortasuna areagotzeko, hain zuzen; horregatik, Jaurlaritzak ardatz honen barruan hartzen duen konpromisoetako bat da «irakasleen eginkizuna sustatzea, Hezkuntzaren hobekuntzaren eta aldaketaren eragile nagusiak diren aldetik», non egonkortasuna funtsezko elementua baita jomuga horiek lortzeko. Lorpen horiek erdiesteko, hezkuntza-sektorean inplikaturiko kolektiboen ahaleginak batu behar dira.

Gobernu Programaren beste ardatz nagusietako bat da «hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobea dakarrena». Horretarako, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzeko helburu zuzena duten politika publiko ekonomiko eta sozialak sustatzen dira.

Horrenbestez, Hezkuntza Sailak Akordioetan bere gain hartzen dituen konpromisoak gauzatzeko, hau da, ikasgelen kopurua murriztearen eta erretiro partzialari lotutako errelebo-kontratua bultzatzearen ondorioz lanpostua galtzen duten langileak birkokatzeari eta plantillak gaztetzeari dagokienez, beharrezkoa da aipatu Akordioetan ezarritako konpromisoak betetzen dituzten ikastetxeei laguntzak emateko sistema bat antolatzea.

Kontuak izanik: aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuentzako laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntzetarako deialdia egitea, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, datozen urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen bidez, gehienez ere, 8.470.000 euro lagunduko dira diruz; zehazkiago, 6.397.727 euro bideratuko dira 2020ko ekitaldian emango diren laguntzak finantzatzeko, eta 2.072.273 euro 2021eko ekitaldian emango laguntzak finantzatzeko.

2.– Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskabideen zenbatekoa kontuan harturik, betiere eskabide horiek ebatzi baino lehenago. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Onuradunak.

Gizarte-ekimeneko ikastetxe pribatu itunduek eta ikastolek –hurrengo urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko akordioak sinatu dituztenek– jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuan ezarritako itun-araubidearen berezko betekizunak bete beharko dituzte ikastetxeek.

b) Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Organo kudeatzaileak behar adina aldiz egiaztatuko du ikastetxe eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien baimenik eskuratu beharko.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. Artikuluan bildutako dirulaguntzen onuradun izateko aurreikusitako gainerako egoeretan.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Behean adierazitakoak dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak:

a) Enplegua mantentzea, 2020-2021 ikasturtean itundutako ikasgelak murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleak birkokatuz, betiere birkokatzeari ekiten bazaio, eta kaleratzeagatiko kalte-ordainak, birkokatzerik ez dagoenean eta akordio honetan hala aurreikusita dagoenean.

b) Irakasleen plantilla gaztetzea, errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Aurreko apartatuko a) letran jasotako jardueran, birkokatzearen xede den langileari aitortutako antzinatasunaren kostua ordainduko zaio, birkokatzea gertatzen den egunetik hasita 2021eko abuztuaren 31ra arte.

Halaber, kaleratzeagatiko legezko kalte-ordainari dagokion zenbatekoa ordainduko da, baldin eta ikasgelen kopurua murriztearen ondorioz lanpostua galdu duen langilea ezin izan bada birkokatu eta akordio honetan hala aurreikusita badago, eta ez beste ezein kasutan.

b) Aurreko apartatuko b) letran jasotako jardueran, errelebo-kontratuetan eta lanaldi partzialeko kontratuetan Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren kotizazioen gainkostua ordainduko da, harik eta erretiro partzialeko egoeran dagoen pertsonak erretiro osoa hartzen duen arte, betiere EAEko Administrazioko lan-kontratuko langileentzat araututako erretiroen gainkostua gainditu gabe, Funtzio Publikoko sailburuordearen otsailaren 28ko 1/2019 Jarraibidearen bidez, erretiratuek errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialeko egoeretan zerbitzua emateari dagokionez.

c) Deialdi honetan sartu ahal izateko, diruz lagundu daitezkeen jardueren eraginpeko langileak EAEko ikastetxeetako itunpeko irakaskuntzako Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako kontratu mugagabea duten irakasleak izan behar dira.

d) Deialdi honen esparruan, antzinatasun- eta kaleratze-gastuak bateraezinak dira subjektu berean.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– 4.2.a) artikuluan enplegua mantentzeko aurreikusitako laguntzen zenbatekoa birkokatu beharreko irakasleei aitortutako antzinatasunaren zenbatekoa izango da.

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileentzat ezarritako soldata-igoeren arabera aldatuko dira.

Birkokatzerik ez badago, eta hala egiaztatzen bada, kargua uzteagatiko legezko kalte-ordainaren zenbatekoa ordainduko da, betiere hala eskatuz gero, akordio honetan aurreikusitakoaren arabera. Kalte-ordaina ordaintzea bateraezina izango da antzinatasuna ordaintzearekin.

