Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2020ko ekainaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2173

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oion ETSaren Casablanca aireko linearen (AT13820) eta Guardia ETSaren El Villar aireko linearen (AT15619) artean Lantziego udal-mugartean (Araba), Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, 13/20 kv-ko loturako aireko linea eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2019ko irailaren 26an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako eskaera bete zen, Oion ETSaren Casablanca aireko linearen (AT13820) eta Guardia ETSaren El Villar aireko linearen (AT15619) artean Lantziego udal-mugartean (Araba), Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, 13/20 kv-ko loturako aireko linea eraikitzeko proiektuari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hasteko, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.b artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2019ko abenduaren 13an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera. Horren emaitza txostenean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak. Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira aipatu legearen I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Oion ETSaren Casablanca aireko linearen (AT13820) eta Guardia ETSaren El Villar aireko linearen (AT15619) artean Lantziego udal-mugartean (Araba), Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, 13/20 kv-ko loturako aireko linea eraikitzeko proiektuari. Prozedura horren ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa aplikatu behar zaion ala ez.

Dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Dokumentu honen helburua da aipatutako proiektuak ingurumenean inpaktu esanguratsuak izan ditzakeen baloratzea, eta hala balitz, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehaztea.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Oion ETSaren Casablanca aireko linearen (AT13820) eta Guardia ETSaren El Villar aireko linearen (AT15619) artean Lantziego udal-mugartean (Araba), Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, 13/20 kv-ko loturako aireko linea eraikitzeko proiektuari buruzkoa, baldintza hauekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Proiektuaren xedea da proiektuaren esparruan energia elektrikoaren hornidura hobetzea. Horretarako, 4.454 m-ko aireko linea bat eraikitzea proposatzen da, 13/20 kv-ko tentsioko lotura, Oion ETSaren Casablanca linearen 103. euskarriaren eta Guardia ETSaren El Villar linearen 560. euskarriaren artean, Lantziego udalerrian (Araba).

Egin asmo diren ekintzen aukerak aztertuta, ingurumen-inpaktu txikiena duena hautatu da.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektuan jasotako 13/20 kv-ko aireko linea zirkuitu bakarrekoa izango da, eta 4.454 m izango ditu. Arabako Lantziego udalerrian egongo da. Zehatzago esanda:

Trazatua. Lineak hasieran (iparraldean), hego-ekialdea norabidean, mahastiak zeharkatuko ditu, eta Binasperi erreka behin zeharkatuko du, El Castillejo parajeraino. Bigarren zatian, lineak hegoaldera egingo du bira, eta nekazaritza-urmael handi baten albotik joango da El Castillejo parajean. Hirugarren eta azken zatian, lineak hego-mendebaldera joko du, mahastiak eta erromero-soroak zeharkatuta, Valdelaloca, Gabanzo, Valdesola eta Juncal parajeetan, azken horretan amaitzeko. Azken puntu hori Ebro ibaiaren ertzetik 200 bat metro iparraldera dago.

Euskarriak. 24 euskarri berri ipiniko dira. Linearen euskarriak hormigoi armatuzkoak eta dardaratuzkoak izango dira, edo metalezko xaflakoak.

Eroaleak. Proiektuan barne hartutako eroalea aluminio-altzairu galvanizatuzkoa izango da, 116,7 mm2-ko sekziokoa.

Isolamendua. Hegaztiak babesteko neurriak betetzearren, lotura-isolamenduak konpositezko katez egituratuko dira, U70YB20 motakoak, metro bateko luzera eraginkorreko PECA babesa dutenak.

2.– Proiektuaren kokapena:

Instalazioaren eragin-eremua Araba hegoaldean dago, eta Lantziego udalerriari eragiten dio; udalerriak 24,2 km2-ko hedadura du, eta 667 biztanle ditu. Esan bezala, linea 13/20 kv-koa izango da, zirkuitu bakarrekoa, airekoa, eta 4.454 m-ko luzera izango du.

Nabarmendu behar da proposatzen den trazatuak Toloño-Pinar Dueñas-Coscojal Laserna lotura-igarobideen sarea eta igarobidearen geldotze-eremuak zeharkatuko ditu, 137 bat metroan.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik garrantzitsuenak exekuzio-fasearen ondorioz sortuko dira, batez ere makinen joan-etorriengatik, instalazio lagungarriengatik eta zuhaiztiak ebakitzeko eta inausteko lanengatik.

– Landaredia naturalak nozituko dituen eraginak: euskarriak ipintzeari dagozkionak, eta linearen zortasun-eremu berriaren eta zuhaitz altuen presentziaren arteko bateraezintasuna. Hala, sarbideak egokitzeko lanek 1.096 bat metro koadroko landaredia-azaleran izango dute eragina; horietatik, 844 m2 erromerodiak dira, eta 252 m2 sastraka mediterraneoko larre xerofiloak. Ustiapen-fasean, linearen zortasun-eremuetan mantentze-lanak egin beharko dira, Hori horrela, linearen eta instalazioaren zortasun-eremuaren gehienean laboreak eta zuhaixkak/zuhaitz txikiak daude, eta horietan ez dira beharrezkoak zortasun-eremuaren mantentze-lanak. Lineak Binasperi errekaren ertzeko landaredia eta txaparrez eta zurbeltz txikiz osatutako heskaia zeharkatzeari dagokionez, nahikoak litzateke zuhaitzak inaustea instalazioarekiko segurtasun-tartea egoteko, alerik moztu beharrik gabe.

– Bestalde, proiektua gauzatzeak tokiko faunari eragingo dio. Hala, obra-fasean, eragin horiek euskarriak ipini eta muntatzeko lanen eta linea elektrikoa instalatzeko behar diren langileen eta makinen joan-etorrien ondorio izango dira, baina funtzionamendu-fasean ondorio horiek are handiagoak izango dira, talka eta elektrokuzioengatik, eta batik bat hegaztiek pairatuko dituzte horiek.

– Uren kalitatea jaitsi daiteke obrak exekutatzean, makinen joan-etorriek eraginda; prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile proposatuekin uren kalitatea gutxitzea dakarten eraginak minimizatuko direla uste da.

Proiektuak prebentzio- eta zuzenketa-neurrien proposamen bat jasotzen du, hauen gaineko afekzioak minimizatu eta ekiditeko: lurzorua, hidrologia, ingurune atmosferikoa, landaredia, fauna, ingurune sozioekonomikoa (biztanleria, jabetzak eta azpiegiturak eta kultura-ondarea barnean direla) eta paisaia.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez (besteak beste, landareztatzea eta bisoi europarrarentzako –Mustela lutreola– lehorreko igarobidea sortzea) eta baimen sektorialetan adierazitakoez gain, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe zenbait Araba lurralde historikoko mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauan xedatzen dena, eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren arloan eskumena duen Arabako Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, natura-interes handiko guneetan, neurri hauek ezarriko dira:

– Esku hartu baino lehen, basoko hegaztien habiak eta plataformak dauden ebaluatuko da, eta, halakorik balego, horren berri eman beharko zaio basa-fauna kudeatzeko eskumena duen organoari.

– Oro har, garapen begetatiboaren maila handienean linearen segurtasunari eragin diezaioketen zuhaitz-espezieak baino ez dira moztuko. Gainerako zuhaitz-espezieak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira.

– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (bertako baso-masak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria bada, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak, eta bota, soilik, ezinbestekoa denean linearen segurtasunerako. Proiektuak eragin diezaiokeen zuhaizti autoktono guztiei aplikatuko zaie neurri hau, ez bakarrik martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauan aintzat hartutako espezieei.

– Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

– Zuhaitzak moztea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina asunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

– Moztu beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

– Era berean, lehengoratu egin behar dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lur-zoru okupazioak eta abar). Berriz ere landareak jartzerakoan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

– Jardun-guneetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-dokumentuan proposatutakoarekin bat etorriaz. Lehendik dauden sarbideak egokitzeko obrak hala behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu sentikorren gaineko eragina minimizatuz.

– Eremuak kalteberak izanez gero –hala nola Batasunaren intereseko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak–, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, basoetako floran eta faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Mehatxatutako flora-espezieen populazioen kokapenari eta mugapenari buruz aurkeztutako dokumentazioarekin bat, zehazten da horiek ez dutela kalterik izango; edonola ere, kontu handia izan beharko da: inguru horietan, lanen eraginpeko eremuak tokian bertan mugatuta egon beharko du, eta obra-ingurutik hurbil dauden balio naturaleko elementuak behar bezala babestu beharko dira, ustekabeko kalteak saihesteko.

– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan ere.

Eremu horien xehetasun-kokalekua obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta in situ balizatu beharko da kasu bakoitzean egokitzapen-lanei ekin baino lehen.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Lehengoratze-lanak egingo dira obra-fasean aldi baterako kalteak jasango dituzten landaredia naturaleko guneetan. Lehengoratzea inguruko landaredian oinarrituta egingo da, zurbeltzak, txaparrak, ezkaia, erromeroa, elorri-triska, etab., landatuta.

– Faunari eta konektagarritasun ekologikoari dagokienez, sustatzaileak proposatutako neurria, alegia, hegazti-babesak ipintzea lineak Toloño-Pinar Dueñas-Coscojal Laserna igarobide ekologikoa zeharkatzen duen puntuan (Binasperi erreka zeharkatzean, 6. eta 11. euskarrien artean), linea osora hedatzea proposatzen da.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunetan ere, eta ez dute jasoko lur-mugimenduen soberakinen edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik. Eremu horietan nahi ez diren alterazioak saihesteko, jabari publiko hidraulikoko zortasun-lerroak balizatu egingo dira, makinen joan-etorriak saihesteko, materialak edota hondakinak bertan ez pilatzeko eta tankerakoak saihesteko.

– Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago horretarako azpiegitura egokirik, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.

– Bide osagarriak egin behar badira obrek dirauten artean, haien trazadurak baztertuko du edozein motako ibilguen aldaketa oro. Kasu guztietan, bide horiek ezabatu eta eragindako gainazalak leheneratu egin beharko dira obrak amaitu ostean.

– Ezinbestekoa bada ibaiertzeko landarediari berezkoak zaizkion espeziak moztea, inguruko ibaiertzetako landarediaren berezko zuhaixka-espezieak landatuko dira.

Sarbide berriak ireki edo horrelako ekintzak egin behar badira, eta horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lursailei eragin badiezaieke, gune horietan edozein jarduera gauzatzeko, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren aurretiazko baimena beharko da.

Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

– Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lohiz edo lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek irauten duten bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta, behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balorizazioa ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrak eragotzi gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) eta ondorengo aldaketek ezarritako jarraibideen arabera.

– Jardueraren ustezko soberakinak betegarritarako erabili behar badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dira.

VIEA ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak soilik utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraikiz (ekainaren 25eko 4/2015).

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Horrelako ontziak etiketatuta egongo dira, eta etiketa argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izango da, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluko jarraibideen araberakoa.

– Sortutako olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuari.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lursailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

– Dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– hedatzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra. Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta ondorioz, bisoi Europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramatean lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-bukaera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badira, eta kontuan izanik baimen sektorialetan ezartzen diren neurriak, uste da horiek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, eta, ondorioz, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. - Horrenbestez, ez da beharrezkoa Oion ETSaren Casablanca aireko linearen (AT13820) eta Guardia ETSaren El Villar aireko linearen (AT15619) artean Lantziego udal-mugartean (Araba), Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, 13/20 kv-ko loturako aireko linea eraikitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, proiektuaren sustatzaileari eta Lantziegoko Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARÍA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala