Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2020ko ekainaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2172

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Iurretako (Bizkaia) Arriandi EUI-5 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEAK

2019ko urriaren 7an, Iurretako Udalak Arriandi EUI-5 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

2019ko urriaren 22an, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan jasotako kontsultak egin zitzaizkien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Horien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Arriandi EUI-5 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena egiten baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Iurreta udal-mugarteko Arriandi EUI-5 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan bereziaren xedea da Arriandi EUI-5 exekuzio-unitatearen antolamendu xehatua zehaztea; hiri-lurzoru finkatua da, jarduera ekonomikoetara bideratua. Zehazteko, Iurretako 2001eko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioetako xedapenak garatuko dira aipatu exekuzio-unitatean.

Esaterako, erabilera industriala finkatuko da, Prefabricados Alberdi enpresa handitu ahal izateko, zeinak eremu horretan jarduten baitu egun. Eremuko bi bizitegi-eraikinak aldi baterako antolamenduz kanpo geratuko dira, erabilera baimenduarekin, harik eta lurzati horiek erabilera industrial bereizgarrira gehitu arte. Gainerako eraikinak eraitsi egingo dira. Halaber, lorategi-zerrenda bat ipiniko da, 8 metroko zabalerakoa, N-634 errepidearekiko paraleloan. Eraikitzen den 100 m2-ko, zuhaitz bat landatu edo kontserbatuko da; guztira, 176 ale.

Bi industria-lurzatitan egituratuko da eremua, Prefabricados Alberdi horietako batean kokatuta, egungo industria-jarduketak azalera handiagoa hartzea eta etorkizuneko balizko erabilerak era antolatuan gauzatu ahal izateko. P1 lurzatiaren eraikigarritasuna 18.726,57 m2-koa da, eta gehieneko okupazioa, aldiz, 12.484,38 m2-koa, S+2 profilarekin. P2 lurzatiaren eraikigarritasuna 3.499,16 m2-koa da, eta gehieneko okupazioa, aldiz, 2.332,77 m2-koa, S+2 profilarekin. Espazio libreetarako toki-sistemaren zuzkidura 3.117,23 m2-koa da.

Industria-zirkulazioa N-634 errepidetik bananduko da; Donostia-A Coruña N-634 errepidean dago egun eremurako sarbidea, eta beste bat jarriko da, Arriandi-B lurzoru industrial urbanizagarriarekin partekatzen den bidean. Gainera, bi bizitegi-eraikinetarako aldi baterako sarbidea egokituko da aipatu N-634 errepidean.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak.

Planak ez du aldatuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako egiturazko antolamendua; Arriandi EUI-5 eremuaren antolamendua xehatua zertzea beste helbururik ez du, hiri-lurzoru finkatua dena, aipatu unitatearen industria-garapena osatzeko. Planak ez dakar antolamendu orokorrekoez bestelako xedapen berririk, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak baimentzeari dagokienez, eta beste plan edo programa batzuetan ere ez du eraginik izango.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Arriandi EUI-5 eremuak 37.042,88 m2-ko azalera du, eta Iurreta herri-gunearen ipar-mendebaldean kokatuta dago. Iparraldean, N-634 errepidearekin egiten du muga; hegoaldean, 1-Arriandi-B lurzoru industrial urbanizagarriarekin; ekialdean, T-Mallabiena lurzoru industrial urbanizagarriarekin; eta mendebaldean, lurzoru urbanizaezineko zerrenda batekin. Etxebarria eta Iturburu baserriak daude zerrenda horretan, Prefabricados Alberdi enpresaren instalazioekin mugakideak direnak.

Eremu artifizialdua da, eta bi bizitegi-eraikinen inguruko lursailetan soilik ageri da landaredia erruderal nitrofiloko estalkiren bat, hiri-lurzoruetan eta alfer-lurretan ohikoa dena. Eremua ez dator bat inolako naturagune babesturekin, ezta natura- edo geologia-intereseko elementuren batekin ere. Batasunaren intereseko habitatik ere ez dago, eta eremua ez dago inongo korridore ekologikotan sartuta. Paisaia hiri-izaerakoa da, eta arrunta. Kultura-ondareko elementurik ere ez dago. Ez dago ur-ibilgurik. Ibaizabal ibaia eremuaren hego-ekialdean dago, 100 bat metrora; errepide-sistemak eta 1-Arriandi-B lurzoru industrial urbanizagarriko eraikin industrialek banantzen dute eremutik.

Eremuan ez dago uholde-arriskurik, eta lurpeko uren kutsadurarekiko urrakortasuna txikia da. Kokagunea lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan ez dagoen arren, zementu-fabrikazioa, alegia, egungo jarduera, eta horri loturiko instalazioak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko 4/2015 Legearen 1. eranskinean, lurzorua kutsatu dezaketen jarduerei eta instalazioei buruzkoan, sartuta daude, beraz, aipatu legearen 23. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen dena bete beharko da.

Eremua N-634 eta AP-8 errepideen zortasun akustikoaren eraginpean dago. AAC - Centro de Acústica Aplicada enpresak 2019ko apirilean egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, kanpoaldeko eta fatxadetako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira, antolamendu kontrakoena kontuan hartuta, gehieneko lerrokaduren mugan.

Planak obra-fasean izan ditzakeen ondorioak dira lur-mugimenduak, kutsatuta egon daitezkeen hondakinak sortzea, partikula esekiak haizatzea, zarata eta bibrazioak Ustiapen-fasean, hondakinak eta hondakin-urak sortuko dira, lurzorua artifizial eta iragazgaitz egingo da, ur-emaria areagotu eta kutsadura akustikoa sortuko da.

Planean jasotako antolamendu xehatuak ez du ekarriko garapen berrietara azalera gehiago bideratzea, indarrean dagoen planari dagokionez. Ez da uste planak eragin aipagarririk izango duenik ingurumenean, baldin eta jarduketak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatzen badira, esaterako, segurtasunaren eta osasunaren arloan, ingurumenean, natura- eta kultura-ondarean, kutsadura akustikoan eta uren arloan, eta ingurumen-txostenean eta jarraian datorren apartatuan zehazten diren babes- eta zuzenketa-neurriak beteta.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Eranskinean jasota dauden neurri babesleak eta zuzentzaileak bete beharko dira Planetik eratortzen diren proiektuko obrak gauzatzeko.

Kontuan hartuta aipatu kokagunean lurzorua kutsatu dezakeen jarduera bat gauzatzen dela, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada. Horretarako, aipatu kokagunean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez dela bermatzeko, ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lursailak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; eta bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta induskatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo da garapen urbanistikorik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, alde batera utzi gabe arau horren 43. eta 46. artikuluetan ezarritakoa. Halaber, egin asmo dagoen hirigintza-garapena foru-errepideen zortasun akustikoaren barnean dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikulua dela eta, toki-administrazioak azpiegituraren titularrari, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, nahitaezko txostena eskatu beharko dio.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Arriandi EUI-5 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Iurretako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Arriandi EUI-5 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria.
E (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.


Azterketa dokumentala