2.– 4.2.b) artikuluan aurreikusitako laguntzaren zenbatekoa izango da erretiro partzialeko egoeretarako errelebo-kontratuen eta lanaldi partzialeko aldi baterako kontratuen Gizarte Segurantzarako kuota patronalaren gainkostuaren zenbatekoa, eta gainkostu hori ez da izango EAEko Administrazioko lan-kontratuko langileentzako araututako erretiroei dagokiena baino handiagoa.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Ikastetxe pribatu itunduek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak, eta izapide guztiak kontsultatu eta egiteko ere bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez (https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/empleo_irakasleak/y22-izapide/es URLan). Halaber, izapidetzearen zehaztapenak eta eskabide-ereduak ere URL horretan egongo dira eskuragarri.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko ebazpenean.

Eskabidearen osteko izapideak webgune honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

7. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– 2020ko irailean, birkokapenaren eraginpeko langileak aitortuta duen antzinatasunaren kostua finantzatzeko laguntzak eskatuko dituzte ikastetxeek, I. eranskineko eskabide-ereduaren bidez.

Birkokatzea ikasturtea hasi ondoren gertatzen bada, eskabidea hilabeteko epean aurkeztuko da, birkokatze hori gertatzen denetik aurrera.

Kaleratzeagatiko kalte-ordainen kasuan, laguntzak hilabeteko epean eskatuko dira, ikastetxeak lanpostua galtzen duen langileari ordaintzen dionetik aurrera, I. eranskineko eskabide-ereduaren bidez.

2.– Errelebo-kontratuetan eta lanaldi partzialeko kontratuetan Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren kotizazioen gainkostua ordaintzeko kasuetan, ikastetxeek agindu honen II. eranskineko eskabide-ereduaren bidez eskatuko dituzte laguntzak, data hauetan:

– Agindu hau argitaratzen denetik aurrera hilabeteko epean, 2020ko abuztuaren 31ra arte gertatutako erretiro partzialetarako.

Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako administrazio-epeen etendura indargabetu eta hurrengo egunetik hilabete igarota amaituko da.

– Irailean eskatuko dira 2020ko abenduaren 31ra arteko erretiro partzialetarako laguntzak.

– Urtarrilean eskatuko dira laguntzak, 2021eko abuztuaren 31ra arte gertatutako erretiro partzialen kasuan.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erantzukizunpeko adierazpen bat, entitatearen legezko ordezkariarena, agindu honen 3. artikuluko a, c, d eta e apartatuetan jasotako betekizunei buruz entitateak duen informazioa egiazkoa dela biltzen duena, III. eranskineko ereduaren bidez.

2.– 4.2.a) artikuluan aipatu antzinatasuna ordaintzera bideratutako laguntzak eskatzeko, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, non egiaztatzen baita ikasgelen kopuruan izandako murrizketa –birkokatu behar den irakasleak bere enplegua galtzea eragin duena– «Akordioetan» ezarritako irizpideen arabera zehaztu dela; hura osatzen duten hiru alderdiek sinatu behar dute ziurtagiria.

b) Birkokatze-batzordearen ziurtagiria, irakaslearen birkokatzea Akordioetan ezarritako irizpideen arabera egin dela egiaztatzen duena; hura osatzen duten alderdi guztiek sinatu behar dute ziurtagiria.

c) Birkokapenaren eraginpeko irakaslearen lan-kontratu mugagabearen kopia.

d) Lanpostua galdu duen irakaslearen NANaren kopia.

e) Aitortutako antzinatasunaren egiaztagiria.

f) Jatorrizko ikastetxean ordaindutako azken hiru nominak.

3.– 4.2.a) artikuluan aipatu kaleratzeagatiko kalte-ordainak ordaintzeko eskabideen kasuan:

a) Birkokatze-batzordearen agiria, non egiaztatuko baita eraginpeko irakaslea ezin izan dela birkokatu, ezarritako irizpideen arabera; batzordekide guztiek sinatu behar dute dokumentu hori.

b) Langileak kaleratzeagatiko legezko kalte-ordaina jasotzeko egindako eskabidearen kopia.

c) Ikastetxeak egindako kalte-ordainaren ordainagiria ziurtagiria.

4.– Plantilla gaztetzeko laguntzetarako (4.2.b) artikulua), ikastetxeko batzordearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horren bidez egiaztatu beharko da ikastetxeko lanpostu hutsen zerrenda bidali zaiola birkokatze-batzordeari.

5.– Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Administrazioak aurreko paragrafoetan adierazitakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango du.

9. artikulua.– Prozedura bideratzea eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio-organoa, eta prozedura ebazteko beharrezkoa dela iritzitako dokumentu oro eskatu ahal izango du.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak antzemanez gero eskabidean okerren bat edo zehatza ez den daturen bat dagoela, eskabidea ez dagoela osorik beteta, edo ez zaiola behar den dokumentazioa erantsi, ikastetxe eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko. Epe hori gainditu ondoren zuzenketa egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epea eta errekurtsoak.

