108. zk., 2020ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (292 KB - 9 orri.)
- EPUB (245 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2171
EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 15ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, IAT ikuskatzaileak prestatzeko zentroak eta atalak baimentzeko irizpideak ezartzen dituena.
Jarraibide honek ibilgailuen azterketa teknikoko (IAT) ikuskatzaileak prestatzeko zentroak eta atalak baimentzeko irizpideak ezartzen ditu, ibilgailuen azterketa teknikoa arautzen duen urriaren 23ko 920/2017 Errege Dekretuan eta ibilgailu motordunen eta haien atoien aldizkako azterketa teknikoei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/45/EB Zuzentarauan aurreikusitakoaren arabera.
Azken arau horren 13. artikuluaren arabera, «Estatu kideek bermatuko dute ibilgailuen ikuskapen teknikoak IV. eranskinean ezarritako gutxieneko gaitasun- eta prestakuntza-baldintzak betetzen dituzten ikuskatzaileek egingo dituztela», eta ikuskatzaile-ziurtagiria lortzeko prestakuntza agintari eskudunek edo «onartutako prestakuntza-zentroek» eman beharko dute. IV. eranskin horretan, ikuskatzaile-ziurtagiria lortu nahi dutenek egiaztatu beharreko gutxieneko ezagutzak eta hasierako eta aldizkako prestakuntzaren betekizunak eta baldintzak ezartzen dira.
920/2017 Errege Dekretuak, aipatutako zuzentarauaren transposizioan emandakoak, 20.3 artikuluan honako hau aurreikusten du: «Langileen trebakuntza IAT gunea kudeatzen duen enpresako berezko prestakuntza-ataletan edo beste prestakuntza-zentro batzuetan egingo da», eta zentro horiek «kokatuta dauden autonomia-erkidegoko organo eskudunak onartu beharko ditu horretarako». Honako alderdi hauek egiaztatu behar dira: «Trebakuntza-programaren edukia», «Irakasleen curriculuma eta zentroak prestakuntza emateko dituen baliabide didaktikoak, bai eta organo eskudunak ezartzen duen beste edozein baldintza ere».
2014/45/EB Zuzentarauan jasotako erregulazioari jarraikiz, 920/2017 Errege Dekretuaren VI. eranskinak ezarri eta zehazten ditu, batetik, ikuskatzaileen hasierako eta aldizkako trebakuntzako eskakizunak, eta, horretarako, gutxieneko eduki teoriko eta praktikoak aurreikusten ditu, zeinak ezagutzen direla egiaztatu behar baita; eta, bestetik, trebakuntza-prozesuak garatzeko zenbait betekizun eta baldintza ere. Azkenik, zenbait betebehar ere ezartzen ditu, prestakuntza-zentroei eta -atalei eska dakizkiekeenak, hala nola organo eskudunari jakinaraztea «trebakuntza- edo eguneratze-prozesua gainditu duten bertaratuen izena eta haien jatorrizko IAT gunea».
Aurreikuspen horietan ezarritakoaren esparruan, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 13.1 artikuluak organo honi esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea I. eranskineko irizpideak, bai eta II. eranskina ere, osagarri gisa balio duena.
Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzetako titularrei eskuordetzea ikuskatzaileak prestatzeko zentro edo atal izateko baimen-eskaerak ezagutzeko eta ebazteko eskumena.
Eskaerak irizpide hauen arabera banatuko dira dagokien lurralde-ordezkaritzen artean:
a) Prestakuntza-zentro izateko baimen-eskaeren kasuan, interesdunek zerga-egoitza duten lurraldea.
b) Prestakuntza-ataletarako baimen-eskaeren kasuan, prestatzaile gisa proposatutako pertsonek zerbitzuak ematen dituzten gunearen lurraldea.
Eskuordetze horren ondorioz ematen diren ebazpenek berariaz adierazi beharko dute ezaugarri hori, eta eskuordetza eman duen organoak emandakotzat joko dira.
Hirugarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzetako titularrei eskuordetzea prestakuntza-zentro eta -atalek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari egindako jakinarazpenen berri izateko eskumena, I. eranskinean jasotako jarraibidearen 9. zenbakian aurreikusitakoaren arabera. Eskumen horren barruan sartuko da, halaber, komunikazio horiek aurkeztearekin zerikusia duten prozedurak hastea eta ebaztea.
Eskuordetze horren ondorioz ematen diren ebazpenek berariaz adierazi beharko dute ezaugarri hori, eta eskuordetza eman duen organoak emandakotzat joko dira.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 15a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
IŃAKI ALDEKOGARAI LABAKA.
I. ERANSKINA
IAT IKUSKATZAILEAK PRESTATZEKO ZENTROAK ETA ATALAK BAIMENTZEKO IRIZPIDEAK
I. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA-ZENTRO EDO -ATAL IZATEKO BAIMENA
1.– Prestakuntza-zentro edo -atal gisa jarduera hasteko araubidea.
IATko ikuskatzaileen prestakuntza-zentro edo -atal gisa jarduteko, dagokion baimena eduki beharko da.
Behar bezala baimendutako ikuskatzaileek osatutako prestakuntza-atalek jarraibide honetan jasotako prestakuntza eman ahal izango diete ikuskatzaileak parte diren enpresa-talde bereko langileei. Ondorio horietarako, merkataritza-legeriaren arabera kalifikazio hori merezi dutenak hartuko dira enpresa-taldetzat.
2.– Baimentzeko prozedura.
Baimentzeko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da, eta gutxieneko informazio hau jaso beharko du:
a) Izen-abizenak edo sozietatearen izena, dagokionaren arabera.
b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.
c) Helbide fiskala eta, hala badagokio, prestatzaile gisa proposatutako pertsonek zerbitzuak ematen dituzten gunea.
d) Prestakuntza-prozesuak emango dituzten pertsonen zerrenda, curriculum vitaea adierazita.
e) Prestakuntza-programaren deskribapena, non gai-zerrenda, hura osatuko duten unitate didaktikoak eta jarraituko den ebaluazio-sistema jasotzen diren.
f) Prestakuntza aurrez aurre eman behar denean, jarraibide honen 6. atalean aipatutako lekuak erabilgarri daudela egiaztatu beharko da.
g) Prestakuntza urrutitik eman behar denean, prestakuntza-plataforma birtualak jarraibide honen 7. zenbakian aurreikusitakoa betetzen duela egiaztatu beharko da.
h) Prestakuntza praktikora bideratutako bitartekoen deskribapena, jarraibide honen 8. zenbakian aurreikusitakoaren arabera. Baliabide horien jabetza osoa ez denean, aipatutako deskribapenarekin batera, bitarteko horiek erabiltzeko kontratuaren edo hitzarmenaren kopia aurkeztu beharko da.
i) Industria-arloan eskumena duen sailaren eskuordetza, instrukzio hau onartzen duen ebazpenaren bigarren zenbakian ezarritakoaren arabera.
j) Lekua eta data.
k) Sinadura.
3.– Baimena errebokatzea.
Prestakuntza-zentro edo -atal gisa baimena eman duen agintaritzak baimena baliogabetu ahal izango du baimena emateko aurreikusitako baldintzaren bat galdu dela egiaztatzen denean, edo arau-hauste oso larria egin dela egiaztatzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko 8/2004 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, hargatik eragotzi gabe bestelako erantzukizun zibil, administratibo edo bestelako edozein erantzukizun.
4.– Administrazioaren kontrol-ahalmena.
920/2017 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, organo eskudunak edozein unetan ikuskatu ahal izango ditu prestakuntza-atalak edo -zentroak, horien erregistroak eta trebakuntza-prozesuen garapena.
II. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA-ZENTROEN EDO -ATALEN BALDINTZAK
5.– Baldintza orokorrak.
920/2017 Errege Dekretuan aurreikusitako trebakuntza-eginkizunak betetzeko baldintza orokorrak honako hauek dira:
a) Prestakuntza teorikoa emateko beharreko bitartekoak izatea, kapitulu honetako 6. eta 7. ataletan aurreikusitakoaren arabera.
b) Kapitulu honetako 8. atalean aipatutako prestakuntza praktikoa emateko behar diren baliabideak izatea.
c) IAT ikuskatzaileen prestakuntzarako irakasle egokiak eta nahikoak izatea. Horretarako, prestakuntza emateko egokitzat joko dira, besteak beste, profil hauek dituzten pertsonak:
c.1.– IATrekin lotutako titulazio teknikoetako prestatzaileak.
c.2.– Behar bezala egiaztatutako IAT gune bateko zuzendari teknikoak, gutxienez urtebeteko esperientzia dutenak.
c.3.– Behar bezala egiaztatutako IAT gune batean lanean ari diren ikuskatzaileak, prestakuntza eguneratua eta gutxienez 3 urteko esperientzia dutenak.
c.4.– Ibilgailuak fabrikatzen, homologatzen edo eraberritzen dituzten erakundeetako langileak.
d) Hasierako trebakuntza eta eguneraketa prestakuntza-programa bat izatea, unitate didaktikoak eta erabiliko diren materialak eta baliabideak zehazten dituztenak. Egokitzat joko dira II. eranskinean zerrendatutako edukietara egokitzen diren prestakuntza-programak.
Trebakuntza-prozesuak eta horien eguneratzeak lanegunetan egingo dira, eta gehienez 16 parte-hartzaile izango dira.
Hasierako trebakuntza-prozesuak 15 egunekoak izango dira gutxienez, eta 120 ordukoak, gutxienez.
Hasierako trebakuntzan erabilitako orduen bi heren prestakuntza teorikorako eta heren bat prestakuntza praktikorako banatu beharko dira.
Trebakuntza eguneratzeko prozesuak 3 egunekoak izango dira gutxienez, eta 24 ordukoak, gutxienez.
e) Ebaluazio-sistema bat izatea, unitate didaktiko bakoitzeko ikaslearen gaitasuna egiaztatzeko behar diren gutxieneko ezagutza-mailak jasotzen dituena.
f) Indarrean dagoen araudian aurreikusitako eta bete beharreko beste edozein baldintza.
6.– Aurrez aurreko prestakuntza teorikorako baldintzak.
Prestakuntza teorikoa aurrez aurrekoa denean, baliabide material hauek beharrezkoak izango dira:
a) Indarrean dagoen araudian ezartzen diren bizigarritasun- eta segurtasun-baldintzak betetzen dituen gela edo ikasgela.
b) Prestakuntza burutu ahal izateko material didaktiko egokia, aurreikusitako curriculum-programaren arabera.
7.– Prestakuntza teorikoa urrutitik emateko baldintzak.
Prestakuntza teorikoa urrutitik ematen denean, beharrezkoak diren baliabide informatikoak (hardwarea eta softwarea) eta prestakuntza-plataforma birtual bat eduki beharko dira, prestakuntza-prozesuaren kalitatea ziurtatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak izango dituena, ezagutzak ebaluatu eta prestakuntza-prozesu horietan parte hartzen duten pertsonen autentifikazioa barne.
Atal honetan aurreikusitakoari dagokionez, egokitzat joko dira gutxienez honako lau profil mota dituzten plataforma birtualak:
a) «Administratzaile profila», plataformaren kudeatzailea eta erabiltzaileen kudeaketaren arduraduna (altak, aldaketak, definizioa, baimenen esleipena eta kudeaketa, profilak eta rolak, autentifikazioa eta segurtasun-mailen esleipena).
b) «Tutore- edo prestatzaile- profila», prestatzaileei zuzendua eta edukiak kudeatzera, ebaluatzera eta ikasleek aurkezten dituzten kontsultak artatu eta erantzutera bideratua.
c) «Ikasle-profila». Horren bidez, aldez aurretiko autentifikazioarekin, curriculum-edukiak eta prestakuntza-prozesuaren bilakaerari eta ebaluazioari buruzko informazioa eskuratuko dira.
d) «Kanpoko egiaztatzaile profila», autonomia-erkidegoetako organo eskudunei zuzendua, ikasle bakoitzaren aurrerapenei eta ebaluazioari buruzko eduki eta txostenetara eta autentifikazio-informaziora sartzeko aukera emango duena.
Plataforma birtual horrek, halaber, prestakuntzaren kontrolerako jarraipen-txostenak egin ahal izango ditu, honako baldintza hauekin:
i) Txosten horiek automatikoki jaulki ahal izango dira, eta horiek inprimatu edo kanpoko fitxategietara esportatu ahal izango dira.
ii) Jarraipen-txostenen edukian, kontuan hartutako prestakuntza-prozesu osoan ikasleak izandako bilakaera jaso behar da, eta berariaz aipatu behar da prozesu horretan emandako denbora eta parte hartu duen ebaluazio-probetan lortutako emaitzak.
8.– Prestakuntza praktikoa emateko baldintzak.
Prestakuntza praktikorako, ibilgailuen azterketa teknikoan ibilgailu-kategoria bakoitzerako egiten diren probak erreproduzitzeko edo simulazioa egiteko behar diren bitartekoak eduki beharko dira, bai eta ikuskapen-ekipoen erabilerarako eta mantentze-lanetarako behar direnak ere.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 920/2017 Errege Dekretuaren III. eranskineko I. atalean jasotako instalazioak eta ekipoak dituenean. Hala ere, ez da beharrezkoa izango azken horren 3. eta 4. azpiataletan aurreikusitako bitartekoak izatea, baldin eta instalazioek eta ekipoek frenometro unibertsal bat badute.
III. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA-ZENTROEN EDO -ATALEN BETEBEHARRAK
9.– Betebehar orokorrak.
IATko ikuskatzaileen prestakuntza-zentroek eta -atalek honako betebehar hauek dituzte:
a) Administrazioarekin lankidetzan aritzea, ordenamendu juridikoan aurreikusitako baldintzetan, eta beharrezkoak diren neurriak hartzea, Administrazioari bere eskumenekoak diren kontrol-ahalmenak gauzatzen laguntzeko.
b) Administrazioari aldaketen berri ematea, baldin eta datu horiek prestakuntza-zentro edo -atal gisa dagokion baimenerako kontuan hartu badira.
c) Administrazioari jakinaraztea prestakuntza-zentro edo -atal gisa baimentzeko ezarritako baldintzak ez betetzea eragin dezaketen egoerak.
d) Indarrean dagoen araudian aurreikusitako betebeharrak betetzen direla zaintzea.
e) Prestakuntza-planak eguneratzen direla eta bat datozela zaintzea, une bakoitzean sortzen diren arau-xedapenekin.
f) Administrazioari gutxienez hamar egun lehenago jakinaraztea eman beharreko prestakuntza-prozesuak hasiko direla. Horri buruz bidaltzen den komunikazioan, jasota utzi beharko dira prestakuntza-prozesuaren iraupenaren eta hura garatuko den lekuaren xehetasunak, jarraituko den prestakuntza-programa eta prozesu horretan parte hartuko duten prestatzaileen identitatea, titularrena zein ordezkoena.
Prestakuntza urrutitik eman behar denean, ikuskatzailegaiak ohiko bizilekua duen autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunari ere bidali beharko dio paragrafo honetan aipatutako jakinarazpena.
g) Prestakuntza-atalek emandako prestakuntza-prozesuen kasuan, administrazio eskudunari jakinarazi beharko zaio, hamabost egun baino gutxiagoko epean, prozesu hori gainditu duten prozesuetako parte-hartzaileen identitatea eta lan egiten duten ohiko IATko gunea.
Prestakuntza-prozesuetan parte hartzen dutenek Euskal Autonomia Erkidegoa ez den beste autonomia-erkidego batean kokatutako gune batean lan egingo balute, baina prestatzaileen artean Euskadin kokatutako IATko guneetan zerbitzuak ematen dituzten pertsonak badaude, aurreko paragrafoan aipatutako jakinarazpena azken horren agintaritza eskudunari ere igorri beharko zaio.
h) Prestakuntza-prozesua gainditu duen pertsona bakoitzari ziurtagiri bat egitea, prozesua noiz amaitu den adierazten duena.
i) Erregistro bakarra eta eguneratua izatea, egin diren prestakuntza-prozesuen eta prozesu horietan parte hartu duten pertsonen zerrenda jasotzen duena.
j) Ziurtagiriak bost urtez gordetzea, jaulkitzen diren egunetik hasita.
k) Datuen babesaren arloan indarrean dagoen legeria betetzen dela zaintzea.
l) Jarraibide honetan edo bete beharreko arau-xedapenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.
10.– Beste autonomia-erkidego batean kokatutako prestakuntza-atalak.
Prestakuntza-prozesuak IAT gunea kudeatzen duen erakundearen berezko prestakuntza-atalek eman behar dituztenean, eta prestatzaile gisa proposatutako pertsonek zerbitzuak ematen dituztenean Euskadikoa ez den autonomia-erkidego batean kokatutako IAT gune batean, entitate horri dagokio egiaztatzea lurralde horretan eskumena duen agintaritzak baimendu duela prestakuntza-atal gisa.
Kasu horietan, gainera, erantzunkizunpeko adierazpen bat eskatuko da, prestakuntza-programa eta jarraitu beharreko metodologia agintaritza eskudunari eskatutako baimenarekin bat datozela jasotzen duena, eta 2. zenbakiko f), h), eta i) letretan aipatzen diren agiriak erantsi beharko zaizkio nahitaez.