1.– Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza da agindu honetan araututako laguntzen eskabideak kudeatu eta izapidetzeko eskumena duen organoa.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen esleipena edo ukapena Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariaren ebazpenaren eta bereiziaren bidez egingo da.

3.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, eskabidea hura izapidetzeko eskumena duen organoan erregistroan sartzen den egunetik aurrera aurrera. Epe hori igaro, baina enpresa edo erakunde interesdunari jakinarazpenik egin ez bazaio, dirulaguntza onartutzat joko da.

4.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariaren Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen-egunaren hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinaraziko direla alde batera utzi gabe, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez argitaratuko da EHAAn deialdi honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren ikastetxeen zerrenda; horiek jasotako zenbatekoak eta kontzeptuak ere adieraziko dira bertan.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Enplegua mantentzeko antzinatasunaren ordainketa (4.2.a) artikuluan aurreikusten da) 2 epetan gauzatuko da. Lehenengo ordainketa onartutako guztizkoaren % 70 izango da, eta emate-ebazpenaren ondoren ordainduko da.

Gainerako % 30a 2021eko irailean ordainduko da, birkokapenaren eraginpeko langileei ordaindutako nominak aurkeztu ondoren.

Birkokatu ondoren Ordainketa Eskuordetuan alta ematen zaien pertsonen antzinatasuna hilero ordainduko da ordainketa-sistema horren bidez.

Kaleratzeagatiko legezko kalte-ordaina emakida-ebazpena eman ondoren ordainduko da.

2.– Gizarte Segurantzaren gainkostuak (4.2.b) artikulua) sei hilean behin ordainduko dira, ekainean eta abenduan, dirulaguntza emateko ebazpena eman eta honako hauek aurkeztu ondoren:

a) Erretiro partziala hartzen duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta lanaldi partzialeko kontratuaren kopia.

b) Errelebatutako langilearen eta erreleboa hartzen duenaren NANen kopiak.

c) Errelebatutako langileari eta erreleboa hartzen duenari ordaindutako nominen kopiak.

d) Gizarte Segurantzarako kotizazioaren dokumentuen kopiak.

12. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek behean adierazitako betebeharrak dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko hedapen egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoari jarraikiz):

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Gainera, dirulaguntzaren onuradun den zentro horrek nahitaez bete beharko ditu administrazio emaileak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztapen-jarduerak, hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen sailaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak benetakoak direla egiaztatzeko.

4.– Ikastetxeak behartuta daude birkokatu beharreko langileen kontratu mugagabeak mantentzera, eta «Akordioetan» ezarritako 12 hileko epearen ondorioetarako, kontratua deuseztatu ahal izateko, ikastetxeko batzordeak eta birkokatze-batzordeak egoera hori baliozkotu beharko dute. Kasu horretan, langile horri beste birkokatze bat ezarri beharko zaio.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, erabat edo partzialki, betiere xedapen hauen arabera: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 eta 37.2 artikuluak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1) eta 2) artikuluetan ezarritako baldintzak; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua, eta bereziki, honako kasu hauetan:

a) Enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko sinatutako «Akordioetan» bildutako baldintzak ez betetzea, hurrengo urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela kontuan izanik.

b) Langilea kaleratzea, «Akordioetan» aipatzen den 12 hileko epea igarotakoan, baldin eta ikastetxeko batzordeak eta birkokatze-batzordeak ez badute kaleratzea baliozkotu, eta ez bazaio birkokatzeari ekin, bi batzorde horiek egiaztatutako ezintasuna izan ezean.

c) Jasotako laguntzak justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada.

d) Laguntzak emateko helburua ez bada betetzen.

e) Baldintzak bete gabe jaso badira laguntzak.

f) Agindu honen 12. artikuluan ezarritako obligazioren bat edo batzuk ez betetzea.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuradun den ikastetxeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Itzulketa-prozedura hasteko ebazpenaren bidez erabaki ahal izango da egiteke dauden ordainketak kautelaz etetea.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru kopuruak; horretarako, bi hileko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Bekak, laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

Bildutako datuak beharrezkoak dira Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari emandako botere publikoak baliatzeko eta legezko betebeharrak betetzeko, eta gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie. Titularrek datuak babestearekin lotutako eskubideak gauzatu ahalko dituzte honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu//

16. artikulua.– Aplikatu beharreko dirulaguntzen araubidea.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Halaber, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak).

17. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

Deialdi honen bidez jasotako zenbatekoa bateragarria izango da administrazio publikoen mendeko organoen edo hezkuntza-arloko eskumenik ez duten erakunde pribatuen bidez lor daitekeen beste laguntza ororekin, betiere horien guztien baturak ekarpen honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

XEDAPEN GEHIGARRI

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian (dirulaguntzak 2021eko urtarrilaren eskatzen dira, 2021eko abuztuaren 31ra arte gertaturiko erretiroetarako), kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hileko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala